2025-04-19
HomeEkintza SindikalaHezkuntzak negoziatzeko aukerarik gabeko proposamena egin izana eta sindikatuoi hura sinatzeko eskatu...

Hezkuntzak negoziatzeko aukerarik gabeko proposamena egin izana eta sindikatuoi hura sinatzeko eskatu izana deitoratzen du LABek

Herenegun Hezkuntza Sailak idatzizko proposamena aurkeztearekin batera, hura sinatzeko mahaia deitu zuen gaurko. Atzo sindikatuok ezezkoa eman eta greba ziklo berria iragarri ondoren, mahaia bertan behera utzi du Hezkuntzak.

Urtarriletik abiatutako greba ziklo arrakastatsuak Hezkuntza Sailak urratsak ematera behartu dute azken hilabeteetan. Sindikatu deitzaileok idatzizko proposamen berria jaso dugu Hezkuntzaren aldetik, eta egon, badaude aurrera urratsak, baina negoziaziorako mahairik ez deitu izana salatzen du LABek, izan ere, sindikatuekin bildu, negoziatu eta akordioetara iristeko aukera galdu du Pedrosaren sailak.

Egindako greba eta mobilizazioei esker hezkuntzaren proposamenean hainbat neurri eta baliabide jasotzea lortu dugu, LABen aburuz, hezkuntza publikoa indartzeko eta kalitatea hobetzeko behar beharrezkoak direnak. Aniztasunari erantzuteko aholkulari eta orientatzaileen gehikuntza edota euskara indartzeko baliabide eta Hizkuntza Proiektuetarako figura berria, esaterako. Bestalde, erretiro adina aurreratzea lortu da. Izan ere, 18 hilabetez aurreratzeko aukera jasotzen da 60tik erretiro adinera bitarteko jardunaldi murriztuak pilatuz. Denbora tarte horretan, urte eta hiru hilabetez zuzenean etxera joan ahalko dute irakasleek, eta gainerako hiru hilabeteetan zuzeneko arretarako eskolarik eman beharrik ez dute izango. Horrez gain, halaber, enplegua egonkortuko da, LABek 2023ko ekainaren 1ean sinatutako akordio laboralean sinatutakoari esker. Izan ere, bitartekotasuna %5etik behera kokatuko da, eta oposaketa eredua negoziatzeko aukera jasoko da.

Horiek izanik ere lorpenak, diogun bezala ezinbestekoak, LABentzat ez dira nahikoa. Euskara indartzeko figura berrien kopuruetan zehaztasunak falta dira eta horiek esleitzeko irizpideak ere ez dira zehazten; gainera, gero eta zaurgarritasun handiagoa duen Oinarrizko Lanbide Heziketarako ez du baliabide espezifikorik jasotzen eta egun ikastetxeek bizi duten errealitateari ez diete bere osotasunean erantzuten. Izan ere, LABentzat ezinbestekoak dira aniztasunari erantzuteko eta hezkidetzarako baliabide gehiago eta neurri zehatzak.

Halaber, martxoaren 24an proposatutako aurreakordiotik azken honetara zenbait neurritan atzerapausoak egon izana ere salatzen du sindikatuak: irakasle guztientzat %6ko soldata igoera proposatzetik %4koa proposatzera igaro da, eta ez guztientzat, eta udako kobraketen erredakzioa okertu da.

Beraz, hezkuntza publikoa indartu eta eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea hobetze bidean, herri honek dituen erronkei erantzungo dioten neurri eta baliabideak lortu arte borrokan jarraituko du LABek. Proposamen berriari ekarpenak egingo dizkio, eta Hezkuntza Sailari dei egiten dio, eztabaidatu eta negoziatu ditzala, jarrera aldaketa batekin.

LABek hezkuntza publikoan duen indarra -zenbait kolektibotan lehen indarra- baliatuko du, hezkuntza sistemak behar dituen baliabideak lortu arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.