2024-03-29
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu Soziokomunitarioa“Ez dugu amore emango, gure duintasuna eta osasunaren defentsan”

“Ez dugu amore emango, gure duintasuna eta osasunaren defentsan”

Erandioko Sanitas Loramendi helduen egoitzako garbiketako langileen aldarria da izenburura ekarritakoa, gaur bertan komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan berretsitakoa. Hain zuzen ere, Bizkaiko helduen egoitza horretako langileak borrokan hasi ziren ekainean euren lan-baldintzen defentsan. Garbiketako langileek bizi duten diskriminazioarekin amaitzea eskatzeko ekin zieten protestei, lanaldi partzialean ari direnei lanaldia luza diezaieten. Bada, greba mugagabeari ekin diote berriro, zuzendaritzak ez baitu ezertxo ere egin egoera hobetzeko.

Joan den ekainean, Loramendiko langileek beste pauso bat ematea erabaki zuten hamarkada bat baino gehiago luzatzen ari den garbiketa taldearen kontrako bazterketaren aurkako borrokan. Negoziazio antzu askoren ondoren, egoitzako zuzendaritzak ez zuen inolako pausorik eman. Hala, greba batzordea osatu eta greba mugagabeari ekin zioten. Loramendin, LAB da lehen indarra enpresa batzordean.

Pasa den uztailean, behin behineko lankideei errespetuz eta egoitzaren udako funtzionamendua kaotiko izan ez zedin, erantzukizun ariketa bat eginez, greba eten zuten langileek, irailean, berriro ere, ekiteko asmoz. Hala, atzo eman zioten hasiera berriro greba mugagabeari. “Hilabeteak daramatzagu egoitzan mobilizatzen, enpresak ezezkoaren erantzuten baitie gure eskariei. Loramendiko langileok hilabeteko greba daramagu gure enpleguen kalitatea hobetzeko eta zaintzeko eta gure erabiltzaileen bizitza-kalitatea ziurtatzeko. Gure eskariak onargarriak dira eta baldintza onetan zaintzea dute helburu. 15 urte eman ditugu jada kategorien arteko diskriminazio argiarekin, lanaldiei dagokienez”, azaldu dute greba batzordeko ordezkariek.

Helduen egoitzetakoa guztiz feminizatua dagoen sektorea da eta horrexegatik, hain justu, lan baldintza prekarioagoak pairatzen dituzte bertako langileek. Jardunaldien partzialitateak dakartzan ondorioak jasan behar dituzte egoitzetako langile askok; besteak beste, errelebo kontratua eskuratzeko, jubilatzeko orduan eta abar.

Horixe da, gaur egun, Erandioko Sanitas Loramendi egoitzako garbiketa taldearen egoera. Egoitzan zabaldu diren gela berriekin batera, egoitzaren beharrak handitzen joan dira: plaza soziosanitarioak, gauzatu beharreko eginbeharrak… Langileek euren bizkargainean gero eta eginbehar gehiago eduki arren, lan horiek betetzeko denbora bera dute eta, ondorioz, garbiketako langile hauen osasuna nabarmen ukituta dago.

Loramendiko langileek jakinarazitakoaren arabera, “garbiketako jardunaldiak ehuneko ehunera igotzeko asmoz, paktuaren hobekuntza ekonomikoari uko egin diogu, bai eta gure eskariak bideragarriak bihurtzeko zenbait alternatiba eskaini ere. Hala ere, Sanitas Loramendiko zuzendaritzak proposatutakoaren aurrean ez du alternatiba bideragarririk eskaini”.

Une honetan, hamahiru langile daude lanaldi partzialekin, denak emakumeak. Egoitza zabaldu zutenetik modu ikaragarrian egin dute gora garbiketa, garbitegi eta sukaldeko baliabideetako eginbeharrek, baina, hala ere, ez dituzten euren lanaldiak luzatu. “Zuzendaritzari talde hauen lanaldiak ehuneko ehunera igotzea eskatzen diogu, guztiz beharrezkoa baita. Eskari hau ez da berria, duela 10 urtetik hona ari gara egiten eta beti ukatu izan zaigu. Ezin dugu gehiago jasan”, salatu dute.

Garbiketako taldeko langileen osasuna kaltetu da nabarmen lan kargarekin, ebakuntzak izan dituzte zenbaitek eta arazo muskulo-eskeletikoak. Esan bezala, gainkarga eta lan honen gehiegikerietan oinarrituta daude osasun arazo hauek. “Gure aldarrikapenek ez dute zerikusirik alde ekonomikoarekin. Bestalde, Sanitasek kendu egin dizkigu gozatzen genituen hobekuntza gutxietatik batzuk, aurreko itunetan lortu genituenak. Era berean, Sanitasi eskatzen diogu oporretan kontratatzeko politika izan dezala, bermatuko duena langileak neurri handiagoan atera ahal izatea aldi honetan, horrela laneko eta familiako bizitza hobetu eta uztartu ahal izateko”, aldarrikatu dute.

Langileen esanetan, enpresak bere nagusikeria erakutsi du eskari hauek baztertzeko garaian, eta tratu sumingarria eman die bere langileei: “Pertsonekin lan egiten dugu eta zerbitzu ona merezi dute. Eta guk gure osasuna eta gure bizitza bermatuko duten lan-baldintza duinak merezi ditugu”.

Bestalde, Loramendiko langileek erabiltzaileen senitartekoei eskertu nahi diete euren aldarrikapenei emandako babesagatik. “Gure erantzukizuna da erabiltzaileen bizi-kalitatearen alde egitea. Ez dugu amore emango, gure duintasuna eta osasunaren defentsan, hain beharrezkoa den lanaldia handitzea lortu arte”, erantsi dute.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

0-3 urtekoen zikloko sindikatuak berriz mobilizatu dira, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko behingoz har dezan alor honetako ardura

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusiaren parean, Gobernuak ziklo honi dagokionez erakusten duen jarrera axolagabea salatzeko. Ildo berean, apirilaren 11n manifestazioa eginen dutela iragarri dute, Departamentuaren egoitzatik 17:30ean abiatuko dena.

Grebak Arabako aisialdi hezitzailea eta animazio soziokulturalean apirilaren 2a eta 4an, hitzarmenaren negoziazioan akordiorik ez dagoelako

Agerraldia egin dute gaur Gasteizen sektoreko langileek bi greba egunak iragartzeko. Hitzarmen duinik ez badago, zerbitzurik ez dela egongo adierazi dute.

Iruñeko eremu urdinean jarduera ia geldirik egon da grebaren hiru egunetan

Enpresa Batzordeak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) astelehenetik egiten ari den grebaren balorazio positiboa egin du, eta ohartarazi du Dornierrek ez badu aurrerapausorik ematen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren negoziazioan, mobilizazioekin jarraituko dutela.