2026-11-04
HomeEuskal GatazkaMinik, sufrimendurik eta presorik gabeko garai berri bat irekitzeko momentua da

Minik, sufrimendurik eta presorik gabeko garai berri bat irekitzeko momentua da

LABek dei egiten die euskal langileei bihar, larunbata, Kalera Kalera dinamikak deituta Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzera.

ETAk armagebetzea iragarri eta urtebetera, urrats berriak ematea erabaki du. Gaur ezagutu dugun adierazpena, Aberri Egunean kaleratutakoarekin batera, erakundea gauzatzen ari den eztabaida prozesuaren amaieraren testuinguruan kokatu behar da. LAB sindikatutik momentuaren garrantzia azpimarratu nahi dugu.

ETA erakundea, aipatu pauso horiekin guztiekin, ziklo oso bat atzean uzteko urratsak ematen ari da, eta horrela baloratzen dugu LABetik. Gogoeta eta ekarpen zintzoa dakusagu ETAren aldetik, garrantzitsua, gatazkaren ondorioen konponbidean aurrera jotzeko oinarriak jartzen ari delako.

Euskal Herrian hamarkadetan bizi izan dugun gatazka politikoak askotariko biktimak, mina, sufrimendua eta bidegabekia ugari eragin du, mota guztietakoak eta alde guztietatik. Gatazka horretan aktoreetako batek, kasu honetan erakunde armatuak, biktimei eginiko aitortza oinarrizkoa da gatazkaren ondorioen konponbidean aurrera egiteko.

Eskubideez, sufrimentuaz eta aitortzaz ari garelarik, une honetan bizi dugun giza eskubideen urraketa larriena euskal preso politikoei dagokiena da. Espainiako Estatuak, gertatzen ari den honi guztiari entzungor eginda, salbuespen politika mantentzeko apustuari eusten dio, larri gaixo diren presoen egoera bere horretan mantenduz, edo berriki egin duen bezala, hainbat presori bigarren gradura pasatutzeko eskaera ukatu dietelako.

Gaixo diren presoen egoerari lehentasunezko erantzun bat emateko, eta euskal preso eta iheslariei etxera bideari ekiteko, Espainiako Estatua mugiarazi egin behar dugu. Horretarako mobilizazioa ezinbestekoa da. LABek dei egiten die euskal langileei bihar, larunbata, Kalera Kalerak deituta Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzera.

Denon artean egin eta denon artean lortu behar dugu, garai berri bat ekartzea Euskal Herrira, herri gisa dagozkigun eskubideen aitortza bermatuko digun garaia. Orain, euskal eragileon txanda da. Bakoitzak, dagokigun esparrutik, gatazkaren ondorioen konponbidean ekarpena egiteko momentua da, askotariko biktimak eragin dituen ziklo bat itxi eta berri bat irekitzeko, minik, sufrimendurik eta presorik gabekoa.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.