2026-11-05
HomeEkintza PolitikoaBehin betiko konponbidea eta euskal presoen etxeratzea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko...

Behin betiko konponbidea eta euskal presoen etxeratzea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

LAB, ELA, ESK, STEILAS, CGT/LKN, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatzeko.

Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko arduradunak Bilboko mobilizazioan adierazi duenez, “garaia da etapa bat ixteko, garaia euskal preso politiko guztiak askatasunean egoteko”. Izan ere, etapa hori ixtea “justiziazkoa” dela nabarmendu du, eta “50 urteko gatazka armatuan kalteak eragin dituzten eta kalteak jaso dituzten pertsona ugari egon da. ETAren biktimek aitortza jaso dute eta indarkeria ekintzen egileek kondena luzeak bete dituzte, salbuespenezko espetxe politika zitalaren pean. Aldiz, Espainiako estatuak ez du berak eragindako biktimen aitortzarik egin eta apenas egon den indarkeria horren aurkako prozedura judizialik.”. Desoreka hori kartzela gehiagorekin ez dela konpontzen nabarmendu du, “baizik eta biktima guztien aitortzarekin eta norberak dagokion ardurak hartzearekin”.

Euskal preso politiko guztien etxeratzeak, beraz, gatazkaren aroa ixten eta elkarbizitzarena egonkortzen lagunduko duela azpimarratu du Perezek, eta azpimarra egin du elkarbizitzan: “Hitzaren esanahi sakona aldarrikatzen dugu guk. Munduan bezala, Euskal Herrian ere herritar guztiak euren eskubideen jabe izatea nahi dugu. Herritar guztiek bizitza duin bat izatea nahi dugu. Indarkeria, bazterketa eta desjabetze mota oro atzean utzi nahi dugu”.

Hemen duzue Sarek eta sindikatuek deitutako mobilizazioetan irakurritako hitzartzea:

Sarek eta Euskal Sindikatuen gehiengoak 2024-2025 kurtso politikoan deitu ditugun mobilizazioetan bigarren eta azkena gauzatzeko elkartu gara gaur. Beste behin Euskal sindikatuen gehiengoak bat egiten dugu Sare Herritarraren aldarriekin, bat egiten dugu urteetako gatazkak utzitako ondorioen konponbidearen aldeko aldarriarekin eta noski, bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren aldeko aldarriekin.

Datorren urtean 15 urte beteko direlarik ETAk bere jarduera eten zuenetik, oraindik orain urteetan luzatu zen sufrimendu baten ondorioak pairatzen ari da euskal gizartea. Sindikatuok, sufrimendu horren amaieran eta gure herri eta gizarteak horrenbeste behar eta merezi duen elkarbizitza agertokietara jauzi egiteko lanean gure ekarpena egiteko konpromezuan berresten gara. Ezinbestekoa baita etorkizunera begira jarri nahi badugu iraganera iltzatzen gaituzten ondorioekin amaitzea.

Ondorioez ari garenean aipatutako sufrimenduak utzitako biktimenz ari gara, biolentzia ezberdinen biktimek, hau da, biktimek oro har, horren beharrezko duten egiaz, errekonozimenduaz, aitortza instituzionalaz eta erreparazioaz ari gara. Ondorio dira baita ere, salbuespen lege eta politiken ondorioz beraien zigorrak erregimen itxian betetzen ari diren 57 euskal presoen egoerak, eta ondorio dira oraindik ere erbestean dauden iheslari eta deportatuen egoerak.

Euskal Herriko alderdi politkoen, eragile sozial zein politikoen, sindikatuon eta euskal gizartearen ardura da elkarbizitza agertokiei ekarpenak egitea. Guztion ardura da ondorioen konponbidearen lanean jardutea, norberak bere leku eta posiziotik lan guzti horri ekarpenak egitea.

Euskal langileriaren gehiengoa ordezkatzen dugun sindikatuok bat egiten dugu konpromezu horretan, ondorioen konponpideari gure ekarpena egiteko konpromezuan berresten gara. Ez dezagun sufrimendua gehiago luzatzen utzi.

Euskal preso, iheslari eta deportatuak lantokietara!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.