Gaurko akordioaren ondoren, bertan behera geratzen da Gipuzkoako errepide bidezko bidaiarien garraioan deitutako greba
DIA dendetan borrokan
Lanpostuak duintzeko eskaera sendoarekin, ordubeteko lanuztea egin dute gaur Gipuzkoako DIA supermerkatueko langileek. Lanuztearen jarraipena handia izan da, hainbat denda ixtea lortu dute, (Donostiako hiru dendak, Ordizia, Azkoitia, Deba, Bergara eta Legazpi kasu).
Egoera jasanezina bizi dute egun, arazo estrukturala da. Hainbat bileraren ondotik 10 kontratazio berri eta MAXI dendetan diru bilketa zerbitzua jartzea lortu zen, baina dendetako egoera ez da konpondu. Jendea gaixotasun bajan dela kaleratzen ari dira (azken hilabeteetan beste bi), dendetan behar baino jende gutxiago dago, bajak ez dira ordezkatzen, eta langileak arriskuan jartzen dituzte ez dagozkien funtzioak egitera behartuta.
DIAko langileak gelditu egin dira gaur, euren eskubideetan aurrera egin ahal izateko, esplotazioarekin eta prekarietatearekin amaituz. Borrokan jarraitzen dute.
Mobilizazioa Berrizturen aurrean, sexu jazarpena salatzeagatik kaleratutako langilea babesteko
Berriztu Bizkaiko Foru Aldundiarentzat lanean ari den enpresa bat da. Bertako langile batek beste lankide bat salatu zuen sexu jazarpenagatik. Handik denbora batera, jazarpena salatu zuen langilea kaleratu egin zuen Berriztuk. LABek kontzentrazioa egin du gaur Basaurin, enpresaren aurrean, lanpostuan eraso sexistarik onartuko ez dutela adierazteko eta kontu honetan Aldundiak duen erantzukizuna salatzeko.
Duela hilabete batzuk, BERRIZTUko langile batek, lan zentru bereko lankide baten aldetik pairatzen zuen jazarpen sexualaren berri eman zion enpresari.
Langileak ahoz eman zion bere nagusiari pairatzen ari zen egoeraren berri, eta aste asko pasa ondoren, ez zuen enpresaren partez inolako erantzunik jaso.
Jazarpen egoera baten aurrean enpresak bere erantzukizunari muzin egitea eta egoera bera ezkutatu izana onartezina da.
Gertaerok oso larriak izan arren ere, egoera askoz gehiago okertu da.
Enpresaren partetik inolako pausurik ez ematearen ondorioz, langileak bere burua babesgabetasun egoeran aurkitu zuen, eta aste batzuen buruan, baja hartu behar izan zuen baldintza horietan lan egiteak tentsio egoera suposatzen ziolako.
Puntu honetan, bergogorazi behar diegu Berriztu eta Aldundiari langileen osasuna bermatzea euren erantzukizuna dela. Enplegu eta lan zentroetan jazarpen sexuala gertatzeari inolako zirrikiturik uzten ez dion eta jazarpen sexuala gertatuz gero, pairatzen dutenei babesa eta bermea segurtatzen dizkien protokoloa eduki behar dutela
Langileari jazarpenaren kontrako protokoloaren berri eman beharrean edota
langilearen osasuna bermatzeko neurriak hartu ordez, lehenengo baja eguna eta gero, langileari entzun edota lagundu beharrean batzorde bat izendatu zuen enpresak egoera kudeatzeko. Azpimarratu behar da langileak enpresari jazarpenaren berri eman zionetik hilabete pasa zela eta honek ez zuela ezer egin, enpresari jazarpena jakinarazi ondoren lanean jarraitu zuelako baja hartu arte.
Abian jarritako batzordea ez zen tresna eraginkorra izan, ez ziolako bere eginkizunen berri langileari eman eta ez zuelako langilearen errelatoa kontutan hartu. Langileak berak gertaeren kontakizun kronologikoa barnebiltzen zuen idazkia helarazi zien.
Langileari ez zitzaion entzun, ez zuten kontutan hartu, ez zitzaion lagundu ezta babestu ere… Baztertu egin zuten.
Batzordeak ez zuen jazarpen zantzurik ikusi eta kontraesankorra zirudien erabakia hartu zuen “langilea lekualdatzeko eskaini zioten jazarritako langileari, eta azkenean, lan zentruz aldatu zuten langilea”.
Langileari oso gogorra suertatu zitzaion lanera itzultzea, lekualdatutako langileak jazarritako langileren gain jarri baitzuen bere lekualdatzearen erantzukizuna, eta giroa oso tentsoa izan zen. Egoera horrela izanik ere, enpresak ez zion langileari inolako laguntzarik eskaini eta ez zen batere kezkatu langilearen egoeraz.
Aste batzuk lanean eman ondoren, eta lan egiten zuten adin gutxikoen zentroan bere segurtasuna eta bere lankidearena arriskuan egon zen eta egoera honetatik ateratzeko poliziari deitu behar izan zion pasarte bat pairatu ostean, enpresak zigortu egin zuen langilea, eta kanporatu.
Enpresak, kezkatuagoa egoera publikoa izan ez zedin jazarritako langilearen osasunaz baino, ez du jazarpen egoera konpondu, egoera larri bat aitzakitzat hartuta langilea kanporatu baizik, jazarpenaren kudeaketan enpresak berak daukan erantzukizuna eta utzikeria ezabatzeko asmoz.
Gertaerak oso larriak dira, langilearen eskubideen kontrako eraso zuzena da, eta ez soilik langilearen beraren kontrako erasoa, Berriztuko langile guztion kontrako erasoa baizik. Emakume langile bati gertatzen zaiona, emakume langile guztioi gertatzen zaigu, ez diogu inoiz erasoei erantzuteari utziko.
Azpimarratu behar da aipatutako adin gutxikoen zentroen titulartasuna eta ardura Bizkaiko Foru Aldundiak duela, eta fundazio batzuen bitartez pribatizatzen ari dela. Nola izan daiteke posible Aldundiak titulartasuna daukan zentro batean horrelakorik gertatzea?
Bizkaiko Foru Aldundia eta Berriztuk adierazitako permisibidadea gizarte zerbitzuetako kudeaketan duten erantzukizun faltaren adierazlea da. Onartezina da Aldundiak titulartasuna duen gizarte esparruan ari den enpresa batean horrelakorik gertatzea.
Ez dugu horrelako edo antzeko egoerarik, ez enpresan, ez inon, gertatzerik onartuko. Libre bizi nahi dugu, lanzentroetan eta kaleetan ere.
Mugicak egindako Osakidetzako EPEaren irregulartasunen gaineko adierazpenak adar jotzea baino ez dira
Gure ustez, momentuz soilik hiru kategoriatan azterketak errepikatzea guztiz ez nahikoa da, batez ere, kontuan hartzen badugu LABek 12 kategoria salatu dituela fiskaltzaren aurrean eta gutxi barru beste 7 gehituko ditugula.
Bestaldetik, esan dute ez dutela antzeman filtrazioen arrastorik eta azterketak errepikatu dituztela forma akatsak egon direlako zuzentzeko irizpideekin. Hau onartezina da. Daukagunean kategoria bat 22 plazekin eta 22 ehun puntuko azterketekin, esatea filtrazio zantzurik ez dagoela egia ezkutatu nahi dutela baino ez du adierazten. Hiru kategorietako izangaiak azterketa errepikatzera behartuko dituzte, eta ez dago inongo arduradunik? Epaimahai horietako inork ez du ezer asumitu behar? Hau ez da serioa.
Osakidetzak egindako adierazpen hauen ostean gure aurreikuspenik ilunenak betetzen hasiak dira: Osakidetzak ez du arazoa konpondu nahi, ez du praktika mafioso hauekin amaitu nahi eta gertatu denaz ez du inolako erantzukizunik onartu nahi. Hau, argi eta garbi, EPEan parte hartu duten milaka pertsonei iruzurra da, baita gertatzen ari denarekin eskandalizaturik dagoen euskal jendarteari ere.
LABek exijitzen du: ikerketa benetan independentea abian jartzea; erantzukizun guztiak argitzea; justiziaren esku uztea dokumentu eta proba guztiak; irregulartasunak egon diren azterketa guztiak errepikatzea eta EPE eredua berria negoziatzeko prozesua martxan ipintzea.
Elkartasuna erakutsi genion atzo “Jotasi” Tafallan
Atzo Tafallan, 90 lagun inguru elkartu ziren Jose Jabier Oses “Jotasi”, elkartasuna adierazteko. Madrilgo Entzutegi Nazionalean ari dira “Jotas” epaitzen, beste batzuekin batera eta torturapean egindako lekukotzak dira euren kontrako froga bakarra. Gaur ezagutuko da eskatzen dieten zigorra.
Jotas eta besteak Kalera! Epaiketa politikorik ez! Torturarik ez!
Bizkaiko Bulego eta Langeleetako langileek manifestazioa egin dute Lantik-etik ETBra
Udan zehar Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute, ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuen babesarekin. Hitzarmen duina eskatzen dute sektorerako, eta euren lan baldintzak okertu nahi dituztenak salatu nahi dituzte.
Gaur, kontzentrazioa egin dute Lantikeko egoitzaren aurrean eta bertatik, manifestazioa EITBren egoitzaraino, Lekuona Margolaria, Sabino Arana, Montevido, Gurtubuy eta Basurtuko Kaputxinoen kaleetan zehar..
Aldundiaren menpeko den Lantik enpresaren jarrera salatu dute, bere lehiaketetan sustatu egiten baitu sektoreko enpresek lan-baldintzak okertu nahi izatea, prezio baxuenetan egindako esleipenak sarituz.
Era berean, idatzi bat aurkeztu dute EITBn beren aldarrikapen eta mobilizazioei ezartzen dien hitzarmen konplizea salatzeko. Euren hitzarmena Bizkaiko bigarrena da, langile-kopuruaren arabera.
PPk kendu zuen 55 urtetik gorakoentzako langabezia subsidioa berehala bueltatzea eskatzen du LABek
Ofizioz jokatu behar da, dei egin behar zaie eskubidea ukatu zitzaien pertsona guzti hauei, inoiz kendu behar izan ez zitzaiena ordain diezaieten beharrezko agiriak aurkeztera eta ere berean, atzera eraginkortasunez dagokiena ordain diezaieten.
Ezin dugu ahaztu 55 urtetik gorako kolektiboari zuzendutako neurri honek ondorio larriak zituela pentsioan, gutxiengoagatik kotizatzeari utzi egiten zitzaiolako eta 61 urterekin erretiroa hartzera behartu, horrela kotizazio faltagatik eta koefiziente murriztailegatik murriztu egiten zen pentsioa, erretiro data aurreratzean, kasu honetan behartua.
Epaitegiek eraginik gabe utzi dute PPren murrizketetako bat baina ulertzen dugu erreforma bere osotasunean utzi behar dela eraginik gabe eta ez soilik alderdi batzuk, positiboa izan arren.
Premiazkoa da Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzeko oinarriak jartzea horixe baita eraso guzti hoietatik babesteko dugun era bakarra: hemen erabaki zeintzuk diren gure lan harremanak arautuko dituzten arauak, inposiziorik gabe eta pertsona guztiek duintasunez bizi ahal izateko bitarteko ekonomiko guztiak bermatzea.
LABetik dei egiten dugu honen eragina izan duten pertsona guztiei, subsidioa ukatu zietenei etab., erraklamazioa egitera joan daitezen eta inoiz kendu behar izan ez zietena bueltatzea eska dezaten.

