2026-05-03
Blog Page 815

Lan heriotzak salatu ditugu berriro

Joan den astean Burgelun hildako garraiolariaren heriotza salatzeko elkarretaratze bat egin dugu gaur Gasteizen, euskal gehiengo sindikalak deituta.

 

 

 

Gasteizko erailketa matxista salatzeko kalera irtengo gara gaur

Gasteizen eraildako emakumeen eraso sexista salatzeko elkarretaratzeak egingo ditugu gaur Donostian, Bilbon eta Iruñean, Emakume Mundu Martxak deituta. Larunbatean, Gasteizen mobilizatu ginen.

Hauek dira gaurko deialdiak:

-Donostia, 19:30ean, manifestazioa Bulebarretik.

-Bilbo, 19:00etan, Arriaga plazan.

-Iruñea, 20:00etan, udaletxe plazan.
 

 

 

Kritikatzen dugu Jaurlaritzak ez duela Haurreskoletan doakotasuna ezarriko 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familientzako datorren ikasturtean

0
LABek ez du iruzurrik onartuko eta Haurreskolak Partzuergoaren doakotasunaren aldeko borrokan jarraituko du.

Urte hasieran Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta EUDELek konpromisoa hartu zuten familiaren eta haurren aldeko politika publikoak garatzeko, Familien eta Haurren aldeko Ituna sinatuz.

LABetik esan genuen plan honen baitan, beste gauza batzuen artean, esan genuen ez dela jasotzen jaiotzatik haurrek aukera berdinasunean daukaten hezkuntza eskubidea, eta ez zela inolako urratsik ematen haurreskoletako doakotasunaren bidean.

Bestalde Legebiltzarrak, martxoaren 21ean familia politikari buruzko eztabaida monografikoa burutu ostean, Jaurlaritzari honakoa eskatu zion. Haurreskolak Partzuergoan doakotasunaren bidean lehen urrats gisa eta progresibotasunean sakontzeko, 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familientzat doakoa izan zedila haurreskoletarako sarbidea.

Gauzak horrela, LABek Eusko Jaurlaritzari kuota berrikuntza hau gauzatzea eta 18/19 ikasturterako indarrean jartzea eskatzen dio, apirilaren 30tik maiatzaren 11ra zabaltzen baita hurrengo ikasturterako izen emate epea.

LABek salatu nahi du, Eusko Jaurlaritzak lana eta familia uztartzeko neurri berrien gaineko itzelezko propaganda egin duela eta momentuz, ez dira indarrean jarriko. Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko Lehendakaria den Cristina Uriartek, apirilaren 17an egin den azkenengo bileran aurrekontuei eta balizko azterketa sakon batera lotzen baitzituen.

Haurreskolak Partzuergoa, 0-2 haurrei hezkuntza zerbitzua emateko Eusko Jaurlaritza eta udalerri batzuen arteko hitzarmena den heinean, LABen iritziz, administrazioak haur hezkuntzako lehenengo zikloko kalitatea, doakotasuna eta euskaldun izaera bermatu beharko lituzke, hau da, 0-3 urte bitarteko haurren matrikulatzeko eskubide unibertsala.

Egoera are larriagoa da, 2018ko aurrekontuetan milioi bat euro gehitu direnean, guztira 25.627.322 euro, 0 eta 3 urte arteko umeentzako titulartasun pribatuko haur eskolentzat. Hau da, Haur eskola hauen gaineko hezkuntza proiektu eta kuoten kontrolik ezarri gabe.

Aldiz, Haurreskolak Partzuergoko familiei beketan bideratzen zitzaien dirua, orain urte batzuk errenten araberako sistema eznahiko bat ezartzeko erabili zen, aurrekontuetan inbertsioa handitu gabe.

LABek ez du iruzurrik onartuko eta Haurreskolak Partzuergoaren doakotasunaren aldeko borrokan jarraituko du, hezkuntza sistema propioa iruten!
 

 

 

Garaia delako, presoak kalera

Gatazkaren ondorioak gainditu eta Euskal Herrira bakea ekartzeko urrats guztiak ez daude emanak oraindik. Askatzeko geratzen diren korapiloen artean premiazkoena da preso politikoena. Eta horrexegatik, presoen, iheslarien eta deportatuen egoerari behin betiko aterabidea emateko eskatuz, milaka lagun batu gara gaur Bilboko kaleetan, Kalera Kalera-k deituta, tartean LABeko kide ugari, Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo buru zirela.

Gatazkaren ondorioak gainditu eta Euskal Herrira bakea ekartzeko urrats guztiak ez daude emanak oraindik. Askatzeko geratzen diren korapiloen artean premiazkoena da preso politikoena. Eta horrexegatik, presoen, iheslarien eta deportatuen egoerari behin betiko aterabidea emateko eskatuz, milaka lagun batu gara gaur Bilboko kaleetan, Kalera Kalera-k deituta, tartean LABeko kide ugari, Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo buru zirela.

Testuinguru oso berezian garatu da gaurko manifestazioa, ETAk atzokoan adierazitakoaren garrantzia kasu. Gatazkaren ondorioak gainditzeko bidean pisuzko ekarpena da egindakoa, aurretik armagabetzearekin gertatu bezala; eta izan dira bide horretan ekarpen gehiago ere. Baina gure herrian ez dago bakerik, ezta izango ere, presoen egoerari konponbidea ematen ez zaion bitartean.

Bada Garaia. Presoak kalera lelopean egin da manifestazioa. Manifestari guztien ahotan izan presoak etxeratzeko aldarria, eta deitzaileen aldetik Espainiaren espetxe politikarekiko kritika, bereziki dispertsioak, gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean mantentzeak eta lehen gradua aplikatzen jarraitzeak dakartzaten ondorio larriak kontutan izanda. Euskal Herrian garai berri bat irekitzeko baldintzak sortzen ari dira, baina horretarako gatazkaren parte izan diren alde guztiek eman beharko dute urratsa, alegia, presoen, iheslarien eta deportatuen aferari erantzuteko Espainia mugitzea tokatzen da orain, eta hori lortu bitartean mobilizatzen jarraituko dugu.
 

 

Bizkaiko metalgintzako patronala mugiaraziko badugu, konfrontazioa behar dugu

0
LABek dei egiten diegu langileei beraien enpresetan bat egin dezaten, borrokara atera daitezen.

Bizkaiko Metaleko Negoziazio mahaia elkartu da gaur berriro eta, nola ez, Patronalaren blokeoa eta negoziaziorako borondate falta agerian gelditu da.

Asteak daramatzagu Jaurlaritza eta Confebask errekuperazio ekonomikoaz, lanpostu sorreraz eta egoeraren bikaintasunaz hitz egiten; Bizkaiko Metaleko Mahaian Patronalak murrizketak eta prekarizazioa eskaini dizkigu; 2 urtetarako Hitzarmena, ultraktibitatea beste urte bi; soldata igoera miserableak eta, gainera, aurreko urteetako diru guztia lapurtu nahi digute, lanaldi murrizketaz ez dute hitz egin ere egin nahi, bai ordea malgutasuna igotzeaz eta aldi baterako desgaitasunak ere txarrera eraman nahi dutuzte.

Zoritxarrez ez gaitu harritu, urteak daramatzagu Bizkaian Metaleko Hitzarmena berritu ezinik, baina ez hori bakarrik, urteak daramatzagu enpresaz enpresa gure eskubideak nola zapaltzen dituzten pairatzen, gure lan baldintzak prekarizatzen, eta aukera duten bakoitzean tokian tokiko negoziazioak eta hitzarmenak blokeatzen dituzte.

Hitzarmen berriak lortzen diren tokietan edota hitzarmenak berritzen direnetan, tentsioa eta borroka bizi dira eta, horrek argi uzten digu konfrontazioaren bidez soilik lortuko dugula Patronala benetako negoziazioetara erakartzea eta gure lan baldintzak hobetzea prekarietatea geldituz. Horren adibiderik argiena, momentu honetan borrokan dauden Vicinay enpresako langileak.

Gaurko bileran LABek argi erantzun dugu; gure sinadurarako ezinbestekoak izango dira negoziazio kolektiboko erreformatik blindatzen gaituzten klausulak, atzera pausurik jasotzen ez duena, Prekarietateari muga errealak jarri dizkiona -ebentualitatearen aurkako neurriak, lan aldiaren malgutasuna mugatuko duena…-, metaleko hitzarmenean emakumeon lan baldintzak kontutan eduki beharko dituena edota subrogazioa bermatuko duena. Horiek dira Bizkaiko Metalgintzako langileoi zuzenean eragiten gaituzten gakoak, gure lan baldintza prekarizatzen dituztenak, eta ondorioz, gure borroken jomuga izango direnak; lan zentroz lan zentro, baita sektoreko hitzamenetan ere, noski metalean.

Beraz, LABek dei egiten diegu langileei beraien enpresetan bat egin dezaten, borrokara atera daitezen; lan zentruetan emakumeen lan baldintzak hobetzeko eta emakumeon kontratazioa bultzatzeko, subrogazioa tokian toki blindatu eta ziurtatu dezaten, lan kontratu mugagabeen alde eta etorkizuneko lanpostu duinen alde egin dezaten.

Gaur LABek Bizkaiko Metaleko mahaian jarritako hazia denon artean erein dezagun! Lan duina, hitzamen duinak!
 

 

 

Productos Tubulareseko zuzendaritzak bere helburuei ez diela uko egingo ohartarazi dugu

0
Grebarekin jarraitzea proposatu genuen, baina langileen batasunaren alde egin dugu..

Trapagarango Productos Tubulares enpresako LAB eta ESK sindikatuon oharra:

Aste bizi honen ondoren hausnarketa bat egin nahiko genuke. Ulertzen dugu bizi izandako guztiaren ondorioak ateratzeko geldialdi txiki bat egiteko momentua dela.

Lehenik eta behin harro egon behar dugu langile guztiek grebak iraun duen 43 egunetan  erakutsitako konpromiso, mobilizazio eta batasun mailagatik. Azken urteetan erreferentea izan den borroka eraman dugu aurrera, eta ezinezkoa zela esaten zigutena lortu dugu: EEE bat gelditzea. Hori da gure ustez ondo ikasita izan behar dugun irakasgaia borroka honen ondoren: borroka, konpromisoa eta batasunarekin kapitalaren asmo zitalak gerarazi daitezke.

Hau esanda, kontziente gara bataila bakarra irabazi dela eta oraindik bide luzea geratzen dela grebaren hasieran kolektiboki jarri genituen konpromisoak lortzeko:

– Kaleratzerik ez
– Altzairutegia zabalik mantendu
– Prekarizazioari ez
– Plan Industriala

Horregatik zen hain zuzen ere gure proposamena grebarekin aurrera jarraitzea pasa den asteazkena, apirilaren 18an Enpresa batzordeak, Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa izango zuten konpromiso sendoak lortu arte. Batasunaren aldeko apustua egin genuen LAB eta ESKk. Apustu hori egin genuen konbentzituta gaudelako langileen arteko ahalik eta kohesio handienarekin soilik atera gaitezkeelako irabazle prozesu honetatik.

Datorren astelehenetik aurrean izango duten egoera berriaren aurrean, protagonista izaten jarraitu behar dute Productos Tubulareseko langileek. Badakigu enpresak ez diela uko egingo bere helburuei eta taktikoki baino ez dela birkokatu. Eusko Jaurlaritzak berak mozorroa kendu du eta gu guztion gainean jarri du presioa. Aurretik dugun negoziazio prozesuan prest egon behar dugu edozein momentutan eta modu argi eta sendoan erantzuteko.

ESK eta LABek ulertzen dugu, gainera, taldearen egungo zuzendaritza arazoaren zati dela, hortaz euren dimisioa eskatzen dugu berriro.
 

 

 

Adegiren jarrera onartezina izan da Gipuzkoako eraikuntzako negoziazio mahaian

0

Hurrengo bilera maiatzaren 4an izango da. Egun horretarako gure eskaerei erantzungo dien proposamen bat ekartzeko exijitzen dio LABek Adegiri.

Gaur, apirilak 20, eraikuntzako negoziazio mahaiaren bilera berri bat burutu da. Patronalaren aldetik, bilera honetara Adegi patronala bakarrik azaldu da. Bilera hasi bezain pronto, LABek hitza hartu du joan den asteazkenean erregistratu zuen hitzarmen kolektiborako bere proposamena aurkezteko. Guztira 33 neurri zehatz, LABek negoziazio honi jarritako 3 helburuak nagusiei erantzuten dietenak, alegia: hitzarmena derrigorrez bete behar da, langileen soldatak nabarmenki igo behar dira, eta sektoreak bizi duen prekarietatea murriztu behar da.

Aldarrikapen guztiak garrantzitsuak izan arren, gure plataformatik neurri hauek nabarmendu nahi ditugu:

– 2018 eta 2019 urtetarako KPIaren gaineko soldata igoerak proposatu ditugu eta 2009tik igo gabe dauden soldatak KPIarekin eguneratzea.
– Hitzarmena zein lan segurtasuneko araudia betetzen direla egiaztatzeko, sindikatu, patronala eta lan ikuskaritzak osatutako batzordea astero bertaratuko da obretara.
– Hitzarmena ez betetzeagatik lan ikuskaritzak enpresa bati zigor irmo oso larria ezartzen badio, enpresa horri kontratua berehala deuseztatzea.
– Sektoreko lan egutegia egotea eta ordu estrak ezabatzea.
– Prebentzio baliabideek prestakuntza espezifikoa jasoko dute, eta euren lana egiteagatik kobratuko dute.
– Lanaldiari dagokionez 10 ordu jaitsiko dira.
Beste bi kontu azpimarratu nahi ditugu oso larriak iruditzen baitzaizkigu eta, zoritxarrez, soilik LABek salatu ditu:
– Eraikuntza sektorean emakumezkoen presentzia oso txikia da. Beraz, gizon eta emakumeon arteko aukera berdintasuna sustatzeko bidean, emakumeen aldeko ekintza positiboetako neurriak hartzea ezinbestekoak dira, bai kontratatzerakoan, bai prestakuntzan, baita sustapenean ere.

Egoera lazgarri honen isla da hitzarmenak erabiltzen duen hizkera sexista. Izan ere, gaztelaniazko hizarmenean genero maskulinoa bakarrik onartzen da, kontzeptu orokorrean (“trabajador”, “trabajadores”) nahiz lanbide mailetan (“jefe de servicios”, “jefe de obra”, “encargado”, “arquitecto”…). Emakumeari egiten zaion aipamen bakarra nabarmenki sexista da, horrela hitzarmenak “garbitzailea/mujer de la limpieza” ezabatzea exijitu dugu, eta haren ordez “garbitzailea/limpiador/a” erabiltzea.

– Sektorean euskara sustatzeko plana ere exijitu dugu. Berez, hitzarmenak sektorea euskalduntzeko batzorde bat jasotzen badu ere, hau ez da sekula bildu. LABentzat hizkuntza eskubideak ez dira bigarren edota hirugarren mailako eskubideak. Tamalez, LAB izan da plataforma elebiduna aurkeztu duen sindikatu bakarra.

Jarraian, Adegik hitza hartu du azaleko balorazio bat egiteko eta eskaera sindikal guztiak baztertu ditu. Izan ere, ez dute inolako proposamenik aurkeztu. Hitzarmena betetzearen alde daudela diote baina ez daude prest inongo proposamenik onartzeko hori gauzatu dadin. Hitzarmenaren eranskinek (soldata taulak) mugagabeko iraupena dutela aitortzeko prest daude, baina horrek ez die enpresei euro bakarra gehiago suposatuko eta ezerezean geratuko da hitzarmenaren aplikazioa bermatzen ez den bitartean.

Oraindik goizegi da ondorioak ateratzeko baina beldur gara ia Adegik akordio bat gauzatu nahi ote duen, langileen lan baldintzak hobetuko dituen benetako neurriak hartu gabe. Hori horrela izanez gero, LABek mobilizatzearen alde egingo du, grebak barne.
 

 

 

Nafarroan ere lan, bizi eta herri duina aldarrikatuko ditugu Maiatzaren Lehenenan #M1duina #lanBiziHerriDuina


LAB sindikatuak Nafarroan, sei herritan egingo ditu manifestazioak Maiatzaren Lehenean: Altsasu, Doneztebe, Iruñea, Lizarra, Tafalla eta Tutera.

 

 

 

Minik, sufrimendurik eta presorik gabeko garai berri bat irekitzeko momentua da

LABek dei egiten die euskal langileei bihar, larunbata, Kalera Kalera dinamikak deituta Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzera.

ETAk armagebetzea iragarri eta urtebetera, urrats berriak ematea erabaki du. Gaur ezagutu dugun adierazpena, Aberri Egunean kaleratutakoarekin batera, erakundea gauzatzen ari den eztabaida prozesuaren amaieraren testuinguruan kokatu behar da. LAB sindikatutik momentuaren garrantzia azpimarratu nahi dugu.

ETA erakundea, aipatu pauso horiekin guztiekin, ziklo oso bat atzean uzteko urratsak ematen ari da, eta horrela baloratzen dugu LABetik. Gogoeta eta ekarpen zintzoa dakusagu ETAren aldetik, garrantzitsua, gatazkaren ondorioen konponbidean aurrera jotzeko oinarriak jartzen ari delako.

Euskal Herrian hamarkadetan bizi izan dugun gatazka politikoak askotariko biktimak, mina, sufrimendua eta bidegabekia ugari eragin du, mota guztietakoak eta alde guztietatik. Gatazka horretan aktoreetako batek, kasu honetan erakunde armatuak, biktimei eginiko aitortza oinarrizkoa da gatazkaren ondorioen konponbidean aurrera egiteko.

Eskubideez, sufrimentuaz eta aitortzaz ari garelarik, une honetan bizi dugun giza eskubideen urraketa larriena euskal preso politikoei dagokiena da. Espainiako Estatuak, gertatzen ari den honi guztiari entzungor eginda, salbuespen politika mantentzeko apustuari eusten dio, larri gaixo diren presoen egoera bere horretan mantenduz, edo berriki egin duen bezala, hainbat presori bigarren gradura pasatutzeko eskaera ukatu dietelako.

Gaixo diren presoen egoerari lehentasunezko erantzun bat emateko, eta euskal preso eta iheslariei etxera bideari ekiteko, Espainiako Estatua mugiarazi egin behar dugu. Horretarako mobilizazioa ezinbestekoa da. LABek dei egiten die euskal langileei bihar, larunbata, Kalera Kalerak deituta Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzera.

Denon artean egin eta denon artean lortu behar dugu, garai berri bat ekartzea Euskal Herrira, herri gisa dagozkigun eskubideen aitortza bermatuko digun garaia. Orain, euskal eragileon txanda da. Bakoitzak, dagokigun esparrutik, gatazkaren ondorioen konponbidean ekarpena egiteko momentua da, askotariko biktimak eragin dituen ziklo bat itxi eta berri bat irekitzeko, minik, sufrimendurik eta presorik gabekoa.