2025-12-19
Blog Page 85

Sortzen ari den enplegua prekarioa da

Langabeziaren beherakada ez da erregimen orokorreko afiliazioaren igoerarekiko proportzionala.

Pasa den urtetik, Hego Euskal Herrian langabeziak behera egin du (235 langabe gutxiago dago, 138.077 langabe daudelarik. Jaitsiera hori, ordea, lurralde edota kolektiboen artean modu desorekatuan gertatu da.

• Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaian langabeziak gora egin du; Araban, aldiz, langabeziak beherakada nabarmena izan du, %3,19ko jaitsiera. Ondorioz, Hego Euskal Herrian langabezia jaitsi den arren, herrialde gehienetan langabeziak gora egin du.

• Langabeen %58,4a emakumea* da. Emakumeen* artean langabeziak gora egin duen bitartean (354 langabe gehiago), 589 gizon gutxiago daude langabezian.

• 25 urtetik beherakoen langabeziak ere gora egin du (%3,98).

• Migratuen artean, langabeziak gora egin du, zerbitzuetan (%3,17) eta aurreko enplegurik gabekoen artean (%8,64).

• Sektore guztietan langabeziak behera egin arren, aurreko enplegurik gabekoen artean gora egin du, eta 662 langabe gehiago daude.

Azken 5 neurketatan errepikatzen ari den joera izanik, egoera estrukturala dela ondoriozta dezakegu. Izan ere, langabezia orokorrak behera egin arren, kolektibo zaurgarrien artean langabeziak gora egiten jarraitzen du.

Pasa den hilabetearekin alderatuta, datuak zertxobait aldatzen dira, egoeraren hobetze zantzuen adierazle baino, gabonetako kontratazio kanpainaren ondorio dira. Zentzu honetan, pertsona gehiago daude lan bila eta emakumeen* langabeziak behera egin du behera. Dena den, 24.350 kontratu gutxiago sinatu dira (%27,51 jaitsi dira kontratu mugagabeen artean eta %20,83 behin behinekoen artean).

Afiliazioa maximo historikoetan dago Hego Euskal Herrian; beraz, inoiz baino herritar gehiago dago lanean kontratuarekin. Langabeziak, ordea, ez du maila berean behera egin eta jaitsiera lausoa izan du. Migrazio fluxuen eraginez, Euskal Herrira lanera etorri direnak ugaritu eta gero eta emakume* gehiago lan merkaturako igarobidea egitearen (inaktiboetatik aktibora pasatzearen) ondorioz gertatu dela pentsa liteke.

Azaroan 13.644 afiliatu gehiago dago erregimen orokorrean Hego Euskal Herrian %73,64 zerbitzuak sektorean kokatzen delarik. Azken urtean sektore guztietan afiliazioa igo bada ere, zerbitzuen sektoreko igoera nabarmendu behar dugu (zerbitzuetan 19.149 lanpostu gehiago daude azken urtean, industrian 3.027 igo den bitartean). Zerbitzuak sektorean gertatzen ari den afiliazioaren igoera nabarmena azken urteetako joera nabarmena da. Izan ere, 2009.urtetik, zerbitzuak sektoreko afiliazioa %11,5 igo den bitartean, industrian %23,1 jaitsi da.

Sortzen ari den enplegua zerbitzua sektorean izateak (azken urtean sorturiko afiliazioaren %82,68a zerbitzuetan jazo da), lan baldintza prekarioak nagusi dituen enplegua ugaritzen ari delako zantzuak ematen dizkigu, enpleguaren kalitatea kezka iturri nagusi bilakatuz. Kasu honetan ere, genero arrakala egon badago, jardunaldi partziala dutenen artean %68,28 emakumeak* dira (emakumeen* %25,4a jardunaldi partziala duten bitartean, gizonen artean %11,2 dira).

Lan merkatuan prekaritatea egiturazkoa da, lan baldintzatan prekaritatea kronifikatzen ari da. Kapitala eta bizitzaren arteko gatazkak, langileriaren oinarrizko eskubideak merkantilizatuz, pribatizatuz edota murriztuz, etekina gutxi batzuen esku uzten du. Egoera honi aurre egiteko, LAB sindikatuak langile guztientzat 1.600 eurotako gutxieneko soldata aldarrikatzen du, Akordio Interprofesional baten bidez egingarria litzatekeena. Era berean, eredu soziekonomikoa bera eraldatzeko premia azpimarratu nahi du gaurkoan, euskal langile guztientzat zein herritar sektore zabalek etorkizuneko bizi proiektu bizigarriak edukitzea ahalbideratuko dituena.

Enplegu Zentro Berezien EAEko lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahaia deitu dugu

Langileek mobilizazioa egin dute Bilbon, Plaza Eliptikotik abiatuta, eta mobilizazioaren amaieran erregistratu dute deialdia, Lan Harremanen Kontseiluan.

Azken bi urteetan Enplegu Zentro Berezietako langileekin egindako antolakuntza prozesuaren ostean, LABek mahaia deitu du urtarrilaren 29rako, Enplegu Zentro Berezien EAEko lehen lan hitzarmenaren alde borrokatzeko. Estatalizazioaren kontrako borrokan eta sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko eta duintzeko ibilbidean ezinbesteko urratsa eman du sindikatuak. Gaur mobilizazioa egin dute Bilbon Enplegu Zentro Berezietako langileek, eta mobilizazioaren amaieran erregistratu dute deialdia, Lan Harremanen Kontseiluan.

Bertan izan da Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta langileek bizi duten prekaritateaz ohartarazi du: “Enplegu Zentro Berezietako lantegietara zokoratuak dira, baztertuta eta diskriminatuta daude, ikusezin bihurtuak, eta errealitate hori betikotzen ari da”. Langileek sistematikoki jasaten duten diskriminazioa kritikatzearekin batera, sistemarentzat “lan esku merkea” direla salatu eta administrazioaren ardurak seinalatu ditu Aranburuk, langileen integrazio soziolaboralaz hitz egin bai, baina “diskurtso hutsa” egiten dutelako, “Enplegu Zentro Berezien eredua diru publikoz mantentzea justifikatzeko” baliatzen dutena.

Instituzioekin batera enpresek onura ekonomikoei lehentasuna ematen diete, eta langileen garapen pertsonala eta eskubideak zapaltzen dituzte, eskubide osoko langileak izatea eragozten diete, egoera erabat prekarioak eraginez eta lan baldintza baztertzaileetan betikotuz.

LABen eskaria argia da: aniztasun funtzionala duten langileek lan merkatu arruntean, gainerako langileen lan baldintza berberetan lan egiteko eskubidea izatea. Bide horretan lehen urratsa lan hitzarmen propio bat sortzea izango da, lan baldintzak arautzeko.

Enplegu Zentro Berezietako soldatak lanbide arteko gutxieneko soldatara lotuak daude, eta horrek guztiz mugatzen ditu sektoreko langileen bizi baldintzak. Egoera horren aurrean, LABek sektorea arautzeko eta lan baldintzen negoziazioa gure herrira ekartzeko, mahai negoziatzailera deitu ditu ELHABE patronala eta sektorean ordezkaritza duten beste sindikatuak.

Elkarlanean aritzeko deia egin nahi die LABek gainontzeko sindikatuei. ELHABEri, aldiz, arduraz jokatzeko eskatzen dio, hitzarmena aurrera ateratzeko konpromsioa adieraztearekin batera, mahai negoziatzailean jarrera eraikitzailea izan dezala.

Hego Euskal Herrian 10.000 langilek dihardu Enplegu Zentro Berezietan eta Nafarroan ere ibilbidea marrazten ari da LAB sektoreko langileekin batera, elkarrekin estatalizazioak dakarren miseriari aurre egin eta lan hitzarmen propioa lortzeko.

LABek tentuz hartu du Glovoren erabakia, eta gertutik jarraituko du prozesua

Erabakiak argi adierazten du legez kanpo aritu dela Glovo orain arte. LABek argi dauka egindako borroka sindikalaren emaitza dela erabakia.

Glovok autonomo faltsuen eredua utziko duela iragarri du, eta soldatapeko banatzaileak izango dituela. LABek balorazio positiboa egiten du, baina, hala ere, iragarapena tentuz hartzeko beharra azpimarratu nahi du, baita Glovok egingo duen prozesuari adi egon beharra ere.

Alde batetik, ezin dugu ulertu Glovoren erabakia sindikalismotik egindako lana kontuan hartu gabe: LABen antolatu diren Glovoko riderrek sail sindikalak antolatu dituzte, sindikatuak salaketa indibidual eta kolektiboak egin ditu eta lan ikuskaritzako arduradunekin batu izan da arazoari konponbidea bilatzeko. Aipatzeko da, halaber, Hego Euskal Herriko prozesuan LABen bidelagun izan den Riders por Derechos kolektiboak egindako lana.

Bestetik, soldatapeko banatzaileak izatea legea betetzea baino ez da, orain arte autonomo faltsuak izan baitira. LAB sindikatuak salatu izan du legea ez zela betetzen, legea ez zela nahikoa eta baldintza batzuk okertzen zituela gainera. Glovok azken urteetan legearen kontra eginez jarraitu du autonomo faltsuekin lan egiten. Kasu batzuetan gizarte segurantzan altan egon bai (epaiketa ezberdinek automatikoki honela behartuta) baina autonomo fakturetan kobratzen egon dira langile horiek aldi berean. Beste kasu batzuetan, autonomo izaera mantentzeko hainbat aldaketa egin izan ditu Glovok; ordutegia eta eskaeren prezioei dagokionez, besteak beste, baina kasu horietan ere autonomo faltsuak izaten jarraitu dute. Horrenbestez, oraingo erabakiak baieztatzen du enpresak bazekiela legez kanpo ari zela. Hortaz, honako galdera hauek egitea beharrezkoa da: orain arte Glovon lanean egon diren langileen eskubideekin? Eta azken urte hauetako zorrekin zer gertatuko da?

Ikusteko dago enpresak nola jokatuko duen erabaki honen ostean: zer gertatuko den egun autonomo bezala lan egiten duten langile guztiekin, nola erregulatuko diren jardunaldiak, guztiak erregulatuko diren… Glovoren praktika iruzurtiak ezagunak dira LABentzat, eta espero daiteke ildo beretik joko duela. Horregatik, LAB sindikatuak lanean jarraituko du egun Glovon dauden langile guztien lanpostua bermatzeko, eta hurbiletik jarraituko du prozesua. Enpresaren erabakiak, legea betetzea baino ez dena, ezin du kaleratzeen
eskutik joan.

Era berean, riderrei ostalaritzako hitzarmena aplikatzea exijitzen jarraituko du LABek. Bide beretik, ezkutuko ekonomian lanean ari diren eta askotan egoera irregularrean aritzen diren langileen erregulazioa exijitzen dugu, eskubide guztiekin. Hori hala izan dadin, arreta berezia jartzeko eskatzen diegu instituzioei. Izan ere, orain arte, informazio nahikoa izanda ere, ez dute esku hartu.

LABek instituzioei exijitzen die politika ausartak egiteko eta ez ditzatela euskararen aurkako epaiak erabili hizkuntza eskubideetan atzera egiteko

Euskaldun izateko eta bizitzeko nahia azaleratzea helburu duen Euskararen Nazioarteko Egunean, LABek politika ausartak diseinatzeko exijitzen die euskal administrazioei ez diezaieten men egin epaiak ezartzen ari diren mugei eta berma dezaten euskaraz hitz egiteko, lan egiteko eta euskaraz bizitzeko eskubidea.

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldi juridiko-politikoaren eraginean jarri nahi du fokua LABek Euskararen Nazioarteko Egunean. Epai horiek salatzetik harago, administrazio publikoa herritarren hizkuntza eskubideak bermatzera derrigortuta dago, tartean, euskaraz artatua izateko herritarrek duten eskubidea, eta horretarako deia egin nahi diegu.

Izan ere, bai euskalgintzak eta bai LABek aurreikusten genuen moduan, oldarraldi judizialaren kaltea ez da mugatuko epai horietan jorratzen diren auzietara. Epai horien segidak administrazioan euskara normalizatzeko paradigma osoa kaltetzea eragingo du. Orain arte ezagutu dugun paradigma berez mugatu eta oso geldoari, LABek askotan salatu izan duena, kortse oraindik ere estuagoa jartzera dator oraingo jurisprudentzia berri hau.Tantaka-tantaka epaiok administrazioaren euskalduntzerako jurisprudentzia murriztailea eraikitzen ari dira. Horien bitartez, epaileak hizkuntza-politika egiten ari dira. Hala, oldarraldi judiziala gerarazi ezean, administrazioaren euskalduntzea moteldu ez ezik, orain arte emandako urratsetan atzera egiteko arriskua nabarmena da.

Hori da sakonean jokoan duguna, administrazioan euskararen erabilera guztiz normalizatu ahal izango den ala euskara eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak bigarren mailakoak izaten jarraituko ote duten.

Aurreikuspen kezkagarri horren aurrean, LABek dei egiten die euskal administrazioei, ez diezeieten men egin epaiak ezartzen ari diren mugapen horiei, eta administrazioan euskara osoki normalizatzeko beharrezkoak izango diren erabaki juridiko eta instituzionalak har ditzaten exijitzen die. Ildo horretan, adituek zenbait proposamen mahaigaineratu dituzte. Hor dago, adibidez, Iñigo Urrutia legegileak berak mahai gainean jarritako irtenbidea.

Era berean, euskaltzaleei eta herritarrei, oro har, dei egiten diegu euskaraz artatuak izan eta lan egiteko duten hizkuntza-eskubideen defentsan irmo eustera, urraketak pairatuko dituztenean horiek salatuz ere.

Erandiokoa, adibide

Oldarraldiaren eraginaren erakusle da, adibidez, Erandion berriki gertatukoa. Irailean hango udaltzain batek herritar bati isuna gaztelera hutsean idatzi zion, inprimaki elebidunean idatzi beharrekoa gazteleraz idatziz. Herritarrak isuna euskaraz jaso nahi zuela eskatuta ere, udaltzainak erantzun zion ez zegoela behartuta euskaraz egitera. Horiek horrela, herritarrak kexa jarri zuen Erandioko Udalean, gogoraraziz berak eskubidea duela bere aukerako hizkuntzan artatua izateko.

Urriaren 31n Erandioko Udaleko Udaltzaingoaren Buruzagitzak herritarrari emandako erantzunean, “horrelako egoerak sorraraztea” eta “behar bezalako erantzunak eman ahal ezina” 2023ko epai bati leporatzen dio, zeinak udaltzaingoko lanpostuetarako euskara eskakizunak bertan behera uztea agindu baitzuen. Auzi horretan, hizkuntza eskakizunaren derrigortasun-data jada gainditua zuen, eta, beraz, euskaraz jakitea derrigorrezkoa zuen lanpostu batean behin-behinean lanean hasi zen udaltzain batek eskakizun horien aurkako helegitea jarri zuen. Helegite hori ontzat emanez, epaileak honakoa adierazi zuen: “Erandioko udaltzaingoko lanpostuetara sartzeko deialdian euskara jakitea eskatzeak enplegu publikorako sarbidea murrizten du, eta, beraz, oinarrietan ezarritako betekizunek lehiarako berdintasun mailan jokatzeko aukerak ere murriztea dakarkie izangaiei”. Ondorioz, epai horrek Erandioko udaltzaingoaren lanposturako derrigortasun data kentzea agindu zuen.

Orain, derrigortasun-data kendu behar izanarekin justifikatzen du Erandioko Udalak gaztelera hutsez artatu izana herritar bat. Hau da, egindako hizkuntza eskubideen urraketa udal administrazioan euskara normalizatzearen aurkako aurretiazko sententzia batekin justifikatu nahi du Erandioko Udalak.

LABen ustez, urraketa batek ez du beste urraketa bat zuritzen. Onartezina deritzogu Erandioko Udalak epai horrek euskararen erabileran eragindako mugapenak onartu izanari, besterik gabe, eta, era berean, mugapen horiek gainditzeko bitartekorik jarri ez izanari.

Horregatik, bihar, Euskararen Nazioarteko Egunean, LABek mobilizazioa egingo du Erandioko udaletxe aurrean, hizkuntza eskubideen defentsan eta hizkuntza politikan atzerapausorik onar ez dadin eskatzeko.

Pikete Feminista aktibatu dugu Bilboko Udalean zaintzaren pribatizazioa salatzeko

Gaur egindako ezohiko osoko bilkuran datorren urterako aurrekontuak onartu dira. Aurrekontu hauek zaintzaren pribatizazioa betikotzen dute; Bilboko bizilagunetaz ahaztu eta enpresei eta turistei alfonbra gorria jartzen dien hiri-eredu bat bultzatzen dute.

LAB sindikatuko dozenaka emakume militantek protesta egin dute gaur Bilboko udaletxean. Udal barruan datorren urteko aurrekontuei argi berdea ematen zitzaien bitartean, kanpoan tamaina handiko bi pankarta zintzilikatu dituzte zaintzaren pribatizazioa salatzeko.

19.080.000 euro Serveo multinazionala edo SSI Taldea bezalako enpresa handietara joango dira Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) ardura har dezaten. Azken honek, SSI Taldeak, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua (GLUZ) kudeatuko du ere, 1.247.000 euroren truke.

ELZko langileek hilabeteak daramatzate mobilizatzen azken urteetan zerbitzuak okerrera egin duela salatzeko. Serveo bezalako enpresa multinazionalak protagonismo handiarekin sartu dira sektorean, zaintza sektoreak aberasteko eskaintzen dituen aukerak ikusi eta gero. Administrazio Publikoen esku-hartzearekin -dirutza enpresa pribatuen esku ipintzen dutela, ondoren azpikontratatutako zerbitzuaren jarraipen eta kontrolik egin gabe- etekin handiak lortzen dira.

Duela gutxi mobilizazioak ere ikusi ditugu GLUZaren egoera salatzeko. Bilbon 500 pertsona baino gehiago daude arretarik gabe eta etxerik gabe, eta hilabete luzeak itxaron behar dute hitzordua izateko. Duela hilabete batzuetatik ez dira artatzen jantoki sozialetarako txartelak, ezta aterpe-eskaerak ere. Urtero jasotzen dituen milioika bisitariez harro dagoen hiri batean, ehunka bizilagun daude kalean lo egiten, oinarrizko eskubideak bermatuta izateko aukerarik gabe.

Eskua hartu beharrean, Bilboko aurrekontuek arazo horri erantzutetik oso urrun dagoen egoera bat betikotzen dute.

Eta hori guztia gertatzen da Denon Bizitzak Erdigunean-ek deitutako Greba Feminista Orokorraren lehen urteurrena ospatzeko egun bat falta denean. Milaka pertsonak, Bilboko udaletxearen aurrean, zaintza-sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatu zuten greba horretan. ELZ edo GLUZ zerbitzu publikoak dira, asetzen dituzten beharrak funtsezkoak dira eta herritar guztientzat bermatuta egon beharko lukete. Zergatik enpresa pribatuen bitartez eskaini? Zergatik ez du Bilboko Udalak baliabide propiorik zerbitzu hori modu garden eta zuzenean emateko? Paradigma aldatzearen aldeko apustua egiten dugu, zaintza-zerbitzuak publiko egitearen alde.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuko militanteek protesta bat egin dugu aurrekontu hauei ezetz esateko, gure bizitzak erdigunean jarriko dituen hiri eredu batean berresteko eta herritar guztiak animatzen ditugu bihar, azaroaren 30ean, Denon Bizitzak Erdigunean-ek deitutako mobilizazioan parte hartzera; 18:00etan Bilboko udaletxetik abiatuko dena.

LABek bat egiten du EHEk “Euskaraz bizitzeko euskararen errepublika!” lemarekin abenduaren 7an Durangon deitu duen manifestazioarekin

Euskararen normalizazio-prozesuak bizi duen geldialdia eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen aurka sektore judizial, mediatiko, sozial eta politiko batzuetatik indarrean duten oldarraldia ikusita, beharrezkoa da euskaldunon ahalduntze eta aktibazio indartsua. Hedatzen ari den olatu erreakzionario eta zentralistaren baitan kokatzen da oldarraldi hori, horregatik euskararen berreskurapena bururaino eraman eta Euskal Herrian euskaraz normaltasunez bizitzera iristeko ezinbestekoa dugu Euskal Herri independente eta euskalduna eraikitzea, ezinbestekoa dugu euskararen errepublika eraikitzea. Ondorioz, LABeko kidegoari eta oro har euskal langileei abenduaren 7an Durangora joateko deia luzatzen die.

Garbiñe Aranburu: “Mezu apurtzaileak ez ezik, eguneroko arazoei erantzungo dieten praktika eraldatzaileak asmatzea da gakoa”

Gaur amaituko da “Lana eta sindikalismoa XXI. mendean” Nazioarteko Biltzarra, Bi egunez, Leioako EHUn elkartu dira hainbat sindikalista, tartean LABeko kide esanguratsuak, sindikalismo eraldatzailearen erronka nagusi eta estrategiez eztabaidatzeko. Ekimen honen antolatzaileen artean dago Ipar Hegoa LABen ikasketa sindikalen fundazioa.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak mahai inguru batean parte hartu zuen atzo, ELA, CGT, CIG eta Intersindical-CSCko idazkari nagusiekin batera. Bertan, sindikatuon egitekoaz galdetuta, Aranburuk adierazi zuen momentua ondo irakurtzen jakitea dela. “Langileen beharrei erantzungo dien politika eta neurriak proposatzea. Langileei tresnak, antolakuntzarako eta borrokarako bideak eskaintzea”. Honetan sakonduz, gaineratu zuen “langileekin eta langileak entzunez egin behar dugu, LABen parte hartze kultura sustatu eta entzute ariketari garrantzia handia ematen diogu”.

Euskal Herrian sindikalismo borrokalariari buruzko konfiantza maila handia dagoela gaineratu zuen LABeko ordezkariak, honakoa gaineratuz: “Gure indarra, langileekin zuzenean egiten dugun lana da, hitza eta ekintza gara”.

Alternatibak plazaratzearen inguruan zehaztu zuen “mezu apurtzaileak ez ezik, egunoroko arazoei erantzungo dieten praktika eraldatzailean asmatzea da gakoa”.

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua da LABen aldarrikapen historikoetarako bat. Izan ere, aurten bete dira 30 urte honen alde gehiengo sindikalak egin zuen manifestazio historikotik. Honen inguruan, Aranburuk zehaztu zuen euskal esparruaren defentsa ez dela eslogan bat, “praktika independentista eraldatzailearekin eraiki behar dugun zerbait” baizik.

Sindikalismo antirrazista, ekosozialista eta feminista

Koordinatzaile orokorraz gain, LABeko beste kide batzuk ere hartu dute parte Biltzarrean. Txefi Roco sindikatuko Idazkaritza Antirrazistako arduradunak ekintza sindikal antirrazistaren inguruan egindako ibilbidearen berri eman zuen “Sindikalismoa enpresatik harago” izenburupean egin den mahaian.

Bestalde, Martin Lallana trantsizio ekosozialeko LABeko arduradunak sindikalismo ekosozialistarako hipotesi eta estrategiez aritu zen “Sindikalismoa, eredu ekonomikoak, desazkundea eta ekonomia soziala” izenburupean egin zen mahaian.

Azkenik, Maddi Isasi Idazkaritza Feministaren arduraduna sindikalismo feminismoari buruz aritu zen, eta, praktikatik, definitzen ari den kontzeptu horren hurbilpen bat egin zuen.

LABek 2.250 boto lortu ditu Osakidetzako hauteskunde sindikaletan, eta 45 delegaturaino handitu da bere ordezkaritza

Emaitzek korporatibismo arazo larria erakusten jarraitzen dute Osakidetzan. Ez dugu uste plantillaren zatiketa dakarten hauteskunde-joerak positiboak direnik.

Hala ere, klaseko sindikalismoak eragina handitu du, LABek hirugarren postua finkatu du eta delegatuen kopurua handitu du, eta horrek bermatzen du LABek osasun-eredu desberdinak aurrez aurre jartzen jarraitzea: batek publikoaren, kalitatezko enpleguaren eta plantilla egonkorren aldeko apustua egiten du, eta besteak Osakidetza higatu eta hustu nahi du, “lankidetza publiko-pribatua” bultzatzeko.

Koherentziaren eta ahaleginaren emaitza dira emaitzak, eta, horregatik, bereziki zoriondu nahi ditugu langileak, oro har, prozesuaren garapenagatik eta parte-hartzeagatik, eta gure afiliazioa, zalantzarik gabe, lagundu digulako hauteskunde-mahai guzti-guztietan egoten, eremu guztietan aurkezten eta LABen komunitate osoarenak diren emaitza onak ateratzen.

Emaitza horiek ematen duten bermearekin, LABek Osakidetzako langile guztiak defendatzen jarraituko du, sindikalismo borrokalaria eginez eta osasun-sistema publiko indartsu baten alde borrokatuz, plantillaren eta osasun publikoaren etorkizuna jokoan dagoen lekuetan.

Asteasuko Siemens Gamesako langileek Aldi Baterako Erregulazio Espedientea bertan negoziatzea exijitzen diote enpresari

Elkarretaratzea egin dute gaur Asteasuko lantegiaren aurrean.

Hilabete luzeak igaro dituzte ekoizten dituzte turbinen inguruko arazo teknikoak tarteko, etorkizun hurbilean zuzendaritzak beren lan baldintza eta lanpostuen aurkako neurriak hartuko zituela entzuten, enpresari behin eta berriz gardentasuna eskatuz baina erantzun argirik jaso gabe, komunikabideetan zabaltzen ziren berri ilunek sortutako ziurgabetasun eta ezinegonarekin.

Udako oporren aurretik, urte bukaerarako Aldi Baterako Erregulazio Espediente (ABEE) baten beharraz mintzatu zen zuzendaritza lehenengoz, eta azken asteak neurria martxan jartzeko intentzioa formalki komunikatu zain igaro dituzte langileek.

Iragan azaroaren 19an jaso zuten kontsulta epearen hasierako jakinarazpena eta bertan, ordura arte igaro gabeko marra gorria zeharkatu du enpresak: Asteasuko ABEEaren negoziaketa Burgos, Lerma eta Zamudioko plantekin batera izatera behartu ditu.

Modu honetan, enpresak, langileak modu justuan ordezkatuak egongo ez diren mahai batean negoziatu nahi ditu ABEEaren nondik norakoak, beren lanpostu eta lan baldintzen gainean negoziatu eta erabakitzeko duten aukera deuseztatuz. Erabakiak intentzionalitate argia baitu: bertako negoziazio esparruak ahuldu eta enpresari komenigarriagoak zaizkion indar harremanak dituzten markok bilatzea, akordio merkeagoak lortzeko.

Egoeraren aurrean, Asteasuko langileek argi eta ozen diote ez dutela enpresaren erabakia onartzen eta aurrean izango dituztela. Horregatik, erabakia atzera botatzeko exijitzen diote zuzendaritzari eta hartu asmo dituen neurriak bertako mahai batean negoziatzera eser dadila, langileen lan baldintzetan ahalik eta eragin gutxien izango duen ABEEaz hitz egiteko borondatez.