2026-01-18
Blog Page 819

Bilboko kaleak hartu ditugu, lan heriotzen aurrean “nahikoa dela esateko”

Lan heriotzak salatzeko manifestazio bat egin dugu gaur arratsaldean Bilbon, euskal gehiengo sindikalak deituta. Joan den astean, egun berean, lau langile hil ziren Bizkaian, eta jada bederatzi langile dira bizia galdu dutenak aurten Hego Euskal Herrian. Egoera jasanezina da, eta kalera irten gara odoluste hau salatzeko. Goizean ere mobilizazioak egin ditugu Bizkaian; eskualdeetan, kasu honetan. Auto karabanak eta elkarretaratzeak egin ditugu, besteak beste.

LABeko ordezkari Xabier Ugartemendiak hartu du hitza Bilboko manifestazioa abiatu aurretik, eta gogoratu du urterik urte hainbat langile hil egiten direla beraien bizia aurrera atera ahal izateko lan egiteagatik, "eta gu ez dugu hau onartzen".

Ugartemendiaren esanetan, "lan istripuak patronalak inposatu nahi digun prekarietateagatik dira. Enpresetan prebentziorik ez da egiten eta botere publikoak ez du kontrol errealik egiten hau guztia ekiditeko. Beraz, patronala da egoera honen arduraduna, beraien etekinak gure bizitzaren aurretik jartzen dutelako. Baina hau ez dute bakarrik egiten, behin eta berriz beraien potilikak babesten dituzten erakunde publikoen konplizitatea dute, nahiz eta horrek hildako langileak eragin".

LABeko ordezkariak adierazi du herri honetako lan zentroak bakarrak direla non langile bat gaixoarazi, mutilatu edo hil daitekeen, inongo ardura eta ondoriorik gabe. "Egoera hau aldatzeko benetako neurriak hartu behar dira, eta, horretarako, beharrezkoa da Euskal Herrian langileok lan egiteagatik osasuna eta gure bizia ez galtzea bermatuko duen lan harreman eredu bat eraikitzea", esan du Ugartemendiak.

Horregatik mobilizatu gara gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritza eta Confebasken aurrean, "nahikoa dela esateko, lan istripu bat ere ez dugula onartzen esateko eta langileok bizi dugun egoera tamalgarri honen kontrako neurriak aldarrikatzeko".

Forjas Unidas eta Cementos Lemonatik
Arratsaldeko manifestazioaren aurretik, hainbat protesta egin ditugu eskualdeetan. Hego Uribe Arratian, esaterako, auto karabana bat egin dugu lan heriotzak izan dituzten enpresetatik; Bediako Forjas Unidas eta Lemoako Cementos Lemona enpresetatik, kasu.

Barakaldoko Gurutzetako ospitalean elkarretaratze bat egin dugu, Osalanen bulegoaren aurrean; eta Durangaldean eta Gernikan ere mobilizazioak egin ditugu, besteak beste.

 

 

 

La Asuncion klinikako langileen borrokak aurrera darrai, Tolosako inauterietan ere

Mobilizazioz betetako hilabetea aurreikusi dute La Asuncion klinikako langileek. Hain zuzen ere, otsaileko astelehen, asteazken eta ostiraletan ordu eta erdiko lanuzteak egiteaz gain, kalera irten dira gaur, Tolosako inauterien txupinazoan euren lan gatazka ikusgarri egiteko. Hilaren 28an greba eguna eta manifestazioa egingo dituztela lau haizetara zabaldu dute, mozorroen artean.
 

 

 

Nafarroako Selectan greba mugagabea hasiko dute bihar kaleratzeekin aurrera segitzen tematuta dagoelako enpresa

0

Kafea, edariak eta antzekoak ematen dituzten makina automatikoekin lan egiten duen Selecta enpresako langileek gaur erabaki dute bihartik aurrera –otsailak 9- greba mugagabea egitea enpresak segitzen baitu langileak kaleratzeko eta gelditzen direnen lan baldintzak kaskartzeko asmoekin.

Iragan abenduan bat egin zuten Pelican Rouge, Demas eta Selecta enpresek. Ordutik, hiru horien batuketatik sorturiko enpresak aurrera eraman du enplegua erregulatzeko espediente bat, Nafarroako plantillaren zati bat kaleratu nahi duena eta gelditzen diren langileen baldintzak okerragotuko dituena.

Egun gutxi barru hilabete bat beteko da Madrilgo negoziazio batzordea sortu zenetik, non bereziki CCOO eta UGT sindikatuek hartzen baitute parte. LABen Nafarroako delegatuek enpresari eskatu zioten Iruñera etortzeko, bertako ordezkariekin bilera egitera. Hasiera batean etortzekoa zen arren, azken unean etorri ez denez, LABen ordezkariek erabaki dute greba mugagabera deitzea, eta langileen gehiengo zabal batek babestu du erabaki hori. Beraz, bihartik aurrera greba eginen dute Nafarroako Selectan, lanpostu guztien alde eta oraingo lan baldintzen alde.

LABeko ordezkarien adierazpenak:
“Azkenengo sei urteetan bi enpresa aldaketa pairatu izan ditugu. Eta sei urte horietan ikusi izan dugu nola ustez gu guztiok ordezkatzen gaituen zentroen arteko batzordeak sinatu dituen akordioek lanpostuen gutxiagotzea ekarri duten, baita lan baldintzen okerragotzea ere”.

“Honengatik eta enpresaren aldetik Nafarroan dagoen ordezkaritzarekin negoziatzeko duen etengabeko ukapen jarrerarengatik, bihartik aurrera greba mugagabeari ekinen diogu, gure lan baldintzak errespetatu eta lanpostu guztiak bermatzen diren arte. Jakin badakigu azkenengo urteetan Nafarroako ordezkaritzak nahikoa etekin lortu dituela eta lortuko dituela aurrerantzean ere edozein motatako aldaketei aurre egiteko, langileon lan baldintzetan ondorioak jasan behar izan gabe. Hala, langileak garen heinean, adierazi behar dugu gure eskubideak defendatzen jarraituko dugula”.
 

 

 

Gardentasuna eskatu dute ALFAko langileek espedientearen kudeaketan

0

Langileen asmoa da ondorengo egunetan instituzio publikoekin, Administrazio Konkurtsalarekin eta ALFA taldeko zuzendaritzarekin mahai bakar batean biltzea da. Era berean, manifestazio bat egingo dute otsailaren 16an, Eibarren. Hala jakinarazi dute gaur egin duten agerraldian.

Hauxe da Alfako langileek osatu duten oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Alfa Precisión Castingeko langileek 74 egun, 10 aste baino gehiago, daramatzate greba mugagabean. Epe honetan enpresak ez du errespetatu langileen greba eskubidea, ohikoak izan dira langileen etorkizunari buruzko mehatxuak. Horretaz gain, grebalarien lanpostuak enpresako beste langile batzuekin ordezkatuak izan dira, eta hori gutxi ez bada, langile berriak kontratatu dituzte. Agerikoa da oinarrizko eskubide baten urraketa egon dela.

Eta horren ondorioz, greban dauden langileak demanda bat aurkeztu zuten. Horregatik, otsailaren 14ean epaiketa egingo da 12.30etan Eibarko Lan Arloko Epaitegian. Langileak 11:30ean kontzentrazio bat egingo dute epaitegiaren aurrean.

Bestalde, otsailaren 2an jaso genuen APCko zuzendaritzak aurkeztutako EEEa. Bertan, 131 langileren kaleratzea proposatzen da. Kaleratze hau bi fasetan izango da, bata, Epaitegiak Ebazpena ematen duenean izango da. Bertan, 51 langile aterako dira eta gainontzekoak uztailaren 31an asko jota.

Lehenengo fasearen planteamendua hau da:

• 51 langiletik 48 grebalariak dira.
• Gainontzeko hirurei enpresak berkokatu egingo dituela hitz eman die.
• Greba sustatu duten delegatu guztiak, ELA eta LABekoak, lehen fase honetan sartzen dira.
• Alfa en Comuneko beste Delegatu guztiak (grebari uko egin diotenak) bigarren zerrendan aurkitzen dira.

Agerikoa da enpresak egin duen garbiketa eta diskriminazioa, greba sustatu duten Delegatu guztiak eta greba egin duten langileen gehiengoa lehen fase honetan sartuz.

Otsailaren 6an ospatu zen EEEaren lehen bilera. Bertan gure haserako planteamendua berretsi genion Administrazio  Konkurtsalari:

• Lanpostuen mantenimendua eta subrogazioa.
• Kaleratze traumatikorik ez egotea eta indemnizazioak hobetu.
• Prozesu guzti hau irizpide garden eta objektiboak jarraituz egitea.

Orain likidazio planaren zain gaude. Daukagun informazioaren arabera, asteazkena edo ostegunean (hau da, gaur) aurkeztuko da eta inbertsoreek hilabete bateko epea izango dute eskaintzak aurkezteko. Kasu honetan gure eskaera argia da, aurkezten diren proiektuen inguruko informazio gardena nahi dugu.

Gure asmoa ondorengo egunetan instituzio publikoekin (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eibarko Udala), Administrazio Konkurtsalarekin eta ALFA taldeko zuzendaritzarekin mahai bakar batean biltzea da.

Hau guztia dela eta, deialdi bat egiten diogu Eibarko eragile eta herritar orori otsailaren 16an egingo den manifestazioan parte hartzera, arratsaldeko 19.00etan Eibarko Untzaga plazatik. Bestalde, ostiralean sinadura bilketa egingo dugu.

 

 

 

Kontratu publikoetan klausula sozialak txertatzeko eskatu dugu Iruñean

LAB, CCOO eta ELA sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Nafarroako Parlamentuaren aurrean, talde parlamentario guztiei eskatzen segitzeko Kontratu Publikoen Legean klausula sozialak sartzea, azpikontrataturiko langileei baldintza duinak ziurtatze aldera.
 
Zerbitzu publikoak azpikontratatzearen ondorioz benetako administrazio paralelo bat sortu da Nafarroan, non milaka langile aritzen diren. Bestelako gogoetak alde batera utziz, azpikontratazio hori negoziogai izaten da sarritan enpresa pribatuendako, kasu gehiegitan langileen lan-baldintzen kontura.

Gure iritziz administrazio publikoa arduratu behar da ematen diren zerbitzuen kalitateaz, azpikontratatuenaz ere bai. Eta ez dago kalitatezko zerbitzurik, zerbitzu horiek lan-baldintza prekarioetan ematen badira. CCOO, ELA eta LAB sindikatuontzat ukaezina da diru publikoaz ematen diren zerbitzuen azken erantzukizuna administrazioari dagokiola.

Nafarroako Gobernuak prest daukan lege-egitasmoa azkenean Parlamentura igortzen badu, aukera paregabea galduko da, azpikontratazioaren bidez ematen diren zerbitzu publikoen kalitatearekin benetako konpromisoa hartu dela erakusteko. Zeren zerbitzu publikoen kalitatea lan-baldintzen kalitatearen menpe dago.

Aldarrikatzen den aldaketa soziala ez bada langile nafarren baldintzak kontuan hartzeko, CCOOen, ELAn eta LABen ez dugu deus ulertu.

Nafarroako Kontratu Publikoen Legean sartu beharko ziren klausula sozialak hauek dira:

• Subrogazioa nahitaezkoa izan behar da zerbitzu-emakida kontratu guztietan eta zerbitzu-kontratuak kontratu guztietan.

• Gutxieneko maila gisa jardueraren sektore-hitzarmena aplikatzea.

• Lan zentruko hitzarmenaren aplikazioa existitzen den kasuetarako eta, beti ere, langileen ordezkariak eskatuta.

• Gutxieneko ordu kopuru eta plantilla bat ezartzea, prestazioa kalitatezkoa izan dadin, lan-kargen araberakoa. Orobat, laneratze-ezak ordeztuko direla bermatuko da.

• Puntuazio-irizpideetan prezioa ez izatea erabakigarria: zerbitzuaren kalitatea hobetzeko balio handiagoa ematea proposamen teknikoei, enplegua mantentzeari edo handitzeari, lan-baldintzak hobetzeari, etabar.

• Gizarte-baldintzak, lan hitzarmenak edola lan legea betetzen ez dituzten enpresei zigorrak ezartzea.

• Langileen eta haien ordezkarien partaidetza erraztea baldintza-orriak prestatzean, esleipen-prozesuetan eta konpromisoak betetzen diren begiratzeko eta jarraitzeko prozeduretan.

• Euskararen erabilera bultzatzea, jendearekiko arreta exijitzen den kasuetan, euskara formakuntza eskeiniz.
 

 

 

Marko propio baten beharra berretsi dugu Gasteizen

0

Arabako Errepublikar Ateneoak antolatuta, mahai inguru bat egin dute Gasteizen, Ignacio Aldecoan kultur etxean, "Soldatapeko lanaren krisia, ba al dago alternatiba sindikalik?" gaia ardatz hartuta. LABeko Gasteiz-Lautada-Errioxako arduradun Gotzon Kortazarrek hitza hartu du solasaldian, CCOO, UGT eta ESK sindikatuetako ordezkariekin batera.

Gotzon Kortazarrek adierazi du marko propio baten beharra dugula; injerentziarik gabeko erabateko ahalmen legegilea behar dugula, alegia. Hau esanda, nabarmendu du arazoa ez dagoela hainbeste sindikalismoan, klase politikoak enpresariei emandako tresna eta baliabideetan baizik: "Aliantza hori apurtzen ez dugun bitartean, ez dugu benetako aldaketa sozial bat garatuko maila guztietan".
 

 

 

Nafarroako ikastolekin hirugarren hezkuntza sarea osatzea galdegin dugu, langileen egonkortasuna lortze aldera

0

Ikastoletako langileen egonkortasunaren aldeko kanpaina egiten ari da LAB sindikatua eta, horren barnean, atzo arratsaldean, Nafarroako Gobernuaren aurrean langileek kontzentrazioa egin zuten. LABen ustez, ikastolekin hirugarren hezkuntza sarea osatu beharko litzateke ikastolek euskararen normalizazioari egin ekarpena eta gaur egun duten izaera bereizia kontuan harturik. Hirugarren sarea lortzeak lagunduko luke langileen egonkortasuna lortzen eta hezkuntza sistema propioa sendotzen. Horretaz guztiaz mintzatzeko, bilera egiteko eskatu diogu Maria Solana Hezkuntza kontseilariari.

Ikastoletan hezkuntza sistema propioa, gertukoa, parte-hartzailea eta sendoa eraikitzeko, ezinbestekoa da langileen egonkortasuna bermatzea. Azken urteotan Ikastolek zein langileok pairatu ditugun murrizketen ondorioz, agerikoagoa da Ikastolok baliabide gutxiago dituztela zerbitzu publikoa eskaintzen ari garela, eta langileok, lan berdina edo gehiago egin arren, lan baldintzak eta soldata kaxkarragoak ditugula beste sare batzuetan baino. Egoera honek ezinbestez ezegonkortasuna sortzen du langileen artean. Ezin ahaztu langileen artean, lan baldintzarik okerrenak dituztenak: 0-3ko langileak, hezkuntza laguntza espezialistak eta zerbitzuetako langileak. Eragile guztioi dagokigu gure esku dagoena egitea langileon egonkortasuna bermatzeko: Lan Hitzarmena hobetu, langileen soberakin eta beharren kudeaketa zuzena egin, promozioak sustatu eta Administrazioari finantziazio egokia eskatu langileen lan baldintzak hobetzeko eta berdintzeko.

Nafarroan Gobernuari, akordio programatikoan agertzen den bezala, hamarkadetan euskararen normalizazioari egindako ekarpenagatik Ikastolen gaur egungo egoera eta etorkizunekoa azter dezala eskatu nahi diogu. Zehazki, Hezkuntza Departamentuari, izaera eta ekarpen bereiziagatik, Ikastolen etorkizuna eta langileen egonkortasuna bermatuko duen hirugarren sarea sortzea galdegiten diogu, Kontseilariak berak ikasturte hasieran publikoki bide hau jorratzeko konpromisoa adierazi zuen bezala.

Hau guztia dela eta, azken asteetan LABek Hego Euskal Herriko Ikastoletan langileen egonkortasuna defendatzeko kanpaina abian jarri du. Kanpainan azpimarratu diren aldarrikapenak hauexek dira: lan berdina = lan baldintza berdinak; 0-3ko langileak Lan Hitzarmenean sartu; zerbitzuetako langileak eta beren egoera kontuan hartu; eta Ikastolen etorkizuna bermatuko duen sare berezitua sortu. Pasa den astean Gasteizen izan zen bezala, gaur 19:00etan langileen elkarretaratzea egin dute Nafarroako Gobernuaren aurrean. Bestetik, honen inguruan hitz egiteko asmoz, Hezkuntza kontselariari bilera eskatu diogu.

Nafarroako Ikastoletan 700 langile inguru daude eta LABek ordezkaritza sindikalaren %95 dauka.
 

 

 

“Ebaluazio Hezitzailea iruten” liburuxka aurkeztu dugu, hezkuntza sistema burujabea eraikitzeko ekarpen gisa

0

“Ebaluazio Hezitzailea iruten” liburuxka aurkeztu dugu gaur komunikabideen aurrean. Ebaluazioa hezkuntza sistemaren ardatz nagusietakoa da. "Zer, nola eta zertarako ebaluatu?" Irakasle eta hezkuntza arduradun guztien buruhauste nagusietakoa izan ohi da. Horregatik, LAB sindikatuak bi urtetako lanaren bilduma osatu du, afiliatu eta aditu ugariren laguntzaz. Gaurkotasun handia hartu du gaiak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ebaluazioa bere Hezkuntza Itunaren ardatz nagusietako gisa proposatu duen honetan. Aipatutako liburuxka Hezkuntza Sailaren eskuetan utziko dugu, ebaluazio paradigma berria osatzeko ekarpen gisa.

"Ebaluazio Hezitzailea Iruten" liburuxka 4 atal nagusiz osatua dago eta bi urteko ibilbidearen emaitza da. Liburuxkaren osaketa, prozesu parte hartzaile aberats baten ondorioa da, ehunka pertsonaren ahalduntze prozesua eta ebaluazioan goi mailako adituen ekarpenekin borobildua.

Aipatutako atal nagusiak ondokoak dira:

-Begirada Poliedrikoa eta Osasungarria hitzaurrea. Nora Salbotxek (Herri Hezitzaleak ekimeneko kidea) eta Joxe Mari Auzmendik (Hik Hasi aldizkari pedagogiko zuzendariak) egindako kolaborazioa.

-Iruten Filosofia. Ruben Iglesias, LABeko kidea eta Ebaluazioan adituak Iruten Filosofiaren azalpena egin du bertan. Hezkuntza Sistema Burujabea eraikitzeko baliabide zehatzak eskaintzean oinarritzen da filosofia.

-Ebaluazio Hezitzailea Iruten jardunaldiak. Ane Ablanedo, Alex Barandiaran eta Lore Erriondo Unibertsitateko Irakasle eta ebaluazioan adituekin, LABek Hernaniko Oronako Aretoan egindako Jardunaldien laburpena jasotzen da bertan. Jardunaldi arrakastatsuan 300 lagunek parte hartu zuten.

-Dekaloagoa. LABek egindako prozesu honen azken ekarpena da. Bertan, Ebaluazio Hezitzailea Iruteko 10 pausu zehatz proposatzen dira. Iruten filosofia praktikara eramateko urratsak dira hauek.

Liburuxkaren 7.000 ale atera ditugu eta berauek Euskal Herriko ikastetxe guztietako irakasle geletara heltzeko ahalegina egingo dugu hurrengo asteotan. LABeko irakaskuntza arloko afiliatuek etxean jasoko dute.

Gure ustez, irakasleen esku ere badago, Ebaluazio Hezitzailera bidean paradigma aldakaketa egiteko giltza. LABek Euskal Herriko irakasle guztien esku jarriko du gaurtik aurrera tresna hau, nahi badute aldaketa egiteko tresna izan dezaten. Dena den, irakasleetatik harantzago ere joateko ahalegina egitera goaz, ikastetxeen eta eskola komunitate osoaren inplikazioa garrantzitsua delako aldaketa egiteko. Zentzu honetan, nahi duten ikastetxe guztiek aukera izango dute Ebaluazio Hezitzailearen inguruan formakuntza jasotzeko. Horretarako iruten@lab.eus helbidera idaztea nahikoa da.

Jakitun gara, testuinguru oso berezian aurkezten dugula liburuxka. Batetik, HIK HASIK hezkuntza sistema osoa eraldatzeko potentziala duen Hezkuntza Proposamena plazaratu zuen orain dela gutxi; bestetik, EAEko Hezkuntza Sailak aurkeztu berri duen Hezkuntza Hobetzeko Ituna dugu. Gure proposamena, gaur bertan euskal jendartearen esku utziko dugu eta Hik Hasi eta Hezkuntza Sailari ere helaraziko diogu. Ulertzen dugulako, guztion egitekoa dela, Euskal Herriak nahi eta merezi duen Hezkuntza Burujabearen bidean Ebaluazioaren inguruko aportazioak egin eta adostasunetara heltzen saiatzea.

Dena den, gaur egun dugun panoramak asko kezkatzen gaitu eta baikorrak izateko arrazoi gutxi ditugu. Alde batetik, Hezkuntza Sailak egin berri duen proposamenean, LABek egiten dituen zenbait proposamen jasotzen dira, baina praktikan, Gasteizko Gobernua kontrako norabidean doa Ebaluazio Hezitzailea eta azterketa-errebalida-selektibitate-kalifikazio tandema ezkondu ezinezkoak direlako. Hau da, alde batetik, gaitasun-konpetentzietan oinarritutako hezkuntza zein ebaluazioaz hitz egiten du Hezkuntza Sailak, baina bestetik, Madrilek inposatuta, kontrako norabidean doan azterketa eredu memoristikoa aplikatzen du. Madrileko inposaketak eta eredua gainditu gabe, ezinezkoa da Hezkuntza Sailak eta guk geuk liburuxkan proposatzen dugun paradigma aldaketa gauzatzea. Eta hau, guk bezain ongi daki Gasteizko Hezkuntza Sailak, asteleheneko aurkezpenean ikusi genuen legez.

Gauzak horrela, liburuxkaren bidez Ebaluazio Hezitzailea Irutera animatzen dugu Hezkuntza Komunitate osoa. Baina, aldi berean, Hezkuntza Plataformen Topaguneak, Pisa eta Errebalidei planto egiteko luzatutako diealdiarekin bat egiten dugu.

 

 

 

Datorren asteartean manifestazio bat egingo dute Bilboko TAOko langileek

Hilabete baino gehiago eman dute dagoeneko greba mugagabean, eta Bilboko alkate Juan Mari Aburtori bilera bat eskatu diote. Hain zuzen ere, enpresa batzordeak udalaren jarrera salatu du, zerbitzu bat azpikontratatzeko orduan ez baititu langileen lan baldintzak kontutan hartu, soilik prezioa hartu du aintzat. LABek ere Bilboko udala egiten du erantzule, urtarrilean salatu genuen bezala.

Hauxe da Bilboko TAOko enpresa batzordeak osatu duen oharra:

-Langileek hilabete baino gehiago daramate greban. Greba hau enpresak bilatutako greba bat dela salatu nahi dute.

-EYSA eta CICASA enpresek 7 langile kaleratu zituzten hitzarmena negoziatzen ari zen bitartean. Kaleratze hauen helburua da langile guztien lan baldintzak okertzea. Kaleratzeak mehatxu bezala erabiltzen ditu enpresak.

-Enpresa bi hauen jarrera salatu nahi dugu. Lizitazioa eskuratzeko asmoz, prezioa nabarmen jaitsi zuen. Orain Bilboko Udalak pleguetan ezarritako baldintzak ezin ditu bete eta langileak erabiltzen ari da Udalarekin berriz negoziatzeko.

-Udalaren jarrera ere salatu nahi dugu. Oraingoan ere zerbitzu bat azpikontratatzeko orduan, ez dira kontuan hartzen langileen lan baldintzak, eta soilik prezioa aintzat hartuz, enpresa piraten esku uzten dira udal zerbitzuak. Gogoratu nahi dugu greba honekin, orain arte, Udalak uko egin diela miloi bat euroko sarrerei.

-Langileak beti egon dira prest eta aurrerantzean ere egongo dira gatazka honi amaiera emateko. Lan Delegazioan izan ziren bileretan argi gelditu zen zein den enpresaren asmoa. Bilera horretan Lan Zuzendariak aurreakordio bat proposatu zuen greba bertan behera gelditzeko asmoz, eta langileek aurreakordio hori ontzat eman zuten. Enpresak, ordea, ez zuen aurreakordio hori onartu eta kaleratuen berronarpena negoziazio kolektiboaren ondorio bat izango zela adierazi zuen. Hau da, berain erreibindikazioak onartuz gero hitzarmenean, kaleratuak berriz itzuliko lirateke lanera.

-Atzo, otsailak 6, enpresa batzordeak Bilboko alkateari bilera eskaera bat egin zion. Alkateari eskatzen diote, gatazka honetan esku hartu dezan eta enpresa eta udaletxearen artean dauzkaten arazoak konpondu ditzan, grebari amaiera eman ahal izateko.

-Amaitzeko, enpresa batzordeak jakinarazten du otsailaren 13an, 17.30ean, manifestazio bat antolatu dutela, eta herritarrei dei egiten die Zabalburu plazan hasiko den manifestazio horretan parte har dezaten.