2025-12-23
Blog Page 80

Dei egiten dugu bihar Sarek Bilbon deitu duen mobilizazioan parte hartzera

17:00etan La Casillatik abiatuko den manifestazioan izango da Igor Arroyo koordinatzaile orokorra buru izango duen LABen ordezkaritza zabala.

Euskal Herriak gatazkaren konponbide bidezko eta demokratikoa behar duela uste dugu LABen. Honekin lotuta, preso, iheslari eta deportatuek behingoz etxean egon behar dutela ere uste dugu, horixe baita bakerantz eta elkarbizitza bidezko eta demokratikorantz aurrera egiteko bidea.

LABen ustez, beharrezkoa da urratsak ematen jarraitzea euskal preso politikoei ezartzen zaizkie salbuespen neurriak gainditzeko. Orain arte egindako mobilizazioari esker lortu baita orain arte eman diren urratsak ematea, baina oraindik badaude gainditu beharreko oztopoak. Era berean, preso ohiek lanerako sarbidea eta pentsioa eskuratzeko aukera izateko neurriak beharrezkoak dira.

Horrela, LABek dei egiten die langileei bihar Sarek Bilbon, “Behin betiko” lemapean egingo duen manifestazioan parte hartzera.

Baskonia-Alavesek bermatu behar du bere obretan ari diren langileak lanetik etxera osasuntsu eta bizirik bueltatzea

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen, Baskonia-Alavesen dendaren aurrean, urteko lehen lan heriotza salatzeko. Urtarrilaren 7an, Baskonia-Alavesen obra batzuetan lanean ari zen I.R.T. 54 urteko langilea hil zen, lurrak mugitzeko makina batek harrapatuta. Construcciones Urrutiak azpikontratatuta, Excavaciones Mendiola enpresarentzat ari zen lanean.

Hildako langilearen lankide, senide eta ingurukoei gure elkartasuna adierazi ondoren, 2024an Euskal Herrian hildako 64 langileak gogoratu ditugu.

Eraikuntzan izan da 2025eko urteko lehen lan heriotza. Sektore honetan ohikoa da azpikontratazioa, langileon osasunaren kaltetan joaten den zerbait, baita ere obretan prebentzio teknikaririk ez egotea, prebentzio neurririk ez egotea edo prestakuntza falta.

Patronalek behin eta berriro urratzen dute prebentzio araudia eta horretan aurrean, instituzioei, ikuskaritzari, Osalani eta gobernuei exijitu diegu neurriak har ditzatela laneko heriotzarik gerta ez dadin. “Odoluste hau gelditzeko esku hartu behar dute”, gaineratu du Igor Chillon Gasteiz-Lautada-Errioxako LABeko arduradunak.

Gaurko mobilizazioa Baskonia-Alavesen dendaren aurrean egin dugu, beraiek baitira lan heriotza gertatu zen obraren sustatzaileak. “Kirol munduan erreferentzia den neurrian, lan osasunaren arloan ere erreferentzia izan behar du”, interpelatu du Chillonek. “Bermatu behar du bere obretan ari diren langileak lanetik etxera osasuntsu eta bizirik bueltatzea. Lan osasuna zaintzea eskatzen diogu Baskonia-Alavesi”.

2024ko azken lan heriotza salatu dugu Zornotzan

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egin dugu Zornotzako Boroa enpresa-parkean, Forest Trafic enpresaren aurrean. Abenduaren 30ean I.P.C. 41 urteko langilea hil zen enpresan. Langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion.

Ikerketa zorrotza eskatzen dugu gertakariak eta kasutik erator daitezkeen erantzukizunak argitzeko. Era berean, gogoratu nahi dugu 2015ean ere beste langile bat hil zela enpresa honetan bertan pieza baten kolpearen ondorioz.

Atzean utzi dugu urte tragiko bat laneko istripuei dagokienez; gutxienez 64 langile hil dira eta lan-istripuak ugaritu egin dira. 2023an 100.000 lan-istripu baino gehiago komunikatu ziren, eta horien erdiek egun bat baino gehiagoko lan-bajak eragin zituzten.

Datu horiek agerian uzten dute kontrol-neurri gehiago behar direla enpresek lan-osasuneko araudia bete dezaten. Lan-ikuskatzaileen kopurua handitu behar da, eta Osalanek zigor-ahalmena izan behar du, eta ez aholkularitza hutsa.

Absentismoari buruzko eztabaida faltsuen gainetik, enpresen zigorgabetasun honekin amaitu behar dugu, laneko prebentzioari eta osasunari buruzko araudia behingoz bete dadin.

2025eko lehen hildakoa

Atzo hil zen urteko lehen langilea Gasteizen. Bere heriotza salatzeko, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egingo dugu bihar Gasteizen, goizeko 11:00etan, Baskonia-Alaves dendaren aurrean (General Loma Plazan).

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk gutxieneko soldata propio baten aldeko Herri Ekimen Legegileak erregistratu ditugu Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan

Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta sindikala isladatuko duen LGS berria burujabetzaren aldeko aurrerapausoa izango litzateke. Lanbidearteko Akordioa eta Herri Ekimen Legegilea bide osagarriak direla ulertuta, bi bide horiek lantzearen alde egiten dugu.

Azken hilabeteetan garatu diren Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata erdiesteko ekimenak elkarrekin landuko dituzte ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek: gutxieneko soldata propioa finkatuko duen Lanbidearteko Akordioa batetik eta bertako instituzioek gutxieneko soldata ezartzeko ahalmena izatea helburu duen Herri Ekimen Legegilea bestetik. Bi bideak osagarriak direla ulertuta, bateratzearen alde egiten dugu.

Lehen urratsa gaur Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan Herri Ekimen Legegile bana erregistratzea izan da, Hego Euskal Herriko administrazioek legezko gutxieneko soldata arautzeko aukera eska dezaten.

Gutxieneko soldata ezartzeak langileentzat babes-dimentsioa du, negoziazio kolektiboz gutxieneko erreferentziarik bermatua ez duten edo erreferentzia hori baino soldata txikiagoa duten jarduera guztietan ezartzen baita. Gutxieneko soldatak, gainera, soldaten nahikotasun maila bat ekarri behar du orokorrean. Bestalde, politika sozial eta ekonomikorako tresna den heinean, gutxieneko soldata aberastasuna banatzeko eta kohesio sozialerako mekanismoa ere bada, pobreziaren mugaren azpitik dauden pertsona kopurua murrizten duena eta legezko lan-baldintzak baino handiagoak dituzten sektoreetan soldaten goranzko negoziazioa bultzatzen duena. Hego Euskal Herrirako LGSaren zenbatekoa finkatzeko orduan irizpide ezberdinak erabili litezke, baina argi dagoena zera da: Espainia mailan finkatutakoa Hego Euskal Herriko langileei bizi baldintza duinak bermatzetik oso urrun geratzen da.

Gutxieneko soldatak lurralde-dimentsio argia ere badu. Hego Euskal Herriko gizarte, kultura, sindikatu eta politika-sarea beste lurraldeetakoen aldean ezberdina da, bai osaerari bai ereduari dagokienez. Hego Euskal Herrian LGSk euskal gizarteak behin eta berriz hauteskunde sindikaletan edo mobilizazio gaitasunean erakusten duen borondate berezituari erantzun behar dio. Zentzu horretan, Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta sindikala isladatuko duen LGS berria burujabetzaren aldeko aurrerapausoa ere izango litzateke, lan harremanetarako euskal esparrua eratzeko aurrerapausoa, gizartearen gehiengoaren bizi baldintzak hobetuko dituena aberastasunaren banaketa justuago baten bidez.

2025eko lehen lan heriotza eraikuntzan izan da

2025a hasi besterik egin ez denean, lanak eta patronalak eragindako prebentzio faltak lehen hildakoa utzi dute. Baskonia Alavesentzako lanean diharduen azpikontrata sare batek eragin du istripua. Zehazki, Construcciones Urrutiak azpikontratatutako Excavaciones Mendiola enpresarentzako lanean ari zen 51 urteko langilea, lurra mugitzeko makinak harrapatuta hil da Gasteizen, eraikuntza lanetan.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei.

Patronalak absentismoaren inguruko kanpainarekin jarraitzen duen bitartean, 2024an 100.000 lan istriputik gora izan ziren aitortuak hego Euskal Herrian eta 64 hildako eragin zituzten lan istripuek. Istripu hauek guztiak prebentzio araudiaren betetze ezak eraginak izan ziren, patronalaren arau-hausteek hain zuzen.

Azken 30 urteotan ikusi dugu, eta datuek hala frogatzen dute, patronalak ez duela lan osasunerako araudia betetzeko inongo intentziorik. Araudia betearazteko eskumena duten instituzioek modu esplizituan kolaboratzen dute enpresekin horretan, izan ere, ez dute Osalan eta NOPLOI bidez enpresak isuntzeko gaitasunik. Formula horren bidez, patronalari araudia ez betetzea oso merke ateratzen zaio eta langileriak gure osasunarekin, eta azkenik, gure bizitzarekin ordaintzen dugu.

Urteko lehen istripu hilgarri hau eraikuntzako sektorean gertatu da. Bertan azpikontratazioak eragin zuzena dauka langileon lan osasunean eta ohikoak dira prebentzio eza, neurri prebentibo eskasak eta errekurtso prebentibo eta koordinazio eza. Hori dela eta, intersindikala osatzen dugun LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizaziora dei egiten dugu, ostegun honetan, hilak 9, goizeko 11:00etan Gasteizen, Baskonia-Alaves dendaren aurrean (General Loma Plazan).

Industria sektorearen gainbeherak lan baldintzak prekarizatzen ditu eta enpleguaren kalitatea okertu

Hego Euskal Herrian 137.735 langabe zeuden 2024ko abenduan, aurreko urtean baino 37 gutxiago. Nafarroan eta Bizkaian, aldiz, langabeziak gora egin du (hurrenez hurren, 367 eta 309 langabe gehiago daude). Pasa den urtearekin alderatuz, Hego Euskal Herriko langabe kopurua antzerakoa izan arren, sektoreka ezberdintasunak daude eta horrek, zuzenean eragiten du enpleguaren kalitatean.

Beste behin ere, aurreko enplegurik gabekoen artean langabeziak gora egin du, eta azken urtean 665 langile gehiago daude egoera honetan, erregistraturiko langabeen %12,52a direlarik. Langabeen %57,85a

emakumeak* dira.

Azpimarratzekoa da azken hilabetean, industrian, langabeziak gora egin duela herrialde guztietan (Hego Euskal Herrian 312 langabe gehiago daude industrian erregistratuta). Bestalde, industria sektoreak bizi duen gainbehera, Europako automozio industriaren eraginez, langabezia datuetan ez da bere gordintasunean islatzen, aplikatu diren Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak medio.

Industria sektorean gertatzen ari den enplegu suntsiketa eta zerbitzuetan oinarrituriko ekonomiaranzko joera gero eta nabarmenagoak, lan merkatu osoan eragin zuzena du. Izan ere, lan baldintzak nabarmen prekarizatzen ari dira, enpleguaren kalitatea okertuz.

• Aurreko urtean baino 4.917 kontratu gehiago sinatu dira abenduan, horietatik %80,62a behin behinekoak. Kontratu mugagabeen kopuruak %2,64 behera egin duen bitartean, behin behinekoek %9,20 egin dute gora.

• Lanaldi osoko kontratuak dira bereziki galdu direnak (102 mugagabeko kontratuen artean eta 1.301 behin behinekoen artean). Kasu honetan, sexu-generoaren araberako arrakala dago, gizonen artean %78,4a lanaldi osoan dagoen bitartean, emakumeen* artean %56a da.

• 4 emakumetik* bat baino gehiago jardunaldi partzialean dago. Kontratuei dagokienez, lanaldi partziala gizonen %11,5ak duen bitartean, emakumeen* artean %26,7ak du.

Industriaren gainbehera afiliazio datuetan ere islatzen da; izan ere, abenduko azken egunean erregimen orokorrean afiliatuta zeuden pertsonei erreparatuz, aurreko hilabetean baino 1.377 afiliatu gutxiago zeuden (industrian afiliazioak behera egin du eta, gabonetako kanpaina tarteko, zerbitzuetan gora). Azken urtearekiko alderaketan, ordea, sektore guztietan egin du gora afiliazioak, zerbitzuetan modu nabarmenean: zerbitzuetan 19.310 lanpostu sortu diren bitartean, industrian 3.633 izan dira.

Langabeziak behera egin arren, beste behin ere, LAB sindikatuak enpleguaren kalitatean kokatzen du kezka iturri nagusia. Hego Euskal Herriko 25 eta 64 urte arteko 2 herritarretik bat prekaritate egoeran bizi da, enplegua eduki arren, bizitza duina aurrera ateratzeko diru-sarrera nahikorik gabe. Hori dela eta, 1.600 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzen dugu langile guztientzat, Akordio Interprofesional bidez aplikagarria dena borondate politikoa baldin badago.

[IRITZIA]: UPNren boto emaileak eta fiskalitatea

Imanol Karrera LABeko Nafarroako bozeramaileak fiskalitatearen inguruan idatzitako iritzi-artikulua jarrai dezakezue jarraian.

Ikerketa Soziologikoen Zentroaren (CIS) 2014ko uztaileko Iritzi publikoa eta politika fiskala (XLI) azterlanean, alderdi politikoen artean, UPNren boto emaileek dute ehunekorik handiena zera erantzuten dutenen artean: «Zergak estatuak ordaintzera behartzen gaitu, zeren truke oso ongi jakin gabe». Egungo zerga sistemari dagokionez, UPNren boto emaileen gehiengoak uste du zergak «batez ere zeharkako zergekin, BEZarekin» (kontsumo-ondasunak eta mundu guztiari berdin eragiten dioten zerbitzuak zergapetzen dituztenak) bildu beharko liratekeela, eta ez «batez ere zuzeneko zergekin, PFEZarekin» (errentaren edo pertsonen eta enpresen aberastasunaren arabera). PPren eta Voxen boto emaile gehienek ere ez dute iritzi hori. Azkenik, UPNren boto emaileen iritziz, beste behin PP eta Vox barne hartzen dituzten gainontzeko alderdien boto emaileen iritziz ez bezala, «zergak justiziaz kobratzen dira, hau da, gehiago dutenek gehiago ordaintzen dute».

Ikuspegi hori ez da ustekabea duela gutxi Jose Javier Esparzari (UPN), CENeko enpresariei eta Merkataritza Ganberari entzun ondoren. Baina, batez ere, ez da kasualitatea. Horiek guztiak saiatzen ari baitira gizarteari sinetsarazten «Nafarroa pobretzen duen infernu fiskala» pairatzen dutela. Eragile horien estrategia bat da, beraien pribilegioei eusteko eta justiziaren eta progresibitatearen ikuspegitik zerga erreformarako edozein aukera eragozten saiatzeko. Gainera, Geroa Baik, rol subsidiario batean, bat egiten du eskuinaren mantra eta presioarekin, existitzen ez den klase ertain bati eta autonomoei zergak jaisteko helburuarekin.

Eskuinaren jarrera hori guztiz gaitzesgarria da politikoki eta sozialki; ez da onargarria, berekoia, alderdikoia eta korporatibista delako. Ildo horretan, Esparza jaunak ez ditu nafarren interesak babesten, adibidez enpresaburu batek alde egitea erabakitzen duenean txalotzen duenean. Pizgarri fiskalekin onura ateratzen duen enpresaburu baten erabakiarekin poztea —langileok gure ahaleginarekin sortzen dugun aberastasunarekin geratzen dena, baita beren produktuak erostearekin sortzen dugunarekin ere, Taberna-Berlys enpresaren kasuan bezala— enpresariek beraien enpresak nahi dutenean eraman dezaketela dioen ideia bultzatzen duen mezua da. Haren ordez, Esparzak zera esan beharko luke: «Enpresaburu jauna, Nafarroako langileen izerdiarekin eta lanarekin aberastu zara, eta orain bizkarra ematen diguzu». Jolas zikin horrek erakusten du kapitalak ez duela mugarik. Gaur Madrilera, bihar Poloniara. Enpresariek gutxien ordaintzen duten eta pribilegio gehien dituzten lekuetara.

Nafarroako Parlamentuak abenduaren 19an onartu berriak ditu 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta 2025eko erreforma fiskala (zenbait zerga aldatzeko eta beste zerga neurri batzuk ezartzeko Foru Legearen proiektua). Eta eskuinaren zein CENeko enpresarien gehiegizko antzezpenetan aritu diren arren, onartu duten erreforma fiskala ez da Nafarroako lau sindikatu nagusien aho batezko adostasuna jasotzeko gai izan; Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran lau sindikatuok Nafarroako Gobernuari eskatu baikenion erreforma fiskal progresibo bati ekiteko.

Maria Txibiteren gobernuek (PSN) fiskalitatearen bilakaera hoztu dute progresibotasunari dagokionez. Lehendakariak berak harrotasunez dio «enpresen %83k Nafarroan estatuan baino zerga gutxiago ordaintzen dutela». Horrela, jarrera horrekin, Europari begiratuko dion fiskalitate justuago eta progresiboago bat izatearen egokitasunaren inguruan dagoen kontsentsu sindikalari muzin egiten dio gobernuak. Eta horrek esan nahi du bizkarra emanen diela Nafarroako gehiengo sozialaren interesei, eta ez diola lehentasun nagusietako bati erantzunen: zerbitzu publikoen hobekuntzari. Aberastasunaren banaketa funtsezkoa da Nafarroan zerbitzu publikoek behar eta merezi duten lasaitasunerako.

UPNk eta CENeko enpresariek ordezkatzen duten eskuinak okerrera egitea nahi du, egungo fiskalitatea okertu nahi dute, eta horrekin batera gure bizi eta lan baldintzak. Horrela, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen eredua eskatzen dute Nafarroarentzat. CENekin egindako bilera batean, zerbitzu publikoak hobetzea eskatzen duen Nafarroako iritzi publikoari kontra egiten ausartu zen Ayuso, sektore publikoak pribatuaren gainean duen pisua jasanezina dela esanez. Baina Nafarroako gizarteak ez du inondik inora Madrilgo bizitzarekin parekatu nahi, ez ditu Madrilgo eskola eta ospitaleak nahi; eskola eta ospitale publiko eta duinak nahi ditu, kalitatezkoak. Alegia, Nafarroak pertsona guztientzako bizitza duina nahi du, Ayusok Madrilen bermatzen ez duena, hain zuzen ere.

Beste era batera esanda, enpresaburuek (gehien dutenek eta gutxien ordaintzen dutenek) Madrilera begiratzen duten bitartean, langile klaseak (gutxien dugunok eta ekarpen handiena egiten dugunok) Europara begiratzen dugu aberastasun eta gizarte ongizatearen banaketa bilatuz.

Zergen arloko edukiei eta bozketari dagokienez, emaitza egungo gobernuaren jarreraren eta une honetan Nafarroako Parlamentuan dagoen indar korrelazioaren isla da. Beraz, premiazkoa da gehiengo sozialaren interesen alde aldatzeko beharra, eztabaida fiskalari justizia sozialeko oinarri batzuetatik aurre egiteko, zerbitzu publikoak indartzeko eta guztion bizi baldintzak hobetzeko.

Gutxienez 63 langile hil dira lan-istripuan 2024an

Gaur, urtarrilaren 2an, jakin dugu I.P.C. 41 urteko langilea hil zela abenduaren 30ean Zornotzako Forest Trafic SL enpresan. Hildako langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik.

Forest Trafic SL enpresak zurezko, kortxozko eta kontratxapatuzko taulak fabrikatzen eta merkaturatzen ditu.

LABek ikerketa zorrotza eskatu du gertakariak eta kasutik erator daitezkeen erantzukizunak argitzeko.

Gogoratu nahi dugu 2015ean ere beste langile bat hil zela enpresa honetan bertan pieza baten kolpearen ondorioz.

Atzean utzi dugu urte tragiko bat laneko istripuei dagokienez; gutxienez 63 langile hil dira eta lan-istripuak ugaritu egin dira. 2023an 100.000 lan-istripu baino gehiago komunikatu ziren, eta horien erdiek egun bat baino gehiagoko lan-bajak eragin zituzten.

Datu horiek agerian uzten dute kontrol-neurri gehiago behar direla enpresek lan-osasuneko araudia bete dezaten. Lan-ikuskatzaileen kopurua handitu behar da, eta Osalanek zigor-ahalmena izan behar du, eta ez aholkularitza hutsa.

Absentismoari buruzko eztabaida faltsuen gainetik, enpresen zigorgabetasun honekin amaitu behar dugu, laneko prebentzioari eta osasunari buruzko araudia behingoz bete dadin.

LABek lan-istripu berri hau salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten du.

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko eskaeraren aitzinean, isiltasunaren eta axolagabekeriaren aldeko hautua egin duelako. LABen iritziz, jarrera horrek langileon eskubideekiko erabateko mespretxua erakusten du eta, horregatik, grebara deitu du abenduaren 26 eta 27rako.

Linacal-eko plantillak, hamar langile ingurukoak, lan baldintzak hobetzeko konpromisoa hartua du, eta behin baino gehiagotan eskatu du negoziazio mahai bat irekitzeko, enpresa itun bat adoste aldera. Enpresak negoziatzeari uko egin izanak, ordea, neurri irmoagoak hartzera behartu ditu langileak, hala nola abenduaren 26an eta 27an lehenbiziko bi greba egunak egitea.

Grebaren bidez, langileek negoziazio kolektibo bat berehala irekitzea eskatu nahi dute, lan baldintza duinak jasoko dituen enpresa itun bat lortzeko; eta grebaren bidez negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubidea urratzen duen enpresaren jarrera prepotente eta antisindikala salatu nahi dute. LABek ez du onartuko patronalak langileen aldarrikapenei entzungor egiten jarraitzea. Horren harira, sindikatu honek langileriaren elkartasunerako eta mobilizazioetan aktiboki parte hartzeko deia egiten du.