2026-06-17
HomeIndustriaEraikuntzaAdegiren jarrera onartezina izan da Gipuzkoako eraikuntzako negoziazio mahaian

Adegiren jarrera onartezina izan da Gipuzkoako eraikuntzako negoziazio mahaian

Hurrengo bilera maiatzaren 4an izango da. Egun horretarako gure eskaerei erantzungo dien proposamen bat ekartzeko exijitzen dio LABek Adegiri.

Gaur, apirilak 20, eraikuntzako negoziazio mahaiaren bilera berri bat burutu da. Patronalaren aldetik, bilera honetara Adegi patronala bakarrik azaldu da. Bilera hasi bezain pronto, LABek hitza hartu du joan den asteazkenean erregistratu zuen hitzarmen kolektiborako bere proposamena aurkezteko. Guztira 33 neurri zehatz, LABek negoziazio honi jarritako 3 helburuak nagusiei erantzuten dietenak, alegia: hitzarmena derrigorrez bete behar da, langileen soldatak nabarmenki igo behar dira, eta sektoreak bizi duen prekarietatea murriztu behar da.

Aldarrikapen guztiak garrantzitsuak izan arren, gure plataformatik neurri hauek nabarmendu nahi ditugu:

– 2018 eta 2019 urtetarako KPIaren gaineko soldata igoerak proposatu ditugu eta 2009tik igo gabe dauden soldatak KPIarekin eguneratzea.
– Hitzarmena zein lan segurtasuneko araudia betetzen direla egiaztatzeko, sindikatu, patronala eta lan ikuskaritzak osatutako batzordea astero bertaratuko da obretara.
– Hitzarmena ez betetzeagatik lan ikuskaritzak enpresa bati zigor irmo oso larria ezartzen badio, enpresa horri kontratua berehala deuseztatzea.
– Sektoreko lan egutegia egotea eta ordu estrak ezabatzea.
– Prebentzio baliabideek prestakuntza espezifikoa jasoko dute, eta euren lana egiteagatik kobratuko dute.
– Lanaldiari dagokionez 10 ordu jaitsiko dira.
Beste bi kontu azpimarratu nahi ditugu oso larriak iruditzen baitzaizkigu eta, zoritxarrez, soilik LABek salatu ditu:
– Eraikuntza sektorean emakumezkoen presentzia oso txikia da. Beraz, gizon eta emakumeon arteko aukera berdintasuna sustatzeko bidean, emakumeen aldeko ekintza positiboetako neurriak hartzea ezinbestekoak dira, bai kontratatzerakoan, bai prestakuntzan, baita sustapenean ere.

Egoera lazgarri honen isla da hitzarmenak erabiltzen duen hizkera sexista. Izan ere, gaztelaniazko hizarmenean genero maskulinoa bakarrik onartzen da, kontzeptu orokorrean (“trabajador”, “trabajadores”) nahiz lanbide mailetan (“jefe de servicios”, “jefe de obra”, “encargado”, “arquitecto”…). Emakumeari egiten zaion aipamen bakarra nabarmenki sexista da, horrela hitzarmenak “garbitzailea/mujer de la limpieza” ezabatzea exijitu dugu, eta haren ordez “garbitzailea/limpiador/a” erabiltzea.

– Sektorean euskara sustatzeko plana ere exijitu dugu. Berez, hitzarmenak sektorea euskalduntzeko batzorde bat jasotzen badu ere, hau ez da sekula bildu. LABentzat hizkuntza eskubideak ez dira bigarren edota hirugarren mailako eskubideak. Tamalez, LAB izan da plataforma elebiduna aurkeztu duen sindikatu bakarra.

Jarraian, Adegik hitza hartu du azaleko balorazio bat egiteko eta eskaera sindikal guztiak baztertu ditu. Izan ere, ez dute inolako proposamenik aurkeztu. Hitzarmena betetzearen alde daudela diote baina ez daude prest inongo proposamenik onartzeko hori gauzatu dadin. Hitzarmenaren eranskinek (soldata taulak) mugagabeko iraupena dutela aitortzeko prest daude, baina horrek ez die enpresei euro bakarra gehiago suposatuko eta ezerezean geratuko da hitzarmenaren aplikazioa bermatzen ez den bitartean.

Oraindik goizegi da ondorioak ateratzeko baina beldur gara ia Adegik akordio bat gauzatu nahi ote duen, langileen lan baldintzak hobetuko dituen benetako neurriak hartu gabe. Hori horrela izanez gero, LABek mobilizatzearen alde egingo du, grebak barne.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.