2026-08-22
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaGizarte-zerbitzu publikoa kudeatzeko Nafar Fundazioa: deus publifikatzen ez duen 'txiringito' berria

Gizarte-zerbitzu publikoa kudeatzeko Nafar Fundazioa: deus publifikatzen ez duen ‘txiringito’ berria

Geroa Bairen Gobernuak jakinarazi du fundazio bat sortuko duela hainbat gizarte zerbitzu prestatzeko, hala nola, lan eta gizarteratzea, haurtzaroaren eta nerabezaroaren arreta, eta genero indarkeriaren biktimen zaintza osoa. Ohartarazpen horrekin irudikatu nahi izan dute orain arte pribatizaturik zeuden zerbitzu horien kudeaketa publikoa berreskuratu dutela. Baina izatez, iruzur handi baten aurrean gaude, zerbitzu publikoen jardueratik at dagoen kudeaketa bat finkatzen baitu; eta beraz kudeaketak pribatua izaten segituko du.

Eskubide Sozialetako Departamentuak asko nabarmentzen badu ere, fundazio batek gizarte-zerbitzuak kudeatzeak ez du esan nahi publikora leheneratzen denik. Egiazko lehengoratzea litzateke Departamentuak berak kudeatzea, funtzio publikoaren estatutuari loturiko langileekin, zerbitzua Nafarroako Gobernuaren organigraman eta plantillan txertatuz. Gainerako guztiak txiringito itxura du. Zerbitzu publikoen benetako kudeaketa Gobernutik egiten baita, bitarketaririk gabe.

Izan ere, gobernuek eta erakundeek fundazioak erabili izan dituzte halako itzalgune batzuk sortzeko, zerbait ezkutatzeko guneak, publikoaren kontroletik at dauden iruzur guneak.

Hartara, Departamentuak eman dituen argudioak eznahikoak dira, baita irrigarriak ere. Hitzez hitz dio: “Se pretende que la Fundación gestione y preste aquellos servicios públicos que por sus características específicas son de complicada gestión, por su especificidad, por la necesaria especialización y formación de las personas profesionales que trabajan en ellos, por la atención durante todas las horas del día y todos los días del año que requieren los servicios, etc”. Bada, argudio hori erabilita, Foru Administrazio osoa deusezta zezaketen eta fundazio baten esku utzi. Argudio kaskarra da. Fundazio baten sortzea “kudeaketa korapilatsuan” oinarritzea irrigarria da. Askoz ere korapilatsuagoa da Osasungintza, Hezkuntza, Justizia nahiz Administrazioak berak betetzen duen beste edozein zerbitzu kudeatzea, inongo fundaziorik sortu behar izan gabe.

Geroa Bairen Gobernuak eman azalpenak Administrazioan egiten den lana debaluatzen du, antza orain ez baita gauza ordutegiak, formakuntza, egutegia edota berariazko lanak bezalako “kudeaketa korapilatsuak” bere gain hartzeko.

Gobernuak egin dituen aurreikuspenen arabera, fundazio berrian lan eginen luketen pertsonek ez lituzkete izanen langile publikoen baldintzak eta, beraz, ordain-sari nahiz baldintza okerragoak lituzkete.

Ez dago inolako justifikaziorik aipatu fundazioa sortzeko, ez bada zerbitzu publikoak debaluatzeko eta ezkutuko pribatizazioei eusteko eredu baten alde egin nahi dutelako. Hortaz, LABek eskatzen du Nafarroako Gobernuak atzera egin dezala proposamen horretan eta ekin diezaiola zerbitzu horren zein pribatizatu diren beste zerbitzuen egiazko lehengoratzeari.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...