2026-01-18
Blog Page 829

Jai egunak bizitzeko direla aldarrikatu dugu Donostiako autobus geltokiko BM berriaren aurrean

Ireki berri duten supermerkatuko arduradunek jai egunetan eta igandeetan irekitzeko asmoa zutela adierazi zuten inaugurazioaren aurretik. Bada, iragarpena bete dute eta atzo, igandearekin, autobus geltokiko BM berriak ateak zabaldu zituen. Hori dela eta, egun batzuk lehenago egin bezala, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok deituta, protesta egin genuen atariaren aurrean.
 

 

 

Kayaba multinazionalari galdegin diogu hitz egitera esertzeko KSS Orkoiengo egoerari irtenbide emate aldera

0
KSS Orkoiengo lantegian kaleratze erregulazio espedientearen berri eman zuen Kayaba multinazionalak, ostiralean. Espediente horren xedea da Orkoienen dagoen lantegiko 101 langile kaleratzea.

Albiste gogor zein injustu horrek, berriz ere, plantilla oso bat borrokaren bidez bere lanpostuen defentsa egitera behartzen du; lanpostuen defentsa eta baita lantegiaren etorkizunaren defentsa ere.

Beste behin ere multinazional baten erabakiek ekoizten zuen produktu nagusiari alternatibarik ez ekartzea suposatu dute. Orain dela hamarkada bat produktu hori zaharkitua geratuko zela denek zekitenean. Beraz, Kayaba da egoeraren erantzule eta arduradun bakarra, eta langile bat bakarra ere ez daiteke kaleratua izan multinazionalak eta bere kudeatzaileek hartutako erabaki txarrengatik.

Horregatik LABetik multinazionalari eskatzen diogu langile guztiei lana emango dien lan zama nahikoa bermatzea.
Beraz, LABetik multinazionalari azken aldiz eser dadin galdegiten diogu, irtenbideez hitz egiteko eta LABek uztailean proposatutako KSS Orkoien + Kybse Ororbia fusioaren norabidean hitz egiteko; etorkizunaz hitz egiteko, eta ez sekula iristen ez diren planez; pertsonez hitz egiteko, eta ez zenbakiez.
KSS Orkoienen kaleratze bakar bat ematen bada, Kybse Ororbiatik erantzuna ematea proposatuko dugu, multinazionalak erakutsiko bailuke ez dela fidatzeko modukoa eta ez duela egoerari irtenbide bat emateko borondaterik.

 

 

 

Gipuzkoako aldundiaren aurrean egin dute protesta Alfako langileek

0

Administradore konkurtsalek garatzen ari diren likidazio plana langileen eskuetan izango da laster. Hori gertatu ostean, Alfako enpresa komiteak planaren azterketa bat egin eta balorazio bat helaraziko du. Bitartean, mobilizazioekin jarraitzen dute, eta ostiralean Donostian izan ziren langileak, Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren aurrean egin baitzuten protesta.

Azken hilabeteotan EAEko hainbat enpresa likidazio prozesu batera iritsi dira, ehundaka lanpostu suntsituz. Bertako industriaren defensan Eusko Jaurlaritzak eta instituzio publikoek paper aktiboagoa izan behar dutela iritzi dute Alfako langileek, eta horregatik eskatu dute, gaurkoan ere, bitartekaritza lan serio eta garden bat egin dezatela enpresaren etorkizuna bermatzeko.
 

 

 

Ezker Anitzarekin adostasunak izan ditugu egoera sozioekonomikoa eta testuiguru politikoari buruzko diagnostikoan

0

LAB sindikatuak ezkerreko hainbat alderdiekin bilerak egiten dihardu, testuinguru sozial eta politikoaren inguruko azterketa trukatzeko. EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu alderdiekin egon ostean, Ezker Anitzako Isabel Salud eta Arantza Gonzalezekin bildu dira gaur Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusia eta Bea Martxueta Politika Sozialeko arduraduna, LABek Donostian duen egoitzan.

Garbiñe Aranburuk adierazi duenez, "adostasunak izan ditugu egoera sozioekonomikoa eta testuiguru politikoari buruzko diagnostikoan: inboluzio bikoitzaz hitz egin dugu, inboluzio sozialaz eta politikoaz, eta azterketa horretan koinzidentzia batzuk izan ditugu".

Aranburuk berretsi ditu sindikatuaren erronkak: "Bizitzaren prekarizazioari aurre egiteko, estatus politiko berriari eskatzen dioguna da eskuduntza osoa edukitzea enplegu eta babes sozial gaietan. Esparru sozioekonomiko propio bat egituratzeko aukera izateko, estatus politiko berri bat behar dugu, eta guk beti kritikatu duguna izan da indarrean dagoen Autonomia Estatutuak hasieratik izan duela defizit estruktural bat. Guretzat ezinbestekoa da defizit estruktural hori gainditzea; bestela, berriro ere langileei iruzurra egingo litzaiekeelako".

Bileran ere desadostasunak izan dira. "Erabakitzeko eskubideari dagokionez, momentu honetan ez dugu inolako aukerarik ikusten Espainiako Estatuarekin akordio bat iristeko. Zentzu honetan, desadostasun batzuk ditugula argi geratu da. Guk defendatu dugu burujabetza prozesu bat martxan jarri behar dela herri honetan, ez soilik ikuspegi abertzale batetik, baita ikuspegi ezkertiar batetik ere, azken batean burujabetza eskuratzeak herriaren boteretzea suposatzen baitu. Burujabetza prozesua, aldaketa sozialerako aukera behinena da euskal langileontzat", zehaztu du LABeko Idazkari Nagusiak.
 

 

 

“Nola da posible 10 pertsona gelditzea CNA Taldeko beste sozietate batzuetarako lanean, zuzendaritzarik gabe, ekoizpenik gabe eta zerbitzu administratiborik gabe?”

0

Edesa eta Geyserreko langileek agerraldi bat egin dute gaur Arrasaten, egoeraren inguruko irakurketa jakinarazteko. Ondoren, elkarretaratze bat egin dute Seber Altube plazan.

Hauxe da Edesa Industrial eta Geyser Gastecheko enpresa komiteak eginiko adierazpena:

Badirudi CNA CATAko jabea den Jorge Parladek Edesarako proiektu industriala alboratu duela. Nahiz eta ez diguten ofizialki jakinarazi, esan digutena da, 10 komertzial inguru ezik, gainontzeko langile guztien extintzioa aurkeztuko dutela. Ondorioz, Geyser Gastech likidaziora eramango dute.

Nola da posible 10 pertsona gelditzea CNA Taldeko beste sozietate batzuetarako lanean, zuzendaritzarik gabe, ekoizpenik gabe eta zerbitzu administratiborik gabe? Ba erraza da azaltzen: Fagor Elektragailuak zenaren ondorioz abiatu daitekeen edozein proiektu industrial aurrera ateratzea ekidin nahi dute. Fagorreko aktiboak bereganatu eta bailaran enplegua sortu dezakeen enpresa baten etorrera ekidin nahi dute.

Norbaitek zalantzak baditu egungo jabeen fede txarraren gainean, gogorarazten diogu konkurtsoaren bezperan Edesa marka traspasatu zutela CNA Groupek Txinan duen filial batetara, Asian Trade Appliances izenekora.

Bestalde, FAGOR markaren erabilera judizializatu dute, Fagor S. Coop. ek marka kentzeko hartutako erabakia errekurrituz. Guk argi diogu: FAGOR en izaera milaka pertsonen lanaren ondorioa da, eta ezin dugu balio hori galtzen utzi. FAGORrek enplegua sortzearen zerbitzura egon behar du. Gure ustez, CNAk Txinan fabrikatuz eta hemen proiektu industrialik gabe, ez du FAGOR marka erabiltzeko eskubiderik, baina aldi berean, uste dugu FAGOR .S.COOP ek marka utzi beharko lukeela, bailaran enplegua sortzeko proiektu industrialari bide emanez, enplegua sortuz eta Euskal Herrian aberastasuna sortuz, betiere, markaren erabilera ona bermatzeko baldintzetan,

Ezin dugu onetsi, enpresarioaren askatasunaren izenean, enpresarekin nahi dutena egitea. CNAk Fagor erosi zuen, bete ez dituen konpromiso batzuen truke. Enpresa handien itxierak ematen ari diren testuinguru honetan, ezin ditugu proiektu bideragarriak sortzearen aukerak desagertzen utzi, are ta gutxiago interes espekulatiboengatik bada.

Administradore Konkursalari eta Eusko Jaurlaritzari exigitzen diogu, ez dezatela proiektu hau jausten utzi. Egoera larri honetan dagokien arduraz joka dezatela. Plantilla guztia kaleratzea eta enplegua sortuko ez duen konbenio bat onartzeak, de facto, enpleguaren sorrera galaraztea suposatzen du. Amican oinarritutako proiektua aurkeztu zenean, txalotu egin zen, jakinaren gainean egonik oinarri gabekoa zela. Oraindik garaiz gaude, enplegua sortuz. proiektu bat garatzeko,

Ez dugu ahaztu nahi kaleratuak izan diren langileetaz. Bukaeraraino jarraituko dugu salatzen kaleratze hauen injustizia, eta epaitegiek esaten dutena ikusiko dugu zer den.

 

 

 

Lanuzteak iragarri dituzte Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek

Mobilizazioak egitera behartuak daudela azaldu dute gaur, komunikabideen aurrean egindako agerraldi batean. LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok patronalari dei egin diogu, "behingoz eseri eta sektorea duintzeko pausoak eman ditzan".

Hauxe da gaurko agerraldian egindako irakurketa:

Egunerokotasunean oinarrizko ekintzak burutzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntza emozional eta fisikoa eskaintzen diegun Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuan aritzen garenok, beste behin ere mobilizazio eta grebara joan beharra dugu sektore honek jasaten duen gainbehera salatzeko.

Azaroan eta abenduan Foru Aldundian eta Udaletxeetan ordezkaritza daukaten Talde Politiko guztiekin elkartu ginen eta Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuak sufritzen duen egoera duen larria azaldu genien. Gainera, langile bezala jasaten ditugun arazo larriak konpontzeko eta zerbitzuaren gainbehera geldiarazteko neurriak hartzeko eskatu genien.

Aurreko lanuzteen jardunaldietan iragarri bezala, azkeneko lizitazioetan eta modu orokorrean, sektorean gertatzen ari denaren isla da. Orduaren gutxieneko prezioa ez ezartzeaz gain, prezio hauek gutxitu egiten dira sektorea enkante publiko batean bilakatuz. Zerbitzuko orduak bermatu gabe jarraitzen dute, kontratuko jardunaldiak sortzen duen ezegonkortasunarekin. Pertsonal guztiaren subrogazioa ez sartzeaz gain, subkontratak ez dut pertsonal honen zati bat subrogatu nahi. Naturaltasunez hartzen da jardunaldiaren partzialtasuna; Legearen iruzurrean dagoen gehiegizko aldi baterako pertsonala; gure osasun eta lan baldintzen berme diren klausula sozialak sartu gabe daude, eta guzti hori Erakunde eta Patronalaren oniritziarekin.

Horretaz gain, badaramatzagu 5 urte soldata izoztuta eta lan eskubideen urraketekin. Patronalak IPKren azpitik dauden soldata igoerak eta gainerako atzeranzko neurriak proposatzen ditu. Gainera, eta hori gutxi balitz, jardunaldian malgutasun handiagoa hasi da ematen, hori guztia sektoreko laginleen prekarizaziorantz bideraturik.

Hartutako konpromezuak betez, datozen egunotan Foru Aldundian eta Udaletxeetan ordezkaritza daukaten Talde Politiko guztiei Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua bermatzeko eta lan baldintzak hobetzeko hartu beharreko neurriak zehaztuta bidaliko dizkiegu.

Udaletxe guztietan ekimen desberdinak bultzatu eta proposatzen ditugun neurriak onartzea gonbidatzen ditugu.

Era berean, Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren defentsan hasitako mobilizazioei jarraipena emanez, patronalei deitzen diegu behingoz eseri eta sektorea duintzeko pausoak emateko. Horregatik, ondorengo lanuzte hauek iragartzen ditugu:

Urtarrilaren 25a: 10etatik 13tara lanuzte partziala. Bilboko Udaletxera joango gara, udalbatzan daudenei lekuan bertan interpelatzeko.

Otsailaren 12a: 10etatik 13tara lanuzte partziala. Gizarteratzeko eta gizartea sentsibilizatzeko jardunaldia. Bizkaiko eskualde desberdinetan Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren egoera larriaren eta berau konpontzeko proposatzen ditugun neurrien berri emango dugu.

Otsailaren 22a: Barakaldoko Udaletxeko udalbatzan daudenei lekuan bertan interpelatu.

Otsailak 27: 10etatik 13tara lanuzte partziala. Bilboko Udaletxetik Bizkaiko Foru Aldundira mobilizazioak egingo ditugu eta bertan “performance” bat egingo da.

 

 

 

EAEko instituzioen familia eta haurren aldeko itunean, haurreskoletako doakotasuna jasotzea proposatu dugu

0
Haurren zainketaz gain, haurren gaitasun fisiko, afektibo, sozial eta intelektual guztiak behar bezala garatzeaz arduratzen dira haur eskoletako hezitzaileak, hau da, haurraren hezkuntza integralaz, alegia. Beraz, hezkuntzako ziklo honetan inbertsioa handitu behar da, familia eta haurren aldeko benetako ituna lortu nahi baldin bada.

Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta EUDELek konpromisoa hartu dute familiaren eta haurren aldeko politika publikoak garatzeko. Urkullu, Gonzalezek, Rementeriak, Olanok eta Landak familien eta haurren aldeko ituna sinatu zuten atzo.

LABetik esan behar dugu plan honen baitan, beste gauza batzuen artean, jaiotzatik hasita haurrek daukaten hezkuntza eskubidea ez dela jasotzen eta horren doakotasunaren bidean ez dela inolako urratsik ematen.

Hezkuntza politika egokia behar dugu, jaiotzatik aukera berdintasunean oinarritutako sistema izan behar da, haur-hezkuntzako lehenengo zikloa doakoa, unibertsala, euskalduna eta kalitatekoa bermatuz.

Hiruhileko honetan onartuko den familia eta haurrentzako laguntzen eremuko jarduera-planaren dekalogoan, ezinbestekoa da azaldu duguna bermatzea.

0-3a, Haur hezkuntzako lehenengo zikloa dena, gastua baino inbertsioa dela pentsatzen dugu.Horregatik, gaur egun, administraziopeko zerbitzu publikoan, 8 orduko hezkuntza zerbitzuagatik hilean 210 euro ordaindu behar izatea lotsagarria iruditzen zaigu. Gainera, herri txikietako haurreskoletan, gaur egun ez da zerbitzu hori ere bermatzen, 7 ordukoa baizik.
 

 

 

Konbenioaren dirua politika sozialetan inbertitu dadila aldarrikatu dugu Iruñean

0

LAB sindikatuak Nafarroako ordezkarien batzarra egin du gaur Condestable gizarte etxean, sindikatu honek 2018. urteari begira dituen erronken inguruan aritzeko. Ekimenaren amaieran, parte hartzaileek manifestazioa egin dute Parlamenturaino, Konbenioaren negoziazioan berreskuratu diren 250 milioi euroak hezkuntzan, osasungintzan, enpleguan, industria politikan eta babes sozialean inbertitu dadin eskatzeko.

LABeko Idazkari Nagusi ondoko Igor Arroyok zentzu gabekeritzat jo du Madrilek ezarritako “gastuaren sabaia” delakoaren ondorioz Nafarroak dituen baliabideak inbertitu ezin izatea: “Krisian zehar murrizketak inposatu dizkigute, diru-sarrerak gutxitu zirela argudiatuz. Orain, diru-sarrera garrantzitsu bat daukagunean, esaten digute ezin dugula inbertitu. Politika neoliberalen itxurakeria agerian geratzen da. Euren kezka ez da instituzio publikoen zorpetzea, are eta gehiago, zorpetze hori sustatu egin dute banketxeak erreskatatzeko eta, orain, jokaldia borobiltzeko, izan badugun dirua oinarrizko beharrizanetara bideratu beharrean, diru publikoz erreskatatu ditugun banketxeetara bideratzera beharra dagoela esaten digute”.

Arroyoren ustez, “hauxe baldin bada Nafarroak duen autogobernua, iruzur hutsa baino ez da. Ez dago autogobernurik politika fiskala eta aurrekontuak erabakitzeko ahalmenik gabe, ez dago autogobernurik geure baliabideak zertan inbertitu behar diren erabakitzeko ahalmenik gabe”. Ildo honetan, Nafarroako Gobernuari nahiz Parlamentuari inposaketa honen aurrean planto egitea eta Nafarroaren burujabetza defendatzea eskatu die Arroyok.

“Jakin badakigu 250 milioi horiek nafar jendartearen beharretan inbertitzea eragozten duen marko legala dagoela. Baina Estatuarekin afera honetan politikoki konfrontatu ezean, ez da botere finantzarioaren neurrira egindako marko legal hori aldatzerik izango. Burujabetzaren alde borroka egitea, jendearen beharrak banketxeen interesen aurretik egon daitezen borrokatzea da azken batean”.

LABen iritziz, “autogobernuaren, burujabetzaren edota erabakitzeko eskubidearen eztabaida irekitzeko unea da, funtsean kontzeptu baliokideak dira eta”. Epe motzean, berreskuratutako baliabideak Nafarroaren garapen estrategikoan inbertitzeko akordio politiko eta sozial zabal bat proposatzen du LABek. Epe erdian, berriz, Nafarroaren estatus berria definitzeko prozesuari ekitea beharrezkotzat jotzen du, “gaur egun daukaguna ez baitu herriaren onespenik izan eta Nafarroa Madrilen menpe mantentzen baitu. Izan ere, 250 miloi berreskuratu badira ere, ezin dugu ahaztu urtero Nafarroak 510 milioi euro ordaintze dituela Erret Etxea, Armada edota banketxeen erreskatea bezalako gastuengatik”.

Norabide horretan, Arroyoren iritziz, “kontua ez da gainontzekoei etxeko lanak jartzea, baizik eta Nafarroako aldaketa politiko eta sozialaren bidean aurrera egiteko alde anitzeko konpromisoak hartzea. LAB prest dago norabide horretan murgildu eta mobilizatzeko”.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Estatus berriak erabateko ahalmena jaso behar du babes sozialari dagokionez”

LAB sindikatuak PPren gobernuak pentsioen kalkulurako proposatu dituen azken neurrien inguruko balorazioa egin du gaur, Bilbon, komunikabideen aurrean. Sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak eta pentsionisten arloko ordezkari Carlos Ruizek hartu dute hitza. "Babes sozialerako sistema propio bat eraikitzea da alternatiba", berretsi du LABeko idazkari nagusiak.

Garbiñe Aranbururen esanetan, pentsioei buruz azken urteetan egindako erreforma eta erabakiak norabide berean egin dituzte: pentsioen sistema publikoa suntsitzeko bidean. "Pentsioen sistema publikoaren eraisteak ez du sostengaezina den arazo batekin zerikusirik, erabaki politiko bat da. Sostengaezintasunak ez du zerikusirik bilakaera demografikoarekin. Ezartzen dituzten politika neoliberalek egiten dute bideraezin pentsioen sistema; pribatua den guztiaren alde egitea, publikoa denaren kalterako, pentsioen fondo pribatuak loditzeko", adierazi du.

Sistema publikoaren suntsiketa saihestu daitekeela nabarmendu du, eta beharrezkoa dela norabide horretan lan egitea. "Babes sozialerako sistema propio bat eraikitzea da alternatiba, hainbatetan exijitu dugun bezala", adierazi du.

Kalitatezko enpleguaren eta soldatak hobetzearen aldeko apustuak neurri nagusia behar duela izan aldarrikatu du: "Honek pentsio duin bat bermatuko lieke lanean ari direnei, eta kotizazioak handituko lituzte, pentsio duinagoak ahalbidetuz. Finantzazioaz ere hitz egin behar da, enpresek kotizazio edo fiskalitatearen bidetik egiten dituzten ekarpenei buruz. Margena badago".

Borondate falta dagoela salatu du, "gure pentsioak defendatzeko ekimen falta. Pentsioak babes sozialaren arlo oso garrantzitsuak dira. Ez dugu pentsioak kudeatzeko lege ahalmenik, ezta eskuduntzarik ere. Autonomia Estatutuan jasota dago Gizarte-segurantza kudeatzeko eskubidea; Nafarroako Amejoramenduak ez du horixe ere jasotzen".

Hain zuzen ere, Madrilek erabakitakoa kudeatzera prest ez gaudela ohartarazi du. "Ez dugu pentsioen sistema publikoaren ahultzea kudeatu nahi, ez dugu pentsionisten pobretzea kudeatu nahi", azpimarratu du Garbiñe Aranburuk.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "estatutua adostu zutenetik 40 urte igaro dira jada, eta bete gabe jarraitzen du. 40 urte geroago, iruditzen zaigu ezin dela eskean ibili, Eusko Jaurlaritza eskuduntzekin egiten ari den bezala. Gainera, Espainiako Gobernuak oso garbi utzi du Autonomia Estatutua betetzeko inongo asmorik ez duela. Berme guztiak eskaintzen dituen aldebikotasun bat baino, inposizio bat da hau".

Pentsioei buruz Euskal Herrian erabaki nahi dugula esan du Garbiñe Aranburuk. "Estatus berriak erabateko ahalmena jaso behar du babes sozialari dagokionez. Gizarte-segurantza eta babes sozialeko sistema publiko bat eratzeko aukeraz ari gara hitz egiten, partaidetza soziala oinarri".