2026-06-17
HomeEkintza SindikalaUDALHITZ mahaia eratzea lortu da, negoziazioari ekiteko berme nahiko lortuta

UDALHITZ mahaia eratzea lortu da, negoziazioari ekiteko berme nahiko lortuta

15 urteren buruan, langileekiko arduraz eta begirunez joka dezala eskatzen dio LABek EUDELi. Izan ere, bada sasoia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udal erakundeetan ezinbesteko erreferentzia den UDALHITZ marko arautzailea berritzeko.

2024ko urriaren 16an LAB EUDELekin batzartu zenetik ia 6 hilabete igaro dira. Denbora mordoa galdu bada ere, azkenean, negoziazio-mahaia irekitzea lortu da. Horretarako, Tokiko Erakundeen Lan Harremanetarako esparru sektoriala eratzeko Protokoloa sinatu dute EUDELek eta lau sindikatuek, aipaturiko protokoloak funtsezko eduki batzuk bermatuko dituelakoan. Protokolo horretan LABentzat beharrezkoak ziren konpromiso batzuk adostea lortu da, berme gehiago emango dizkiotenak EUDELekin egingo den negoziazioari.

Arestian adierazi duen moduan, lanean hastearen aldeko apustua egiten du LABek, benetan bermarazi dadin, UDALHITZ mahaian bertan, EUDELen negoziaziorako borondate politikoa.

LABek argi du UDALHITZ ezinbesteko erreferentzia-markoa dela EAEko toki-administrazioan. Hori dela-eta, LABek arduraz eta irmotasunez helduko dio negoziaketari. Honako hau adierazi die EUDELen ordezkari politikoei eta gainerako sindikatuei: ezin da denbora gehiagorik galdu, eta, ahalik eta lasterren, negoziatzeari heldu behar zaio.

LABentzat toki-administrazioko negoziazio-marko propio eta integralaren aitortza, pribatizazioen aurkako borroka, gazteberritze-planak eta hizkuntza-normalizazioa, besteak beste, epe labur-laburrean jorratu beharreko ildoak dira.

Beraz, LABek anbizioz jokatuko du, inolako zalantzarik gabe. Negoziazioan parte hartuko du, zerbitzu publikoak zein langileen eskubideak bermatuko dituen hitzarmenik onena lortzeko asmoz.

Beste aldetik, LABek gogorazi nahi du ELA sindikatuak mahaitik altxatzea erabaki zuela urtarrilaren 22an, eta, une hartan, erabateko desadostasuna adierazi zuela. Are gehiago, arduragabekeria larritzat jo zuen ELAk negoziazioa aldebakarrekoz eragoztea, udal langile guztion kaltetan ari baitzen. ELAk exijituriko “aurretiazko ezinbesteko baldintzak” LABentzat negoziatu eta adostu beharreko gai nagusiak ziren, hau da, ez zuten zertan oztopatu mahaiaren irekiera.

LABek salatu nahi du, beste behin ere, ELA sindikatuak atzoko bileran mahaia osatzeko jarri zituen oztopoak, ez hankarik ez bururik ez zutenak, mahaia eguneratuta ez zeuden datuekin osatzea inposatu nahi baitzuen. LABentzat garrantzizkoena mahaia osatzea eta negoziatzen hastea zenez, arduragatik aurrera jarraitzea erabaki zuen, baina argi eta irmo adieraziz ELAk planteatutakoarekin aurkako iritzia, jarrera honen kontrako ekimen judiziala martxan jartzea baztertu gabe.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.