2025-05-21
HomeEkintza Sindikala60 zuzenketa erregistratu ditugu Nafarroako Industria Legea hobetzeko, kalitatezko enpleguaren, langileen eskubideen...

60 zuzenketa erregistratu ditugu Nafarroako Industria Legea hobetzeko, kalitatezko enpleguaren, langileen eskubideen eta etorkizun iraunkor baten ikuspuntutik

LAB sindikatuak ez du etsiko. Gobernuak Nafarroako etorkizuneko Industria Legearen aurreproiektua aurkeztu zuelarik, LABek bere dezepzioa agertu zuen foru exekutiboak erakutsi zuen anbizio eskasagatik eta sindikatu honen ekarpenei egin zien ez ikusiagatik. LABen iritziz, aurreproiektuan, legea Industriarena izatetik Enpresa Sustapenarena izatera pasatu zen. Hala ere, sindikatu honek ez du amore eman nahi eta legeari 60 zuzenketa aurkeztu dizkio ikuspegi enpresarial huts hori zuzentzeko.

LABek uste du lege aurreproiektuak bizkarra ematen diela Nafarroako Industriako langileei. Baina Nafarroako Gobernua oraindik garaiz dago norabidea aldatzeko. Hauek dira LABek eginiko zuzenketen ildo nagusiak:

  • Legearen helburuen artean sartzea Industriaren deskarbonizazioa planifikatzea eta erabakiak hartzeko garaian langileen legezko ordezkaritza aintzat hartzea.
  • Nafarroako Industrian heldu diren urteetan izanen diren eraldaketen eragin soziolaboralari buruzko diagnostikoak eta azterketak egitea, eta birmoldaketa, birkualifikazioa eta enpleguaren banaketa ziurtatuko duten proposamenak lantzea.
  • Lanaldia astean 30 ordura murriztea, soldata murriztu gabe, enplegua banatzeko eta karbono-emisiorik gabeko Industria bihurtzeko eragin soziolaborala leuntzeko; baita ordaindu gabeko zaintza-lanak banatzen laguntzeko ere.
  • Karbono-emisiorik gabeko Industria baterako trantsizioaren ondorio soziolaboralak lantzeko konpromisoa jasotzea, etorkizuneko Bidezko Trantsizioko Estrategiarekin koordinatuta.
  • Industriaren errotzea indartzea, deslokalizazioaren aurkako foru legean sakonduz eta hura garatuz.
  • Sodenaren eginkizunak eta aurrekontu publikoa handitzea, titulartasun publikoko industria-proiektuak garatzeko gaitasuna izan dezan eta krisian dauden industria-enpresen erosketa publikoa gauzatzeko behar diren laguntza-mekanismoak eta finantzaketa gaitu daitezen.
  • Enpleguaren prekarizazioaren aurkako neurriak hartzea: lehen enpleguko beken gehiegizko erabilera eragoztea, hitzarmen autonomikoak sustatzea, kategoria profesionalen parekatzea sustatzea, legezko kontrataziorako benetako konpromisoa hartzea migratzaileen erregulazioa errazteko.
  • Berrindustrializazio-mahaiak nahitaez ezarri behar dira jarduera ixtea edo murriztea aurreikusten duten enpresendako, edozein lan-prozedura egin aurretik langileen legezko ordezkariekin batera lan egiteko.
  • Enpresentzako Leihatila Bakarra kentzea.
  • Foru intereseko inbertsiotzat edo proiektutzat ez hartzea enpleguan murrizketa garbia egitea edo langileen lan baldintzak okertzea dakarten ekimenak.
  • 100 langile baino gehiago dituzten enpresetako langileen legezko ordezkariek negoziazio kolektiboan negoziatu duten deskarbonizazio industrialerako plan baten nahitaezkotasuna ezartzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

67 urte betetzear zituen garraiolari bat hil da Irunen

LABek jakin duenez, herenegun, goizaldeko 6:30ean, TRANSDIPE S.L. enpresako S.S. garraiolaria hilik agertu zen Irunen, lanerako prestatzen ari zen kamioiaren aldamenean. Kamioia martxan zegoen, atea irekita eta zantzu guztien arabera, heriotza ez traumatiko baten aurrean gaude. Azken honekin, gutxienez 20 langile hil dira urte hasieratik Euskal Herrian, hauetariko 9 garraiolariak.

Pribatizatutako zaintzako langileak mobilizazio nazionalera deitu ditu LABek, haien izaera publikoa aldarrikatzeko

Langile horiek zerbitzu publiko bat eskaintzen duten heinean, administrazioaren zuzeneko langile izan behar dutela defendatuko du LABek Donostian, eta, norabide horretan, lan baldintzen ekiparazioa aldarrikatuko du.

LABek CENi exijitu dio bertan behera utz dezan lan osasunaren prebentzioaren ardura langileei egozten dien kanpaina, diru publikoarekin ordaindu dutena

LAB sindikatuak arriskutsutzat, iraingarritzat eta mingarritzat jo du CENeko enpresariek diru publikoa erabiltzea (60.000 euro) modu seguruan lan egitea langilearen esku dagoela sinetsarazi nahi duten ideiak zabaltzen dituen kanpaina egiteko. Enpresarien kanpainak prebentzioaren berezko printzipioen aurka egiten du, eta enpresariek arlo horretan dituzten legezko betebeharrak hankaz gora jartzen ditu. Nafarroako lan heriotzen agertoki tragiko honetan, prebentzio legea ez betetzeko orduan erakusten duen lotsagabekeriaren bertze erakusgarri bat da kanpaina.