2026-02-16
Blog Page 800

Grebara deitu dugu Tubacex-en

0
24 orduko lanuztea egingo dugu ostiralean; elkarretaratze bat egingo dugu, 12:00etan, Laudion, enpresaren bulegoen aurrean.

Langilegoak martxoaren 22an burututako bozketan parte hartu eta gero, gehiengoak hitzarmenerako akordioari EZezkoa eman zion. Orduan, STAT, USO eta LABek premiazko bilera bat eskatu genion Zuzendaritzari, hobekuntzak aurkeztuz eta ordurarte landu ez ziren gaiak jorratuz, aurrera egiteko nahiarekin. STAT, USO eta LABek eskatu izan ez bagenu ez litzateke bilera burutuko, Zuzendaritzak ez bait zuen intentziorik.

Bilera horretan Zuzendaritzak negoziaketekin jarraitzeari uko egin zion eta gainera akordioa onartzeko emandako ultimatuma mantentzen zuen.

STAT, USO eta LAB azkenengo unera arte negoziatzen saiatu ginen, baina Zuzendaritzak darabilen jarrera dela medio eta honaino iritsi eta gero, neurri zorrotzagoak hartzera behartuak aurkitu gara. Neurri hauek ez dira inoren gustoko, baina lan baldintzek jasan duten atzerakada dela eta, langilegoak garrantzia ematen dien gaiak jorratzeko aukera bakarra greba da. Gehitu behar dugu greba ekiditeko giltza eta irtenbidea Zuzendaritzak daukala.

STAT, USO eta LAB ezinbesteko garrantzia duten gaiak jorratzeko eseri nahi dugu negoziatzera, hala nola:

• Egun arrosak
• 2.7 artikulua
• KPI negatibotik babestu
• Mugikortasuna erregulatu
• Aintzinatasunaren defentsa, bai promozioetan eta baita finkotasunetan ere
• Ebentualentzat enplegu duina, gutxieneko iraupena kontratuetan, irizpide objektiboak kontratazioetan.
 

 

 

Abrasivos Texajax enpresak emakumeak diskriminatzen dituela salatu dugu epaitegien aurrean

Epaiketa egin dute gaur Bilbon, amatasun baimena hartu zuen langile batek jarritako salaketa dela eta.

Bere egunean Zornotzako Texajax enpresak debekatu egin zion langile bati, haurdun geratu zenean, haurdunaldi arriskutsu bat zeukan jakiteko burutu beharreko frogak egitea.

Amatasun baimena eta gero, enpresara bueltatu zenean, bertako jabeak, Juan Carlos Zarandona Esquibelek, bera kaleratzeko zuen asmoa eta beragan zeukan konfiantza galdu egin zuela azaldu zion, eta hori dena ama izateko eskubidea aldarrikatzeagatik eta bere lanpostua defendatzeagatik. Gainera, hori gutxi ez balitz, kaleratzea honela justifikatu nahi dute: bere ordez egon den pertsonak, gizon batek, askoz ere asti gehiago izango duela lanari eskaintzeko, ez baititu fabrikako lana eta seme-alaben zaintza lana uztartu beharko.

Hala ere, langileak ama izateko eskubidea eta bere lanera bueltatzeko aukera egikaritu zituen, eta enpresaren erantzuna ondorengoa izan zen: langilea gutxiestea, mobbing-a egitea, lehen egiten zituen funtzioak kenduz eta lan egiten zuen bulegotik botaz bakarrik dagoen gela batera baztertuz. Eta hori, zertarako? Bera izan dadin lana uzten duena, enpresaren aurka etorkizunean ezarri daitezkeen salaketa zein erreklamazioak ekiditeko asmoz.

Gaur egin da epaiketa, eta LABek elkarretaratzea egin du langilea babesteko eta emakumeek jazaten duten diskriminazioaren kontrako neurriak eskatzeko.

Egun, horrelako diskriminazioak zigortzen
dituzten legeak existitzen diren arren, errealitateak erakusten digu ama izateko aukera egikaritzen duten emakume asko kaleratuak izaten direla.

Ez daukagu zalantzarik egoera hau instituzioen borondate politiko faltak ahalbidetzen duela; izan ere, horrelako gertakizunen aurrean paso egiten dute eta ez dute neurririk hartzen diskriminazio mota horiek egi- karitzen dituzten enpresen aurka. Guk, aldiz, argi daukagu: mobilizatzen eta salatzen jarraituko dugu, arazo larri hau desagertzen den arte.

LAB sindikatukook emakumeenganako eraso guzti hauen aurka borrokan jarraituko dugula garbi daukagu, eta Zornotzako bizilagunei gonbita luzatu nahi diegu langi-le honen egoera salatzeko deituko diren mobilizazio ezberdinetan parte hartzeko, enpresaren jarrera onartezina dela erakutsi nahi dugulako eta langileari gure elkartasuna adierazi nahi diogulako.

Zentzu honetan, mugimendu feministak deituta, elkarretaratze bat egingo dute apirilaren 14an, 12:00etan, Zornotzako udaletxe aurrean.
 

 

 

Aoizko Siemens-Gamesako langileek elkarretaratze bat egin dute hitzarmenaren negoziazioaren blokeoaren kontra

0

Salatzen dute enpresaren eskaintza lanaldi eta soldatari dagokionez ez dela nahikoa.

Siemens-Gamesak Aoizen duen lantokiko langileek kontzentrazioa egin dute gaur hitzarmenaren negoziazioan dagoen blokeoa salatzeko. Pasa den ekainean Enpresa-batzordeak eta Zuzendaritzak bilerak berrartu zituen greba mugagaberako deialdia bertan behera geratu zen, lantokiko lan-baldintzak arautuko zituen hitzarmen propioaren negoziazioan aurrera egiteko helburuarekin. Ordutik hona, hainbat bilera egin da eta aurrerakada batzuk eman diren arren, Batzordearen iritziz lortutakoa ez da nahikoa eta enpresa ohartarazten du lanaldia eta soldataren inguruan mugimendurik ez badago, aurrera jarraituko dutela mobilizazioekin.

Agoitzeko langokian egindako kontzentrazioa lehenengoa da negoziazioan emandako blokeo berriaren ondoren. Enpresa-batzordeak eta langileek ulertzen dute enpresak nekez aldatu duela bere jarrera pasa den urtarrilaren 25ean negoziazioa berrartu zenetik. Egun horretako aktan, sindikatu eta enpresak konpromiso bat onartu zuten: batzordeak bertan behera uzten zuen greba deialdia hitzarmen blindatu eta indarraldi mugagabea izango zuenaren negoziazioa hasteko. Langileen ordezkariek ulertzen dute euren zatia bete dutela, greba bertan behera utzi dutelako baina enpresari leporatzen diote ez duela berdina egin. “Ostiral gau, larunbata eta igandeetan lana araututa utzi nahi du, hori baita benetan interesatzen zaiona eta ez du ia ezer eskaintzen lanaldia, soldata edo hobekuntza sozialei dagokienez. Zentzu honetan, Batzordeak ulertzen du enpresak aukera duela eta oroitarazten dute Agoitzeko lanaldia, kimiketako estatu mailako hitzarmenak jasotzen dituen 1.752 orduekin, altuenetakoa dela eta sektoreko beste enpresa batzuenaren gainetik dagoela.

Hori dela eta, Enpresa-batzordeak asanblada informatiboak egin zituen pasa den apirilaren 5ean eta langileen babesarekin, erabaki du mobilizazioei ekitea enpresari negoziazioetan duen jarrera birplanteatzea eskatzetko eta soldata eta lanaldiari dagokionez eskaintza “serioa” egiteko. Bihar (apirilak 11) eta ostiralean (apirilak 13) kontzentrazioa egingo dute berriro negoziazioan aurrerapenik ez badago.
 

 

 

Enpresarien ordezkaritza egiaztatzeko prozedura bat ezartzea eskatu dugu Gipuzkoako eraikuntzako bileran

0

Patronalen arteko liskarrak arriskuan jartzen du hitzarmenaren negoziaketa.

Patronal ezberdinek ordezkaritzagatik dituzten liskarrak Gipuzkoako hainbat hitzarmenen negoziazioak blokeatzen ari dira negoziazio mahaia eratu ezinik, esate baterako, bulego eta langeletan, elikagaigintzaren merkataritzan eta, gaur arte, eraikuntzan. Beste hitzarmen batean, ehunaren merkataritzako sektorean, Garen enpresari elkartearen eta sindikatuen arteko akordioa inpugnatu berri du Adegi patronalak.

LABen ustez, egoera hau oso larria eta onartezina da. Hau dela eta, elkarretaratze bat egin dugu gaur Donostian, Lan Harremanetarako kontseiluaren egoitzaren aurrean, Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren negoziazio mahaia eratzeko bilera zela eta.

Bilerari dagokionez, Eraikuntza sektoreko Gipuzkoako negoziaketa mahaia eratzeko hirugarren saiakera izan da gaurkoa. Gaur, berriro ere, ADEGI eta GAREN patronalen arteko liskarra errepikatu da, sektorean duten ordezkaritza mailaren inguruan. ADEGIk, orain arteko jarrera aldatu du, eta negoziazketa mahaia osatzearen aldeko jarrera hartu du, baina argudiatuz sektore osoaren ordezkaritza berak duela, eta hortaz, GAREN patronala kanporatu nahi izan du negoziaketa mahaitik. Honen ondorioz, ELAren aldeko jarrerarekin, negoziaketa mahaia eratu da.

GARENek, bere aldetik, enpresen %30a ordezkatzen duela jakinarazi du. Horren ondorioz, gaurko mahai osaketari helegitea auirkeztuko diola jakinarazi du, eta hortaz, ziurgabetasuna da nagusi egon litezkeen negoziaketen inguruan. LABek, bilera aurrretik, kontzentrazio batean patronalak negoziaketa kolektiboari egiten dion boikota salatu du. Esan bezala, ez da eraikuntzan soilik ematen den zerbait, estrategia bat dago.

LABek enpresarien ordezkaritza egiaztatzeko prozedura bat ezartzea eskatu du gaurko bileran, eta aurrera egin eta hitzarmenen negoziaketak desblokeatzeko beharra aldarrikatu du. Hurrengo bilera apirilaren 20an izango da. Sindikatuen aldetik, sektoreko ordezkaritza ondorengoa da: ELA: %59,60, LAB: %25,17, CCOO: %9,27 eta UGT: %5,96. Patronalaren argitzeke dago.

 

 

 

Kalera ateratzeko deia egin dugu Brasilgo demokrazia eta Lula da Silvaren askatasunaren alde

0

LABek, Sortuk eta Askapenak atxiloketaren atzean dagoen estrategia salatu dugu Bilbon, Brasilgo kontsulatuaren aurrean.

Gaur eguerdian LAB, Sortuko eta Askapenako ordezkaritza batek Lula da Silvaren aurkako jazarpena eta asteburu honetan eman den atxiloketa salatu dugu Brasilek Bilbon daukan kontsulatuan, idatzi bat erregistratuz.

Ekimen honek helburu bikoitza zuen. Alde batetik aipaturiko jazarpen mediatiko, politiko-poliziala salatzea, eta beste aldetik Lula da Silvari eta Brasilgo herriari momentu zail hauetan gure elkartasuna adieraztea.

Gure iritziz gertakari hauen atzean estrategia garbi dago. Datorren urrian Brasilen egingo diren hauteskundeei begira Lula da Silvak garaile ateratzeko aukera asko dituela, kosta ala kosta hauteskunde lehiatik kanpo nahi dute, Dilma Rousseff-en aurkako impeachment-arekin hasi zuten kontra-erreforma neo-liberalarekin jarraitu ahal izateko.

Estrategia hau demokraziaren kontrako eraso garbi bat da, azken finean faltsua den balizko ustelkeria delitu bat aurpegiratuta eta eskura dituzten komunikabideen boterea erabiliz urriko hauteskundeetarako hautagaitza bertan behera utzi nahi dutelako. Hau da, hauteskunde prozesua manipulatu egin nahi dute argi eta garbi.

Salaketa hau egiten dugunok demokrazia defendatzen dugu, eta beraz Lula da Silvak Urriko hauteskundeetan eskubide osoz bere burua aurkeztea defendatzen dugu. Brasilgo herriak izan behar du bere ordezkariak hautatu behar dituena, inolako injerentzia politikorik gabe.

 

 

 

Altsasuko gazteen kasuan terrorismo-delituaren kalifikazio penalaren deuseztatzea eskatu dugu hainbat sindikatuk

0

LAB, CCOO, ELA, ESK, CGT, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuok adierazpen bat sinatu dugu.

LAB, CCOO, ELA, ESK, CGT, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuok 2016ko urriaren 15eko goizaldean, Altsasuko taberna batean gertaeraren ondorioz zortzi gazteei terrorismo delitu egotzi izanari buruzko ondoko deklarazioa egin nahi dugu.

Elkarbizitza, askatasuna, justiziarekiko konpromisoa eta giza-eskubideekiko errespetua eta Zuzenbidezko Estatu Demokratikoa osatu behar dituen printzipioak aintzat hartuz, kasu honen inguruan garatzen ari diren gertakarien aurrean gure kezka adierazi nahi dugu.

Juridikoki, gogora ekartzen dugu 2017ko martxoaren 23ko bere Autoan Nafarroako Entzutegi Probintzialak ondorioztatu duena: legeak ezartzen dituen betekizunak betetzen ez badira, “ez dela ustezko terrorismo-delitua leporatzeko zantzurik aurkitu” eta, beraz, gertaerak Nafarroan instruitu behar direla. Terrorismo-delituak delitu larria gertatu izana eskatzen du, bost urte baino gehiagoko espetxe-zigorrei lotuta. Entzutegi Probintzialak “ez gaude Zigor-Kodearen 147. eta 148. artikuluetan biltzen den emaitza kaltegarria gainditzen duten delituen aurrean”. Halaber, aipatutako Autoan Foruzaintzak eta Goardia Zibilak egindako txostenetan baztertzen dute gertakariak terrorismo delitutzat jotzea.

Terrorismotzat jotako gertakarien kalifikazioari, 375 urte batzen dituzten 12 eta 62 espetxe zigorren eskaerari eta duela 16 hilabete presoaldi prebentiboan dauden hiru gazteen egoerari gure errefusa adierazten dugu. Gertakariei ezarritako kalifikazio penalaren desegokitasunak, leporatze horiek eutsi ahal izateko behar diren betebehar juridikoak ez betetzeak, proportzionaltasun-faltak eta tipo penalen interpretazio hedakorrek pertsona guztiak babestu behar gaituzten askatasunak berme prozesalak eta segurtasun juridikoa urratzen dute, Instantzia batzuk salatu duten moduan, besteak beste, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideko Relatore batzuek, “Fair Trials” eta “Amnistia Internazional” erakundeek.

Honengatik guztiarengatik, zera eskatzen dugu:

• Errugabetasunaren-presuntzio, defentsarako eskubidearekiko urraketarik gabeko epaiketa justuaren eskubide eta epaile naturalaren eskubidearekiko errespetua.
• Terrorismo-delituaren kalifikazio penalaren deuseztatzea, presoaldi prebentiboko kautelazko neurriak kentzea eta kasu honen instrukzioa Nafarroako Auzitegietara itzultzea.

 

 

 

Hezkuntza estatus politikoari buruzko eztabaidan kokatu beharreko gaia da

0

LABek ezezkoa emango dio Jaurlaritzaren Hezkuntza Itunerako proposamenari ez delako izan herri honek behar duen gogoeta estrategikorik.

 

EAEko Hezkuntza Sailak aurkeztu duen Hezkuntza Itun proposamenaren irakurketa egin du LABek, herri eta klase zapalduaren ikuspegitik, Euskal Herri Langilearen ikuspegitik. Igor Arroyo LABeko Idazkari nagusi ondokoak, Maider Izagirre Irakaskuntzako arduradunak eta Ibai Redondo Hezkuntza Politikako arduradunak hartu dute hitza Bilbon egindako agerraldian.

LABen ustez, Jaurlaritzaren proposamenak zoritxarrez ez du balio herri gisa ditugun erronka sozial eta nazionalei aurre egiteko; ez du balio bizi dugun menpekotasunetik askatzeko. EAErako kalitatezko hezkuntza euskalduna lortzeko, egun dagoenaren erroko aldaketa bat behar da eta Jaurlaritzak planteatu duenak partxeotik du gehiago. Horregatik aurreratu nahi dugu, asteazkenean Euskadiko Eskola Kontseiluak egingo duen bileran, LABek mahai gainean dagoen Itun Proposamenari ezetz esango diola. Baina aldi berean, alternatiba sendo bat aurkezten dugu.

EZETZAREN ARRAZOIAK
Ezetza laburbiltzen duen 5 arrazoi nagusi ditugu: metodologia desegokia, murgiltze ereduaren aldeko apusturik eza, inklusiorako apustu sendorik ez dago, autonomian sakontzeko bermerik ere ez eta esaten den guztia praktikara eramateko aurrekontuan aldaketarik egitea ez da aurrikusten. Azkenik, guztia laburbiltzen duen eta errokoa den gabezia nagusi bat du, Espainiarekiko dependentzia iraunaraztera bideratutako proposamena da.

Metodologia. Eusko Jaurlaritzaren neurrira egindako prozesua da, helburu mediatikoak lehenesten dituena. Bileretara joateko deialdia jaso eta bileretan bertan ezagutu ditugu eragileok prozesuaren inguruko informazioa eta edukia, ekarpenak egin eta iritziak emateko ia tarterik gabe. Bileretan medioak sartu argazkia atera eta bertan geunden eragileok proposamena babesten dugula saltzen saiatu da Jaurlaritza. Hau gutxi balitz, hainbat gairen inguruan LABek gutun bidez eskatutako argibideek ez dute kortesiazko erantzunik ere jaso. Zehatzago, Euskal Curriculuma eta Hezkidetzaren gaiak ez dira proposamenean ageri, honen inguruko azalpenak gutunez eskatu eta ez dugu erantzunik jaso. Etorkizuneko zein hezkuntza sistema eraikiko dugu Euskal Curriculumik gabe? Nola eraldatuko dugu jendarte matxista hezkuntza hezkidetzailea ez bada lehentasuna?

Espainiarekiko menpekotasuna. Catalunyan 155.artikuluaren bidez murgiltze eredua desegiten saiatzen ari diren bezala, Hego Euskal Herriko eskoletan zer eta nola ikasi behar den kontrolatzen ari dira Espainiar Curriculuma eta errebalida berriak inposatuz, besteak beste. Zoritxarrez Jaurlaritzaren proposamenak Madriletik datozen inposaketak onartzen ditu, Curriculum Espainiarraz gain, errebalidak eta selektibitatea ontzat jotzen ditu eta hauek gure ikastetxeetan inposatzen saiatzen ari da. LOMCE eta Espainiako Hezkuntza Legeen onarpenarekin,ezinezkoa den enkajea bilatzen du. Ezinezkoa diogu, planteatutako proposamena eskaxa izanik ere, ez delako inposatutako markoan sartzen. Adibide bat ematearren, nola eraiki proposamenean ageri den Ebaluazio Agentzia Propioa Espaniako errebalidak eta selektibitatea inposatzen diren bitartean? Ganorazko hezkuntza sistema bat nahi badugu Madrilekiko menpekotasuna hautsi, beste herrialde batzutatik ikasi eta hezkuntza komunitatearen parte hartzearekin bertan hartu behar ditugu erabakiak.

Hizkuntza. Ikasturte hasieran, Kontseiluaren babespean Hezkuntza Komunitateko eragile nagusiek eta gehiengo sindikalak eskari bat egin genion Hezkuntza Sailari: murgiltze eredua ezartzea. Ikerketa guztiek argi erakusten dutenez, Hezkuntza Sailarenak barne, Euskal Herrian euskara eta gaztelera ezagutzea bermatzen duen eredu bakarra D eredua da.Horregatik, D ereduan oinarritutako murgiltze eredua unibertsalizatzea premiazkoa da. Zentzu honetan, izugarrizko kontraesana ikusten dugu helburu eta bitartekoen artean. Batetik, derrigorrezko hezkuntza bukatzean B2 maila eskuratzea ezartzea helburu gisa du Jaurlaritzaren proposamenak…eta ados gaude. Baina nola lortu zaharra den helburu hau, hizkuntza ereduen politika gainditu gabe?

Inklusioa eta baliabideak. UNESCOk Hezkuntzarako proposatzen duen gutxieneko aurrekontua BPGren %6 den bitartean, EAEn %3,8 soilik bideratzen da hezkuntzara . Dokumentuak, hezkuntzaren egoera kaxkarraren ardura nagusia behin eta berriz irakasleen gainean jartzen du eta hori ez da onargarria. Ardura osoa, administrazioarena da, ez duelako hezkuntzaren aldeko benetako apusturik egiten, ez lege aldetik, ez formakuntza, ezta baliabideen aldetik ere. Hala, aberats eta pobreen arteko arrakala handitzen ari da, segregazio egoerak areagotu eta larriagotzen ari diren bitartean, Hezkuntza Sailak ez du neurri eraginkorrik proposatzen egoera konpontzeko. Are eta gehiago, gure ustez, eskubiaren hezkuntza politikaren parte da zatiketak areagotzea, aberatsen seme-alabentzat pentsatutako ikastetxeak eta pobreentzako eskolak egotea ongi plangintzatutako politika baten ondorio da. Aniztasuna balorean jarri behar dela esatea polit gelditzen da, baina, hitz politak neurririk gabe hitz ustelak dira, segregazioa gainditzeko neurri inklusibo ausartak urgenteak dira.

Autonomia eta parte hartzea. Jaurlaritzak ikastetxeen autonomia faltaren inguruan egindako autokritika norabide onean doala uste dugu. Hala, ikastetxeei autonomia gehiago ematea begi onez ikusten dugu, kudeaketan, proiektu pedagogikoan eta baita irakasleen perfilak eskatu zein kontratazioak egiteko ere (gardentasunez, komunitatearen parte hartzearekin eta administrazioaren kontrolarekin). Baina, autonomian sakontzea eta baliabideak eskaintzea (bereziki egoera ahulenean dauden ikastetxeei) txapon beraren bi aldeak izan behar dira, bestela, ikastetxeen arteko arrakalak handitzeko arriskua dago. Era berean, autonomian sakontzea ez da eredu gerentzialistatik etorriko, kontrara, hezkuntza komunitatearen parte hartzean oinarritu behar dela deritzogu. Herri Hezitzaileen norabidean bidea eginez, hezkuntza komunitatea eta herria ikastetxeko hezkuntza proiektuan inplikatuz.

ALTERNATIBA
LABek EAErako proposatutako erreformari ezetza esateaz gain, alternatiba sendoa plazaratu nahi du gaurko agerraldi honen bidez eta aurreratzen dugu dagoeneko Euskadiko Eskola Kontseiluaren eskuetan dagoela proposamena, asteazkenean bertan egingo den lan saioan berau izango delarik gure erreferentzia.

Gure alternatibak 15 ardatz nagusi jasotzen ditu eta berauek garatzeko 54 neurri zehatz. Ardatz eta neurri hauek gure herriak behar duen Hezkutza Sistema Burujabea Publiko eta komunitarioa eraikitzea ziurtatzen dute.Ondokoak dira alterntibaren 15 ardatzak:

• Inklusiorako plan integrala. Eskola inklusiboa. Aniztasuna balorean jarri, segregazioak ( jatorria, hizkuntzak, sexua) gainditzeko neurri eraginkorrak hartuaz.
• Euskal Curriculuma. Biharko Euskal Herria eraikitzeko tresna baliogarria dela deritzogulako. Euskal Curriculumaren eguneratze eta aplikazioa sistema osoan. Euskal Curriculuma oinarrizkoa eta komuna abiapuntu.
• Hezkidetza plana. Parekidetasunean oinarritutako Euskal Herria sortzen laguntzeko plan integrala, mugimendu feministarekin elkarlanean eraikia.
• Ikuspegi eta pentsamendu propioa. Autoeraketa, jakintza unibertsala ikuspegi lokaletik.
• Pedagogia askatzailea eta eraldatzailea. Ez soilik duguna birsortzeko biharkoa eraikitzeko baizik. Pertsona aske eta kritikoak, ingurumena zaindu, jendartea ezagutu eta eraldatzeko ikasle zoriontsuak heztea helburu. Irakasle eskolen berrantolaketa.
• Murgiltze eredua. Ikasle euskaldun eleanitzak heziko dituen murgiltze eredua ezarri sistema osoan, euskararen normalizaziorako hizkuntza ereduak gaindituz. Kontseiluaren Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen dokumentua ardatz.
• Finantziazioa BPGren %6. Hezkuntzaren finantziazioa, publikoa ardatz UNESCOk planteatutako BPGren %6 gutxienez. Kalitatezko hezkuntza publiko-herritarrerako trantsiziorako gutxieneko neurri ekonomiko gisa.
• Publikotasuna. Euskal Publikotasuna adostu. Hezkuntza eskubideak eta burujabetzan oinarritutako publikotasun berrian eskola eta ikastetxe sare berriak adostasunez integratu.
• Autonomia erreala. Eskolen autonomia erreala: kudeaketa parte hartzailea, kontratazio eredu mixtoa (eskola-administrazioa) eta ikastetxeko hezkuntza proiektu propioan oinarritua. Baliabide askirekin lagundua.
• Jangeletako eredu berri baterantz. Jangela eredu hezitzaile eta osasungarria.
• Ebaluazioa hezitzailea. Ikaslea erdigunean, autoebaluazio eta koebaluazioan oinarritutako eredu berria.Hezkuntza komunitatearen parte hartzearekin egindakoa eta hobekuntzara bideratua. Ikuspegi merkantilista eta fiskalizatzailea baztertuz.
• Haur Hezkuntza. Pertsonaren garapenerako etapa garrantzitsuena dela aitortu. Haur hezkuntza hezitzailea, euskalduna, publikoa eta doakoa izateko neurriak.
• Goi Hezkuntza sistema propioa. Unibertsitate Sistema eta Lanbide Heziketa propioa. Euskal Herriaren bizi iraupen eta garapenera bideratua, jendarte eta langile klasearen zerbitzura egongo dena.
• Lan baldintza duinak. Plantilla handitu, egonkortu, formatu eta ratioak txikitu. Bajak ez zigortu, erretiroa aurreratu eta soldatak eguneratu/ekiparatu.
• Burujabetza. Hezkuntzan autogobernu osoa, konpetentzia guztiak, hezkuntza burujabea eta ikuspegi nazionala izango duena.

LABen JARRERA
Esan bezala, mahai gainean dugun proposamena eskaxa, kontraesanez betea eta neurri zehatzik gabea iruditzen zaigu, beraz, ez dugu babesten. Baina, alternatiba sendoa eta neurri zehatzak jasotzen dituena eratu dugu. Proposamena Eskola Kontseilura eramango dugu asteazkenean, lan egingo dugu gune horretan gure proposamena ezagutarazteko eta gainontzeko eragileen ekarpenekin batera Jaurlaritzaren egungo proposamena errotik aldatzeko. Honetaz gain, Euskal Herriko ikastetxe guztietan lege inposatuen gainetik Hezkuntza Burujabea Iruten jarraitzen dugu

 

 

 

Bulego eta langeletako langileen borroka ardatz izango du Bulegune ekimenak

Hitzarmen duinaren aldeko borrokan murgilduta daude Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileak. Bada, gaur, bulegune ekimena aurkeztu dute, apirilaren 25 eta 26rako deitutako bi greba egunak gauzatu arte egongo dena Bilboko Arriaga plazan. Langileen borroka ezagutarazi eta zabaltzea izango da Buleguneren helburua.

Bulegunea “haima” bat izango da, Bizkaiko Bulego eta Langeletako hitzarmenaren aldeko borrokaren erdigunea bilakatu nahi dute. Eta egitarau oparoa antolatu dute honetarako, non musika, informazioa, sinadura bilketa, aldarrikapenak, kafe tertuliak, etb ez diren faltako. Honetaz gain, borroka ezberdinen topalekua izatea ere nahi dute.

Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileen borroka eta aldarrikapenak ezagutarazi nahi dituzte Bulegunearen bidez."Bulego eta langeletako langileak gizartearentzat funtsezkoak diren zerbitzu askoren atzean gaude, eta Bizkaiko patronalak euren poltsikoa betetzen jarraitzen duten bitartean, gure lan baldintzak okerrerantz joan dira azken urte luze hauetan. Izan ere, Patronala gure lan baldintzak kaskartzearen truke bete ditu poltsikoak", adierazi dute gaurko agerraldian.

Langileen hitzetan, "Bizkaiko bazter guztietara zabaldu nahi dugu hitzarmen duin baten aldeko aldarria, gure antzinatasuna eta gutxiengo bermearen aldeko aldarria, alegia. Bide honetan, lantoki ezberdinetan egiten ari garen borroka eredugarria izaten ari da, hau baita patronal garratz eta diruzalea garaitzeko modu bakarra, borrokatzea. Gure buleguneak bultzatuko gaitu grebetara, konplexu barik eta ausardiaz. Ez dugu utziko lurraldearen bazter bakar bat ere gure aldarrikapenez buzti barik". 

Apirilaren 9tik aurrera, egunero, gosaldu, bazkaldu eta afalduko dute borroka; horregatik Bulegunea ez da bakarrik Arriagan egongo. Lantokiek bere biziko garrantzia dute borroka honetan, eta horregatik beste Bulegune ibiltari bat han-hemenka arituko da, Bizkaia osoan zehar, sektoreko enpresetan zehar, hitzarmen duin baten aldeko atxikimenduak batzen: "CEBEK-i argi eta garbi esango diogu antzinatasuna eta gutxiengo bermea ukaezinak direla eta hitzarmen duin baten alde borrokatzeko prest gaudela".

Gonbidatuak, esperientziak trukatzeko
Beste sektoretako jendea ere gonbidatuko dute Bulegunera; baita eragile sozial eta politikoak ere. Eremu ezberdinetan aurrera eraman diren borroka anitzak azalduko dituzte bertaratuko direnek, izandako lorpenak eta esperientziak, eta borrokaren balioaren inguruan ere arituko dira guztiak.

Lan aholkularitza ere izango dute bertan; enpresetan ematen diren hainbat egoeren inguruko zalantzak argitzeko aukera egongo da.

Besteak beste, honako ekitaldiak egingo dituzte:

• Apirilak 10, 12:00etan: Pentsiodunen mugimenduak parte hartuko du. Pentsioen aldeko borrokaren berri emango dute, gaurko egoera nola ikusten duten ere azalduko dute.
• Apirilak 11 eta 18, 12:00etan: Ordezkarien elkarretaratzeak egingo dituzte.
• Apirilak 12, 18:00etan: Hitzarmenaren aldeko poteoa egingo dute.
• Apirilak 13, 12:00etan: Gazte Mugimenduko kide ezberdinak gonbidatuko dituzte.
• Apirilak 16, 12:00etan: Alderdi politikoak gonbidatuko dituzte, gaur egungo Bizkaiko langileriaren egoera sozio-laboralari buruzko iritzia adieraz dezaten.
• Apirilak 17, 12:00etan: Mugimendu feministako kideak bertaratuko dira, borroka feministaren garapenaren eta lorpenen inguruan hitz egitera.
• Apirilak 19, arratsaldeko 18:00etan: Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmenaren aldeko Mosaiko Logoa egingo dute.
• Apirilak 20, 12:00etan: Sindikatu ezberdinen arteko solasaldia egingo dute, egungo lan egoeraren eta Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmena lortzeko borrokaren inguruko hausnarketak partekatuz.
• Apirilak 23, 12:00etan: liburu-egunaren harira, ekitaldi berezi bat egingo dute.

 

 

 

Productos Tubulareseko langileek aurrera jarraitzen dute protestekin

0

Mobilizazioen egutegi bat adostuko dute gaur.

Trapagarango Productos Tubulareseko langileek manifestazio jendetsu bat egin zuten larunbatean, Sestaon, astean zehar egindako mobilizazioen osagarri. Ildo honetan, Tubos Reunidos taldearen egoitzaren aurrean joan den astean egindako protesta zaratasuaren kontra egin du enpresak, eta salaketa jarri du.

Langileek mobilizazioen egutegi bat adostuko dute gaur. Bitartean, infogune bat egokitu dute Sestaon, Kasko plazan, euren lan gatazkaren berri emateko.