2026-02-17
Blog Page 786

Lan heriotzak salatu dituzte Leioan

DHLko langileek protesta egin dute, ostiralean hildako lankidea gogoratzeko.

Joan den ostiralean, 58 urteko langile bat hil zen Leioan lanera zihoala, kotxe istripu baten ondorioz. Lankidearen istripu hilgarriaren aurrean, DHLko langileek elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko, goiz eta arratsalderako, Leioan bertan, enpresaren aurrean.
 

 

 

“Borrokak kalera atera behar ditugu, emakumeak edo pentsiodunak egiten ari diren moduan”

LABek langileak deitu ditu maiatzaren 30ean estatalizazioaren kontra antolatutako mobilizazio eta lanuztearekin bat egiteko.

LABek maiatzaren 30ean hitzarmenen estatalizazioaren aurka eta Lan Harremanen eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsan deitu dituen lanuzteak erregistratu ditu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Hain zuzen ere, mobilizazio orokorra egiteko eguna izango da maiatzaren 30a, eta, langileen parte hartzea ahalbidetzeko, bi orduko lanuzteak deitu ditu sindikatuak.

LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiaren hitzetan, “langileon garaia da. Lan zentru eta sektoreetan egiten ari garen borrokak kalera atera behar ditugu, emakumeak edo pentsiodunak egiten ari diren moduan. Langileei dei egiten diegu maitzaren 30eko mobilizazio eta lanuztearekin bat egiteko, prekarizazio eta estatalizazioaren kontra eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren alde”.

Ugartemendiaren hitzetan, “Euskal Herrian lan egiten dugu, eta berton nahi dugu gure lan baldintzak erabaki. Inboluzio politiko eta soziala pairatzen ari gara, eta patronalak eta botere politikoen arteko aliantzak lan baldintza prekarioak inposatu nahi dizkigute. Estatalizazio estrategia aurrera eraman nahi dute horregatik, eta zentralizazioa, blokeoa, negoziazio eremu berriak ez irekitzea eta aurrekontuen legeak baliatzen dituzte horretarako”.

Honek guztiak euskal langileentzat ondorio larriak dituela nabarmendu du LABeko ordezkariak: “Estatuko lan baldintzak inposatzen ari zaizkigu. Gero eta prekarioagoak gara, eta gure erabakitzeko eskubidea ukatu nahi digute”.

Maiatzaren 30eko mobilizazio egunaren harira, LAB hasi da federazioz federazio, eskualdez eskualde, batzarrak egiten egun horretan erantzun sendo bat emateko helburuarekin.

 

 

 

Jaiegunetan Merkataritza saltokietan erostearen aurkako BIZI EGUNA

0

LAB sindikatuaren Bizi Eguna Iruñean izan da. Besta eta aldarrikapen egun horretan karrikara atera gara, saltokiak jaiegunetan irekitzearen kontra eta kontsumorik gabeko aisia posible dela erakusteko.

Merkataritzan igandeetan edo jaiegunetan lan egitearen aurkako borroka LAB sindikatuaren lan ildo historikoa izan da. Langileek kontziliazio pertsonala edo familiarra izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, eta txikizkako merkataritzan zein bertze sektore batzuetan enplegua suntsitzearen aurkako jarrera dugu, bai eta inposatzen dizkiguten hiri eta kontsumo ereduen kontrakoa ere. Merkataritza Espainiako Estatuaren esku-sartzerik gabe arautzearen alde gaude, eta kontsumo kapitalistaren zirimolatik at bizitzeko eskubidea exijitzen dugu.
 

 

 

Lan baldintza kaskarrak dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak


Gaur, maiatzak 11, goizeko 5:30etan, 58 urteko langile bat hil da Leioan lanera zihoala kotxe istripu baten ondorioz.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diegu hildako langilearen senide, lagun zein lankideei .

Heriotza honekin, gutxienez 20 langile dira lan istripuz edo istripuen ondorioz hil direnak urtea hasieratik Euskal Herrian.

Istripu honen eta gainontzeko istripu guztien atzean prekarietatea dago, lan eta bizi-baldintza kaskarrak. Askotan lantegien kokapenak eta lanera sartzeko orduek ezinezkoa egiten dute garraio publikoaren erabilera eta lanetik joan eta etortzeko kotxea erabili behar da. Horrek kasu honetan bezala asko handitzen du “in itinere“ edo “lanerako bidean” istripua izateko. Baina lantegietan , arriskua egonda ere ez dira lanean ari diren enpresa ezberdinak koordinatzen. Gaurkoan bezala, enpresa nagusia UNILEVER zen, azpikontrata DHL eta hildako langileak RANSTAD ABLEan lan egiten zuen.

Lan baldintza kaskarrak dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak.

Astelehenean, lankidearen istripu hilgarriaren aurrean, DHLko langileek ordu erdiko kontzentrazioak egingo dituzte goiz (09:30-10:00) eta arratsaldez (17:30-18:00) erantzuteko dituzte enpresaren aurrean Leioako Felipe del Rio kalean z/g .
 

 

 

Zigortu diren cateringeko enpresak kontratatzea debekatzea eskatzen diogu administrazioari

2003-2015 urteetan, Lehiaren Euskal Agentziak egindako ikerketan aztertu den aldian, nahiko zantzu antzeman dira enpresen artean prezioak finkatzeko adostasuna eman zela esateko. 12 urteko aldi horrek ekarri duen urteko gainkostua, gutxienez, urteko 7.000.000 eurotakoa izan da.

Horrek eragin du senideek eta langileek iruzur horri, modu batean zein bestean, aurre egin behar izan diotela, zerbitzuaren kalitatea, elikagaien kalitatea eta lan-baldintzak kaltetu dira.

Bai, aurre egin behar izan diote egoera horri, nahiz eta Lehiaren Euskal Agentziak aipatu gainkostua administrazioaren alderdiari dagokion %35ean izan dela eta ez senideei dagokien alderdian, gogorarazi behar dugu %35a hori diru-publikoa dela, eta hortaz, guztiona den diruaz ari garela.

Esleitzeko sistema honek, puntuazioaren %40a langileen kostearen arabera zehazten duenak, laneko gatazkak sortarazten ditu, 2011n sinatu zen hitzarmenean islatu zen bezala,41egunetako greba egin ostean.

Kalitateko lan baldintzak doitzearen eta urritzearen ondorioz jazo zen lan-gatazka. Lanaldi duinak, kalitateko heziketa (gaur egun, urtean 6 ordutakoa izanik), benetako euskalduntzea, hori guztia hutsala da, negozio egitea helburu duen eredu honetan.

Urtez urte murrizketak jasaten ari gara, eta hauei gehitu behar dizkiegu egungo negoziazioetan berriro proposatzen ari direnak. Langileen orduko prezioaren murrizketa berriro ordainduko dugu beharginok. Ohartarazi nahi dugu, horrek berriro sortuko duela gatazka giroa, azken finean, kalitateko zerbitzu publikoari eragingo diona.

Egoera hau gure seme-alaben elikadura eta zaintza enkantera atera izatearen ondorioa da, enpresa batzuk horrekin negozio egin izanaren ondorio; enpresok Auzitegi Nagusiak, lehen instantzian, eta Auzitegi Gorenak, bigarren instantzian, zigortu zituzten, eskuduntzen legearen oso arau-hauste larritzat joz, beraien akziodunen patrikak loditzen jarraituko zutela adosteagatik.

LABek administrazioari eskatzen dio honek eragin dio edozein sailek (Ogasuna, Hezkuntza, Administrazioa eta Zerbitzuak) artikula dezala kontratazio publikoaren legeak duen 60. artikulua eta debeka dezala enpresa hauek kontratatzea, aurreikusi den lizitazio berrian. Eta honetaz gain, eta eska dezala lapurtutako dirua. Horrek, Eusko Jaurlaritzaren eta enpresa delitugile horien arteko ekintzen bereizketa argian sinesten lagunduko luke.
 

 

 

Lan heriotzen atzean dauden lan baldintza prekarioak salatu ditugu Orion

Maiatzaren 8an, langile bat hil zen lanean, Kantabriako uretan. Dagoeneko, 2018an Euskal Herrian gutxienez 19 langile hil dira euren lanpostuetan, euretako bi arrantza sektorean. Egoera honen aurrean, eta heriotzak sortzen dituzten lan baldintzen atzean dagoen prekarietatea gainditzea aldarrikatzeko, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu gaur, Orioko Herriko Plazan.
 

 

 

Soilik mobilizazioaren bidez lortuko dugu Gipuzkoako eraikuntzako akordio on bat

0
Gaur, maiatzak 10, egin da mahai negoziatzaileko bilera berria eta aurreikuspenik okerrena bete da. Adegik ez du inolako proposamenik ekarri eta gainera berearen aurkezpena sindikatuon proposamenak bertan behera uztera baldintzatzen ahalegindu da.

Arduragabekeria eta lotsagabekeria iruditzen zaigu eta mobilizazioaren beharrean berresten gaitu akordio ona lortu nahi badugu. Beharrezkoa ikusten dugu greba aurrera egiteko. Datorren maiatzaren 16an ez badago Adegiren 180 gradotako aldaketa bat, LABek gainontzeko sindikatuak interpelatuko ditu sektoreko greba eta mobilizazioei ekiteko.
 

 

 

Babesa erakutsi diegu Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietari

0

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietak eta Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohi Iñaki Errazkinek Madrilen deklaratu zuten apirilaren 13an, 2013an Donostialdeko errauste planta gelditzeagatik euren aurkako epaiketa dela eta.

Garbiñe Aranburu LABeko Idazkari Nagusia eta Bea Martxueta Ekintza Sozialeko Idazkaria biekin elkartu dira gaur sindikatuaren Donostiako egoitzan auzipetuei sindikatuaren babesa helarazteko, eta, aldi berean, nabarmendu nahi izan du Intxaurrandietak eta Errazkinek herritarrengandik jasotako agindua bete baino ez zutela egin. Erabakiarekin, ordea, batzuen negozioa oztopatu zuten, eta hori da ordainarazi nahi dietena; EAJk sustatutako eredua zalantza jarri izana.

Kasua benetan larria da, gure osasuna baitago jokoan. Hain zuzen ere, guztiontzat ekonomikoki kaltegarria eta milaka herritarren osasunarentzat arrisku garbia den errauste planta gelditzeagatik zigortu nahi dituzte Intxaurrandieta eta Errazkin. Herritarron interes orokorra defendatu zuten, diru publikoa esku pribatuetara pasatzen aritzen diren mafien aurrean. Gipuzkoarren osasuna babesteko hartu zuten erabakia.

Zentzu honetan, bi auzipetuen alde eta errauste plantaren aurka deitzen diren mobilizazioak babesten jarraituko du LABek eta hauetan parte hartzeko deia egin die langileei.

 

 

 

Osakidetzako Larrialdietako zerbitzuak mobilizatzen jarraituko du negoziatzaile egokien faltan

0

Osakidetzako Emergentziak zerbitzuko langileak Donostia Ospitalean elkarretaratu dira gaur. Osakidetzaren Emergentziak zerbitzuko Langileen Batzordeak, LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuekin batera, idazki bat bidali die Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzari eta Osasun Sailburuari, zerbitzuaren arazoei aurre egiteko negoziatzaile egokiak eskatuz.

2018ko martxoaren bukaeran, sindikatuek, negoziazio prozesuan aurreratzeko bilera bat izan genuen Zuzendaritzarekin, azken honek lan-karteldegi defizitarioak kendu ondoren. Negoziazio puntuen artean ondorengoak zeuden: langile guztientzako emergentzietako osagarria, txandartekoa (langileek haien lanaldian luzatzen duten denbora, hurrengo txandari langileentzako eta pazienteen segurtasunerako funtsezko informazioa emateko) eta koordinazio osagarria erizain eta medikuentzat.

Zuzendaritzak ez du bere hitza eman osagarri horrek gainontzeko osagarrien aldarrikapenak eragotzi ez ditzan. Gainera, ezezko borobila eman dio txandartekoaren denboraren aitorpenari (langileek dagoeneko egiten duten arren).Horregatik, langileek egindako gehiegizko orduak erregistratuko dituzte, Zuzendaritzari “txandarteko” bezala aitortzeko eskatuz.

“Zuzendaritzaren helburu bakarra negoziazio prozesua luzatzea izan da. Negoziatzeko hiru puntu besterik ez ditu aipatu Zuzendaritzak, baina dozena bat gai baino gehiago dago. Oraindik aldarrikapen historiko ugari konpontzear daude, hala nola urteko txarteldegien negoziazioa, egokia eta nahikoa den prestakuntza programa bat zehaztea, lanpostu ezberdinen balorazio objektiboa, zerbitzuaren neurrien berrezarpena… Laburbilduz, lan-prekarietatea murriztu eta euskal gizartearen eskaerei erantzuteko neurri sorta bat”, salatu dute sindikatuek.

Mobilizazio berriak
Egoera horren aurrean, Langileen Batzordeak eta sindikatuek antolatuko diren mobilizazio berrietan parte hartzeko deia luzatu diete Osakidetzako Emergentziak zerbitzuko langile guztiei, lan-baldintzen hobekuntza aldarrikatzeko helburuarekin.