2026-01-18
Blog Page 828

Greba feminista antolatzeko batzarrak egingo dituzte gaur Gasteizen, Donostian eta Iruñean

0

Martxoaren 8ko greba feminista antolatzeko asanbladak egingo dituzte egunotan Euskal Herriko hainbat tokitan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta. Gasteiz, Donostia eta Iruñean gaur egingo dituzte; Beasainen, bihar; eta Bilbo eta Oiartzunen, larunbatean. 

Herri, auzo, hiri eta eskualde askotan gauzatzen ari dira asanblada irekiak Martxoaren 8ko greba feminista ezaugarritu eta antolatzeko. Hain zuzen ere, greba egitea aurreikusi dute Martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako.

Kontsumo, zaintza eta lan produktibo zein erreproduktiboetan planto egiteko deia luzatzen ari da munduko lurralde askotan, eta Euskal Herria ere batu da nazioarteko deialdira. LABek bat egin du dinamikarekin.
 

 

 

Foro Sozialak mahai inguruak egingo ditu Irunen, preso eta iheslarien gizarteratzeari buruz

Bake prozesua indartzeko Foro Sozial Iraunkorrak Irungo Ficoban antolatu ditu jardunaldiak, ostirala eta larunbaterako. LABeko ordezkaritza bat izango da bertan, entzule gisa, sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu buru.

Ficoban izango dira mahai inguruak, "Iheslariak: gaur egungo egoera eta bide erabakitzaileak bere itzulerako eta birgizarteratzeko" gaia hizpide hartuta. Ostiralean, 16:00etatik 19:00etara finkatu dute hitzordua; larunbatean, 9:30etik 13:30ak bitartean. Izena emateko email honetara idatzi behar da: inskripzioak.forosoziala@gmail.com

Bestalde, ostegunean, Oiartzungo udaletxean beste hitzaldi bat antolatu du Foro Sozial Iraunkorrak, "Preso eta iheslarien bergizarteratzea eskubide sozial eta zibil osoen jabe izanda". Cosite Irlanda Iparraldeko preso ohien elkarteko ordezkari Michael Culbertek eta Harrera elkarteko ordezkari Juan Karlos Ioldik hartuko dute hitza, 18:00etatik aurrera. Izena emateko email honetara idatzi behar da: inskripzioak.forosoziala@gmail.com
 

 

 

Presoen aldeko elkarretaratze bat egingo dugu, bihar, Mutrikun

Mutrikuko Txurruka plazan elkartuko gara ostegunean, 12:00etan, euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa dela eta.
 

 

 

Ibon Iparragirreren askatasuna exijituko dugu, ostiralean, Durangon

Elkarretaratze batera deitu dugu 12:30erako, Ezkurdin. Txantaia eta mendekuarekin amaitzeko eskatuko dugu.
 

 

 

Lularen kontrako epaiketa: demokrazia jokoan Brasilen

0

Bihar Urtarrilak 24 Brasilgo Lula presidente ohia epaituko dute balizko ustelkeria kasu bat dela medio. 9 urte t’erdiko sententzia berretsiko balitz Lulak ezingo luke berriro ere hauteskundeetarako hautagai izan. Brasilen urrian hauteskunde presidentzialak egonen dira eta Lulak hauteskunde hauetan bozka gehien lortzeko aukera handiak ditu berriro ere presidente izateko aukera handiak izanen zituelarik.

Bere kontrako ustelkeria frogek ez dute pisurik eta epaiketa honen atzean Lula politikoki jokoz kanpo uzteko asmo garbia ikusi daiteke. Lehenik Dilma kendu zuten inpeachment baten bitartez, haren aurkako ustelkeria frogarik gabe eta orain epaiketa politiko honen bitartez Lula jokoz kanpo utzi nahi dute.

Gure ustez honen atzean dagoena Brasilen eta oro har Hego Amerikan aurreko hamarkadan egondako aldaketa prozesuak indargabetzea da, inperialismo Estatu Batuarraren interesen zerbitzura egonen diren gobernuak ezartzeko. Argentinan Macrirekin lortu zuten, Brasilen Temerren gobernuarekin beraien txontxongilo bat jarri zuten eta orain Lula erditik kendu nahi dute, Venezuelan indarrez gobernua botatzen saiatu ziren eta Hondurasen iruzur elektorala eta herriaren kontrako errepresio bortitza erabiltzen dute ezkerreko alderdiak gobernura iritsi ez daitezen.

Guk LABetik Lularen kontrako epaiketa politiko hau salatu nahi dugu. Brasilen jokoan dagoena ez da nork gobernatuko duen demokrazia bera baizik. Denek aukera berdintasunean hauteskundeetara aurkezteko eskubidea dute eta horretarako Lularen kontrako jazarpen politiko/judizial honek bukatu egin behar du.
 

 

 

Zumaiako Astilleros Balenciagako langileek lanuzteak hasi dituzte enpresa itunaren alde

0

Gaurtik aurrera, enpresa itun duin baten alde, bi orduko lanuzteak egiten hasi dira. Hauek dira oraingoz deituta dauden lan uzteak: urtarrilaren 23, 24 eta 25ean, 09:00etatik 11:00etara; otsailaren 2an, egun osoko greba, 08:00etatik 12:30era eta 14:00etatik 17:30era; eta otsailaren 5 eta 6an, 09:00etatik 11:00etara eta 15:00etatik 17:00etara.

Hauxe da Astilleros Balenciagako enpresa batzordeak kaleratutako oharra: 

Gaurtik aurrera, enpresa itun duin baten alde, bi orduko lanuzteak egiten hasi gara Astilleros Balenciagako langileak. Honakoa da egungo egoera:

Urtebetetik gora daramagu enpresarekin paktu berriaren negoziaketetan, ez aurrera eta ez atzera. Gure partetik, entzuteko, hitz egiteko eta akordiora iristeko borondate guztia erakutsi dugu. Enpresak beti entzungor egin die gure proposamenei, ordea. Beti nondik estutuko dabil egiten ditugun bileretan, ez du jarrerarik aldatzen.

Jada topea jo dugu, eta beharrezkoa ikusi dugu lanuzteak egiten hastea. Enpresak jarrera aldatuko ez balu, egun osoko lan uzteak egiten hastea ere erabakita daukagu.

Gure eskubideak bermatuko dituen ituna sinatu nahi dugu. Langile eta zuzendaritzak negoziaketa asko egin ditugu. Historikoki, beti izan dugu ituna sinatuta. Ez dugu esango bide erraza izan denik. Izan ere, borrokari eta negoziazioari eskerrak lortu ditugu orain artekoak. Baina, azken urtebetean enpresak erakutsi duen jarrera erabat itxia izan da, eta edozein proposameni entzungor egiten die.

Hortaz, gure eskubideak defendatzeko helburuarekin, lanuzteei ekitearen beharra ikusi dugu. Eta akordio duin bat lortu ezean horrela jarraituko dugu progresiboki lan uzteak luzatzen eta areagotzen.

Hauek dira oraingoz deituta dauden lan uzteak:

– Urtarrilaren 23, 24 eta 25ean, 09:00etatik 11:00etara.

– Otsailaren 2an, egun osoko greba, 08:00etatik 12:30era eta 14:00etatik 17:30era.

– Otsailaren 5 eta 6an, 09:00etatik 11:00etara eta 15:00etatik 17:00etara.
 

 

 

Garbialdi enpresak erakutsitako errespetu falta salatu dute

0

Bizkaiko Aldundiko garbiketaz arduratzen den Garbialdi azpikontratako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, aldundiaren aurrean, eta hitzarmenaren negoziazioa 2012. urteaz geroztik blokeatuta dagoela salatu dute berriro. Azken bileretan enpresak ez duela proposamen berririk egin nabarmendu dute. "Oraingo honetan, gainera, ez du ezta aitzakiaren bat ipintzeko ahaleginik egin", adierazi dugu LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuotako ordezkariok.

Hauxe da gaur kaleratu duten oharra:

Pasa den abenduaren 5an astero burutzen ari garen mobilizazioak martxan jarri genituen, Garbialdi eta Foru Aldundiko garbitzaileen arteko hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko borondatearekin.

Hitzarmen hau 2012an hasi zen negoziatzen eta ordutik hainbatetan salatu behar izan dugu enpresaren immobilismoa, bere interes falta eta, oro har, mahaian erakusten duen fede txarra. Bere eskaintza erraz laburbildu daiteke: egunean 0,14 euroko soldata igoera lanaldi osoa dutenentzat. Partzialitateak gogor jotzen duen sektore honetan, kontuak atera!

Abenduaren 5etik geroztik, birritan batzartu gara Garbialdirekin, jarrerak gerturatzeko balio zezakeen eskaintza berri bat entzuteko itxaropenarekin. Ez da horrelakorik gertatu. Enpresak ez du proposamen berririk egin eta oraingo honetan gainera ez du ezta aitzakiaren bat ipintzeko ahaleginik egin. Gainera, mahaian dauden ordezkariei eskubide sindikalak ukatzen dizkiete eta, are gehiago, aurrera eraman ditugun mobilizazioen inguruan komentario kritikoak egitera ausartu dira.

Euren jarrerak langileenganako errespetu falta izugarria erakusten du eta negoziazioa aurrera eramaten saiatzen ari garenontzat iraingarria bilakatzen hasi da.

Hasieran esan genuen eta oraingo honetan errepikatuko dugu: ez baduzue aditu nahi, behintzat entzun egingo gaituzue.

Mobilizazioekin aurrera egingo dugu, astero eta amorerik eman gabe; eta azkenean ere, ulertu behar izango duzue langileen baldintzak hobetzeko ardura duzuela.

 

 

 

TAOren gatazkan beste alde alde batera begiratzeari uzteko exijitzen diogu Bilboko Udalari

LABek Bilboko Udala egiten du TAOko gatazkan bizi den egoeraren erantzule. Udala da egoeraren erantzulea, bera izan baitzen baldintzen plegua atera zuena. EYSA-CICASA zerbitzua kudeatzen duen enpresaren atzean kudeatzen da lan-baldintzak okertzen ahalegintzeko. Azpikontratak egin dituen 7 kaleratzeen erantzule ere bada Bilboko Udala. Ondorioz, bera da konponbidea ekarri behar duena.

Udala da erantzulea eta honen barruan, Alfonso Gil zinegotzia, enpresak zazpi langile kaleratzea utzi duelako hauei beldurra sartzeko. Honel langileek, enpresa-batzordearen bidez, okerragoa izango den hitzarmena sinatzea ahalbidetu duelako lan-erreforma ezartzen utziz. Permisibitateari eusten dio, beste alde batera begiratuz, udalaren diru-sarrerak murrizten ari den gatazka baten aurrean.

Honengatik guztiagatik, LABek ulertzen du udalak ez duela aldeen arteko bitartekari izan behar, alde inplikatua delako eta horrela izanda, gatazka konpontzeko erantzukizuna duelako, baina ez bitartekari bezala, arazoaren aurrean ekinez baizik, enpresa pribatuaren aldetik horrelako jarrerak permititu gabe. Negozioa egitea da enpresa pribatuak bilatzen duen bakarra eta ez dio ez Bilbok ez bilbotarrek axola.

LABek argi dauka kaleratutako 7 langileak berriro lanera bueltatzen ez badira eta lan-erreformaren aurrean blindatutako eta langileentzako eskubideen galera dakarren hitzarmena sinatzen ez bada langileek grebarekin aurrera jarraituko dutela. Hau da grebaren hirugarren astea eta mahai gainean konponbideak jartzen ez badira, luzerako joko du gatazkak.

 

 

 

Elkartasuna adierazi diogu Argentinako langile klaseari

0

LAB sindikatutik Argentinako herriari eta, batez ere, langile klaseari bakarrik ez daudela adierazi nahi diegu. Talde argazki baten bitartez gure elkartasun guztia bidali diegu, eta pairatzen ari diren egoera honen aurrean bakarrik ez daudela adierazi nahi izan diegu.

LABen elkartasun keinua Ekimen #ArgentinaEzDagoBakarrik kanpainaren baitan kokatzen da. Kanpaina honek herrialde honetan gertatzen ari dena salatzea du helburu, eta, aldi berean, han gertatzen ari den guztiaren aurrean nazioarteko elkartasuna bilatzea du xede.

Eskubide sozial eta laboralen aurkako erasoak, langileen kontrako jazarpena, errepresio politiko eta soziala eta diktadura garaiko genozidekiko barkamen keinuak Argentinan egunero gertatzen ari den zerbait da, eta, horren aurrean ezin garenez ixilik eta besoak gurutzatuta gelditu, elkartasun keinu hbat bidali nahi izan diegu.