Emaitzek korporatibismo arazo larria erakusten jarraitzen dute Osakidetzan. Ez dugu uste plantillaren zatiketa dakarten hauteskunde-joerak positiboak direnik.
Hala ere, klaseko sindikalismoak eragina handitu du, LABek hirugarren postua finkatu du eta delegatuen kopurua handitu du, eta horrek bermatzen du LABek osasun-eredu desberdinak aurrez aurre jartzen jarraitzea: batek publikoaren, kalitatezko enpleguaren eta plantilla egonkorren aldeko apustua egiten du, eta besteak Osakidetza higatu eta hustu nahi du, “lankidetza publiko-pribatua” bultzatzeko.
Koherentziaren eta ahaleginaren emaitza dira emaitzak, eta, horregatik, bereziki zoriondu nahi ditugu langileak, oro har, prozesuaren garapenagatik eta parte-hartzeagatik, eta gure afiliazioa, zalantzarik gabe, lagundu digulako hauteskunde-mahai guzti-guztietan egoten, eremu guztietan aurkezten eta LABen komunitate osoarenak diren emaitza onak ateratzen.
Emaitza horiek ematen duten bermearekin, LABek Osakidetzako langile guztiak defendatzen jarraituko du, sindikalismo borrokalaria eginez eta osasun-sistema publiko indartsu baten alde borrokatuz, plantillaren eta osasun publikoaren etorkizuna jokoan dagoen lekuetan.
Elkarretaratzea egin dute gaur Asteasuko lantegiaren aurrean.
Hilabete luzeak igaro dituzte ekoizten dituzte turbinen inguruko arazo teknikoak tarteko, etorkizun hurbilean zuzendaritzak beren lan baldintza eta lanpostuen aurkako neurriak hartuko zituela entzuten, enpresari behin eta berriz gardentasuna eskatuz baina erantzun argirik jaso gabe, komunikabideetan zabaltzen ziren berri ilunek sortutako ziurgabetasun eta ezinegonarekin.
Udako oporren aurretik, urte bukaerarako Aldi Baterako Erregulazio Espediente (ABEE) baten beharraz mintzatu zen zuzendaritza lehenengoz, eta azken asteak neurria martxan jartzeko intentzioa formalki komunikatu zain igaro dituzte langileek.
Iragan azaroaren 19an jaso zuten kontsulta epearen hasierako jakinarazpena eta bertan, ordura arte igaro gabeko marra gorria zeharkatu du enpresak: Asteasuko ABEEaren negoziaketa Burgos, Lerma eta Zamudioko plantekin batera izatera behartu ditu.
Modu honetan, enpresak, langileak modu justuan ordezkatuak egongo ez diren mahai batean negoziatu nahi ditu ABEEaren nondik norakoak, beren lanpostu eta lan baldintzen gainean negoziatu eta erabakitzeko duten aukera deuseztatuz. Erabakiak intentzionalitate argia baitu: bertako negoziazio esparruak ahuldu eta enpresari komenigarriagoak zaizkion indar harremanak dituzten markok bilatzea, akordio merkeagoak lortzeko.
Egoeraren aurrean, Asteasuko langileek argi eta ozen diote ez dutela enpresaren erabakia onartzen eta aurrean izango dituztela. Horregatik, erabakia atzera botatzeko exijitzen diote zuzendaritzari eta hartu asmo dituen neurriak bertako mahai batean negoziatzera eser dadila, langileen lan baldintzetan ahalik eta eragin gutxien izango duen ABEEaz hitz egiteko borondatez.
Arlo sozioekonomikotik Euskal Herriaren nazio garapenean lagungarri zaizkion edukiak landu eta eskaintzea. Horixe da 20 urte bete dituen Gaindegia behategi sozioekonomikoak bere buruari esleitutako helburu nagusia. 2004. urtean sortu eta bi hamarkadatan sektore zein lurraldeetako errealitatea ezagutarazteko, hala nola ekonomia zein jendarte alorrean, eta herri gisa garatzearen beharra azaleratzeko eragile aktiboa izan da LAB sindikatuarentzat.
Gaur, Donostiako Tabakaleran ekitaldia antolatu du behategiak. Urtemuga baliatu dugu garai ezberdinetan Gaindegian parte hartu edota elkarlanean arituriko LAB sindikatuko hainbat kideri 20 urteotako ibilbideaz galdetzeko.
LABeko idazkari nagusi zelarik, 2004n Gaindegiaren sorreran parte hartu zuen Rafa Diezek. Bi helburu nagusirekin ekin zioten, “batetik, edozein estatuk bezala Euskal Herriko argazki sozioekonomikoa izatea, hedatzea eta barneratzea. Eta, bestetik, adierazle ekonomiko nagusi haien inguruko hausnarketa esparruak sortzea, gure nazioaren erronka estrategikoekiko kultur analitiko-propositiboa sustatuz”.
Txomin Lorcak ere hurbiletik bizi izan zituen Gaindegiaren hastapenak: “Euskal Herriaren eraikuntza nazionalari bultzada emango zion erreferentziazko tresna sortzea zen helburua, garapen eredu propio baten aldeko proposamen zein ekimenak sustatuz”. Gaindegiaren sorrera behar objektibo batetik eratorri zela gaineratu du Lorcak “adierazle ekonomiko zein soziolaboralak behar genituen, eraiki nahi genuen nazioaren errealitatea eta espektatiba sozioekonomikoak ezagutzeko”.
Pasatu da denbora eta hamaika ekimen zein elkarlan martxan izan da geroztiz. Gaindegiak egindakoa balioan jarriz gogoeta utzi digu Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak. “Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialarekin konprometituak gaude. Euskal Estatu baten eraikuntzaren aldeko lanean murgilduak gaude eta LABentzat funtsezkoa da Gaindegiak egiten duen lana. Nabarmena da esparru soziolaboral edota esparru sozioekonomiko burujabe bat ez izateak langileen erabaki ahalmena urratzen duela; hainbat neurri, estatuetatik inposatzen zaizkigu eta ez hori bakarrik, estatu egiturak ez izateak datu sozioekonomikoak eskuratzea zaildu egiten du”.
LABek 2000an sindikatu nazional bilakatzeko jauzia egin zuen, eta Gaindegiak ere ikuspegi nazionalarekin dihardu. “Euskal Herria irudikatzen laguntzen du eta bertako errealitate sozioekonomiko anitza ezagutzera emateko bitartekoa da” dio Aranburuk. “Azterketak ez dira neutroak izaten eta nolakotasunean ere jarri nahiko nuke arreta. Langileon errealitate zehatz eta ez interesatua datuez janzten, garapen ereduak dituen indargune zein ahulguneak azaleratzen edo lurralde eta eskualde desberdinen arteko desorekak mahai gaineratzeko egiten duen ahalegina ere azpimarratzekoa da”, gaineratu du.
Ideia beretik doa Oihana Lopetegiren ondorioa ere. Haren hitzetan, “Gaindegiak Euskal Herriaren errealitatea ulertzeko tresna eskaini dio langileriari”. Errealitatea eraldatzeko, lehenik ongi ezagutzeak duen garrantzia azpimarratu du: “Langileok bultzatu nahi dugun eraldaketa gauzatzeko ezinbestekoak dira etxebizitza datuak, langabeziari zein ekonomia ehunari dagozkionak, edota pobrezia tasa, eskualdeetako datuak… euskal langileriaren esku eta erabilgarri jartzea. Gaindegiak hori guztia eman digu, Euskal Herria ulertzeko bitarteko bat, beste inork egin ez duen bezala, gainera, nazio ikuspegi osoa barnebilduz”.
Zorion Ortigosak ere ongi ezagutzen du Gaindegiaren ekarpena. “Aukera eman digu begiratzeko, ulertzeko, aztertzeko eta hausnartzeko. Uste batzuk berretsi eta beste batzuk baztertzeko, konturatzeraino zenbateraino lausotzen den Euskal Herria bi estatuen itzalpean” adierazi du. Estatu propioa aldarrikatu du, “munduko estatu guztiek bezala, gure erabaki eta bide propioak hartzea, geure egitura sozioekonomikoa bertako erronka eta beharren arabera antolatu ahal izateko”.
Eñaut Aramendirentzat, Gaindegia “Euskal Herri osoaren aldeko ezagutza, eragiletza eta saretzea sustatu duen Behategia” da bereziki. Haren hitzetan, “Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoaren aitortza instituzional politiko edota sozial eskasak, hiru lurraldeak Frantziako mapan disolbatzen ditu”. Eta horri aurre egiteko tresna eraginkorra izan da Gaindegia: “Santiago zubiaren bi aldeak nazio bakarra garela ikusarazteko tresna da”.
Aurrera begira jarrita, etorkizuneko erronkei heldu die Edurne Larrañagak. Haren esanetan, “Gaindegiaren erronkak Euskal Herriak parez pare dituen berberak direlakoan nago, izan lan merkatuaren prekarizazio prozesua, zaintza krisia, egoera zaurgarrien ugaritzea, larrialdi klimatikoa… zertan diren ezagutu behar dugu, langile guztientzat eredu hobe baterantz urratsak emateko”. Bide horretan, gogorarazi du disziplina arteko eta lurralde anitzetako Batzorde Zientifikoa martxan jarri dagoela, “adierazle galeria eguneratu eta azterketen norabidea zehazteko”.
Beste hainbeste urtez, Euskal Herriaren eraikuntzan aktibo izatea opa diogu Gaindegiari.
Instituzioak eta patronalak inteperlatuko ditugu, eta negoziazio kolektibora hainbat neurri eramango ditugu, zaintza sistema publiko eta komunitarioranzko norabidean.
Denon Bizitzak Erdigunean plataformak agerraldia egin du gaur Bilbon. Horrela, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok honako irakurketa hau egin dugu.
Borroka sindikal eta sozialaren bidez, zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzeko borrokan jarraitzen dugu: Euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioaren bidean epe ertaineko erronka horretarantz urratsak ematen jarraitu ahal izateko aliantzak eta konpromisoak garatzen.
Zentzu horretan, instituzioen arduragabekeria salatu nahi dugu, pribatizazioaren eta negozioaren ereduan sakontzen jarraitzeko egindako hautuagatik eta oraindik ere zaintzaren eremuan ematen diren egoera prekario eta kolapsatuen erantzule egiteko neurririk hartu ez izanagatik.
Egoera honen aurrean, instituzioak eta patronalak interpelatuko ditugu eremu sindikalean negoziazio kolektibora premiazko neurri hauek eramateko konpromisoa hartuz:
Bizitza duinen alde, lanaldi murrizketa, 30ko asteko lanaldiaren bidean, soldata jaitsierarik gabe. Progresiboa eta adierazgarria:
Bizitza bizigarriagoak egiteko.
Gizonek ardurak hartu ditzaten, erantzunkidetasunez zaintza lanak banatzeko.
Ez dadila instituzioek hartzen ez duten ardura, emakumeok zaintzarako denbora irabazteko neurri bat izan.
Trantsizio ekosozialaren bidean, lanak birbanatu.
Zaintza sistema publikoaren alde: Pribatizazioaren kontra, publifikazioa. Zerbitzu publikoen pribatizazio gehiagorik ez, publifikatu (orain arteko pribatizatutakoa publifikatu, langileak subrogatuz) eta irabazi asmoa guztiz ezabatzea.
Zerbitzuetan baliabideak jarri eta lurralde historikoen arteko oreka bermatzea.
Ekiparazioa, baldintza berdinekin: zerbitzua, langileen baldintzak…
Zaintza langileen baldintza duinen alde, lan-baldintzak hobetu:
Publifikaziorako bidean… Trantsizio gisa hitzarmenak hobetueta ez daudenetan berriak egin (herrialdekoak, erkidegokoak). Lan hitzarmenen prebalentzia eta eskumena.
Lurraldeen arteko desorekak saihestuz.
Zerbitzu eta lan baldintzak hobetu
Ratioak jaitsi: Dekretuak berritu eta hobetu. Eguneratu eta baliabide gehiago jarriz ratioak jaisteko.
Dekretua aldatzeko trantsizio bidean eskumenak dauden tokietan hobetzeko prozesuak ireki. Erabiltzaile zein langileen baldintzak hobetzeko.
Zaintza lanak banatzeko, erantzunkidetasunez: egungo egoeraz zapaltzailea betikotuko ez duten kontziliazioa, lizentzia eta baimenak… eraginkorrak guztiontzat.
Gizonek ez zaintzearen pribilejioari uko egin diezaioten eta zaintza lanetan ardura har dezaten baimenak hobetzea. Maskulinizatutako sektoreetan korrespontsabilitate bidean baimenetarako pizgarriak diren estrategiak landu.
Sektore feminizatuetako lanaldi murrizketetan: ordezkapenak bermatu eta kotizazioan penalizaziorik ez.
Familia nuklearretik at, zaintzeko baimenak zabaldu eta handitu: binkulogramak.
Eta zaintza duin bat eta pertsonak modu integral batean ondo zainduak garela bermatzeko, zerbitzu publikoak indartzea ezinbestekoa da. Gizarte zerbitzu, etxebizitza eta osasun sistema publiko, unibertsal eta eraginkorra lortzeko inbertsio handiagoak behar dira. Eta zaintza lanen egoera irauli nahi badugu zalantzarik gabe konzienziazioa eta heziketa dira tresnarik eraginkorrenak, eta horretarako hezkuntza sistemaz baliatu behar gara. Eremu horretan honako aldarrikapenak ditugu:
Berdintasun planak adostu, eguneratu eta garatu
Curriculumean Zaintza txertatu
Beharrezkoak diren baliabideak behar ditugu ikastetxe guztietan hezkidetzarakoplan egonkor eta kalitatezkoak egoteko
Amaitzeko, Azaroaren 30ean Euskal Herriko hiriburu, eskualde eta herri ezberdinetan egingo diren mobilizazioetan parte-hartzeko deia egiten dugu: Bilboko zaintzen herrian, Gasteizeko kalejiran, Iruñeako topaketetan, Donostiko elkarretaratzean zein Arabako eta Gipuzkoako gainontzeko eskualdeetan egingo diren mobilizazioetan ere.
Urtebete igaro da, Greba Feminista Orokorra izan zen une historiko hartatik, baina borrokan jarraitzen dugu. Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokan ekarpen sindikala egiten jarraitzeko konpromezua da gaur hartzen duguna. Bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko eta komunitario baterantz goaz, horretarako enpleguaren eremuan ere urratsak emateko tentsionamendua eta agenda markatzea da gure hautua.
LAB sindikatuak ez du etsiko. Gobernuak Nafarroako etorkizuneko Industria Legearen aurreproiektua aurkeztu zuelarik, LABek bere dezepzioa agertu zuen foru exekutiboak erakutsi zuen anbizio eskasagatik eta sindikatu honen ekarpenei egin zien ez ikusiagatik. LABen iritziz, aurreproiektuan, legea Industriarena izatetik Enpresa Sustapenarena izatera pasatu zen. Hala ere, sindikatu honek ez du amore eman nahi eta legeari 60 zuzenketa aurkeztu dizkio ikuspegi enpresarial huts hori zuzentzeko.
LABek uste du lege aurreproiektuak bizkarra ematen diela Nafarroako Industriako langileei. Baina Nafarroako Gobernua oraindik garaiz dago norabidea aldatzeko. Hauek dira LABek eginiko zuzenketen ildo nagusiak:
Legearen helburuen artean sartzea Industriaren deskarbonizazioa planifikatzea eta erabakiak hartzeko garaian langileen legezko ordezkaritza aintzat hartzea.
Nafarroako Industrian heldu diren urteetan izanen diren eraldaketen eragin soziolaboralari buruzko diagnostikoak eta azterketak egitea, eta birmoldaketa, birkualifikazioa eta enpleguaren banaketa ziurtatuko duten proposamenak lantzea.
Lanaldia astean 30 ordura murriztea, soldata murriztu gabe, enplegua banatzeko eta karbono-emisiorik gabeko Industria bihurtzeko eragin soziolaborala leuntzeko; baita ordaindu gabeko zaintza-lanak banatzen laguntzeko ere.
Karbono-emisiorik gabeko Industria baterako trantsizioaren ondorio soziolaboralak lantzeko konpromisoa jasotzea, etorkizuneko Bidezko Trantsizioko Estrategiarekin koordinatuta.
Industriaren errotzea indartzea, deslokalizazioaren aurkako foru legean sakonduz eta hura garatuz.
Sodenaren eginkizunak eta aurrekontu publikoa handitzea, titulartasun publikoko industria-proiektuak garatzeko gaitasuna izan dezan eta krisian dauden industria-enpresen erosketa publikoa gauzatzeko behar diren laguntza-mekanismoak eta finantzaketa gaitu daitezen.
Enpleguaren prekarizazioaren aurkako neurriak hartzea: lehen enpleguko beken gehiegizko erabilera eragoztea, hitzarmen autonomikoak sustatzea, kategoria profesionalen parekatzea sustatzea, legezko kontrataziorako benetako konpromisoa hartzea migratzaileen erregulazioa errazteko.
Berrindustrializazio-mahaiak nahitaez ezarri behar dira jarduera ixtea edo murriztea aurreikusten duten enpresendako, edozein lan-prozedura egin aurretik langileen legezko ordezkariekin batera lan egiteko.
Enpresentzako Leihatila Bakarra kentzea.
Foru intereseko inbertsiotzat edo proiektutzat ez hartzea enpleguan murrizketa garbia egitea edo langileen lan baldintzak okertzea dakarten ekimenak.
100 langile baino gehiago dituzten enpresetako langileen legezko ordezkariek negoziazio kolektiboan negoziatu duten deskarbonizazio industrialerako plan baten nahitaezkotasuna ezartzea.
Gaur EAEko langile publikoen mahai orokorraren bilera izan da, eta Jaurlaritza berriak lehengo lepotik du burua, gurpil zoroan mantentzen gaitu langile publikoak. Negoziazio kolektiboa fondoan eta forman ukatzen jarraitzen du eta Madrilen ezarritako soldata mugak txintik esan gabe onartu.
Negoziazio kolektiboari uko egiten dio, gehiengoen adostasunari uko egiten diolako; soldaten negoziazioari ere uko egiten dio, gaia itxitzat emanez, eta aurrekontuen proiektua onartu aurretik egin beharreko bilerarik ere ez da egin. Gainontzeko gaiak ere gaur bertan sinatu nahi izan ditu, negoziatu gabe. Hitza baino, ekintzak baloratzen ditu LABek.
Ohiko legearen errespetua delakoa aitzaki hartuta, aurten ere Madrilek inposatuko duen soldata muga zainduko duela aurreratu du Jaurlaritzak. LABen iritziz, Madrilek birjartze tasan zein soldata igoeran ezartzen dituen tasak, inposizioak ez ezik, onargarriak ere ez dira ikuspegi legal batetik. Kontua da aurrekontu orokorretan halako mugak soilik salbuespen egoeretan ezar daitezkeela, eta 2008ko krisialdiaz geroztik hartu dela ohitura, aurretik ez baitzegoen halako mugarik. Eusko Jaurlaritzak beste gai batzuekin (etxebizitza, zergak…) autogobernuaren eta eskumenen defentsan Madrili aurre egiten dion bezala, langile publikoen lan baldintzen alde ere egin dezan eskatzen diogu. Ez dugu morrontza hau ulertzen.
Erretiro txanda kontratuaren gaia, esan bezala, itxita ekarri du, eta urteroko proposamen bera ekarri du mahaira. Ez da halakorik beste inon ikusten: lan hitzarmen bat sinatu eta gero, gai bat urtero berritzera ekarri nahi izatea. Eragin eremua lan-legepeko langile finkoei mugatuta, ez die beste kolektibo guztiei, funtzionarioei eta behin-behineko langileei ireki nahi. Oraingoz sindikatu bakar batek ere onartu ez duenez, urtero bezala, gaia itxi gabe gelditu da.
LAB sindikatuari argi gelditu zaio legegintzaldi hau ere alferrik igaroko dela Jaurlaritzaren borondatearen esku utziz gero. Bilera antzuen egutegi bat zehaztuko da, baina aurrerapenik ez da egingo, langileok mobilizatzen ez bagara. Iaz gehiengo sindikalak adostutako aldarrikapen zerrendak erantzunik jaso gabe jarraitzen du, eta LABek horien alde borrokan jarraituko du, eta laster mobilizazioak deituko ditu.
Gaur Iruñean, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bista bat egin dute, Pedagogia Terapeutikoa (PT) espezialitateko irakasle batek eskatuta, Lanbide Heziketan aritu arren, ez baitiote Bigarren Hezkuntzako irakasleek jasotzen duten osagarria ordaintzen. Bigarren Hezkuntzan eskolak emateagatik. 2022-2023 ikasturtean, zegokion eskaera egin zuen, baina Hezkuntza Departamentuak osagarria emateari uko egin zion. Ondorioz, gorako errekurtsoa jarri zuen. Era berean, PTko irakasleak Nafarroako Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen eta horrek arrazoia eman zion eta osagarri hori bermatzeko eskatu zion Hezkuntza Departamentuari, baina Carlos Gimenok uko egin zion Arartekoaren iradokizunari.
Gaur egun, Bigarren Hezkuntzan eskolak ematen dituzten PTko maisu-maistren nominan DBHko irakasleen osagarria jasotzen dute, bigarren horiek maila altuagokoak baitira. Indarrean dagoen legedian ezarritakoaren arabera osagarria soldataren % 5,45 da.
Espero dugu gaur egiten ari garen bistarekin desberdintasun horri amaiera ematea eta sortutako bidegabekeria ekonomikoa atzeraeraginez konpontzea. 2023ko martxoan egin genuen bezala LABek honako hau eskatu dio Hezkuntza Departamentuari:
Funtzio Publikoak Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako etapetan PTko irakasleek jarduteko jarraibideak onartzen dituen EBAZPENA aldatzea eta Lanbide Heziketa (LH) Berezira zabaltzea, ziklo horiek Bigarren Hezkuntzakoak direlako.
Funtzio Publikoari Irakaskuntzako Berariazko Osagarria handitzeko behar den aurrekontu-hornidura eskatzea. Bai DBHko maisu-maistrentzako konplemento espezifikoa, bai DBH eta LHko maisu-maistrentzako hezkuntza premia berezikoa.
LABetik probestu nahi dugu salatzeko hori ez dela Nafarroako Hezkuntza Departamentuak egiten duen murrizketa ekonomiko bakarra. Desagertzear dagoen kidegoko irakasleek edo LHko sektore berezietako irakasle espezialistek ere ez dute osagarri ekonomikorik jasotzen Bigarren Hezkuntzako kidegoko lankideen lan eta erantzukizun berdina eduki arren. LHren lege berriak eragin duen ondorio negargarria da hau, baina beste erkidego batzuk osagarri baten bidez zuzentzen ari dira. Horregatik guztiagatik, LABek Hezkuntza Departamentuari eta Funtzio Publikoari eskatzen die “lan berari soldata bera aplikatzea”.
LAB, STEILAS, CCOO eta ELAk borrokan jarraituko dugu grebara eraman gaituzten aldarrikapenak lortu arte.
Gaur sinatuko den dokumentuak ez ditu irakasleon aldarrikapenak inolaz ere asebetetzen. Ratioen jaitsiera ez da hezkuntza etapa guztietan emango eta urrun geratzen da sindikatuok planteatutako proposamenetik. Bestelako neurri asko asmo hutsa besterik ez dira, epeak eta finantzazioa zehaztu gabe geratzen delako. Era berean, eros ahalmenaren inguruan inolako aipamenik ez du aintzat hartzen dokumentuak.
Modu berean, oso larria iruditzen zaigu Gimenok eta Hezkuntza Departamentuak egindako mehatxua eta ultimatuma. Ez dugu onartuko hurrengo ikasturtean indarrean jarriko diren neurriak balizko Itun baten sinatzearekin lotzea. Gimenok 5 urte luze izan ditu sindikatuekin negoziatzeko eta orain, mobilizazioak bultzatuta irekitako negoziazio prozesua korrika eta presaka eta eskaintza lotsagarri batekin itxi nahi du. Irakasleon ahotsa ezin da horrela isilarazi. Sindikatuen gehiengoaren borondatea errespetatzen ez duen akordioa antidemokratikoa da, gutxiengoaren nahiak besterik ez dituelako jasotzen.
Horregatik guztiagatik, hemen bildu garen sindikatuok akordio honi erantzuna eman nahi diogu eta gure aldarrikapenak negoziatzen jarraitzeko berriz ere mobilizatuko gara. Abenduaren 19an, Parlamentuan aurrekontuak onetsiko diren egun berean, arratsaldeko 18:00etan kontzentrazioa deituko dugu. Era berean, urtarrilaren 30ean irakaskuntza publikoko irakaslegoa greba egunera deitzen dugu, xantaiarik ezta ultimatumik ez dugulako onartuko ozen aldarrikatzeko eta benetako negoziazio prozesua bultzatzeko.
LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRUk mobilizazioa egin dugu Donostian, Aldundiaren egoitzaren aurrean, 3 enbor eta beste horrenbeste motozerra eta krabelinekin, aurten basogintzan hildako 3 langileak gogoan. Era berean, eskari bana erregistratu dute Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundietan eta bi herrialdeetako Batzar Nagusietan, basogintzako langileen osasuna zaintzea eta eredu intentsiboan oinarritutako ustiaketa eredua aldatzea eskatuz.
Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko idazkariak adierazi du, azken urteetan, basogintzak hilkortasun tasa altuak izan dituela, “sektore hori eraikuntza bera baino 10-15 aldiz hilkorragoa da bere langile kopurua ikusita, nekez izango baititu 1.000 langile Euskal Herrian”.
Sektorearen sakoneko prekaritatea da oinarrizko arrazoietako bat; adibide gisara, 2018ra arte eremu horretan oso langilek gutxik ziharduen alta emanda dagokion CNAEan, eta ikuskaritza kanpaina baten ostean bat-batean altan emandako langile kopuruak nabarmen egin zuen gora. Horrek ez du esan nahi langile kopuruak gora egin zuenik, baizik eta lanean ziharduten langile asko altan eman zituztela.
Bistan da aktibitateak badituela berezko arriskuak, baina basogintza ereduak, hain zuzen intentsiboak, arrisku horiek nabarmen areagotzen ditu. Euskal Herrian, eredu hori batez ere Kantauri isurian ematen da, gerraosteaz (1940) geroztik, beraz, termino historikoetan oso berria da. Kanpoko espezieak, hazkunde azkarrekoak, aldatu, hazi eta matarrasa moduan ateratzen dira denbora ziklo motzetan.
Horretarako makineria astuna erabiltzen da eta mendian pistak irekitzen dira egurra atera ahal izateko. Gainera, interbentzioak askotan lur eremu pribatu txiki, bakan eta urrunetan egin behar izaten dira, lanerako planifikazio egokia eramateko aukerak murriztuz. Azken hamarkadetan ikuspegi ekonomikotik porrot egin du, bidean milioika euro publiko xahutu ditu diru laguntzetan; bioaniztasun ikuspegitik, berriz, gure mendi lurrak eraldatu ditu, bertako basoak eta espezieak masiboki alboratu ditu eta, era berean, matarrasek eta habitataren eraldaketak bertako fauna larri erasotu dute. Zer esanik ez lan osasunaren ikuspegitik. Izan ere, basoaren ustiaketa intensiboa ordekan edo lur lauetan egin behar litzakeenean, teknika horiek gure malkarretara ekartzean arrisku faktorea muga onargaitzetara iristen da.
Datu bat: azken hiru urteetan 9 langile hil dira basoan, horietatik 8 intentsiboan.
Bideragarritasun ekonomiko faltak lanaldi luzeak modu masiboan eginarazten ditu (7:00-19:00) baita larunbatetan ere; arrazoi beragatik makineria zaharra eta desegokia erabiltzen da malkar handietan, eta lan erritmoak oso altuak dira ustiatutako materialaren balioa oso eskasa delako.
Prebentzio neurriak ez dira aplikatzen, langileek modu isolatuan lan egiten dute, ez dago baliabide
prebentiborik, formakuntza falta nabaria da eta, oro har, ez da laneko araudia errespetatzen. Lanaren
berezko arriskuei gehitzen zaizkien faktore horiek dira istripu tasa handiaren eragileak.
Basogintza eredua aldatu beharra dago eta dei egiten diegu Gipuzkoako Foru Aldundiari
eta Batzar Nagusiei, mendi foru arauak alda ditzaten, basogintza jasangarri baten defentsan,
eredu intentsiboa baztertuz, bideragarritasun ekonomikoa, bioaniztasunarena, bermatzeko, eta,
horrekin batera, lan osasuna eta lan baldintzak ere bermatuak izan daitezen.
Baso politika horiek aldatu eta eraginkor bilakatu bitartean hainbat neurri proposatzen ditugu:
-Premiazkoa da lurraldearen okupazioa orekatzea, elikadura jardueraren beharrak kontutan hartuta. Ondorioz, beharrezkoa ikusten dugu ahalik eta epe laburrenean %30tik beherako malda duten lur azalerak elikagaiak ekoizteko erabiltzea.
– Lur publikoan basogintza intentsiboaren debekua, eta, ondorioz, mozketak eta matarrasak alde batera uzten joatea.
– Lur pribatuan arriskuen arabera zonifikazio bat egitea, non malkarra erabakigarria izango den eta%60tik gorako malda duten lur azalerak baso autoktonora bideratuko diren, kontserbaziorak %50eko maila ezarriz eta matarrasak albo batera utziz.
– Eredu aldaketa gauzatzen den bitartean Aldundiek “saka” baimenak baldintzatuko dituzte:
• Departamentutik baso baliabideak ateratzea kontrolatzeko prebentzio ikuspegitik
• Ordutegia mugatu eta ikuskatu ordu tartea, fitxajea.