2026-02-14
Blog Page 830

Euskal gehiengo sindikalak bat egin du martxoaren 8ko greba feministarekin

0

LAB, ELA, STEILAS, ESK, Hiru eta EHNE Bizkaiak Euskal Herriko Mugimendu Feministak gaur iragarri duen greba feministarekin bat egin dugu. Hain zuzen ere, aurtengo martxoaren 8an lehenengo aldiz Euskal Herrian greba feminista egingo da "Emakumeok* planto!" lemapean. Enplegu greba hutsaz harago doan greba izango da, zaintza betebeharrei eta kontsumoari lotutako lanuztearen aldeko apustua egingo da, egungo eredu kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzeko.

Greba honek beste lan batzuei, bizitzaren beste eremu batzuei eragingo die. Egun horretan eguneroko zaintza eta etxeko lanei, kontsumoari, enpleguari eta ikaskeei planto egingo diegu sistema hau emakumerik gabe ez doala inora aldarrikatuz. Emakumeek* kalean, etxean, lantokian eta eremu intimoan hartzen duten espazioa eraiki nahi dugu. Gure borrokak lan esparrua, politika, bizitza eta ekonomia zeharkatzen ditu. Mugimendu Feministak argi esan duen bezala: hau ez da defentsarako greba hutsa, eredu osoa aldatuko duten proposamen politikoekin aterako gara kalera.

Sindikatuok Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu duen greba feministan eta martxoaren 8an egiten diren mobilizazioetan parte hartzeko deialdia luzatzen du, eta, horretarako, hurrengo astean, lan uzteak erregistratuko ditugu Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan: Bilbon asteartean erregistratuko dugu, 11:00etan; eta Iruñean asteazkenean, 11:00etan ere.

 

 

 

Jaurlaritzak eskuhartze sozialeko hitzarmena ez duela betetzen salatu dugu Gasteizen

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskuhartze sozialeko langileek protesta egin dute gaur Gasteizen, Maria Jesus San Jose Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak parlamentuko osoko bilkuran agerraldia egiten zuen bitartean. Eskuhartze sozialeko hitzarmenak sinatu ditugu LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGTk, eta sindikatuok mobilizaziora deitu dugu Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailak ez duelako betetzen.

Sindikatuok zerbitzu publikoak pribatizatzeko eredua salatu dugu gaurko elkarretaratzean, baita horrek ekartzen dituen ondorioak ere, mobilizazioaren harira kaleratutako oharrean salatu dugun bezala.
 

 

 

Arrakastatsutzat jotzen dugu atzoko Bizkaiko bulego eta langeletan egindako greba

Grebak %70eko jarraipena izan zuen eta milaka langilek manifestazioa egin zuten Bilbon. Eskatuko dugu datorren otsailaren 14an, negoziazio-mahaia Lan Harremanen Kontseiluan batzartuko den egunean, argi dezala antzinatasuna eta gutxieneko bermea, aurreko hitzarmenean mantentzen ziren bezala, ia marra gorria den eurentzat eta honen inguruko aldaketak planteatzen baldin badituzte, ia hauek zeintzuk izango diren.

Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmenaren mahaia, ELA zein LABen ustez antzinatsuna eta gutxieneko bermea ezin dira ikutu. Hau lortu nahian dabil CEBEK patronala negoziazioaren hasieratik, eta greba deitzera behartu ditu sektoreko langileak, Euskaltel, Iberdrola, Kutxabank, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia bezalako lekuetan ari direnak. Grebaren puntu gorena Arriagatik abiatuta CEBEKeraino egin zen manifestazioa izan zen, sektoreko milaka langileren partehartzearekin.
 

 

 

Eraikuntza sektorean prekarietateak babes politikoa duela salatu dugu

0

Zubietako errauste plantako obran, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako obra, ez da Lan Prebentzioko Legea betetzen, ezta beste segurtasun arau eta lan osasunekoak ere. Halaxe berretsi du Lan Ikuskaritzak, LAB sindikatuak jarritako salaketa ontzat hartuta. Agerraldi bat egin dugu gaur Donostian, horri buruzko xehetasunak emateko.

Gipuzkoako obretara LABek egiten dituen aldikako bisitetako batean, Zubietako errauste plantaren obretan eraikuntzako hitzarmena ez zela betetzen jakin ahal izan genuen, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako obran.

Hitzarmena ez betetzeagatik, 2017/12/04an, Lan Ikuskaritzan salaketa sartu genuen, zehazki hitzarmenaren soldaten azpitik ordaintzen ari zirelako, eta lanaldiak hitzarmenekoak baino altuagoak zirelako. Beranduago obrara beste bisita bat egin genuenean, obra horretan zeuden garabiek legeak dioena ez dutela betetzen ikusi genuen. Hain zuzen ere, laneko gune berean 5 garabi lanean zeuden, eta, hortaz, beste salaketa bat jarri genuen 2017/12/20an.

Urtarrilaren 10ean obrara egindako bisitan, garabiek bere horretan mantentzen zirela ikusteaz gain, anemometroek ez dutela funzionatzen ikusi genuen. Anemometroek haizearen indarra neurtzen dute, eta alarma bat pizten dute haize asko dagoenean eta, horren ondorioz, arriskua sortzen denean.
Ondorioz, 2018/01/11n, Lan Ikuskaritzan idatzia sartu genuen berehalako arriskua larriagatik Zubietako errauskailuaren obra gelditzeko.

LABek 2018/01/30an jaso zuen 2018/01/24an bidalitako Lan Ikuskaritzaren idatzia, non esaten zaigun salatutako egoera benetakoa dela. Hala, enpresei arazo horiek konpontzeko agintzen die.

Zehazki Lan Ikuskaritzak bisita egin zuen, Osalaneko teknikariarekin batera, urtarrilaren 16an, egiaztatuz LABek salatutakoa egia dela, garabiak salatu moduan gune berean ari direla lanean eta langileentzako arrisku larria zegoela.
Era berean, Lan Ikuskaritzak prebentzio planean jasota egon behar zela dio, eta babeserako eta koordinaziorako neurriak hartuta egon behar zutela. Era berean, anemometroak egiaztatzeko eta konpontzeko agintzen du.

Ondorioa: Zubietako errauste plantako obran, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako obra, ez da Lan Prebentzioko Legea betetzen, ezta beste segurtasun arau eta lan osasunekoak ere.
Berriro ere, interes politikoak eta ekonomikoak langileen segurtasun eta osasunaren gainetik jartzen ari dira, eta presak, lan baldintzak eta lan eskubide gabeziak, prekarietatea azken finean, salatzen ditugu.

Eta hau tamalez gertatzen da arauak hausten dituenarentzat ondoriorik ez dagoelako. Enpresak eta euren beste obra batzuen arduradun politikoak, instituzioek, inpunitatez jokatzen dute. Badakite jarduteko era honek ez duela inolako ondoriorik. Lan Ikuskaritzak gertatutakoaren larritasuna onartu arren, ez dute inolako isunik jarri ere egin. Eraikuntzako langile baten bizitzak lanean mugitu behar duen kargak baino gutxiago balio du.
Instituzioek eredu izan behar dute eskubideak, lan baldintzak eta segurtasuna eta osasuna bermatzeko, baina errealitatean enpresa okerrenak bezala jokatzen dute, lan gehiago eskubide gutxiagorekin inposatuz. Interes ekonomikoa segurtasuna eta osasunaren gainetik jartzen dute.

Era berean, salatu nahi dugu Donostiako udalean EAJ, PSE eta PPk joan den asteko udalbatzan izandako jarrera. Udaleko diru laguntza jasotzeko eskaera egiten duten fatxadak berritzeko obretan, ez da beharrezkoa izango Gipuzkoako Eraikuntzako Lan Hitzarmena betetzea, orain arte bezala, EAJ, PSE eta PPren botoei esker. Erabaki honek hitzarmena ez betzetzeari eta esplotazioari ateak irekitzen dizkio. Onartezina eta lotsagarria da. EAJ, PSE eta PPri eskatzen diegu atzera egiteko eta lehen bezala mantentzeko araudia.

LABek bilera eskatua dio Donostiako alkate Eneko Goiari, eta oraindik erantzun ere ez digu egin. Ematen du eraikuntzako langileak ez garela lehentasun berarentzat.

LABentzat oso larriak dira bi gertaerak. Ez dira kasu isolatuak, baizik eta sistematikoki hori da eraikuntzako sektorearen eguneroko ogia. Prekarietatea ez da zoriz gertatzen, arazo politikoa da, eta salatu nahi ditugu bultzatu eta onartzen duten politikariak. LABek ez du onartzen eraikuntza “legerik gabeko sektorea” izatea. Esplotazioarekin amai dezakegu eraikuntzan. Borondate politikoa badago, lan baldintza duinak bermatu daitezke eraikuntzan, baina langileen eskubideak aurrezki ekonomikoaren gainetik jarri behar dira.

LABek lan baldintza duinak berreskuratzeko borroka egingo du eraikuntzan.
 

 

 

Lau langile hil dira gaur Bizkaian, zortzi urtea hasi denetik

Gaur, 41 urteko garraiolari bat eta 31 urteko autobus gidari bat hil dira gaur goizean Galdakaon, lan istripu baten ondorioz, gidatzen zuten kamioia eta autobusa aurrez aurre talka egin ondoren. LAB sindikatutik dei egiten dugu Bizkaibus-Pesa Lur-eko enpresa komiteak biharko, otsailaren 2rako, 10.30erako, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean (Bilboko Gran Via, 25) deitutako elkarretaratzean parte hartzeko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, beste bi langile hil dira gaur arratsaldean Bizkaian. Hain zuzen ere, lan ezbehar hilgarria Loiun gertatu da, eta ustez intxoxikatuta zendu dira bi gizonezko.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoen senide eta gertukoei.

Azken heriotz hauekin, Hego Euskal Herrian gutxienez zortzi langile hil dira lan istripuz urte hasieratik, eta hauetatik lau garraiolariak ziren.

Errepidean lan egitea oso arriskutsua da. Garraio sektorean lan baldintzak prekarioak dira, ordutegiak luzeak, eta lan zama gero eta handiagoa da. Gainera, salatu behar dugu garraiolariek lanaldian dituzten lan istripuak ez direla estatistika ofizialetan kontuan hartzen. Honek ondorio zuzen bat ekartzen du: lan istripu hauek ez dira ikertzen, ezta beharrezkoak diren neurri prebentiboak ezartzen. Hauek eta horrelako beste hainbat arrazoiek lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dute, eta garraiolarien euren bizia arriskuan jartzen dute.

Behin eta berriz salatu dugu lan istripuen atzean dagoen egiturazko arazoa prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa direla, prekarietatea eta lan osasuna elementu kontrajarriak direlako. Administrazio Publikoei exigitzen diegu beste alde batera begiratu ez dezatela; lan istripuen aurrean neurriak hartu eta beharrezko baldintzak ezar ditzatela.

Azkenik, LAB sindikatutik dei egiten dugu Bizkaibus-Pesa Lur-eko enpresa komiteak biharko, otsailaren 2rako, 10.30erako, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean (Bilboko Gran Via, 25) deitutako elkarretaratzean parte hartzeko. Era berean, lantokietan borrokan jarraitzeko deia luzatzen dugu, eredu berri baten alde, baldintza duinen alde eta langileon bizitza eta osasuna erdigunean jarriko duen jendarte eta herri baten alde.

Loiun, intoxikatuta
Eguneko bigarren lan ezbehar hilgarriari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, beste bi langile hil dira gaur arratsaldean Bizkaian. Hain zuzen ere, lan ezbeharra Loiun gertatu da, eta ustez intxoxikatuta zendu dira bi gizonezko.
 

 

 

Ez gaude prest 35 orduko lanaldian atzera pausorik onartzeko

Gaurkoan Madriletik etorritako berriak agerian uzten du geure zerbitzu publikoak defendatu eta garatzeko nahitaezkoa dela erasoetatik blindatzen gaituen marko legala eraikitzea. Horretarako beharrezkoak diren Lege propioak jorratzeko borondate eta nahia agertu behar da, Espainiako legediaren garapen hutsa alboratuz.

Auzitegi Gorenak EAEko langile publikoen asteko lanaldiaren inguruan jarrita zegoen helegitearen ebazpena zein den ikusita, LAB sindikatuak egoeraren azterketa juridiko lasaiago bat egitearen beharra ikusten du. Hala ere, ohar honen bidez modu argi batean zera adierazi nahi dugu:

• Lehenik eta behin, oso larria iruditzen zaigu Espainiar Estatuak gai honekiko daukan jarrera. Gure ustez, onartezina da gure zerbitzu publikoak etengabe erasotzen egotea eta administrazio eta sindikatu guztiok defendatzen ditugun akordioen aurka joatea. Argi dago Espainiako Estatutik langile publikoon lan baldintzetan atzera pausoak besterik ez datozela, eta gure esparruan izan beharko genukeen negoziazio kolektiborako eskubidea ez dutela errespetatzen. Espainiako Estatua Euskal Administrazioetan injerentzia bat besterik ez da.

• Bigarrenik, EAJri eta berarekin gobernatzen duten alderdiei mezu garbi bat bidali nahi diegu; ez dugu inolaz ere onartuko, sententzia honetaz baliatuz, asteko lanaldia luzatu nahi izatea. Argi eta garbi adierazi nahi dugu orain inoiz baino gehiago dauzkagun akordioen defentsa egin behar dugula eta ez dugula kontrakorik onartuko. LAB ez dago prest 35 orduko lanaldian atzera pausorik onartzeko.
 

 

 

“CEBEK-ek lapurtu nahi dizkigun eskubideak defendatzea erabaki dugu”

LAB, ELA, ESK, CGT eta CNT sindikatuok egun osoko greba egin dugu gaur Bizkaiko bulego eta langelen hitzarmenak eragiten dien sektoreetan. Hitzarmenaren negoziazioari bultzada emateko helburuarekin deitu dugu mobilizaziora, eta hainbat ekimen gauzatu ditugu goizean goizetik. Bilboko Arriaga plazatik eguerdian abiatutako manifestazioa izan da mobilizazio nagusia, baina, aurretik, pikete informatiboak, Zabalburutik manifestazioa eta auto karabana bat egin dituzte, besteak beste; azken hau Zamudioko Parke Teknologikotik abiatuta.

Hauxe da sindikatuok egindako adierazpena, gaurko greba eguna dela eta:

Gaur, 22.000 langile dituen gure hitzarmena babestera etorri gara. Gaur, CEBEK-ek lapurtu nahi dizkigun eskubideak babestu eta defendatzea erabaki dugu.

Orain dela urtebete ireki genuen negoziazio mahaian argi geratu da nork nahi duen hitzarmen duin bat eta nork erabaki duen hitzarmen hori deuzestea. CEBEk patronalak lan erreformaz aprobetxatuz, gure eskubideak zapuztu nahi ditu eta horretarako Estatu hitzarmenak erabiltzen ditu xantaia modura.
Guk argi daukagu, berton lan egiten dugu eta berton negoziatu nahi dugu.

Argi daukagu baita, gure soldatekin eta antzinatasunarekin jolasten utziko ez diogula CEBEK-i, honek biak baitira gure soldata eguneratzeko ditugun tresna bakarrak.

Eta CEBEK patronalak uste badu greba egun honekin dena amaitzen dela, zeharo oker dago, Gaurko greba egun honekin dena hasten da. Bihartik aurrera mobilizazioekin jarraituko dugu gure helburua lortu arte: Bizkaiko bulego eta langelen hitzarmen duin bat izatea.

 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Zertarako erabaki? Bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta guztioi lan eta bizi duina bermatzeko”

Zergatik erabaki. Horixe izan zen atzo, Gure Esku Dago dinamikaren eskutik, Bilboko Bizkaia aretoan antolatutako solasaldiaren ardatza. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu hizlarien artean izan zen, eta sindikatuko ordezkariak ez zuen zalantzarako tarterik utzi: "Lan harremanetarako eta babes sozialerako sistema propio bat eraikitzeko erabaki ahalmen osoa behar dugu”.

“Bizitzaren prekarizazio prozesua bizitzen ari gara. Erabaki nahi dugu egungo eredu ekonomikoa eraldatzeko”. Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, Gure Esku Dago dinamikak antolatutako solasaldian esandakoak. Hala, mahai inguruaren galdera nagusiari zuzen zuzenean heldu zion, erabakitzeko eskubidea, zergatik baino, zertarako den garrantzitsua nabarmenduta: "Zertarako erabaki? Bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta guztioi lan eta bizi duina bermatzeko".

Neoliberalismoak herritarrengan kaltea baino ez duela ekarri esan zuen; sektore publikoen pribatizazioa, zaintza lanak emakumeen gain egotea eta babes sozial sistema egokirik ez izatea, esaterako. Horrenbestez, bizitza duin bat bermatzeko erabakitzeko eskubidea ezinbestekoa dela berretsi zuen; “erabaki ahalmen osoa" izatea, alegia.

Atzoko solasaldia osorik ikusteko aukera dago Gure Esku Dagoren webgunean

 

 

 

Nafarroa osoan haurrak D ereduan matrikulatzeko deia egin dugu, horretarako hamaika arrazoi on dagoela sinetsita

0
Nafarroan, otsailaren 1etik 7ra eginen dute Haur eta Lehen Hezkuntzako aurrematrikulazio kanpaina. Hori dela-eta LAB sindikatuak D ereduaren aldeko bere konpromisoa eta babesa berretsi nahi ditu. Era berean, Nafarroa osoko familiak animatu nahi ditu haurrak D ereduan matrikula ditzaten, horixe baita herritar euskaldun eleaniztunak izatea ahalbidetzen duen eredu bakarra.

Nafarroan dagoen egoera soziolinguistikoa zein den ikusita, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko bidean, LABek ezinbestekotzat jotzen du D ereduaren indartzea. 50 urteko esperientzia pilatua du D ereduak, eta gaurko egunean Nafarroako eredu bakarra da derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan ikasleak euskaraz ongi komunikatzea ahalbidetzen duena.

Orain dela bi urte LAB sindikatuak egin zuen kanpaina batean adierazi zen moduan, badira hamaika arrazoi haurrak D ereduan eskolatzeko:

1. Ikasle euskaldun eleaniztunak nahi ditugulako.
2. Gure ondare kulturala ezagutzeko eta maitatzeko.
3. Pedagogia aurrerakoian oinarritzen delako.
4. Gurea ezagutuz desberdina dena errespetatzen ikasteko.
5. Irakasleak ereduarekin konprometituak daudelako.
6. Ezagupena barnetik hasten delako. Euskara gurea!
7. Hirugarren hizkuntza batzuk errazago ikasteko.
8. Lan aukera handiagoak izateko.
9. Bide luzea egin duen hezkuntza eredua delako.
10.Emaitza akademiko onak ematen dituelako. 11.Nafarroa hobeto ezagutzeko.

LAB sindikatuak, eragile soziopolitikoa den heinean, gizartearekin duen erantzukizunaren baitan kokatzen du D ereduaren aldeko zeregin hau, eta berriz ere adierazi nahi du Nafarroan eta Euskal herri osoan euskararen ofizialtasunaren eta normalizazioaren mesedetan lanean jardungo duela.