2026-04-12
Blog Page 852

EAEko instituzioen familia eta haurren aldeko itunean, haurreskoletako doakotasuna jasotzea proposatu dugu

0
Haurren zainketaz gain, haurren gaitasun fisiko, afektibo, sozial eta intelektual guztiak behar bezala garatzeaz arduratzen dira haur eskoletako hezitzaileak, hau da, haurraren hezkuntza integralaz, alegia. Beraz, hezkuntzako ziklo honetan inbertsioa handitu behar da, familia eta haurren aldeko benetako ituna lortu nahi baldin bada.

Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta EUDELek konpromisoa hartu dute familiaren eta haurren aldeko politika publikoak garatzeko. Urkullu, Gonzalezek, Rementeriak, Olanok eta Landak familien eta haurren aldeko ituna sinatu zuten atzo.

LABetik esan behar dugu plan honen baitan, beste gauza batzuen artean, jaiotzatik hasita haurrek daukaten hezkuntza eskubidea ez dela jasotzen eta horren doakotasunaren bidean ez dela inolako urratsik ematen.

Hezkuntza politika egokia behar dugu, jaiotzatik aukera berdintasunean oinarritutako sistema izan behar da, haur-hezkuntzako lehenengo zikloa doakoa, unibertsala, euskalduna eta kalitatekoa bermatuz.

Hiruhileko honetan onartuko den familia eta haurrentzako laguntzen eremuko jarduera-planaren dekalogoan, ezinbestekoa da azaldu duguna bermatzea.

0-3a, Haur hezkuntzako lehenengo zikloa dena, gastua baino inbertsioa dela pentsatzen dugu.Horregatik, gaur egun, administraziopeko zerbitzu publikoan, 8 orduko hezkuntza zerbitzuagatik hilean 210 euro ordaindu behar izatea lotsagarria iruditzen zaigu. Gainera, herri txikietako haurreskoletan, gaur egun ez da zerbitzu hori ere bermatzen, 7 ordukoa baizik.
 

 

 

Konbenioaren dirua politika sozialetan inbertitu dadila aldarrikatu dugu Iruñean

0

LAB sindikatuak Nafarroako ordezkarien batzarra egin du gaur Condestable gizarte etxean, sindikatu honek 2018. urteari begira dituen erronken inguruan aritzeko. Ekimenaren amaieran, parte hartzaileek manifestazioa egin dute Parlamenturaino, Konbenioaren negoziazioan berreskuratu diren 250 milioi euroak hezkuntzan, osasungintzan, enpleguan, industria politikan eta babes sozialean inbertitu dadin eskatzeko.

LABeko Idazkari Nagusi ondoko Igor Arroyok zentzu gabekeritzat jo du Madrilek ezarritako “gastuaren sabaia” delakoaren ondorioz Nafarroak dituen baliabideak inbertitu ezin izatea: “Krisian zehar murrizketak inposatu dizkigute, diru-sarrerak gutxitu zirela argudiatuz. Orain, diru-sarrera garrantzitsu bat daukagunean, esaten digute ezin dugula inbertitu. Politika neoliberalen itxurakeria agerian geratzen da. Euren kezka ez da instituzio publikoen zorpetzea, are eta gehiago, zorpetze hori sustatu egin dute banketxeak erreskatatzeko eta, orain, jokaldia borobiltzeko, izan badugun dirua oinarrizko beharrizanetara bideratu beharrean, diru publikoz erreskatatu ditugun banketxeetara bideratzera beharra dagoela esaten digute”.

Arroyoren ustez, “hauxe baldin bada Nafarroak duen autogobernua, iruzur hutsa baino ez da. Ez dago autogobernurik politika fiskala eta aurrekontuak erabakitzeko ahalmenik gabe, ez dago autogobernurik geure baliabideak zertan inbertitu behar diren erabakitzeko ahalmenik gabe”. Ildo honetan, Nafarroako Gobernuari nahiz Parlamentuari inposaketa honen aurrean planto egitea eta Nafarroaren burujabetza defendatzea eskatu die Arroyok.

“Jakin badakigu 250 milioi horiek nafar jendartearen beharretan inbertitzea eragozten duen marko legala dagoela. Baina Estatuarekin afera honetan politikoki konfrontatu ezean, ez da botere finantzarioaren neurrira egindako marko legal hori aldatzerik izango. Burujabetzaren alde borroka egitea, jendearen beharrak banketxeen interesen aurretik egon daitezen borrokatzea da azken batean”.

LABen iritziz, “autogobernuaren, burujabetzaren edota erabakitzeko eskubidearen eztabaida irekitzeko unea da, funtsean kontzeptu baliokideak dira eta”. Epe motzean, berreskuratutako baliabideak Nafarroaren garapen estrategikoan inbertitzeko akordio politiko eta sozial zabal bat proposatzen du LABek. Epe erdian, berriz, Nafarroaren estatus berria definitzeko prozesuari ekitea beharrezkotzat jotzen du, “gaur egun daukaguna ez baitu herriaren onespenik izan eta Nafarroa Madrilen menpe mantentzen baitu. Izan ere, 250 miloi berreskuratu badira ere, ezin dugu ahaztu urtero Nafarroak 510 milioi euro ordaintze dituela Erret Etxea, Armada edota banketxeen erreskatea bezalako gastuengatik”.

Norabide horretan, Arroyoren iritziz, “kontua ez da gainontzekoei etxeko lanak jartzea, baizik eta Nafarroako aldaketa politiko eta sozialaren bidean aurrera egiteko alde anitzeko konpromisoak hartzea. LAB prest dago norabide horretan murgildu eta mobilizatzeko”.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Estatus berriak erabateko ahalmena jaso behar du babes sozialari dagokionez”

LAB sindikatuak PPren gobernuak pentsioen kalkulurako proposatu dituen azken neurrien inguruko balorazioa egin du gaur, Bilbon, komunikabideen aurrean. Sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak eta pentsionisten arloko ordezkari Carlos Ruizek hartu dute hitza. "Babes sozialerako sistema propio bat eraikitzea da alternatiba", berretsi du LABeko idazkari nagusiak.

Garbiñe Aranbururen esanetan, pentsioei buruz azken urteetan egindako erreforma eta erabakiak norabide berean egin dituzte: pentsioen sistema publikoa suntsitzeko bidean. "Pentsioen sistema publikoaren eraisteak ez du sostengaezina den arazo batekin zerikusirik, erabaki politiko bat da. Sostengaezintasunak ez du zerikusirik bilakaera demografikoarekin. Ezartzen dituzten politika neoliberalek egiten dute bideraezin pentsioen sistema; pribatua den guztiaren alde egitea, publikoa denaren kalterako, pentsioen fondo pribatuak loditzeko", adierazi du.

Sistema publikoaren suntsiketa saihestu daitekeela nabarmendu du, eta beharrezkoa dela norabide horretan lan egitea. "Babes sozialerako sistema propio bat eraikitzea da alternatiba, hainbatetan exijitu dugun bezala", adierazi du.

Kalitatezko enpleguaren eta soldatak hobetzearen aldeko apustuak neurri nagusia behar duela izan aldarrikatu du: "Honek pentsio duin bat bermatuko lieke lanean ari direnei, eta kotizazioak handituko lituzte, pentsio duinagoak ahalbidetuz. Finantzazioaz ere hitz egin behar da, enpresek kotizazio edo fiskalitatearen bidetik egiten dituzten ekarpenei buruz. Margena badago".

Borondate falta dagoela salatu du, "gure pentsioak defendatzeko ekimen falta. Pentsioak babes sozialaren arlo oso garrantzitsuak dira. Ez dugu pentsioak kudeatzeko lege ahalmenik, ezta eskuduntzarik ere. Autonomia Estatutuan jasota dago Gizarte-segurantza kudeatzeko eskubidea; Nafarroako Amejoramenduak ez du horixe ere jasotzen".

Hain zuzen ere, Madrilek erabakitakoa kudeatzera prest ez gaudela ohartarazi du. "Ez dugu pentsioen sistema publikoaren ahultzea kudeatu nahi, ez dugu pentsionisten pobretzea kudeatu nahi", azpimarratu du Garbiñe Aranburuk.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "estatutua adostu zutenetik 40 urte igaro dira jada, eta bete gabe jarraitzen du. 40 urte geroago, iruditzen zaigu ezin dela eskean ibili, Eusko Jaurlaritza eskuduntzekin egiten ari den bezala. Gainera, Espainiako Gobernuak oso garbi utzi du Autonomia Estatutua betetzeko inongo asmorik ez duela. Berme guztiak eskaintzen dituen aldebikotasun bat baino, inposizio bat da hau".

Pentsioei buruz Euskal Herrian erabaki nahi dugula esan du Garbiñe Aranburuk. "Estatus berriak erabateko ahalmena jaso behar du babes sozialari dagokionez. Gizarte-segurantza eta babes sozialeko sistema publiko bat eratzeko aukeraz ari gara hitz egiten, partaidetza soziala oinarri".
 

 

 

Siemens Gamesa Agoitzeko enpresa batzordeak salaketa jarri du Lan Ikuskaritzan

0
350 langiletatik 175 langile daude aldi baterako kontratuekin; hau da, langileen erdiak gehiegikeria hau pairatzen du. Hori gutxi balitz bezala, 175 langile horietatik 155 ABLEen (Aldi baterako lan enpresak) bidez kontratatu dituzte.

Hauxe da Siemens Gamesa Agoitzeko enpresa batzordeak igorritako oharra, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok sinatuta:

Siemens Gamesa Agoitz-eko enpresa batzordeak urtarrilaren 18an Lan Ikuskaritza eta Gizarte-Segurantzan jarri dugun salaketaren bitartez, enpresako zuzendaritzak kontratazioen materian egiten duen gehiegikeriei, nahikoa dela esan diogu ozen. Multinazionalak egiten duen aldi baterako gehiegizko kontratazioen kontra egiten dugun lehenengo ekimena da. Arrazoia garbia da, gelditzea nahi dugu.

350 langiletatik 175 langile daude aldi baterako kontratuekin; hau da, langileen erdiak gehiegikeria hau pairatzen du. Hori gutxi balitz bezala, 175 langile horietatik 155 ABLEen (Aldi baterako lan enpresak) bidez kontratatu dituzte.

Lotsagarria iruditzen zaigu, alde batetik Siemens Gamesa Agoitz-ek, beraien esanetan plantan eman den produkzio eta handitu eta finkatzeari erantzuteko unilateralki modifikazioaren bidea hautatuz, ostiral gauetan eta larunbat goizetan lan egiteko lan txanden aldaketa egitea, eta bestetik lana kontsolidatu beharrean behin- behinekotasunaren erabilera interesatu eta iruzurtia egitea.

Enpresa batzordetik, inolako dudarik gabe, aldi baterako kontratuak lege-iruzurrean eginak daudela adierazi diogu Lan Ikuskaritzari, behin-behinekotasuna erabiltzen ari dira enpresaren beharrizan estrukturalei erantzuteko eta ez behin-behineko beharrak asetzeko. Honek guztiak lanaren naturaltasun mugagabea ezkutatzea du xede.

Halaber, ez dugu baztertzen mobilizazioen bidea Lan Ikuskaritzan aurkeztutako salaketa indartu eta langileek eskubideekin jokatzen ahalbidetzen duten praktikekin bukatzeko.
 

 

 

Tubos Reunidos taldeko presidente berriaren izkutukeria kritikatu dugu, enplegua eusteari begira dakarren arriskuarengatik

0
Duela urtebete eskuratu zuen Ulacia jaunak Tubos Reunidos taldearen presidentetza. Hedabideen bidez taldeko langileei helarazi zien mezua ez zen batere lasaigarria izan eta ez zuen ezer onik iragartzen haientzat. “360o-tako balio plan” bat lantzeaz eta taldean ezartzeko beharraz jardun zen. Behin baino gehiagotan eskatu du LABek aipatu plana langileei aurkezteko, baina gaur gaurkoz, oraindik ez du egin. Horrek ez du esan nahi gauzatzen ari ez denik.

Aurtengo ikasturtean, langileen lan baldintzen etengabeko hondatze baten lekukoak izan gara: azpikontratetako langileak kaleratuak izan direlako, lanpostuak amortizatu dituztelako, malgutasuna handitu delako, ezohiko lanaldiak ezarri direlako, mugikortasun funtzionala indarrean egon delako, abenduan lingote-ontziak eta hodiak taldeko enpresetatik atera dituztelako, enpresa-batzordeak honen berririk izan gabe…

Honez gain, Tubos Reunidoseko presidente ohiak, Abasolo jaunak, “siderurgiako euskal talde handia” sortzearen alde zegoela esan zuen hedabideetan.

Behin mugimendu eta aitorpen hauek aztertu ditugula, LABek bere buruari hainbat galdera egiten dizkio: zein da Ulacia jaunaren eta Tuboseko zuzendaritzaren helburua, altzairutegi handia sortzea? Hala bada, zein da taldeko nahiz azpikontratetako egungo langileen enplegu bermea? Zein lan baldintzetan?

Gure ustez, LABek badaki norantz doan Tubos Reunidos eta Hego Euskal Herriko siderometalurgia-sektorea. Behin, Abasolok, Ulaciak eta Confebaskek irrikaz espero duten siderurgia-sektorearen batasuna lortuko balitz, langileriari eragingo litzaizkiokeen ondorioak ez lirateke onuragarriak izango, asegaitzak diren enpresari horiek poltsikotan milioiak eta milioiak gordetzen nahi dutelako, enplegua suntsitzearen eta lan baldintzak kaskartzearen kontura.

Eta jazoera hauek direla-eta, Eusko Jaurlaritzari eta erakundeei galdetu nahi diegu: zer diote? Zein izango da euren jarrera?

LABek erakundeak, eta batik bat, Eusko Jaurlaritza deitzen ditu, taldearen bideragarritasuna bermatu dezaten, lantokiei eta lanpostuei baldintza duinetan eutsiz. LABek konpromiso argia eta irmoa adierazten du langile guztien etorkizunaren alde borrokatzeko.
 

 

 

Bilboko portuan izandako lan heriotza salatu dute

Asteazkenean, langile bat hil zen lan-istripuz Bilboko portuan. Hala, Noatumeko langileek eta zamaketariek mobilizaziora deitu dute gaurko, lan heriotza salatzeko eta euren lankidea gogoan izateko. Noatum enpresako aparkalekuan bildu dira, portu barruan, eta elkarretaratze bat egin dute bertan.

Bilbon gertatutako lan heriotzaren ostean, 2018a hasi zenetik hiru dira gutxienez euren lanpostuetan edo hauen ondorioz hildako langileak; bat Bizkaian, eta bi Gipuzkoan.
 

 

 

Lan eskubideen defentsan irten dira kalera Bizkaiko Aspaceko langileak

Zuzendaritzari eskatu diote langileekiko "benetako apustu bat" egitea. Hori gertatu ezean, mobilizazio gehiago deitzea ez dutela baztertzen ohartarazi dute. Gaurko bi elkarretaratze aurreikusi dituzte Bilbon; horietako bat goizean egin dute, Julio Urquijo kaleko Aspaceko egoitza nagusiaren aurrean.

Bizkaiko Aspaceko enpresa komitea hitzarmena negoziatzen ari da, eta urtarrilaren 22an elkartuko da zuzendaritzarekin. "Espero dezagun erakundearen aldetik jarrera aldaketa egotea eta bere azken proposamena hobetzea", adierazi dute enpresa batzordeko ordezkariek, komunikabideetara igorritako oharrean.
 

 

 

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez du bere hitza bete itunaren negoziazioan

0

LAB Irakaskuntzako ordezkariak Hezkuntza Departamentuaren aurrean kontzentratu dira gaur Iruñean, arlo horretako itunaren negoziazioan prozesua etengabe atzeratzen ari dela salatzeko.

Urtebete daramagu María Solanak burutzen duen erakundearekin negoziazioan jardun eta gero, eta LABek negoziazio bidearen aldeko apustu garbia egin duen arren, Hezkuntza Departamentuak ez du bere hitza bete, joan den asterako behin betiko proposamena egin beharra baitzuen eta oraindik ez dugu horren berririk. Antzeko egoeran behin baino gehiagotan izan garenez, LABek jadanik hainbat oharpen bota dio Administrazioari, batez ere azken egunotan, baina ez dugu erantzunik jaso. Hori guztia gutxi balitz, Hezkuntza Departamentuak bertan behera utzi ditu gai hau eztabaidatzeko hilaren 19an eta 26an genituen bilerak. “Agenda arazoak” omen dituzte, baina horrekin argi utzi dute gai honi ematen dioten garrantzia. Administrazioa LABen jarrera eraikitzaile eta negoziatzaileaz aprobetxatu egin da eta ez dugu aurrerantzean horrelakorik onartuko.

Sindikatu honen aburuz, premiazkoa da aipatu itun hori sinatzea, aurki aurre-matrikulazio kanpaina izango baita eta lortutakoaren arabera erabat baldintzatu baitaiteke datorren urtera begirako antolaketa. Beraz, epeei dagokionez, marra gorri guztiak gainditu dira.

LABen aburuz, itun berri horren bidez murrizketen aurreko egoerara itzultzea lortu beharko litzateke. Horretarako konpromiso zehatzak hartzea aldarrikatzen dugu, neurri horiek modu gradualean abian jarri behar badira ere.
 

 

 

Donostiako autobus geltokiko BM supermerkatu berriaren aurrean egin dugu protesta, “Jaietan denok jai” aldarriarekin

Donostiako autobus geltokian ireki berri den BM supermerkatu berriak igande eta jai egunetan bere ateak irekitzeko asmoa du. LAB eta ELA sindikatuok jai egunetako irekiera hau onartezina dela uste dugu eta honen aurrean mobilizatzera joko dugu. Gaur, irekiera eguna bertan izan gara eta ez dugu deskartatzen igandean ere bertan izatea.

Igande eta jai egunetan irekitzeak ondorio ezin txarragoak dakartza, lan ikuspegitik ez ezik, baita ikuspegi sozialetik ere:

– Alfonbra gorria jartzen dio denda kate eta saltoki handiei jai egun eta igandetan ireki dezaten.

– Ez du lanposturik sortzen

– Langileen lan eta bizitza pertsonalaren kontziliaketarako eskubidea urratzen du.

– Ez dago beharrik eta kontsumitzaileek ez dute eskatu

Horregatik guztiagatik, BM supermerkatuko zuzendaritzari eta eskatzen diogu bere erabakia aztertzea eta izan ditzakeen ondorioak pentsatzea. Bestalde, kontsumitzaileei eskatzen diegu BM supermerkatuko langileekiko elkartasunez, egitekotan, erosketak astean zehar egitea.