2026-02-14
Blog Page 826

Ez dugu aurreakordiorik sinatu Bilboko TAOren gatazkan

LABek bi arrazoirengatik ez du aurreakordioa onartzen. Alde batetik, kaleratutako 7 pertsonak baldintzarik gabe berronartzeko exijitu zuten langileek, abenduko batzarrean. Bada, gure iritziz, aurreakordioak baldintzak ditu. Bestalde, erosketa ahalmenaren galera bat dago. 2011. urtean amaitutako hitzarmen bat da, eta ez du inongo igoerarik izango 2018. urtera arte, eta igoera horiek, egoera onenean, KPI-aren erdia litzateke. Gainera, soldata izozteko aukera legoke hitzarmenaren hiru urteko iraunaldian. Ezezko botoa eskatzen dugu gaurko asanbladari begira.

Batzarra 9:00etan hasi da. Ezin dugu aurreakordioaren edukiari buruzko datu gehiagorik aurreratu, baina batzarraren ostean azalduko du LABek, atalez atal, zergatik ez duen aurreakordioa onartzen. Gure iritziz, langileek kontra bozkatu beharko lukete.
 

 

 

N-240 errepidean ematen den ezbehar-kopuru altua salatzeko ekintza

Pesalur enpresako langile-batzordeak elkarretaratzea egin du gaur, astelehena, Usansoloko Labea auzoan, azkenaldian N-240 errepideko puntu honetan izandako istripuak salatzeko. Besteak beste, bi langile hil ziren otsailaren 1ean gertatutako lan istripu batean: Bizkaibus enpresako gidari bat eta kamioi-gidari bat.
 

 

 

Brigada Soziala prest dugu, Macronen lan erreformaren ondorioen aurka borrokatzeko

Baionan amaitu dugu gaur “Tira-bira” ekimen ibiltaria, eta, bukaera ekitaldian, Alarma Soziala izeneko tresna aurrera eramango duen lehen Brigada Soziala aurkeztu dugu. Hain zuzen ere, Alarma Soziala alerta sistema bat da, Macronen erreformak enpresa batean atzerapen sozialen bat ekartzen duenean aktibatuko duguna. Behin alerta sakatuta, brigada bat joango da urraketa egon den lantokira, eta bidegabekeria gelditzeko protokoloa jarriko du abian. Lehen brigada antolatuta, beste batzuk osatzea izango da orain helburua.

“Tira-bira” ekimen ibiltariak Hendaian ekin zion bideari joan den urtarrilaren 28an, eta, Ipar Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatu eta gero, Baionako helmugara iritsi da. Hamar egunez, Alarma Sozialaren berri eman dugu lantokiz lantoki, eta, gaur, amaiera ekitaldian, tresna hori egingarri egingo duen lehen Brigada Soziala aurkeztu dugu jendaurrean.

Ekimen Ibiltariak 2.000 kilometro egin ditu, eta ehun bat enpresa bisitatzeko aukera eman du, non 7.000 eskuorri inguru banatu ditugun. "Tira-bira" ekimenak iraun bitartean, galdera askori eman diegu erantzuna. Alarma soziala noiz aktibatu izan da horietako bat. Zentzu honetan, nagusi batek enpresa akordio berri bat egin nahi badu hitzarmenaren arauak okertuz, alarma soziala aktibatzeko aukera lukete langileek. “Lehenik, LAB sindikatuko norbait alarma piztu duenarekin harremanetan jarriko da, egoera ongi ulertua dela ziurtatzeko. Ondoren, enpresaren sarreran eskuorri bat banatuko litzateke, langileek alarma piztu dela jakin dezaten. Hala, lehen bilkura bat antolatuko litzateke, alarma hori benetakoa eta funtsekoa dela ziurtatzeko”, azaldu dute LABeko Ipar Euskal Herriko ordezkariek.

LABek langileak entzungo ditu, baina beti interes kolektiboari lehentasuna emanez. Enpresan delegatuak izanez gero, haiekin harremanetan jarriko ginateke. Azkenik, nagusiarekin harremanetan jarriko ginateke, bere akordioa bertan behera utz dezan eskatzeko.

Negoziazio fasean enpresak bere akordioa mantenduko balu, bigarren fasera pasatzera bortxatuak geundeke. Elkartasun harresi soziala deituko genioke etapa honi: “Baldintzek eskatzen badute, enpresa blokatzeko alerta orokor bat deituko genuke. Email bat edo SMS bat bidaliko zaie manifestua izenpetu duten langile guztiei. Gure ahalak eginak izango dira enpresa osoki blokeatzeko, akordioa bertan behera utzi arte. Azkenean, Alarma Soziala geldituko dugu, enpresak definitiboki bere atzerapen sozialeko akordioa kentzen duenean”, jakinarazi dute sindikatuko kideek.

Manifestua
Alarma Sozialaren babesa izateko, langileek manifestu bat izenpetu beharko dute, honako edukiekin:

1. Ez dut onartu nahi Macron legeak gure ekonomiari, enpleguari eta lan baldintzei kalte egin dezan Euskal Herrian.
2. Engaiatzen naiz eskualdeko negoziazio eremu kolektibo baten eraikitzearen alde lan egiten, langile guztien eskubideak mantentzeko eta hobetzeko.
3. Nere enpresan hitzarmen kolektiboko akordio txarrago bat egitea prentsatua bada, segidan Alarma Soziala piztea neregain hartuko dut.
4. Nere ahalmenen arabera, engaiatzen naiz kolektiboki antolatuak izanen diren ekintzetan parte hartzera, langileen eskubideak txikitu nahi dituen eta interes kolektiboaren aurka egin nahi lukeen enpresa baten aurrean.

 

 

 

Bilboko TAOn sortu zuen arazoa behingoz konpontzeko edo dimititzeko eskatzen diogu Alfonso Gil Bilboko Udaleko zinegotziari

Ia 6 aste daramatzate greba Bilboko TAO zerbitzuan. Sei aste hauetan, 39 egunetako greba luzean, EAJ eta PSEk osatutatako Udalak ez du bere erantzukizuna onartu gatazkari konponbide bat jartzeko.

Sei aste hauetan Udalaren aurpegi ezberdinak ezagutu ditugu. Enpresa eta langileen arteko arazoa zela esan zuen hasieran. Gero, konponbidea gertu zegoela iragarri zuen, baina badirudi hau gehiago dela komunikabideetan publikoki zerbait egiten ari denaren itxura emateko eta ez benetako gatazka konpontzeko.
PSEko Alfonso Gili eskatzen diogu publikoki gutxiago saldu eta gatazkan inplikatutako parte batzar dadila, gatazkari konponbidea bilatzeko.

LAB, beste sindikatuekin batera, Eusko Jaurlaritzarekin egin diren bi bileretan egon da, eta hauetan, EYSA CICASA enpresak barre egin dio Bilboko Udalari. Bilera hauetan argi utzi du enpresak berari ez diola eragiten egunero dirurik ez biltzeak, baina Udala eta herritarrei aldiz bai. Gatazka luzeagoa edo laburragoa izateak ez dio enpresari eragiten, baina bai Udal eta herritarrei, enpresak diru publikoa jasotzen duelako zerbitzua eman ez arren.

Beraien nahien araberako hitzarmen baten inguruan soilik hitz egin nahi dute enpresako ordezkariek, kaleratutako 7 langileak berronartu gabe. Enpresaren jarrera bestelako litzateke pleguetan zerbitzuaren ustiaketa kenduko balitzaio bere jarrera edo ekinbideek udalaren sarrerak kaltetuko balituzte.
Gil jaunak publikoki saldu du aste honetan gatazka konponduko zela. Asteazkenean azken orduan, balizko akordio bat helarazi diote enpresa-batzordeari bilerarako hitzordrik gabe. LABen ez dakigu hau den Gil jaunak publikoki saldu duen konponbide famatua, baina proposamen honek ez ditu kaleratutako langileak baldintzari gabe berronartzen eta ez ditu langileen aldarrikapenak jasotzen. Baina hori ez da dena, langileei mehatxu egin diete hitzarmena 6 hilabetetan sinatuko ez balitz epaile batek hitzarmen kolektiboa inposatuko lukeela. Hau onartezina da, proposamen hori duela bi aste Jaurlaritzako Lan Sailak egindakoa baino okerragoa baita.

LABen arabera aukera bi ditu Alfonso Gilek, sortu duen arazoa konpondu edo dimisioa ematea, proposamen gaizto eta mehatxari hori bazen gatazkari begira proposatzen duen konponbidea magikoa, publikoki gezurretan ari da, termino horietan iritsiko ez dela badakien konponbide bat publikoki iragarriz.
LABetik kaleratutako 7 langileak berriro lanera bueltatzea exijitzen dugu inolako baldintzarik gabe eta hitzarmena lan- erreformaren aurka blindatzea eta eskubide galerarik ekar ez dezala.

Espero dugu proposamen hori helaraziko zaiola enpresa-batzordeari Eusko Jaurlaritzak datorren astelehenerako deitu duen bileran. Goizeko 10etan egingo da berau.

Horregatik, LABek bat egiten du Bilbaoko TAOko enpresa-batzordeak datorren asteartean, otsailak 13, 17:30ean Zabalburuko plazatik abiatuko den manifestazioarekin eta dei egiten die bertan parte hartzera bere militantzia eta hiriko auzokideei. Zerbitzu bat ez emateagatik poltsikoak betetzen ari den enpresa bati ordaintzen ari da Udala.
 

 

 

Benetako negoziazioaren alde irten dira kalera gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak borrokan dira, hitzarmen berriaren negoziazioaren blokeoa dela eta. Martxoaren 20an greba egingo dutela jakinarazi dute aste honetan, eta, bitartean, mobilizazioekin aurrera jarraitzen dute. Atzo, esaterako, elkarretaratzeak egin zituzten Santutxun, Santurtzin eta Zornotzan.

Gizarte Ekimeneko sektoreak EAEko ikastetxe itunduen %70a hartzen ditu gutxi gora behera, eta 9.000 lagunetik gora egiten dute lan bertan. Hitzarmen berria adosteko negoziazioak azaroan eten ziren, eta, orduz geroztik, mobilizazioak hasi dituzte. Mobilizazio horien harira egin zituzten atzoko elkarretaratzeak Santutxun, Santurtzin eta Zornotzan.

Datozen asteetarako aurreikusitako egitarauari dagokionez, otsailaren 22an, Bilbon, manifestazioa egingo dute. 19,00etan, Eskolapios ikastetxearen aurretik abiatuko dira (Erekalde EAE osoko langileak. Era berean, martxoaren 20an, ikastetxeak gelditzeko deia egiten dute, greba deialdi baten bitartez.
 

 

 

Bilboko kaleak hartu ditugu, lan heriotzen aurrean “nahikoa dela esateko”

Lan heriotzak salatzeko manifestazio bat egin dugu gaur arratsaldean Bilbon, euskal gehiengo sindikalak deituta. Joan den astean, egun berean, lau langile hil ziren Bizkaian, eta jada bederatzi langile dira bizia galdu dutenak aurten Hego Euskal Herrian. Egoera jasanezina da, eta kalera irten gara odoluste hau salatzeko. Goizean ere mobilizazioak egin ditugu Bizkaian; eskualdeetan, kasu honetan. Auto karabanak eta elkarretaratzeak egin ditugu, besteak beste.

LABeko ordezkari Xabier Ugartemendiak hartu du hitza Bilboko manifestazioa abiatu aurretik, eta gogoratu du urterik urte hainbat langile hil egiten direla beraien bizia aurrera atera ahal izateko lan egiteagatik, "eta gu ez dugu hau onartzen".

Ugartemendiaren esanetan, "lan istripuak patronalak inposatu nahi digun prekarietateagatik dira. Enpresetan prebentziorik ez da egiten eta botere publikoak ez du kontrol errealik egiten hau guztia ekiditeko. Beraz, patronala da egoera honen arduraduna, beraien etekinak gure bizitzaren aurretik jartzen dutelako. Baina hau ez dute bakarrik egiten, behin eta berriz beraien potilikak babesten dituzten erakunde publikoen konplizitatea dute, nahiz eta horrek hildako langileak eragin".

LABeko ordezkariak adierazi du herri honetako lan zentroak bakarrak direla non langile bat gaixoarazi, mutilatu edo hil daitekeen, inongo ardura eta ondoriorik gabe. "Egoera hau aldatzeko benetako neurriak hartu behar dira, eta, horretarako, beharrezkoa da Euskal Herrian langileok lan egiteagatik osasuna eta gure bizia ez galtzea bermatuko duen lan harreman eredu bat eraikitzea", esan du Ugartemendiak.

Horregatik mobilizatu gara gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritza eta Confebasken aurrean, "nahikoa dela esateko, lan istripu bat ere ez dugula onartzen esateko eta langileok bizi dugun egoera tamalgarri honen kontrako neurriak aldarrikatzeko".

Forjas Unidas eta Cementos Lemonatik
Arratsaldeko manifestazioaren aurretik, hainbat protesta egin ditugu eskualdeetan. Hego Uribe Arratian, esaterako, auto karabana bat egin dugu lan heriotzak izan dituzten enpresetatik; Bediako Forjas Unidas eta Lemoako Cementos Lemona enpresetatik, kasu.

Barakaldoko Gurutzetako ospitalean elkarretaratze bat egin dugu, Osalanen bulegoaren aurrean; eta Durangaldean eta Gernikan ere mobilizazioak egin ditugu, besteak beste.

 

 

 

La Asuncion klinikako langileen borrokak aurrera darrai, Tolosako inauterietan ere

Mobilizazioz betetako hilabetea aurreikusi dute La Asuncion klinikako langileek. Hain zuzen ere, otsaileko astelehen, asteazken eta ostiraletan ordu eta erdiko lanuzteak egiteaz gain, kalera irten dira gaur, Tolosako inauterien txupinazoan euren lan gatazka ikusgarri egiteko. Hilaren 28an greba eguna eta manifestazioa egingo dituztela lau haizetara zabaldu dute, mozorroen artean.
 

 

 

Nafarroako Selectan greba mugagabea hasiko dute bihar kaleratzeekin aurrera segitzen tematuta dagoelako enpresa

0

Kafea, edariak eta antzekoak ematen dituzten makina automatikoekin lan egiten duen Selecta enpresako langileek gaur erabaki dute bihartik aurrera –otsailak 9- greba mugagabea egitea enpresak segitzen baitu langileak kaleratzeko eta gelditzen direnen lan baldintzak kaskartzeko asmoekin.

Iragan abenduan bat egin zuten Pelican Rouge, Demas eta Selecta enpresek. Ordutik, hiru horien batuketatik sorturiko enpresak aurrera eraman du enplegua erregulatzeko espediente bat, Nafarroako plantillaren zati bat kaleratu nahi duena eta gelditzen diren langileen baldintzak okerragotuko dituena.

Egun gutxi barru hilabete bat beteko da Madrilgo negoziazio batzordea sortu zenetik, non bereziki CCOO eta UGT sindikatuek hartzen baitute parte. LABen Nafarroako delegatuek enpresari eskatu zioten Iruñera etortzeko, bertako ordezkariekin bilera egitera. Hasiera batean etortzekoa zen arren, azken unean etorri ez denez, LABen ordezkariek erabaki dute greba mugagabera deitzea, eta langileen gehiengo zabal batek babestu du erabaki hori. Beraz, bihartik aurrera greba eginen dute Nafarroako Selectan, lanpostu guztien alde eta oraingo lan baldintzen alde.

LABeko ordezkarien adierazpenak:
“Azkenengo sei urteetan bi enpresa aldaketa pairatu izan ditugu. Eta sei urte horietan ikusi izan dugu nola ustez gu guztiok ordezkatzen gaituen zentroen arteko batzordeak sinatu dituen akordioek lanpostuen gutxiagotzea ekarri duten, baita lan baldintzen okerragotzea ere”.

“Honengatik eta enpresaren aldetik Nafarroan dagoen ordezkaritzarekin negoziatzeko duen etengabeko ukapen jarrerarengatik, bihartik aurrera greba mugagabeari ekinen diogu, gure lan baldintzak errespetatu eta lanpostu guztiak bermatzen diren arte. Jakin badakigu azkenengo urteetan Nafarroako ordezkaritzak nahikoa etekin lortu dituela eta lortuko dituela aurrerantzean ere edozein motatako aldaketei aurre egiteko, langileon lan baldintzetan ondorioak jasan behar izan gabe. Hala, langileak garen heinean, adierazi behar dugu gure eskubideak defendatzen jarraituko dugula”.
 

 

 

Gardentasuna eskatu dute ALFAko langileek espedientearen kudeaketan

0

Langileen asmoa da ondorengo egunetan instituzio publikoekin, Administrazio Konkurtsalarekin eta ALFA taldeko zuzendaritzarekin mahai bakar batean biltzea da. Era berean, manifestazio bat egingo dute otsailaren 16an, Eibarren. Hala jakinarazi dute gaur egin duten agerraldian.

Hauxe da Alfako langileek osatu duten oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Alfa Precisión Castingeko langileek 74 egun, 10 aste baino gehiago, daramatzate greba mugagabean. Epe honetan enpresak ez du errespetatu langileen greba eskubidea, ohikoak izan dira langileen etorkizunari buruzko mehatxuak. Horretaz gain, grebalarien lanpostuak enpresako beste langile batzuekin ordezkatuak izan dira, eta hori gutxi ez bada, langile berriak kontratatu dituzte. Agerikoa da oinarrizko eskubide baten urraketa egon dela.

Eta horren ondorioz, greban dauden langileak demanda bat aurkeztu zuten. Horregatik, otsailaren 14ean epaiketa egingo da 12.30etan Eibarko Lan Arloko Epaitegian. Langileak 11:30ean kontzentrazio bat egingo dute epaitegiaren aurrean.

Bestalde, otsailaren 2an jaso genuen APCko zuzendaritzak aurkeztutako EEEa. Bertan, 131 langileren kaleratzea proposatzen da. Kaleratze hau bi fasetan izango da, bata, Epaitegiak Ebazpena ematen duenean izango da. Bertan, 51 langile aterako dira eta gainontzekoak uztailaren 31an asko jota.

Lehenengo fasearen planteamendua hau da:

• 51 langiletik 48 grebalariak dira.
• Gainontzeko hirurei enpresak berkokatu egingo dituela hitz eman die.
• Greba sustatu duten delegatu guztiak, ELA eta LABekoak, lehen fase honetan sartzen dira.
• Alfa en Comuneko beste Delegatu guztiak (grebari uko egin diotenak) bigarren zerrendan aurkitzen dira.

Agerikoa da enpresak egin duen garbiketa eta diskriminazioa, greba sustatu duten Delegatu guztiak eta greba egin duten langileen gehiengoa lehen fase honetan sartuz.

Otsailaren 6an ospatu zen EEEaren lehen bilera. Bertan gure haserako planteamendua berretsi genion Administrazio  Konkurtsalari:

• Lanpostuen mantenimendua eta subrogazioa.
• Kaleratze traumatikorik ez egotea eta indemnizazioak hobetu.
• Prozesu guzti hau irizpide garden eta objektiboak jarraituz egitea.

Orain likidazio planaren zain gaude. Daukagun informazioaren arabera, asteazkena edo ostegunean (hau da, gaur) aurkeztuko da eta inbertsoreek hilabete bateko epea izango dute eskaintzak aurkezteko. Kasu honetan gure eskaera argia da, aurkezten diren proiektuen inguruko informazio gardena nahi dugu.

Gure asmoa ondorengo egunetan instituzio publikoekin (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eibarko Udala), Administrazio Konkurtsalarekin eta ALFA taldeko zuzendaritzarekin mahai bakar batean biltzea da.

Hau guztia dela eta, deialdi bat egiten diogu Eibarko eragile eta herritar orori otsailaren 16an egingo den manifestazioan parte hartzera, arratsaldeko 19.00etan Eibarko Untzaga plazatik. Bestalde, ostiralean sinadura bilketa egingo dugu.