2026-08-01
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzak ez dauka EPE prozesuan gertatutako irregulartasunen kasua bururaino eramateko inolako borondaterik

Osakidetzak ez dauka EPE prozesuan gertatutako irregulartasunen kasua bururaino eramateko inolako borondaterik

Osakidetzako Zuzendariak gaur arratsaldeko prentsaurrekoan adierazitakoak ez gaitu, zoritxarrez, ustekabean harrapatu. Eta zoritxarrez diogu, azken finean eta aurretiaz berak eta Darpon Jaunak esandakoa kontuan hartuta, EPE prozesuko irregulartasunen kontuan ez genuelako sorpresa handirik espero.

Mugica andereak jakitera eman ditu egindako ikerketaren emaitzak eta hartu beharreko neurriak. Eta orain arte berak eta Darpon jaunak egin duten moduan, gertatu denari garrantzia kendu, ondorioak mugatu eta hainbat espezialitate medikutan izandako azterketen filtrazioak ezeztatu baino ez du egin. Azken finean, ez zaie interesatzen bururaino joatea, Urkullu jaunak komunikabideetan adierazi zuen bezala. Hilabete hauetan guztietan mahai gainean ipinitako froga guztiak, salaketak, ikerketak, datuak eta abar ez dira, antza, nahikoa izan, espezialitate medikuetako EPEetan errotuta dagoen praktika ustelak argi eta garbi agerian uzteko, ezta arduradunak seinalatzeko eta hartu beharreko neurriak hartzeko ere. Mugicaren esanetan, ezin da demostratu filtraziorik izan denik, eta prozedurako irregulartasunen aurrean baino ez gaude.

Fiskaltzak eta Arartekoak ikerketa propioak egiten dituzten bitartean, Osasun Sailak eta Osakidetzak ustelkeria kasu berri hau itxi nahi dute, ahalik eta azkarren eta inor zipriztindu gabe. EAJren estilo klasikoenean. Eta bide batez, LABen sindikalismo kontsekuente eta borrokalariaren kontra inolako lotsa barik jotzen dute, inork bozkatu ez duen Kontseilari jaunak egin duen bezala LABi zilegitasuna kendu nahian modu barregarri eta histerikoan.

Izan ere ez da bakarra izan, pasa den astean Bilbo-Basurtoko ESIak ere gezurretan genbiltzala esan zuen udako murrizketak eta gero Bilbon hiru EAP (Etengabeko Arreta Puntuak) itxita jarraituko zirela salatu genuenean, ESI horretako zuzendariak baieztatu zigun moduan eta bertako auzokideek salatu duten bezala. Honetan ere, deskalifikazioak erabili dituzte egiten ari diren murrizketak estaltzeko.

EPEan gertatutakoa oso larria da. Eta larritasun horrek kudeaketa ausarta eskatzen du. Gaurko agerraldia eta hartu diren neurri eskasek argi uzten dute EAJren kudeatzaile onaren irudia propaganda hutsa baino ez dela.

LABek EPE sistema agortuta dagoela aldarrikatzen jarraituko du, orokorrean eta bereziki ustelkeria zabalduta dagoen medikuen espezialitateen kategorietan gutxienez. Beraz, Osakidetzari berriro exijitzen diogu irregulartasunak eta erantzukizunak argitzeko ikerketa serio eta ausarta egin dezala, eta EPE sistema barri baten eztabaida demokratikoa ireki dezala, gertatzen eta gertatu diren guztiak ez errepikatzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.