2025-05-14
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaEz aurrera ez atzera dabil Gipuzkoako nagusien egoitzetako hitzarmenaren negoziazioa, patronalen borondate...

Ez aurrera ez atzera dabil Gipuzkoako nagusien egoitzetako hitzarmenaren negoziazioa, patronalen borondate eza dela eta

Patronalen akordioetara iristeko gogo eza nabaria da, eta idatziz interpelatu baditugu ere, ez dugu fundamentuzko erantzunik jaso. Agerraldi bat egin dugu gaur xehetasunak emateko.

Urte eta erdi pasa da Gipuzkoako zahar-egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaia zabaldu zenetik, baina ez aurrera ez atzera dabil, nahiz eta gabonen aurretik bilera batera deituko gintuztela esan. Patronalen akordioetara iristeko gogo eza nabaria da, eta idatziz interpelatu baditugu ere, ez dugu fundamentuzko erantzunik jaso. ADEGIk (%36) eta ACGGk (%10) bakarrik erantzun digute, patronalen % 46ak. Matiak (%27) eta LARES-ek (%27) ez dute erantzunik eman. Eta bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundia beste albo batera begira dabil, arazoa berea ez bailitzan.

Negoziazioari ekin genionetik, egiten den eginkizunetik eta aipatu jarduera egitearen arduratik abiatuta planteatu dugu. Hortaz, proposatzen dugun negoziazio kolektiboak zerbitzu publikoa izan behar du helburu, diru publikoaz finantzatua eta zerbitzuaren esleipendunak diren titulartasun publikoko enpresek eta enpresa pribatuek eginda. LABek hasieratik patronalei eskatu die erantzun argia eman diezaiotela aurkeztutako plataformari, zeinaren ardatz nagusiak diren:

1.- Adineko pertsonen HERRIALDEKO hitzarmena: Sektoreko langile guztientzat gutxieneko amankomun gisa.

2.- Oinarrizko soldata: Toki eta Foru Administrazioen menpe dauden langileen bataz bestekoari HOMOLOGATU.

3.- Enplegua: Egiturazko lanpostuak zuzenean kontratatuko dira, mugagabe eta aldi osoz.

4.- Ratioak: Antolamenduaren eta atentziorako sistema berrien hobekuntzan sakontzeko, elkar hartuz erabakiko duen, langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan-batzorde parekidea sortzea, erabiltzaileen onuran eta hauen beharrei egokitzeko.

5.- Prestakuntza: Urtean, gutxienez, 21 ordu erabiliko dira prestatzeko.

Honez gain, oinarrizko soldatak, atsedenaldia, enplegu mugagabea eta zaintzan ematen diren egiturazko premietara bideratzen den aldi osoa bateratuko dituen beste aldarrikapenak egin ditugu, sektoreko langile guztiei probintzia hitzarmena arautu dakizkien.

Sektorean nagusi den enplegu egoerak adierazten du jarduera handitu eta egonkortu bada ere, enpleguaren joerak prekarietate handiagoa, kontratu mugagabe gutxiago, laneko malgutasun handiagoa, prestasun handiagoa,… eta lan zama handiagoa ematen duela.

Gure iritziz, eredua goitik behera aldatu beharra dago. Beharrezkoa da interes ekonomikoetatik aldenduko den eredu bat. Jendartearen oinarrizko eskubideak bermatuko dituen eredua. Egungo ereduak oinarrizko eskubideak pribatizatzen ditu, langile eta egoiliarrei kalte konponezinak sortuz, eta azken finean gizarte osoari.

Gizarte zerbitzuen sektorea, guztiz feminizatutako sektorea da, eta ezin dugu ahaztu, egungo baldintzak bizi dugun eredu heteropatriarkalaren ondorio direla. Zaintza beti izan da emakumeei inposatutako lana, eta inoiz ez zaie egindako lana aitortu. Gaur egun garrantzia handiagoa ematen zaio 24 orduz lantegi batean kotxeak egiteari, gizartea zaintzen duten, baloreetan hezten duten, gizarteratzearen alde lan egiten duten edota beraien lanaz egungo gizartea aldatzen saiatzen diren emakumeei baino.

Bestetik, sektore honetan lan osasuna zaintzen ez dela adierazi nahi dugu. Industriatik oinordetutako eredua dugu. Urgentziazkoa da errealitate hau aldatzea. Guztiz beharrezkoa da lan osasuna gure sektorera egokitzea.

Lan osasunaren ikuspuntutik sektorea egoera larrian dago. Arrisku psikosozialak larriak dira. Lan zamak izugarriak dira, erritmoak, eraso fisiko eta psikologikoak,… Egungo ereduak sektoreko langileen osasuna larriki kaltetzen du.

Hau guztia egiten dugu adineko pertsonen zaintzaz arduratu behar duen zerbitzu publikoa defendatzen dugulako… gizarte aldaketaren alderdi gisa.

Egoera honen aurrean, mobilizazio dinamikak martxan jarri ditugu helduen egoitzetan, eta honi lotuta, ratioen kanpaina bat abian jarri dugu, ekainaren 14an burutuko dugun mobilizazioarekin borobilduko dena.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Confebasken aurkako epaiketa egin dute, kimika sektoreko negoziazio kolektiboan fede txarra izateagatik

2023az geroztik, LAB, ELA eta UGT sindikatuok mahai bat irekitzeko eskatzen ari gara, EAEko sektoreko 17.000 langileen baldintzak hemen finkatuko dituen hitzarmen bat negoziatzeko.

Bizkaiko Ur Partzuergoko azpikontratetako langileak kolektiboki antolatzen eta borrokatzen hasi dira

Acciona, Sacyr, Fcc Aqualia, Gestagua, Inaraqua, Cadagua enpresek, beste askoren artean, prekarizatu egiten dituztela azpimarratu dute langileek. Hitzarmenen negoziazioak blokeatzearen, azpikontraten arteko arrakaletan sakontzearen edota hitzarmen estatalak aplikatzearen errudunak dira.
00:01:15

Funtzio publikoan greba egin dute Ipar Euskal Herrian, lan baldintza eta zerbitzu publiko duinen alde

Greba eguna Ipar Euskal Herrian, funtzio publikoan. Kolektibitateetako, administrazioko, irakaskuntzako, medikuntzako langileak… Karrikan izan dira, lan baldintza eta zerbitzu publiko duinen alde.