2026-05-18
HomeLAB SindikatuaLABek Nafarroako Artxibo Garaikideari bere dokumentazio eta kartelen zati baten lehenbiziko dohaintza...

LABek Nafarroako Artxibo Garaikideari bere dokumentazio eta kartelen zati baten lehenbiziko dohaintza egin dio

50. urteurreneko ospakizunen harira eta, batez ere, Nafarroako Parlamentuan otsailean izan zen 1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketaren harira hasitako artxibo lanean sakontzeko, LABek bertze urrats bat egin du gaur langile borrokan eginiko bere ekarpenaren memoria gordetzeko asmoan, Nafarroako Artxibo Garaikideari eginiko lehenbiziko dohaintza baten bidez; zenbait dokumentu eta kartel eman dizkio.

Imanol Karrera, Nafarroako LABeko bozeramaile eta harreman instituzionalen arduraduna, eta Dabid Lizarralde, sindikatuko artxiboaren arduraduna, Nafarroako Artxibo Garaikidean izan dira gaur, hitzarmen bat sinatzeko, zeinaren bidez sindikatuak bere funts dokumentalen zati bat erakunde publikoari dohaintzan emanen baitio. Lehenbiziko dohaintzan, LABek 1974an sortu zenetik eginiko hamar biltzar orokorren oinarrizko agiriak eman ditu, baita ordezkari sindikalak prestatzeko erabili izan diren materialak, txostenak eta azterlan sozio-sindikalak ere.

Gaur emandako dokumentuen artean, aipatzekoak dira Iraultzen (LABen organo ofiziala, 1977 eta 2018 artean hainbat formatutan argitaratua), Iraultzen Emakumeak (Emakumearen Arloak 1990eko urteetan ekoitzia), eta Zaindu (lan osasunari buruzko argitalpena) aldizkarien bildumak eta hainbat sektoretako argitalpenak, hala nola Iraultzen Irakaskuntza eta Nafarroako zenbait enpresetakoak. Gainera, gai, lurralde eta sektore ezberdinetako 200 kartel inguru eman ditu.

1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketa Sakanan eta Erriberan

Nafarroako Parlamentuan izan zen 1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketaren arrakastak argi utzi zuen LABen historiak eta sindikalismoa egiteko bertze modu horrek herriarekin eta langileekin bat egiten dutela. Hori dela eta, datozen hilabeteetan Altsasun eta Tuteran ere erakutsiko da.

Eta hala izanen da CENeko enpresariek eta UPNk izan duten oinarririk gabeko jarrera trakets eta tamalgarria gorabehera. Nafarroako ekosistema sindikala aldatzen ari da aspalditik, askotarikoa da, Nafarroako gizartearen isla. Beraz, ulertzekoa da errealitate hori onartzea kostatu izana, baina ikuspuntu demokratikotik onartezina da enpresaburu eta politikari eskuindarrek Nafarroako herritarren eskubide eta askatasunak zentsuratu eta murrizteko egin duten apustua.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza komunitate osoak Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren dimisioa eskatu du

Nafarroako Hezkuntza sistema kinka larrian dago. Horrela da, besteen artean, hezkuntzako langileok ezin dugulako gehiago: lan karga gero eta handiagoa eta konplexuagoa da; baliabideak,...

LAB eta ELA-k salatzen dute Maderas de Llodioko langileek egoerari eusten diotela, enpresak akordioa blokeatzen duen bitartean, eta erakundeen inplikazioa eskatu du

Maderas de Llodio enpresan, LAB eta ELA sindikatuen izenean, publikoki salatu nahi dugu enpresan gertatzen ari den lan-gatazkaren egoera larria. Ia zortzi hilabeteko greba mugagabearen...

Mobilizazioa Nafarroako ikuskizunetako teknikarien hitzamenaren alde

Ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileek ordubeteko lanuztea egin dute gaur, eta Iruñeko Udaletxeko plazan mobilizatu dira 13:15ean, 2023ko maiatzetik geldirik dagoen sektoreko hitzarmen propio...