2026-07-15
Blog Page 807

Albertia egoitzan izandako kaleratzeak salatu ditugu

Miñanon dagoen Albertia egoitza Grupo La Saleta Care Armonea Taldeak hartu du duela gutxi. Enpresa berri honek sukaldeko lan taldea osatzen zuten 4 kideetatik 3 kaleratu zituen ekainaren 11an. Egoitza honek guztira 93 plaza ditu, hauetatik 54 Gizarte Ongizate Foru Erakundearekin kontzertatutako oheak dira.

Pertsona hauek kaleratzeko La Saleta Care Armonea Enpresak pertsona horiek aukeratu ezin izatearen argudioa eman du. Kaleratuak izan diren pertsona hauek egoitzaz kanpoko ostalaritzako langileak ziren, 2012. urtetik bertan lan egiten zutenak. Ekainaren 1an enpresa berriak subrogatu egin zituen, eta handik 10 egunetara kaleratu egin ditu argudio hutsal hauekin.

Argi daukagu kaleratze hauen egiazko arrazoia lan baldintzen prekarizazioa dela. Langile berriei Egoitzetako Hitzarmen Estatala aplikatuko baitzaie. Kaleratuak izan diren langileei, subrogazioaren ondorioz, aplikatu ezin zieten hitzarmena.

Egoera larri honen aurrean, Enpresa Komiteak langile hauen berehala berronartzea eskatzen du.
 

 

 

Hondakinak eta fiskalitatea, hizpide, Zero Zabor Bizkaia elkargunearen eskutik

0

Gaiaren inguruko jardunaldia egingo dute bihar, Bilbon, Ekoetxean. Kutsatzen duenak ordaintzen ote duen galderari erantzungo diote.
 

 

 

Borroka Kutxa indartu dugu prekarietateari aurre egiteko

LAB sindikatuaren Batzar Nazionalak 2010ean sortutako Borroka Kutxaren araudia berritu egin du.

Egindako aldaketek tresna hori indartzea dute xede, bi norabidetan. Alde batetik, Borroka Kutxaren kobertura handitu da, kasuistika berria aintzat hartuz (kaleratze ideologikoak), Kutxatik laguntza jasotzeko beharrezkoak diren greba egunak murriztuz eta greba egun bakoitzeko jasoko den kopurua handituz. Beste alde batetik, ez afiliatuek Borroka Kutxaren laguntza eskuratzeari atea ireki zaio, afiliatu eta Borroka Kutxa jasotzeko beharrezkoa den sei hilabeteko afiliazio antzinatasuna atzera eraginkortasunez ordaintzeko aukera emanez.

Aldaketa hauen bidez, prekarietatea gehien pairatzen duten eta horren sindikalizatuta ez dauden sektoreei (horietako asko feminizatuak) borroka tresnak eskaini nahi dizkie LABek, duela urte bete Gasteizen egindako IX. Biltzar Nagusiaren ildotik.

Era berean, beste eredu batzuekiko ezberdintzen duten Kutxaren sortze ezaugarriei eusten die LABek. Lehenik eta behin, lanaldi partzial inposatua duten langileekiko diskriminazio positiboa mantentzen da (lanaldi osokoen kopuru bera jasotzen dute greba eguneko), baita gehieneko kobertura maila ere (dagokion hilabetean jasotako soldata eta Kutxaren ekarpenak ezin izango dute 1.500 euro gainditu); era honetan, gehien behar duten horiek babestea da Kutxaren lehentasuna. Bigarrenik, Kutxa, grebetarako ez ezik, ekintza sindikalaren ondorioz jasotako isun eta zigorrei aurre egiteko ere erabiltzen da, 10.000 euro bitarteko kobertura bermatuz; horri esker, Mozal Legea eta bestelako neurri errepresiboek ez dute sindikatuaren ekintza sindikala baldintzatzen.

Jatorrizko araudia nahiz egindako aldaketak kontutan hartuta, sindikalgintza eta bere lorpenak indargabetzeko Patronalaren taktika ezberdinei (hala nola grebetan langileak ekonomikoki itotzea, isun eta zigorrak ezartzea edota kaleratze ideologikoak egitea) aurre egiteko babes eraginkorra eskaintzen du Borroka Kutxak. LABentzat Borroka Kutxa ez da helburu bat bere baitan, baizik eta borroka tresna bat. Azken lan erreformak nahiz negoziazio kolektiboaren erreformak Patronalari emandako botereari aurre egiteko, greba eraginkorren eta ekintza sendoen beharra berresten du LABek.

Hona hemen afiliatu guztien ekarpenaz elikatutako Borroka Kutxa berrituak eskaintzen duen kobertura:

• Isun eta fidantzak. 10.000 euro bitartean.
• Prozesu penaletako aholkularitza eta kostak.
• Enpresak ezarritako zigorrak.
• Kaleratze ideologikoak. Arrazoi ideologikoengatik kaleratutako langileak Borroka Kutxaren laguntza izango du epaiketa arte, greban jasoko lukeen baldintza berberetan.
• Grebak. Hirugarren egunetik aurrera, eguneko 25 euro jasoko dira (750 euro hilero), hala lanaldi osoan nola lanaldi partzial inposatuan. Soldata netoa eta Kutxaren hileko baturak ezin izango du ohiko soldata gainditu, ez eta 1.500 euroko kopurua.
 

 

 

Eskola jantokietako langileek Nafarroako Gobernuari eskatu diote eskolaldi jarraituaren arauetan beraiek kontuan hartzeko

Nafarroako eskola jantokietako langileen 687 sinadura erregistratu ditu gaur LAB sindikatuak Hezkuntza Departamentuan. Langileak kexu dira eskolaldi jarraituaren ezartzeak jantokietako langileen kaleratzeak eta lanaldi murrizketak ekarri dituelako. Hala, sinaduren bidez, Gobernuari bilera eskatu diote, bai eta eskolaldi jarraituari buruzko hurrengo ebazpenetan jantokiko zerbitzuaren eta bere langileen egoera aintzat har dezan ere.


Sinadurekin batera erregistraturiko idatzian langileek Departamentuari azaldu diote hainbat eskolatan jardunaldi jarraitua ezarri izanak jantokietako baldintzen kaskartzea ekarri duela. “Zerbitzua okertu dela ikusi dugu”, adierazi du Itziar Lukanbiok, LABeko eskola jantokietako arduradunak. “Eskolaldi jarraitua ezartzearen eraginez lanpostuak galtzen ari gara eta lanaldiak murrizten ari dira”.

Lukanbiok azaldu duenez, 200 bazkaltiar izan ohi den jantoki batean, eskoladi jarraitua ezarrita, 120era jaisten da bazkaltiarren kopurua. Horrek erran nahi du langileen lanaldia murriztuko dela eta lau lanpostu galduko direla. Horrekin batera, planifikazio faltak eta bazkaltzeko ordutegia murriztu izanak ere oso zail jartzen dute zerbitzuaren kalitateari eustea.

Sinadura bilketarekin langileek Hezkuntza Departamentuari eskatu nahi diote gogoeta egin dezan eta, hurrengo ebazpena argitaratzean, aurrekoetan aintzat hartu ez dituen baina ondorio larriak dituzten hurrengo puntuak txerta ditzan:

• Proiektu guztietan agertu beharko da irakasleen eta jantokiko langileen artean landutako azterketa bat, eskolaldia aldatzeak jantokian izan ditzakeen ondorioei buruzkoa: bazkaltiarren aurreikuspena, ratioen balorazioa, guneen eta aldien egokitzapena, txanden eta ordutegien plangintza, adinaren arabera.
• Kontuan hartuko da ordutegi aldaketak langileei eragiten dizkien ondorioak eta Nafarroako Gobernuak konpromisoak hartuko ditu kaleratzeen eta lanaldi murrizketen aurkako neurriak ezartzeko.
• Nafarroako Gobernuak eutsi beharko die eskolaldi zatituarekin lotuta dauden eskola eta garraio beka eta laguntzei.
• Eskolaldien gaineko ebaluazio eta lehengoratzeko prozesuetan jantokiko langileen azterketa kontuan hartuko da.

Nafarroako eskola jantokietako langileen %95 emakumeak dira eta batez bertze 12-15 orduko lanaldia egiten dute astean. Horregatik, sinadurak Ana Ollori ere zuzendu zaizkio, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari.

 

 

 

Bilboko udal igerilekuetan sorosleak falta direla ohartarazi dugu

Uda honetan Bilboko udal igerileku irekiak erabiltzen dituzten hiritarrei arreta handia jar dezaten ohartarazteko beharrean gaude. Arazoak egotekotan, udala ez baita erantzule egingo.

Zein bilbotarrek ez du inoiz udako udal igerilekuetan gozatu? Urteko garai honetan ohikoa da familia, talde antolatu zein lagun kuadrillak topatzea erabilgarri dagoen espazio guztia betetzen. Segurtasun neurriak dira, egun horietaz gozatzea ahalbidetzen dutenak.

Tamalez, gero eta zerbitzu publiko gehiago bezala, Bilboko udal kiroldegietako zerbitzua kudeatzen duen enpresa azpikontratatuta dago, kalitatezko zerbitzua ematea eta langile zein erabiltzaileen gutxieneko bermeak exijitu eta lortzea zaildu egiten delarik. Esleipena duen enpresak, GUEDAN Servicios Deportivos S.A.k, azken aldian berriztu du bere kontratua eta honen irauten duen bitartean kostuak murriztea du helburu Bilboko Udalak. Nola eragiten du honek udako igerilekuetan?

Alde batetik, erabiltzaileei ohartarazi behar diegu: laguntzailerik gabe sartzeko gutxieneko adina murriztu egin da, 14 urtetatik 11ra, hain zuzen ere.

Bestalde, Kirol eta Gazte Saileko Delegatua den Oihane Agirregoitia Zinegotziak, kiroldegien inguruko azalpenak emateko egindako agerralditik bi egunetara, nabarmen jaitsi da igerileku irekiak zaintzera zuzendutako sorosle kopurua.

Ez da sorosle taldean harridura sotzen duen ezer, 2015etik daramate borrokan udalak konpromesu sendo bat har dezan segurtasuna eta zaintzarekin. LABetik salaketaz beteriko jarraipena egin zaio, bai Babes Zibilari, kiroldegien edukieraren inguruan; bai Osasun Sailari, sorosle kopuruen inguruan. Horrela, Errekaldeko aforoa 300 pertsona baino gehiagotan murriztu behar izan dute eta 2016ko udaz geroztik sartu eta irteten direnen zenbatekoa kalkulatzen hasi dira. Egun, jarritako zenbatze sistemak ez dira batere fidagarriak; eta tornuen sistema ezarri ordez hau izan da zinegotziaren erantzuna: “aforoaren kontrolari dagokionean jakina da horren inguruko prozedurak aurrera eraman izan direla”. Beharrezkoak diren sorosle kopuruari dagokienez, Hiri Ingurumen Osasun eta Higiene Azpiatalaren gomendioa argia da zentzu honetan, bi sorosle egon behar dira zaintzen momentu oro.

Aurtengo udara arte, gomendioei jarraituz, igerilekuetan 3 sorosle egon dira normalean, jendetza aurreikusten zen kasuetan 4. batek lagunduta. Aurtengo uda bestelakoa izango da, bi sorosle egongo dira soilik, eta hiru jendetza aurreikusten den egunetan. S.O.S.eko langileek zaintzaz haratago doazen funtzioak dituzte (analitikak, sendatzaile, lehen sorospena kiroldegi osoan), beraz ezin dira momentu oro igerilekuan egon. Egoera hau ematen denean sorosle bakarra egongo da,

honen aurrean honakoa dio zinegotziak: “ulergarria da, holako egoera baten aurrean, ezin direla bi txalo eman eta sorosle bat zerutik erortzea”.

S.O.S.eko langileek, euren esperientziatik, euren kezkak adierazteko beharrean daude, ezinezkoa baita aurreikuspenik egitea. Egun oso beroek eta oso jendetsuek ez baitute sarritan bat egiten. Horrez gain, erantzukizun falta larria iruditzen zaigu igerilekuetara laguntzaile nagusi barik sartzeko ezarritako gutxieneko adina.
 

 

 

Velatia taldearen egoitzaren aurrean mobilizatu gara, langileon ahotsa entzun dezaten

0

LAB sindikatuak ordezkaritza eta gehiengoa du Velatia taldeko enpresa batzutan. Hala, elkarretaratze bat egin dugu gaur GOSAko egoitzaren aurrean, Zamudioko Parke Teknologikoan, taldeko lan-egoera salatu eta zuzendaritzarekin bilera eskatzeko.

Jabier Ormazabal Circulo de empresarios Vascos-eko lehendakaria dela eta harrotuta dabilen bitartean, Velatia taldeko enpresetan lan baldintzak okerrera egiten ari dira.
Prekarietatea hedatuz doa lan zentroz lan zentro. Agian, hori da enpresarien helarazi nahi diguten mezua, negozio eredua zehazki hau dela: irabaziak gure lan eskubide eta baldintzen kontura handitzea alegia.

LABek salatu nahi du badela hilabete bai ordezkaritza dugun enpresetan zein hemen bertan, taldeko egoitzan, idatziz Zuzendaritzari bilera eskaera egin geniola.

Bertan lantokietan hedatuz doazen problematikei eta taldeko irizpidea denaren aitzakiarekin bertan konpondu nahi ez duten egoerei irtenbide orokorra bilatzea da gure helburua. Zehazki:

1. Gure lan osasunarekin jolasten ari dira. Minbizia sor dezaketen produktuekin lanean gabiltza produkzioan. Gainera, kezkaz ikusten dugu gure osasun faltarekin egiten den kriminalizazioa Velatiak kontratatutako mutuen partetik.
2. Azpikontratazio politikan sakontzen ari dira, kontratu duala eta Lantegi Batuak-
eko langileak erabiliz gastuak murrizteko eta onartzen ez dugun irizpidean tematzeko: Ez dira berdin ordaintzen ari egindako lan beragatik.
3. Lan baldintzak ere okertzen ari dira. Zukutu nahi gaituzte: gaueko lanaldi amaigabeak, hiru txandetara jartzeak… Hau da saritzen den eta adibide gisa jartzen den enpresa eredua.
4. Arrazoirik gabe hainbat lan eta unitate produktibo kanpora ateratzen ari dira, honen ondorioak ezezagunak izanik langileon etorkizuna zalantzan jarriz.

Gaurkoan, LABeko ordezkaritza Velatia taldeko egoitza aurrean mobilizatu gara gure aldarrikapenak entzun eta aipaturiko arazoak konpontze bidean jartzeko bilera bat edo behar diren guztiak egin ditzagun eskatzeko helburuz.

Ez gaude prest onartzeko langileon aldarrikapenei entzungor egitea. Behar den momentu eta lekuan mobilizatzen jarraituko dugu enpresak ezarritako prekarietate egoerok gainditu arte. Hau hasiera besterik ez da izan.
 

 

 

Nafarroako Metaleko hitzarmen duin baterako aldarrikapenak industrialdeetara eraman ditugu auto karabana batekin

0

Hogei ibilgailu inguruko karabana baten bidez, LAB sindikatuak Landaben, Agustinos, Motxoli eta Ezkirotz industrialdeak eta metaleko enpresa txikien patronalaren egoitza bisitatu ditu gaur, Nafarroako Metaleko hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Geldialdi bakoitzean LABek hitzarmen berrian nahiko lituzkeen aldarrikapenak landu dituzte: azpikontrataturiko enpresen subrogazioa; kontratazio ez baztertzaileak; 35 orduko lanaldia; eta estatalizazioari aurre egiteko beharra.

Auto karabana Nafarroako lantegi handienetik abiatu da, Landaben industrialdeko Volkswagenetik hain zuzen ere. Bertan, Maider Caminosek hartu du hitza, LABeko Industria federazioko Nafarroako arduradunak. Hasteko, Metaleko hitzarmen berriaren negoziazioan patronala eta UGT, CCOO eta ELA sindikatuak jokatzen ari diren papera salatu du Caminosek. Patronala, hitzarmen duin bat lortzeko beharrezkoak diren gaiak mugatu dituelako edo negoziaziotik kanpo utzi dituelako. UGT eta CCOO, hitzarmenak behar duen sakoneko aldaketari muzin egin diotelako eta beren eskakizunak soldata igoera huts batera murriztu dutelako. Eta ELA, sektoreko lehen indarra izan arren, jarrera erabat pasiboa izan duelako.

Hitzarmen berrian sartuko ez dituzten baldintzak zerrendatu ditu Caminosek: “Ez dute malgutasuna murriztu nahi; ez dute lanaldia jaitsi nahi; ez dituzte enplegu duin eta iraunkorra izateko neurriak adostu nahi; ez dute azpikontraten subrogazioa ezarri nahi; ez dute ABLE bidezko kontratazioa bukatu nahi; ez dituzte bazterketarik gabeko kontratazioak bermatzeko neurri demokratikoak ezarri nahi; ez dituzte Industrian emakumeen sarbidea ziurtatzeko eta bultzateko bideak garatu nahi”. Eta “egoera larri hori ikusita”, Caminosek nahitaezkotzat jo du “kalean eta enpresetan borrokatzea lapurtu dizkiguten edo lapurtu nahi dizkiguten eskubideen alde”.

Volkswagen multinazionalarendako lanean ari diren azpikontraten egoera salatu du LABen auto karabanak Landabenen, eta langileek bizi duten ezegonkortasunaren aurrean hitzarmen berriak nahitaez subrogazioa jaso beharko lukeela aldarrikatu. Agustinos industrialdeko Liebherr enpresaren parera, berriz, kontratazio ez baztertzaileen gaineko aldarria eraman dute. Gero, Motxoliko Metronics lantegian 35 orduko lanaldia eskatu dute, ondasuna banatzeko lana banatu behar baita. Ondoren, Ezkirozko BSH-n hemen lan egiten dugun heinean hemen erabaki behar dugula eta beraz bertako negoziazio kolektiboaren garrantzia azpimarratu dute. Bukatzeko, Metaleko enpresa txikien patronalaren egoitzara eraman dituzte aldarrikapen guztiak, 50 langile baino gutxiagoko enpresa gehienek Nafarroako Metaleko hitzamena aplikatzen baitute.

 

 

 

Eta zu izango bazina errefuxiatu?

EKAINAK 20. Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna
Kasu askotan indarkeria matxistatik, behartutako ezkontzetatik, identitate edo joera sexualagatiko mehatxu eta jazarpenetik ihes egin behar dute. Heteropatriarkatuak euren heriotza kondena sinatu duelako.

Potentzia handien diru goseak gerra inperialistak sortzen ditu han-hemen, beste batzuen baliabideak eskilmatzea askoz baliotsuagoa delako eurentzat milioka lagunen bizitzak baino.

Eta zer esan kapitalismo neokolonialaz? Estatu berberek eta euren multinazionalek komunitate osoak botatzen dituzte euren etxeetatik, lurra eta ura pozointzen dute, gosea zabaldu, bertako ekonomia zapuztu eta bizi itxaropenik gabe uzten dituzte gu bezalako langileak, gurea bezalako familiak.

Mendebaldeko Estatuek sortzen dituzten sarraskietatik ihesi datoz errefuxiatuak. Europa ere erruduna da eta, askoz gehiago zor diegun arren, bizimodua berbideratzeko aukera baino ez digute eskatzen.

Ikasketak, lana, karrera profesionala ez ditu inork atzean uzten, munduko beste puntan miseriazko diru laguntza bat jasotzeko. Ez gaitzaten engainatu. Ez gaitzaten jarri elkarri mokoka. Kapitalismo barruan langileok ez gara elkarren etsaiak.

Euskal Herria abegikorra izan da betidanik. Gutako asko migranteen seme-alabak edo ilobak gara. Ez da hain zaila imajinatzen… zu izango bazina? 
 

 

 

Gasteizko kale garbiketako langileek bihar erabakiko dute grebari hasiera ematea ala ez

0

Astebeteko greba iragarrita zuten Gasteizko kale garbiketako langileek, ekainaren 20 eta 26 bitarterako, eta lanuzteen aurretik mobilizazioak ere egin dituzte. Bada, gaur hastekoa zen grebaren atarian, lanuzteen deialdia geratzea erabaki dute langileek, udal gobernuarekin bildu eta honen proposamenak entzun eta gero. Horrenbestez, batzar orokor bat egingo dute bihar langileek, greba bertan behera utzi edo ez erabakitzeko.