2026-04-29
Blog Page 776

Patronalaren erasoei aurre egingo diegu Abadiñoko Rothenbergerren

0

Iragan urteko bukaera aldera, Abadiñoko Rothenberger lantokiko langileak greba baten atarian zeuden. Grebaren helburua soldaten eguneratzea, lanaldiaren murrizketa, jubilazio partzialak, lanpostu finkoen sorrera… eta beste puntu batzuk jasoko zituen Enpresa Hitzarmena erdiestea zen. Langileak eta enpresa, aipatu greba horien atarian zeudela, enpresako zuzendaritzako kide bat, langileei, lanpostua mantendu nahi bazuten, greba ez egiteko “gonbidapena” egiten ari zela zabaldu zen whatsapp-etik.

Zuzendaritzako kide honek, bere izena bolo-bolo zebilela ikusirik, salaketa bat jarri zuen Eibarko Ertzainetxean. Salaketa horretan, mehatxatuta sentitzen zela eta bere alaben segurtasunaz kezkatuta zegoela zioen. Berak jarritako salaketan, whatsapp-eko mezu hori jasotzen da, eta bertan, ez dago mehatxurik eta ez dira bere alabak aipatu ere egiten. Aipatzen den mehatxu bakarra, zuzendaritzako kide honek langileei eginikoa da. Hau da, bera zela, langileek mehatxatzen ari zena.

Ertzaintzak eginiko ikerketa sakon bat dela eta (bi telefono dei), LAB sindikatuko militante bat salatua izan da. Aipaturiko kide honi, “mehatxu” delitua egozten diote eta urte honetako urriaren 2an epaiketa izango du Eibarko epaitegian.

Idatzi honen hasieran aipatzen genuen gatazka laborala, konpondua dago, langileek eta enpresako zuzendaritzak akordioa sinatuta baitaukate aspaldi. LABeko gure kidearen aurka salaketa horrekin aurrera egiteko arrazoi bakarra zuzendaritzako kide honek duen harrokeria eta jarrera zapaltzailea besterik ez dela deritzogu. Hori dela eta argi adierazi nahi dugu: LABeko gure kideari gure babes osoa adierazteaz ezezik, zuzendaritzako pertsona honek duen jarrera salatuko dugu. Ez dugu onartuko, bere postuaz baliatuz, langileak mehatxatzerik eta ezta ere bere jarrera horren kontra ahotsa altxatzen duenaren kontra darabilen jarrera zapaltzailerik. Argi eta garbi, ez dugu onartuko. Funtsik gabeko salaketa horrekin aurrera jarraitzen baldin badu, guk ere geure salaketa publikoarekin jarraituko dugu. Salaketa hori bertan behera utzi dezala exijitzen diogu.

Aipatu behar da, hemen mehatxatzen ibili den pertsona bakarra, Rothenberger-eko zuzendaritzako kide hau dela. Gauzatu egin diren mehatxuak, gainera. Izan ere, aipaturiko gatazka horretan greba egin zuten langile batzuk kaleratuak izan ziren. Greba egin ez zutenak ordea, denak daude lanean. Nor da hemen mehatxatzen ari dena? Gauzatu diren mehatxuak, gainera! Aurpegia behar da gero!

Rothenberger-eko zuzendaritzak, aipaturiko pertsonaia honen eskutik egikaritzen duen jazarpen sindikala irmoki salatzen dugu.

Alferrik dabiltza, ez gaituzte isilduko.

Patronalaren jazarpen eta mehatxu guztien gainetik, langileok tinko eta gogor erantzungo dugu.

 

 

Bizkaiko metalgintzako mahaiaren blokeoaren aurrean, mobilizazioak soilik lortuko du hitzarmen duina

0

Atzoko Bizkaiko metalgintzako mahaiak berriro berretsi zuen zein urruti dauden sindikatu eta patronalaren posizioak. FVEM patroanala ez zen ia mugitu, 0,5 gehiago aurkeztu zuen soilik 2018rako soldatetan eta baztertu egin zituen sindikatuon proposamenak (lanaldia, ultraaktibitatea, ebentualitatea murriztea, subrogazioa, baimenak…).

Sindikatu guztiek esan zuten enpresarien proposamena ez zela nahikoa eta berau, nahi dutenetik oso urruti dagoela. Mahai negoziatzaileko 10. bileraren ondoren nabarmena da dagoen blokeoa eta patronalak ez dituela sindikatuen funtsezko eskariak onartuko, horretara behartzen ez badugu.

Arrazoi horrengatik erabaki zuen LABek ezin genuela beste alde batera begiratzen jarraitu, blokeo eta negoziazio mahaiko aurrerabideen falta egoera normalizatuz. Argi dugu, patronalaren immobilismoa eta jarrera erosoa apurtu behar ditugu, langileon mobilizazioaren bidez lan-zentro zein sektorean.

Beste sindikatuei, ELA, CCOO eta UGT galdera bat egiten diegu, zer egitea pentsatzen dute patronalak sindikatuon aldarrikapenak onar ditzan? Patronalar kritikatu eta oharra ateratzeara mugatuko dira edukiak nahikoak ez direla esanez eroso daudenean aurrera egiten ez duen mahai batean eserita? LABek ez du hau lortzeko langileen mobilizazioa eta erabakimena beste biderik ikusten.

 

 

 

BBKko presidenteak, soldata mugarik gabe igo nahi du inongo ardurarik izan gabe, Herri Akusazioaren arabera

Xabier Sagredo BBKko presidenteak, soldata mugarik gabe igo nahi du inongo ardurarik izan gabe, Kutxabank kasuko Herri Akusazioaren arabera. LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, EKA eta Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak osatzen dugu aipatu herri-akusazioa.

HERRI AKUSAZIOAREN OHARRA

Kutxabank auziko Herri Akusazio honek, hedabideen bitartez jakin du BBKko presidenteak mugarik gabe igo nahi duela bere soldata, eta era berean, ez duela nahi inongo ardurarik bere gain hartu nahi.

Xabier Sagredo BBKko presidenteak, ekainak 20ean Fundazioaren gobernu organo gorenaren aurrean, buruan daukan egitura berriaren ildo orokorrak azaldu zituen. Sagredok badaki berrikuntza hauek ez direla izango guztien gustukoak, beraz, bere plana kontu handiz azaltzen ari da. Hedabideek azaltzen dutenaren arabera, bankuaren fundazioaren berregituratze honetarako, ospe handiko abokatuen bulego bi eta ohiko aholkularitza enpresa bati egin diete kontsulta.

Badirudi, Sagredoren asmoa enpresetan inbertitzea dela, bien bitartean Obra Sozialaren aurrekontua izoztuz, Kutxabanken egitekoa beraz, enpresa handietan izango da, errentagarriak diren enpresetan, eta 50 eta 250 milioi euro bitarteko fakturazioa daukatenetan.

Gure ustez, plan guzti hauen atzean, Sagredoren botere nahia dago. Bere irabaziak lehenesten ditu, mugarik gabeko soldata, auto ofiziala edo segurtasun pribatua euskal jendartearen beharrizanen aurretik, eta horretarako, gure ustez entitatez erratu da.

Herri Akusazio honentzat, oso larria da gizon honek dauzkan asmo eta planekin BBKko Presidente kargua izatea. Horrela izatearen adierazle da egungo Bankuaren kudeatzaileen eta beraien babes politikoen kudeaketa ankerra.

Kutxabanken bankarizazio eta pribatizazio prozesuan hurrengo urratsa Obra Sozialarekin bukatzea dute. Obra Soziala desegitearen prozesuak, ez dauka etenik, langileak gero eta gutxiago dira, zerbitzuak murrizten ari dira, lokalak saltzen, eta horren beharrezkoak diren nagusien zentroak bezalako zerbitzuak uzten ari dira, guk inondik inora ezin dugu utzi horrelakorik gerta dadin. Auzitegi Gorenaren epaia eskutam genuela esan genuen, funts publikoak interes pribaturako erabiltzea ez genuela onartuko, eta pribatizazioaren alde dauden alderdien arteko mesede tratu guztiak argitara aterako genituela.

 

 

 

Italian gaude, Mugak Zabalduz karabanarekin batera

Uztailaren 13an Euskal Herritik atera zen Mugak Zabalduz karabana iritsi da dagoeneko bere helmugara, hau da, Italiara. LABeko hainbat kide parte hartzen ari dira eta aurreko urteetako karabanetan bezala, migrante eta errefuxiatuek bizi duten egoera salatzeko hainbat ekimen, adierazpen eta manifestazio gauzatzen ari dira.

Aurten, esan bezala, Italia izaten ari da jomuga, izan ere, azkeneko gobernu aldaketaren eta ultraeskuindarren gorakadaren ondorioz, migrante eta errefuxiatuek bizi duten egoera jasangaitza da. Azkeneko asteetan ikusi dugun bezala, pertsona andana uzten ari dira Mediterraneoan hiltzen eta egoera honek betikotzeko zantzuak ditu.

Dena den, Italia Europako katebegi bat besterik ez da. Europak ardura bikoitza du errefuxiatu eta migranteen aferan. Alde batetik, jatorrizko herrialdeetan politika inperialistak aurrera eramaten ditu, baliabide ekonomiko, material eta giza baliabideen esplotazioa gauzatuz. Bestalde, pobreen eta langileen arteko gerra sustatzen ari da, faxismoari ateak irekiz. Horren adibiderik garbiena, errefuxiatuen kontra hartutako erabakiak dira, hala nola, EB-Turkia ituna eta Europako hegoaldeko herrialdeekiko diskriminazioa, errefuxiatuen kuotak direla eta.

Karabana aurrera doa eta Sizilian barna, bertako eragileekin eta bestelako erakundeekin batera. Besteak beste, NATOko baseen kontrako ekimenak, hildako errefuxiatuei omenaldiak edota migranteentzako zentroen aurrean ekimenak gauzatuko dituzte. Ongi etorri errefuxiatuak! Inor ez da ilegala!

 

 

 

Gasteizko epaitegien aurrean mobilizatu gara CUTi adierazteko ez gaituztela isilduko

0

CUTek gure aurka jarritako demandaren inguruko epaiketarekin batera, kontzentrazioa egin dugu Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean sasi-sindikatu honi, isilduko ez gaituztela adierazteko.

CUT sasi-sindikatuak, jatorria Txagorritxuko Ospitalean duenak, auzitara eraman gaitu, GARBIALDI enpresarekin duen elkar hartze makurra salatzeagatik. Enpresa hau da Osakidetzako Arabako ESIko zentroetako garbiketako emakida duena. Zehazki, eurekiko jarrera baztertzea, LABen kartelak zentroetako iragarki-tauletatik kentzea, eta ustezko “kalte moralengatik” 600 euro ordaintzea eskatzen du CUTek.

Aipatu karteletan LAB sindikatuak CUT, GARBIALDI eta OSAKIDETZAko arduradun ezberdinen arteko harremanak irudi batean barnebiltzea baino ez du egiten, eta horrenbestez, ez gaude ezer asmatzen eta egindakoak ez du inolako irainik suposatzen.

CUTen jarduna kritikatzea, adierazpen askatasunaren eta ekintza sindikalaren jardute zilegiaren parte dela uste dugu.

LAB sindikatua ez da isilik geratuko, eta Arabako ESIko garbiketa kontratako langileek pairatzen ari diren bidegabekeriak publikoki salatzen jarraituko du.

 

 

 

Agerraldia egin dugu gaur Donostian, merkatalgune handi gehiagori ezetz esateko

0

Gaur goizean, agerraldia egin dugu Donostiako Udaletxean, beste hainbat eragilerekin batera, Gipuzkoan merkaltalgune handi gehiago nahi ez dugula adierazteko.

AGERRALDIKO IRAKURKETA

2015ean, Auzitegi Gorenak, multinazional baten errekurtso baten ondorioz, EAEko Ekipamendu komertzial handiak erregulatzen zituen Lurralde Plan Sektoriala (LPS) bertan behera utzi zuen. LPS honek, limiteak jartzen zizkion merkatal gune berrien eraikuntzari, baita anpliazioari ere. LPSa bertan behera gelditzearen arrazoia, Europako konpetentzia librearen legislazioaren aurka zihoala izan zen.

 Auzitegi Gorenak eta Europar batasunak, onartzen dituzte, eta esaten dute zilegi dela, mugak jartzea merkatal gune berrien eraikuntzari, baita anpliazioari ere, interes orokorreko gaiak ardatz hartuta, besteak beste, ingurugiroa, urbanismoa, lurralde antolamendua, kontsumitzaileen defentsa edo kohesio soziala. Arrazoi hauengatik, ekainaren 14an, EAEko Parlamentuak, plan orokorren modifikazioei eta merkatal gune handien eraikuntza edo anpliaziorako lizentziak emateari moratoria bat ematea eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta tokian tokiko udale.

 Guzti horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta EAEko Parlamentuari eskatzen diegu, ahal bezain laster, Europako legean oinarrituz, LPSa eta merkataritzako legea modifikatu ditzaten, merkataritza zentro handi berrientzat eta anpliazioentzat birkalifikazioak galaraziz.

 Bitartean, udaletxeei eskatzen diegu, EAEko parlamentuan onartutakoarekin bat eginez, ez ditzatela plan orokorrak modifikatu, ezta merkataritza gune berrientzat eta anpliazioentzat lizentziak eman ere.

 Zentzu horretan, hurrengoa eskatzen dugu: LPS sektorialen berriztapena merkataritza ekipamendu handiak antolatzeko eta udaletxeak azalera handiko eta irekitzeko abiatu dituzten HAPO aldaketei nahiz lizentzia emateak gelditzeko.

 Hala, hiriko antolamenduko plangintza orokorrean edozein aldaketa egin ahal izateko, ingurumenaren gaineko eraginen ebaluaketa ezezik, plangintza berriaren inpaktu sozioekonomikoa aztertzen duten azterketa berrituak beharrezko izatea eskatzen dugu.

 Merkataritza gune handiak gizartearen interes orokorraren aurka doaz, eta ez da beharrezkoa gehiago egitea, berauek, ingurugiroan eragin negatibo zuzena dutelako, errepide berrien eraikuntza dakartelako eta kotxearen erabilera handiago batekin batera, eta baita bizi garen herriak itzaltzen dituztelako, gure gizarteko kohesioa eta aniztasunarekin bukatuz.

 Planifikatuta dauden merkataritza gune berriek (Zaldunborda-Hondarribi, Garbera, Belartza 2, Illunbe, Teresategi-Lasarte, Urbil, Biurrarena, etab) egun dagoena bikoiztuz (206.000 m2 eraikita eta 204.000 m2tako aurreikuspena) merkatari txikien eta handien arteko oreka apurtzen dute, lana prekarizatu eta suntsitzen dute, gure herrietako ekonomia suntsitzen dute eta eskaintzan dibertsitatea sortzen duten denda txikin itxiera dakarte.

Gaur, Donostiako udalean ordezkaritza duten taldeei dei egiten diegu, Garbera eta Belartzaren anpliazioekin zentzuz jokatu dezaten. Gipuzkoako merkatariek, euren erabakia hausnartu dezaten eskatzen diegu, gaiak gizartean eta sektorean dituen eraginak aintzat hartuta. Honen harira, kontutan izateko, Garberaren anpliazioaren harira inkestek eman zituzten emaitzen, non Donostiarrek 10 etik 2,14ko balorazio batekin baloratu zuten Garbera handitzearen proiektua.

Udal Gobernuari eskatzen diogu, herritarren hitza entzun dezala eta Eusko Jaurlaritzak gizarteak eta eragileek eskatzen dutena, eta ondorioz, Garbera eta Belartza 2ko anpliazioaren inguruan arduraz joka dezala, moratoria bat ezarriz, nora joan nahi dugunaren inguruan hausnartzeko.

LAB, ELA, CCOO, UGT, DENDARTEAN, EUSKALDENDAK, EKA/OCUV kontsumitzaileen elkartea, EGUZKI EKOLOGISTA TALDEA, HARITZALDE, BIDASOALDEKO LAGUNAK, BELARTZA 2 GELDITU, ASOCIACIÓN AUZOA LARRATXO-DONOSTIA.

 

 

 

CUT eta Garbialdiri isilduko ez gaituztela adieraziko diegu bihar Gasteizko epaitegietan

0

CUT sasi-sindikatuak, jatorria Txagorritxuko Ospitalean duenak, auzitara eraman gaitu, GARBIALDI enpresarekin duen elkar hartze makurra salatzeagatik. Enpresa hau da Osakidetzako Arabako ESIko zentroetako garbiketako emakida duena. Zehazki, eurekiko jarrera baztertzea, LABen kartelak zentroetako iragarki-tauletatik kentzea, eta ustezko “kalte moralengatik” 600 euro ordaintzea eskatzen du CUTek.

Aipatu karteletan LAB sindikatuak CUT, GARBIALDI eta OSAKIDETZAko arduradun ezberdinen arteko harremanak irudi batean barnebiltzea baino ez du egiten, eta horrenbestez, ez gaude ezer asmatzen eta egindakoak ez du inolako irainik suposatzen.

CUTen jarduna kritikatzea, adierazpen askatasunaren eta ekintza sindikalaren jardute zilegiaren parte dela uste dugu.

LAB sindikatua ez da isilik geratuko, eta Arabako ESIko garbiketa kontratako langileek pairatzen ari diren bidegabekeriak publikoki salatzen jarraituko du. Hori dela eta, LAB sindikatuaren kontra CUTek jarritako demandagatik bihar, uztailak 18, egingo den epaiketaren aurrean, Gasteizko epaitegien aurrean mobilizatuko gara goizeko 11:00tan.
 

 

 

Greba mugagabea Lagupresen, hitzarmen kolektiboa negoziatzeko

0

Lagupreseko langileek greba mugagabea hasiko dute bihar, uztailaren 17an, enpresan hitzarmen kolektiboa negoziatzeko. Enpresa Muskizen kokatuta dago, eta katalizatzaileak garbitzen ditu hainbat herrialdetan dauden birfindegietan, besteak beste, Petronorrek Euskal Herrian duenean. Langileei Kataluniako Eraikin eta Lokalen Garbiketako Hitzarmen Kolektiboa aplikatzen diete, euren lan-baldintzak okerragotzen dituena. Enpresak horretarako erabiltzen duen irizpidea da Tarragonan beste lan-zentro bat duela. Langileak Huelvan daude gaur egun, CEPSAko birfindegiko geldialdian katalizatzaileak garbitzen. Hau probestuz, LABek bihar hasiko den greba mugagabea deitu du.

Berriztu enpresak sexu-jazarpena salatu zuen langile baten kaleratzean Aldundiaren erantzunkizuna salatu dugu gaur Bilbon

Berriztu Bizkaiko Foru Aldundiarentzat lanean ari den enpresa bat da. Bertako langile batek beste lankide bat salatu zuen sexu jazarpenagatik. Handik denbora batera, jazarpena salatu zuen langilea kaleratu egin zuen Berriztuk.

LABek kontzentrazioa egin du gaur Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, kontu honetan instituzioak duen erantzukizuna salatzeko. Joan den uztailaren 12an sindikatuak kontzentrazioa egin zuen Basaurin, Berriztu enpresaren aurrean.

Duela hilabete batzuk, BERRIZTUko langile batek, lan zentru bereko lankide baten aldetik pairatzen zuen jazarpen sexualaren berri eman zion enpresari.

Langileak ahoz eman zion bere nagusiari pairatzen ari zen egoeraren berri, eta aste asko pasa ondoren, ez zuen enpresaren partez inolako erantzunik jaso.

Jazarpen egoera baten aurrean enpresak bere erantzukizunari muzin egitea eta egoera bera ezkutatu izana onartezina da.

Gertaerok oso larriak izan arren ere, egoera askoz gehiago okertu da.

Enpresaren partetik inolako pausurik ez ematearen ondorioz, langileak bere burua babesgabetasun egoeran aurkitu zuen, eta aste batzuen buruan, baja hartu behar izan zuen baldintza horietan lan egiteak tentsio egoera suposatzen ziolako.

Puntu honetan, bergogorazi behar diegu Berriztu eta Aldundiari langileen osasuna bermatzea euren erantzukizuna dela. Enplegu eta lan zentroetan jazarpen sexuala gertatzeari inolako zirrikiturik uzten ez dion eta jazarpen sexuala gertatuz gero, pairatzen dutenei babesa eta bermea segurtatzen dizkien protokoloa eduki behar dutela

Langileari jazarpenaren kontrako protokoloaren berri eman beharrean Edota langilearen osasuna bermatzeko neurriak hartu ordez, lehenengo baja eguna eta gero, langileari entzun edota lagundu beharrean batzorde bat izendatu zuen enpresak egoera kudeatzeko. Azpimarratu behar da langileak enpresari jazarpenaren berri eman zionetik hilabete pasa zela eta honek ez zuela ezer egin, enpresari jazarpena jakinarazi ondoren lanean jarraitu zuelako baja hartu arte.

Abian jarritako batzordea ez zen tresna eraginkorra izan, ez ziolako bere eginkizunen berri langileari eman eta ez zuelako langilearen errelatoa kontutan hartu. Langileak berak gertaeren kontakizun kronologikoa barnebiltzen zuen idazkia helarazi zien.

Langileari ez zitzaion entzun, ez zuten kontutan hartu, ez zitzaion lagundu ezta babestu ere… Baztertu egin zuten.

Batzordeak ez zuen jazarpen zantzurik ikusi eta kontraesankorra zirudien erabakia hartu zuen “langilea lekualdatzeko eskaini zioten jazarritako langileari, eta azkenean, lan zentruz aldatu zuten langilea”.

Langileari oso gogorra suertatu zitzaion lanera itzultzea, lekualdatutako langileak jazarritako langileren gain jarri baitzuen bere lekualdatzearen erantzukizuna, eta giroa oso tentsoa izan zen. Egoera horrela izanik ere, enpresak ez zion langileari inolako laguntzarik eskaini eta ez zen batere kezkatu langilearen egoeraz.

Aste batzuk lanean eman ondoren, eta lan egiten zuten adin gutxikoen zentroan bere segurtasuna eta bere lankidearena arriskuan egon zen eta egoera honetatik ateratzeko poliziari deitu behar izan zion pasarte bat pairatu ostean, enpresak zigortu egin zuen langilea, eta kanporatu.

Enpresak, kezkatuagoa egoera publikoa izan ez zedin jazarritako langilearen osasunaz baino, ez du jazarpen egoera konpondu, egoera larri bat aitzakitzat hartuta langilea kanporatu baizik, jazarpenaren kudeaketan enpresak berak daukan erantzukizuna eta utzikeria ezabatzeko asmoz.

Gertaerak oso larriak dira, langilearen eskubideen kontrako eraso zuzena da, eta ez soilik langilearen beraren kontrako erasoa, Berriztuko langile guztion kontrako erasoa baizik. Emakume langile bati gertatzen zaiona, emakume langile guztioi gertatzen zaigu, ez diogu inoiz erasoei erantzuteari utziko.

Azpimarratu behar da aipatutako adin gutxikoen zentroen titulartasuna eta ardura Bizkaiko Foru Aldundiak duela, eta fundazio batzuen bitartez pribatizatzen ari dela. Nola izan daiteke posible Aldundiak titulartasuna daukan zentro batean horrelakorik gertatzea?

Bizkaiko Foru Aldundia eta Berriztuk adierazitako permisibidadea, gizarte zerbitzuetako kudeaketan duten erantzukizun faltaren adierazlea da. Onartezina da Aldundiak titulartasuna duen gizarte esparruan ari den enpresa batean horrelakorik gertatzea.

Gaur, gizarte zerbitzu sozialen pribatizazioak, salatzen ari garen bezelako gertaerak sortzen dituela agerian uzteko elkartu gara hementxe bertan, Foru Aldundiaren aurrean. Aspalditik, aldundiak darabilen gizarte zerbitzuen pribatizaziorako formulak prekarietatea sortu eta langileei ez dizkiela lan baldintza duinak eskeintzen salatzen ari gara.

Gizarte zerbitzuek gizarte beharrak era integral eta berdintzailean jorratu behar dituzte, eta hauxe bermatzeko lan zentruetan gizarte zerbitzuen langileen osasuna, lan osasun prebentzioa bermatzen dituen baldintzak egon behar dira, zerbitzuek beraiek ekidin behar dituzten egoerak beren esparruen baitan gerta ez daitezen, hain zuzen ere.

Aldundiak zerbitzu langileen osasuna eta lan baldintzak bermatu behar ditu, eta gaur salatzen dugun bezelako gertakariek aldundiak adierazten duen langileekiko ardura eza agerian uzten dute. Aldundiari pribatizatuko zerbitzuen gaineko kontrolaren ardura har dezan galdegiten diogu

Ez dugu horrelako edo antzeko egoerarik, ez enpresan, ez inon, gertatzerik onartuko. Libre bizi nahi dugu, lanzentroetan eta kaleetan ere.