2026-06-08
HomeIndustriaMetalgintzaNafarroako Metaleko hitzarmen duin baterako aldarrikapenak industrialdeetara eraman ditugu auto karabana batekin

Nafarroako Metaleko hitzarmen duin baterako aldarrikapenak industrialdeetara eraman ditugu auto karabana batekin

Hogei ibilgailu inguruko karabana baten bidez, LAB sindikatuak Landaben, Agustinos, Motxoli eta Ezkirotz industrialdeak eta metaleko enpresa txikien patronalaren egoitza bisitatu ditu gaur, Nafarroako Metaleko hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Geldialdi bakoitzean LABek hitzarmen berrian nahiko lituzkeen aldarrikapenak landu dituzte: azpikontrataturiko enpresen subrogazioa; kontratazio ez baztertzaileak; 35 orduko lanaldia; eta estatalizazioari aurre egiteko beharra.

Auto karabana Nafarroako lantegi handienetik abiatu da, Landaben industrialdeko Volkswagenetik hain zuzen ere. Bertan, Maider Caminosek hartu du hitza, LABeko Industria federazioko Nafarroako arduradunak. Hasteko, Metaleko hitzarmen berriaren negoziazioan patronala eta UGT, CCOO eta ELA sindikatuak jokatzen ari diren papera salatu du Caminosek. Patronala, hitzarmen duin bat lortzeko beharrezkoak diren gaiak mugatu dituelako edo negoziaziotik kanpo utzi dituelako. UGT eta CCOO, hitzarmenak behar duen sakoneko aldaketari muzin egin diotelako eta beren eskakizunak soldata igoera huts batera murriztu dutelako. Eta ELA, sektoreko lehen indarra izan arren, jarrera erabat pasiboa izan duelako.

Hitzarmen berrian sartuko ez dituzten baldintzak zerrendatu ditu Caminosek: “Ez dute malgutasuna murriztu nahi; ez dute lanaldia jaitsi nahi; ez dituzte enplegu duin eta iraunkorra izateko neurriak adostu nahi; ez dute azpikontraten subrogazioa ezarri nahi; ez dute ABLE bidezko kontratazioa bukatu nahi; ez dituzte bazterketarik gabeko kontratazioak bermatzeko neurri demokratikoak ezarri nahi; ez dituzte Industrian emakumeen sarbidea ziurtatzeko eta bultzateko bideak garatu nahi”. Eta “egoera larri hori ikusita”, Caminosek nahitaezkotzat jo du “kalean eta enpresetan borrokatzea lapurtu dizkiguten edo lapurtu nahi dizkiguten eskubideen alde”.

Volkswagen multinazionalarendako lanean ari diren azpikontraten egoera salatu du LABen auto karabanak Landabenen, eta langileek bizi duten ezegonkortasunaren aurrean hitzarmen berriak nahitaez subrogazioa jaso beharko lukeela aldarrikatu. Agustinos industrialdeko Liebherr enpresaren parera, berriz, kontratazio ez baztertzaileen gaineko aldarria eraman dute. Gero, Motxoliko Metronics lantegian 35 orduko lanaldia eskatu dute, ondasuna banatzeko lana banatu behar baita. Ondoren, Ezkirozko BSH-n hemen lan egiten dugun heinean hemen erabaki behar dugula eta beraz bertako negoziazio kolektiboaren garrantzia azpimarratu dute. Bukatzeko, Metaleko enpresa txikien patronalaren egoitzara eraman dituzte aldarrikapen guztiak, 50 langile baino gutxiagoko enpresa gehienek Nafarroako Metaleko hitzamena aplikatzen baitute.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Maderas de Llodioko langileek enpresaren azken proposamena onartzea erabaki dute eta gatazkaren amaierari bidea ireki diote

Asanbladan hartutako erabakia 260 egunetik gorako greba eta mobilizazioari eutsi ondoren iritsi da. Maderas de Llodioko Enpresa Batzordeak jakinarazi nahi du gaur egindako asanbladaren ondoren...

LABek hurrengo Metalgintzaren Hitzarmenaren alde borrokatzeko konpromisoa berretsi du

Metalgintzako ordezkarien gaurko batzarrean autua hartu dugu edukiz guztiz hustutzen ari diren Nafarroako Metalgintzako Hitzarmena iraultzeko, are gehiago UGT eta CCOO sindikatuek duela aste...

Sinatu Kubaren alde

Kubarekin elkartasunez, mundu mailako kanpaina internazionalista abiatu du Munduko Federazio Sindikalak, ahalik eta sinadura gehien lortzeko asmoz. https://firmoporcuba.com/ estekaren bidez eman daiteke atxikipena. LAB parte...