2026-08-01
HomeIndustriaEraikuntzaEraikuntza bezalako sektore prekarioan gehiago lortzeko aukera zegoen

Eraikuntza bezalako sektore prekarioan gehiago lortzeko aukera zegoen

Gaur, maiatzak 28, Gipuzkoako eraikuntzan eman den akordioa kapitalizatzeko ELAren protagonismo-irrikak, LABekin zeukaten ituna urratzera eta enpresarien proposamena onartzera eraman ditu, sektoreko langile guztiontzat hobea gertatuko litzatekeen akordioa eragotziz.

Egia esateko, gaur izenpetu duten aurreakordioa hobetu zitekeen. Gaurkoa izan da da lehen aldia ADEGIk testuak aurkezten dituena. Gainera testuak zalantza juridikoak sortu ditu mahaian alde ezberdinen artean testu horien eraginaren inguruan. Hortaz, LABek bere zerbitzu juridikoekin testu hauen balioa aztertuko du eta horregatik gaurkoan ez du aurreakordioa sinatu.

Akordio honetan LABek babestu dituen alderdi onuragarri batzuk jasotzen badira ere (adibidez, hitzarmenari ez lotzearen aurkako klausula, hizkera sexistarekin amaitzea, bideetako langileak subrogatzeko eskubidea hobetu izana), ez da egia honetan jasotzen den soldata-igoerak langileen eros ahalmena berreskuratzen duenik.

Egitekotan, galdutakoaren erdia ere berreskuratuko ez lukeelako eta akordioak ez duelako bermatzen hitzarmena ezarriko dela, ez baita guk eskatzen genituen eta inolako kostu ekonomikorik eragiten ez duen neurririk jasotzen hitzarmenen ez-betetzeak saihesteko (aparteko orduak ezabatu eta/edo kontrolatu, obretako irteeren eta sarreren kontrola, lan egutegia, lan parteak edota bitarteko prebentiboen formakuntza). Gainera, batzordeak ezin izango ditu obrak ikuskatu hitzarmena betetzen dela zaintzeko. Prekarietatearekin amaitzeko bestelako neurririk ere ez da jasotzen hitzarmenean.

Gaur goizean batzartu da LAB bere ordezkariekin, patronalaren proposamena aintzat hartzeko eta sindikatuaren jarrera erabakitzeko, aurreikus zitekeen ELA sindikatuaren sinaduraren harira. Ordezkariek aho batez adierazi dute ELArekin landu genuen proposamen bateratuaren defentsan berresten direla, eta hura hobetzearren mobilizatzeko eta grebak egiteko konpromisoarekin. Halaxe jakinarazi diogu ELA sindikatuari. Hala eta guztiz ere, behin ELAk, sinatu ondoren, hura hobetu ahal izatea eragotzi duenez, LABek testuaren baligarritasun juridikoa baieztatzen duenean, sinatu egingo du hitzarmena.

Akordioa oraindik hobetu zitekeen arren, LABek bakarrik lortu dituen gaiak ere jasotzen dira: KPIren gaineko igoerak (LABek bakarrik adierazi zuen mahaian KPIa ez-nahikoa zela), hitzarmena bermatzeko batzordera joango ez diren enpresei ordainak etengo zaizkiela (ELAren hasierako proposamenean ez zen ezertxo ere jasotzen), eta hizkera sexista baztertu da. Ez dugu onartuko batzuk besteen lorpenez jabetu nahi izatea.

ELA eta LAB elkarrekin mobilizatuz gero, aurreakordioa hobetuko genukeela ez dugu zalantzarik. Aukera on bat galdu dugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.