2026-05-02
Blog Page 809

‘Bizi Eguna’ ospatuko dugu Iruñean, jai egunetan eta igandeetan lan egitearen kontra

0

LAB sindikatuaren hurrengo ‘Bizi Eguna’ Iruñean izanen da eta heldu den maiatzaren 13ko goizean ospatuko dugu, San Nikolas plazan. Besta eta aldarrikapen egun horretan karrikara aterako gara, saltokiak jaiegunetan irekitzearen kontra eta kontsumorik gabeko aisia posible dela erakusteko.

Merkataritzan igandeetan edo jaiegunetan lan egitearen aurkako borroka LAB sindikatuaren lan ildo historikoa izan da. Langileek kontziliazio pertsonala edo familiarra izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, eta txikizkako merkataritzan zein bertze sektore batzuetan enplegua suntsitzearen aurkako jarrera dugu, bai eta inposatzen dizkiguten hiri eta kontsumo ereduen kontrakoa ere. Merkataritza esku-sartzerik gabe arautzearen alde gaude, eta kontsumo kapitalistaren zirimolatik at bizitzeko eskubidea exijitzen dugu.

Horri guztiari buruzko infomazioa banatuko dugu igandean, San Nikolas plazan paratuko dugun infogunean. Baina horrekin batera, adin guztietako pertsonek ongi pasatzeko egitarautxoa prestatu dugu.

-11:00 Umeentzako jolas birziklatuak, eraikuntza piezak, orekak…

-11:00 Ginkana Alde Zaharrean oraindik irekita dauden (baina igandeetan irekitzen ez duten)
komertzio txikietatik. Sariak egonen dira.

-12:30 “Ameli eta Xirrikituen jostunen ipuinak”, ipuin kontalaria euskaraz. 13:00 Bermuta, Alfredo bakarlariaren musikaz lagundua.

 

 

 

Ez dugu onartzen Edesa Industrial eta Geyser-Gastecheko langileen kaleratzea gauzatu izana

0

LABek, Donostiako Merkatal Arloko 1. Epaitegitik jaso duen Autoaren berri eman nahi dio iritzi publikoari. Bertan, Geyser Gastecheko eta Edesa Industrialeko (CNA Taldea) langile guztien, 123 langileen kaleratzea onartu da.

Guztiz bidegabea iruditzen zaigu LABentzat epaitegi honek hartutako erabakia, eta gogoratu nahi dugu duela 4 hilabete gauzatu ziren 145 langileen kaleratzearen kontrako helegitea aurkeztua duela eta epaiketaren zain daudela.

Era berean, salatu nahi dugu Edesa Industrial enpresa ez duela likidazioaren bidea hartuko, balizko erantzukizun penalei beldur dielako, eta hortaz trikimailu bat egin nahi dute. Langilerik izan gabe jarduerarekin jarraitu, hartzekodunen lehiaketan errudun ez izateko. Gainera, gezurrezko jarraipen proiektu hau egiteko, ateak itxi dizkiete proiektu alternatiboei.

FAGOR markaren erabileraren auzia oraindik ez da ebatzi, eta epaileak erabaki behar du FAGOR marka Fagor S. Coop.en esku edo Edesa Industrialen esku uzten duen. LABentzat argi dago kontratuan jasotako baldintzak ez direla bete, nagusiki enpleguaren mantentzea, eta horretaz, espero du FAGOR marka berriz ere Fagor S.Coopen esku gelditzea, eta hartara egun dauden proiektu berrien aukerei bide ematea. Orain arte ezi izan dira gauzatu CNAren jarreragatik. LABek enplegua sor dezaketen proiektu horiek martxan jartzeko lan egioten jarraituko du.

Amaitzeko, instituzioek, bereziki Eusko Jaurlaritzak izandako jarrera salatu nahi dugu prozesu guzti honetan, enpresa babestu baitu, ikusi duen arte proiektua pikutara zihoala. Hori gertatutakoan desagertu egin da, bere erantzukizuna ezkutatu asmoz.
 

 

 

Prekarietatearen oinarrizko arrazoiei aurre egin, arrantza behar bezala arautzea eta bizi eta lan baldintzak hobetzea exijitzen dugu

Gaur, hilak 8, lan istripu berri bat gauzatu da Kantabriako uretan. Orion babea duen ”Berriz Ave Maria” arrantza ontziko G.A.E. 55 urteko arrantzalea hil egin da lanean zegoenean.

LAB sindikatutik lehenik eta behin bere familia, lagun eta lankidei gure babes eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu.

Dagoeneko, 2018an Euskal Herrian gutxienez 19 langile hil dira euren lanpostuetan, euretako bi arrantza sektorean.

Sektore honetan ematen diren baldintza gogorrak eta bertan ematen den prekarietatea azpimarratu nahi dugu, lan ordua luzeak eta ia atsedenik gabeko lanaldiak dira istripu hauen iturburuak .

LABek prekarietatearen oinarrizko arrazoiei aurre egin, arrantza behar bezala arautzea eta bizi eta lan baldintzak hobetzea exijitzen du.

Hurrengo orduetan behar bezalako erantzuna artikulatzen saituko gara.
 

 

 

Garbialdiko langileek protestekin jarraitzen dute

0

Bizkaiko Foru Aldundiko eraikinen garbiketaz arduratzen diren Garbialdiko langileek elkarretaratzea egin dute gaur, eta ostegunean ere berriro egingo dute Bilboko Foru Liburutegiaren aurrean.

Karpa informatibo bat ere jarri dute langileek Bilboko Gran Via kalean, 9:00etatik 13:00ak arte. Aldundiko garbitzaileak grebara deituko dute hilaren amaieran.
 

 

 

PNV, PSE eta PPren itun fiskalak, enpresen irabazien gaineko zergak eta ondasun handiek ordaindu beharrekoak berriro ere jaistea ekarriko du Gipuzkoan

Iaz, azpikeriaz, ezkutuan eta herritarroi bizkarra emanda, PNVk, PSEk eta PPk itun fiskala lotu zuten. Bihar asteazkena, maiatzaren 9an, Gipuzkoako Batzar Nagusiek akordio honetan jasotakoa inplementatu behar dute.

Itun honek bi helburu nagusi dauzka: batetik, sozietate zerga jaitsi, erakunde enpresarialen eskaerei men egiteko, eta bestetik, ondasunaren gaineko zergan berriro ere “ezkutu fiskala” ezarri, ondasunik handienak dauzkan gutxieneko pribilegiatuak zerga gutxiago ordain dezan.

Confebaskek eta herrialdeetako erakundeek (Adegik, Cebekek eta SEAk) epe laburrerako zeukaten asmoa bete egin dute: sozietate zergaren gaineko tipoak murriztu dituzte. Hala ere, euren asmoa epe luzera zerga hau deuseztatzea besterik ez da.

• Zerga orokorra %28 nominaletik %24ra pasatuko da, 2018. urterako jaitsiera %26ra izango bada ere.
• Enpresa txikiek eta mikroenpresek ordaintzen duten zerga nominala ere jaitsiko da, %24tik %20ra. Kasu honetan ere mailakatua izango da, 2018. urtean dauzkaten irabaziengatik %22 ordaindu beharko dute eta.
• Gaur egun %21 ordaintzen duten erakundeek %19 baino ez dute ordainduko (2018an %20).

Bien bitartean, 2016an EAEn zerga honen bitartez bidu zen kopurua BPGaren %1,4 baino ez zen izan eta Gipuzkoan, zehazkiago, %1,1era ere ez zen heldu. Hortaz, Eurostaten estatistiken arabera, Europar Batasun osoan Estatu batek bera ere ez du zerga honen bitartez horren gutxi biltzen.

Berreskurapenari dagokionez, neurri hau aberastasun gehien eta ahalmen ekonomiko handiena daukaten pertsonei mesede egiteko dago pentsaturik. Eta, ondorioz, zerga sistema osoaren progresibitate eta ekitatearen kontra dator.

Ondorio bezala, esan dezakegu datorren asteazkenean bozkatuko diren arau foral proiektu biek neurri erregresiboak ezartzen dituztela eta errentaren birbanaketarako ondorio kaltegarriak dakartzatela.

Honetaz gain, zerga hauen bitartez biltzen ez dena konpentsatu beharko da eta, honetarako, PFEZ eta BEZaren bitartez langileok egiten dugun ahalegin fiskala handitu beharko da. Bestela, hau egin ezean, oinarrizko zerbitzu publikoak finantziatzeko eta babes sozialeko sistemak hobetzeko behar-beharrezkoak dauzkagun baliabideak urrituko liratezke. Gogoratu behar dugu bi gai hauetan (zerbitzu publikoetan eta babes sozialean) hemen burutzen diren politika publikoek, Europako estandarrekin konparatuz gero, defizit handiak dauzkatela.

Hala eta guztiz ere, PNV, PSE eta PPren apustua egoera ekonomikorik hoberena duten klaseen interesak zaintzea da eta, honetarako, ez daukate zalantzarik: kapitalaren errentei, enpresen irabaziei eta ondasun handiei gero eta pribilegio fiskal handiagoak ematen dizkiete, herritar gehienon kaltetan.
 

 

 

ST3 Elkarteko greba batzordeari arrazoia eman dio epaitegiak

ST3 Elkarteko greba batzordeak jarritako demandaren aurrean, Bilboko Lan arloko 4. Epaitegiak dio EDE TALDEA (ST3 Elkartea, Suspergintza Elkartea, Fundación EDE, Suspertu S.l.) osatzen duten erakundeek eta Bilboko apezpikutzak eta OSTARGI Fededun Erakunde Pribatuak grebarako eskubidea urratu egin dutela.

Aipaturiko Epaitegiak premiatzen ditu mantentzen duten jarrera bertan behera utz dezaten, eta denen artean 12.000 euro ordaintzera kalte-ordain gisa funtsezko eskubide horren urraketarengatik.

Gogoratu ST3 Elkarteko langile gehienek bi hilabete baino gehiago daramatzatela mugarik gabeko grebaldian 2017ko amaieran kiebra airtorpena lortzeko eta langileak kaleratzeko 0 kostuarekin hartzekodunen konkurtso baten aurkezpenari erantzunez.

Urteak daramatzate benetako kalbario bat pairatzen EDE TALDEA-ko Zuzendaritzak urteak baitaramatza langileak kale gorrian jarri nahian, nahiz eta lan taldeak etekinak ematen dituen.

Greba batzordearen hitzetan, "EDE Taldeko Zuzendaritza unitarioari jakinarazten diogu, berriro ere, ST3 Elkartearen entitate juridioaz haraindi, gure etorkizuna langile bezala EDE Taldearen barruan dagoela. Hau dela eta, greban jarriatuko dugu prozesuak dirauen bitartean, mobilizatuz behar den guztietan Bilbon EDE Taldeak duen egoitzaren aurreko aldean ESK, CNT, ELA eta LAB sindikatuen laguntzarekin".

Asteazkenean, 15:00etan, elkarretaratze bat egingo dute, egunotan egin dituzten protesten osagarri. 

 

 

 

Gizarte-zerbitzu publikoa kudeatzeko Nafar Fundazioa: deus publifikatzen ez duen ‘txiringito’ berria

Geroa Bairen Gobernuak jakinarazi du fundazio bat sortuko duela hainbat gizarte zerbitzu prestatzeko, hala nola, lan eta gizarteratzea, haurtzaroaren eta nerabezaroaren arreta, eta genero indarkeriaren biktimen zaintza osoa. Ohartarazpen horrekin irudikatu nahi izan dute orain arte pribatizaturik zeuden zerbitzu horien kudeaketa publikoa berreskuratu dutela. Baina izatez, iruzur handi baten aurrean gaude, zerbitzu publikoen jardueratik at dagoen kudeaketa bat finkatzen baitu; eta beraz kudeaketak pribatua izaten segituko du.

Eskubide Sozialetako Departamentuak asko nabarmentzen badu ere, fundazio batek gizarte-zerbitzuak kudeatzeak ez du esan nahi publikora leheneratzen denik. Egiazko lehengoratzea litzateke Departamentuak berak kudeatzea, funtzio publikoaren estatutuari loturiko langileekin, zerbitzua Nafarroako Gobernuaren organigraman eta plantillan txertatuz. Gainerako guztiak txiringito itxura du. Zerbitzu publikoen benetako kudeaketa Gobernutik egiten baita, bitarketaririk gabe.

Izan ere, gobernuek eta erakundeek fundazioak erabili izan dituzte halako itzalgune batzuk sortzeko, zerbait ezkutatzeko guneak, publikoaren kontroletik at dauden iruzur guneak.

Hartara, Departamentuak eman dituen argudioak eznahikoak dira, baita irrigarriak ere. Hitzez hitz dio: “Se pretende que la Fundación gestione y preste aquellos servicios públicos que por sus características específicas son de complicada gestión, por su especificidad, por la necesaria especialización y formación de las personas profesionales que trabajan en ellos, por la atención durante todas las horas del día y todos los días del año que requieren los servicios, etc”. Bada, argudio hori erabilita, Foru Administrazio osoa deusezta zezaketen eta fundazio baten esku utzi. Argudio kaskarra da. Fundazio baten sortzea “kudeaketa korapilatsuan” oinarritzea irrigarria da. Askoz ere korapilatsuagoa da Osasungintza, Hezkuntza, Justizia nahiz Administrazioak berak betetzen duen beste edozein zerbitzu kudeatzea, inongo fundaziorik sortu behar izan gabe.

Geroa Bairen Gobernuak eman azalpenak Administrazioan egiten den lana debaluatzen du, antza orain ez baita gauza ordutegiak, formakuntza, egutegia edota berariazko lanak bezalako “kudeaketa korapilatsuak” bere gain hartzeko.

Gobernuak egin dituen aurreikuspenen arabera, fundazio berrian lan eginen luketen pertsonek ez lituzkete izanen langile publikoen baldintzak eta, beraz, ordain-sari nahiz baldintza okerragoak lituzkete.

Ez dago inolako justifikaziorik aipatu fundazioa sortzeko, ez bada zerbitzu publikoak debaluatzeko eta ezkutuko pribatizazioei eusteko eredu baten alde egin nahi dutelako. Hortaz, LABek eskatzen du Nafarroako Gobernuak atzera egin dezala proposamen horretan eta ekin diezaiola zerbitzu horren zein pribatizatu diren beste zerbitzuen egiazko lehengoratzeari.
 

 

 

Bi orduko lanuzteak egitera deitu dugu maiatzaren 30erako, estatalizazioa salatzeko

Agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, maiatzaren 30ean hitzarmenen estatalizazioaren aurka eta Lan Harremanen Euskal Esparruaren defentsan deitu ditugun mobilizazio eta lanuzteen berri emateko.

"Maiatzaren 30ak mobilizazio orokorra egiteko eguna izan behar du. Gure helburua langileak mobilizatzea izango da, sindikatuko delegatuez gain. Gure helburua estatalizazioaren eta prekarietatearen aurka dauden pertsonak mobilizatzea izango da, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde".

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, Bilbon gaur egindako agerraldian esandakoak. Hain zuzen ere, sindikalismoak erronka garrantzitsu bat duela nabarmendu du, hots, prekarizazioa eta pobrezia egoerari erantzun bat ematea kalean. Euskal Herrian aldaketa sozialaren alde gehiengo handi bat dagoela esan du, eta kalean ari direla hori aldarrikatzen; emakumeak, pentsiodunak (maiatzaren 26rako pentsiodunen plataformek deitutako mobilizazioetan parte hatzeko deia egin du), lan gatazkak dituzten enpresetako langileak eta Maiatzaren Lehenean kalera irtendako lagunak, kasu. Hori dela eta, borroka sozial horren baitan, sindikalismoak beste pauso bat eman behar duela azpimarratu du. Maiatzaren 30erako erregistratuko ditugun bi orduko lanuzteak hor kokatu ditu Garbiñe Aranburuk.

ESTATALIZAZIOA

Zer da?
Bertoko langileoi estatu mailako lan baldintzak aplikatzeko estrategia, hala eremu pribatuan nola langile publikoei dagokionean. Gure lan hitzarmenek arautzen dituzten lan baldintzak ez betetzeko eta gureak baino merkeagoak eta okerragoak diren lan baldintzak inposatzeko estrategia estatala.
Patronalak, bertokoa eta estatukoa, inposatu nahi duen lan baldintzen prekarizazioarekin eta zerbitzu publikoen pribatizazioarekin guztiz lotuta dago.

Noiz hasi da?
2008aren aurretik ere, ez genuen aukerarik Euskal Herrian lan harremanak arautzeko: Estatu mailan ezartzen zen lan legedia. Bertako lan hitzarmenen bidez, negoziazio eremu propio bat mantendu eta lan baldintzak duintzea lortu izan dugu zailtasunak zailtasun. Halere, baziren hainbat sektore bertako hitzarmenik gabe.

2008ko krisiaren aitzakian, estatalizazio eta prekarizazio prozesuari bultzada handia eman zioten. Hiru mugarri nagusienak honako hauek izan dira: PSOEk ezarri eta EAJk onartutako negoziazio kolektiboaren erreforma, PP eta UPNk ezarritako lan erreforma eta PSOE nahiz PPk ezarritako austeritate neurriak (Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua,

Zer helburu eta ondorio ditu?
Alde batetik, langileon lan baldintzen okertzeak dakarren merkatzearekin, patronalaren etekinak biderkatzen jarraitzea. Hau da, patronalaren etekinak igo langileen kontura.
Bestetik, bertoko langileok eta sindikatuak gure lan baldintzak arautzeko dugun erabakitzeko eskubidea ukatzea, Madrileko sindikatu eta indar korrelazioen araberako lan baldintzak inposatzea, hau da, bertoko sindikatuei langileok eman diegun ordezkaritza baliogabetzea, berton langileok dugun indar korrelazioa neutralizatuz.

Nola garatzen ari da estatalizazioa?
Estatalizazioa lau eratara eramaten ari dira aurrera:

1.- Zentralizatuz. Azken lan erreformek erabilitako baliabideak erabiliz, estatu mailan adosten diren lan hitzarmenetan, gurean negoziazio eremuak debekatuz (hainbat estatu lan hitzarmenetan jasota dago herrialde mailan sektorean negoziaziorik egiteko debekua) edo estatu mailako lan hitzarmenetan hainbat gai bereganatuz, bertako lan hitzarmenetan negoziatu ezin daitezkeen gaiak, gure lan hitzarmenak edukiz hutsituz.

Honetarako patronal estatalak CCOO eta UGTren laguntza osoa dute, nahiz eta jakin bertoko langileen lan baldintzak okertzen eta prekarizatzen ari direla.

Eraso honi aurre egiteko sortu zen EAEn Akordio Interprofesionala, bertan indarrean dauden hitzarmenei aplikatzeko lehentasuna emateko estatu mailakoen aurrean, eta gure lan hitzarmenak, indarrean egonez gero, babestu eta aplikatzen jarraitzeko ahalbidetzen duenez, inpugnatu egin dute. Nafarroan ere saiatu ginen AI bat egiten, baina CEN, CCOO eta UGTk ez zuten nahi izan, estatalizazioari aurre egiten ziolako.

Bertan gure lan baldintzak arautzeko dugun erabakitzeko eskubidearen kontrako eraso argia.

2.- Negoziazio kolektiboa blokeatuz. Bertoko patronalek (CFBSK, ADEGI, CEBEK, SEA eta CEN) erabiltzen duten estrategia, nagusiki EAEn (Nafarroan UGT eta CCOO prest baitaude lan hitzarmen merkeak sinatzeko). Hitzarmen bat ez bada berritzen, bere ultraktibitatea amaituta, estatu mailako hitzarmen bat aplikatzeko aukera ematen du. Gauzak horrela patronala negoziazioak blokeatzen ditu, estatu mailako mlan baldintzak aplikatzeak sortzen duen presioa bere alde izateko. Dualidadea sortzen du, langile “zaharrei” lehengo soldata aplikatzen jarraitzen zaiolako, hori bai, izituta, eta kontratazio barriei estatu mailako soldata, askoz bajuagoa dena.

3.- Negoziazio eremu berriak irekitzea ukatuz. Badaude hainbat eremu beti aplikatu izan zaiela estatu mailako lan hitzarmenak, adibidez telemarketing, grandes almacenes, banka, aseguroak, kimikak… Nafarroan areago eta gehiago: zahar egoitzak, interbentzio soziala, zabor bilketa…. Bertoko patronala ukatu egiten du eremu hauek irekitzea, bertan negoziatzeko eremu hauetako lan baldintzak, badakitelako hori, lan baldintzen hobekuntza bat ekarriko duela, eta nahiago dute lan baldintza prekarioak aplikatzen jarraitzea.

4.- Langile publikoen eta arlo publikoko azpikontratatutako langileen kasuan, legeak inposatuz.

a) Langile publikoen lan baldintzak estatuko lege eta dekretuen bitartez arautzen dituzte (soldata igoera, 37’5 orduko lanaldia inposatzen saiatzea, erreposizio tasa, ITaren ordainketa, ordezkapenak, …), negoziazio kolektibo eskubide guztiz ukatuz eta bertan gure lan baldintzak arautzeko dugun erabakitzeko eskubidea erasotuz. Ondorioz, langile hauen lan baldintzak estatu mailako gobernuek inposatzen dituzte, eta bertoko erakundeek orokorrean, nahiz eta hitzez kontran azaldu, aplikatu, oso ondo baitatorkie langileen lan baldintzak merkatzea, beraien izaera neoliberalarekin lerrokatuz. Gainera, sektore publikoaren garapenari mugak jartzea, pribatizazioak bultzatzeko estrategia argi bat da.

b) EAEko azpikontratatutako langileei dagokionez, estatuko lege baten bitartez arautu dute pliegoak zalantzan jartzea subrogazioa bermatzeko bitarteko moduan, horrek azpikontrataturiko langileen lanpostua eta lan baldintzak mantentzean izan dezakeen ondorioekin. Nafarroan, eta langileok egin dugun presioaren eraginez, bertako lege bat egin da, subrogazioa pliegoetan txertatzea derrigortzen duena. Eusko jaurlaritzak uko egiten dio EAEn Nafarroan egin duten moduko lege bat egiteari, bere izaera neoliberalari jarraituz.

Zer egin dezakegu estatalizazioari aurre egiteko?
Lehenik eta behin, maila orokorrean, estatalizazioaren kontra eta langileok Euskal Herrian gure lan baldintzak arautzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko edozein mobilizazioetan parte hartuz, eta zehazki maiatzaren 30ean estatalizazioari aurre egiteko LABek deitu duen mobilizazio eta lanuzte egunarekin bat eginez.

Bigarrenik lantokiz lantoki prekarietatearen kontrako eta lan baldintza duinen aldeko borrokak antolatuz. Ekintza sindikal iraunkorraren bidez, bertako patronalak eragindako blokeoa pitzatu behar dugu. Enpresa nahiz sektore mailan lan hitzarmenak eskuratzeko, langileak tokian toki antolatu eta aktibatu beharra dago.

Hirugarrenik sektore zein enpresetako negoziazio eremu berriak irekitzearen aldeko borrokak antolatuz, bai bertako sektore zein enpresa mailan gure lan baldintzak erabakitzeko, adosteko eta arautzeko aukera izan dezagun.
Azkenik, Arlo publikoan Lege inposaketa eta negoziazio kolektiboaren eskubidearen alde borrokatuz, estatuaren zentralizazio eta pribatizazio dinamikari aurre eginez baita bertako erakundeen konplizitateari.

Zein da behin betiko konponbidea estatalizazioaren aurrean?
Aurrez aipatutako borroken bidez, hemengo negoziazio esparrua defendatzea eta prekarizazio prozesuari muga jartzea da erronka. Alabaina, sakoneko arazoa, lan arloko eskumenak Estatuaren esku egotean datza. Hala EAEn nola Nafarroan, estatus berriaren inguruko eztabaida irekita dago. LABen ustez, estatus berri horretan lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa jaso beharra dago. Alegia, Euskal Herrian bertan hartu behar dira gure lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak. Lan eremuan burujabetza eskuratzen ez badugu, estatalizazio eta prekarizazio prozesuaren menpe jarraituko dugu, hori bultzatzeko erabaki estrategikoa hartu baitu Espainiako Estatuak. Honela bada, lan eremuan borroka sindikala egitearekin batera, aldaketa politiko eta sozial orokor baterako burujabetza prozesua martxan jartzea ezinbestekoa da.
 

 

 

Bizitza duina bermatuko duen jendarte eredu bat eraikitzeko konpromisoa berretsi dugu, inolako indarkeriarik eta injustizia sozialik gabe

Une honetan ematen den giza eskubideen urraketa nabarmenena preso eta iheslariek pairatzen dutela nabarmendu du Garbiñe Aranburuk, Kanboko ekitaldi historikoan.

LABeko ordezkaritza bat Kanboko ekitaldi historikoan izan da, eta, bertan, sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk nabarmendu du gaurkoa etapa baten amaiera dela, baina baita etapa berri baten hasiera ere, atzo egin genuen adierazpenaren haritik: “ETAren desagerpenak ez du suposatzen gatazka politikoaren amaiera, gatazka politikoak jarraitzen du”.

Hain zuzen ere, Garbiñe Aranbururen hitzetan, “biktima guztien aitortza eta erreparazioa egitea egokitzen da orain, guztien erreparazio bat egitea, eta guztioi dagokigu, eragile politiko, sozial eta sindikal guztioi, erantzukizun eta arduraz jokatzea”.

Justizia eta bake eszenario bat eraikitzeko urrats berriak ematea beharrezkoa dela nabarmendu du LABeko idazkari nagusiak, elkarbizitzan eta normalizazio politikoan sakontzeko: “Momentu honetan guretzat lehentasunezkoa da, eskubide guztien aitortza helburu, preso eta iheslarien eskubideen urraketarekin amaitzea. Une honetan ematen den giza eskubideen urraketa nabarmenena preso eta iheslariek pairatzen dute. Hortaz, sakabanaketarekin amaitu behar da, gaixo dauden presoek kalean egon behar dute eta salbuespen legediarekin bukatu behar da”.

Horrekin batera, Garbiñe Aranburuk adierazi du herri honi dagokion erabakitzeko eskubidea errespetatzeko lanean jarraituko duela LABek, “eskubide guztiak errespetatuko dituen jendarte eredu bat eraikitzeko bidean, guztiontzat bizitza duina bermatuko duen eredu bat, inolako indarkeriarik eta injustizia sozialik gabe”.