2026-07-16
Blog Page 753

Tecuniko langileek greba egin dute kaleratze arriskuen aurrean

0

Tecuniko langileek greba egin dute gaur, enpresak Iberdrolarekin zuen kontratu bat etetearen ondorioz, 46 langile kaleratze arriskuan daudelako. LAB eta ELA sindikatuok deitu dugu greba, eta Bilboko Udalaren aurrean elkarretaratze bat egin dugu, Udala Tecuniren bezeroa baita.

Bilboko Udalaren aurrean protesta egitearen arrazoia azaldu dute langileek, prentsa ohar batean. Hain zuzen ere, Bizkaiko hiriburuko Udalak hainbat zerbitzu ditu esleituta Tecunirekin. Hortaz, Udalaren beraren bitartekaritza eskatu dute, langileen aldarrikapenak entzunak izan daitezen, eta, eskari hori egiteko, gutun hau erregistratu dute:

TECUNI enpresako beharginok udalbatza horri jakinarazi gura dizkiogu udaletxe honen atarian, gaurko egunez, bilduak egoteko arrazoiak.

1.- Uztailean eta abuztuan enpresak, duela 15 eta 18 urte, hurrenez hurren, kontratu mugagabea zuten bi lankide IRAITZI zituen DIZIPLINAZKO IRAIZPENA argudiatuta.

2.- Beharginek, batzarra egin ostean, erabaki zuten bidegabekeria honen aurka mobilizatuko zirela; horrela, TECUNI S.A.ko LABen eta ELAren sail sindikalek lau ordutako lanuztea deitu zuten, urriaren 30ean, asteartez.

3.- Adierazi genituen eskakizunak honakoak dira:

a) Enpresak agindu dezala ez duela lankiderik iraitziko diziplina bide hori erabilita, eta adiskidetze-itunean enpresak BIDEGABETZAT onartu zuela.

b) 24 ordutako taldeak eta ondoz ondoko 7 egun jarraikiak bazter daitezela, laneko eta familiako bizitza adiskidetzeari kalte handia eragin diezaiokeelako, nahiz lanaldiak horren luzeak direlako.

c) Helburu horretan, negoziazio kolektiboaren prozesuari ekin behar zaio behin betikoz amai dezagun beharginek irizten dituzten gabeziekin, gure lan baldintzei dagokienez.

4.- Enpresak aldarrikapen hauei guztiei erantzun zien, OMEXONen sail osoa deituz, azaroak 6 zituenean. Hori egitean, ez zion jaramonik egin beharginen legezko ordezkaritzari, IBERDROLAREKIN ZUTEN KONTRATUA DEUSEZTATZEKO ALDE BAKARREKO ERABAKIA jakinaraziz.

Horrela, 46 lankide iraitziak izateko arrisku larrian geratu ziren.

5.- Honen bidez eskatzen dugu OMEXONen 46 BEHARGINEI ENPLEGU BERRIA EMAN BEHAR ZAIELA, nahiz “3”. ataleko puntuari dagokion eskaria.

Honengatik guztiarengatik, TECUNIko beharginok honakoa eskatzen dugu:

“TECUNI S.A.-ren zerbitzuak kontratatzen dituen erakundea izanik, aipatu enpresari eska diezaiola segurtasunean indarrean dagoen lan-legeria zehazki bete dezala, baita askatasun eta jarduera sindikalari begirunea ager diezaiola eta gure eskubideak aldarrikatzen ari garen beharginen aurka errepresaliak hartzeari (iraizpenetan gauzatu direnak) utz diezaiola.

Honekin bat etorriz, enpresak bere kabuz hartu dituen erabakien ondorioak ez ditzagun plantillako beharginok jasan, hortaz, ez diezaiela ekin, erabaki horiek bultzatuta, iraizpen horiei”.

Besterik gabe, zure erantzunaren zain agurtzen dizugu.

 

 

 

Igor Urrutikoetxea gogoan izan dute Bilbon egindako hitzaldian

Bost urte betetzen dira egunotan Igor Urrutikoetxea LABeko Nazioarteko arduradun ohiaren heriotzetik. Gaiaren inguruan solaladia izan dugu gaur, Bilboko egoitzan, “Langile herrien taupadak. 2013-2018: Oroimenetik etorkizuna ehuntzen” leloarekin.

Urrutikoetxea ondo ezagutu zuten nazioarteko sindikatuetako kide bi izan dira gonbidatuak, Intersindical Canariako Lucy Rodríguez eta Galiziako CUTeko Manolo Camaño, Ainhoa Etxaidek gidatutako solasaldian.

Interbentzio hunkigarriak egin dituzte, Urrutikoetxearen ibilbideko zenbait pasarte oroituz eta bere izaera goraipatuz. Nazioarteko egoeraz, estatukoaz eta sindikalismoaren erronkez ere aritu dira.

Lezaman, omenaldia
Asteburuan jarraipena izango dute Igor Urrutikoetxea oroitzeko jarduerek. Hain zuzen ere, igandean, egitarau oparoa gauzatuko dute Lezaman, omendutakoaren jaioterrian.


 

 

 

Emakumeontzako justizia aldarrikatu dugu Hego Euskal Herriko epaitegien aurrean

LABek mobilizazioak egin ditu gaur Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeako epaitegien aurrean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren atarian. Emakumeontzat justizia eskatu dugu eta salatu, gaur gaurkoz, oraindik ere emakumeok pairatzen dugun indarkeria matxista ez dela lehentasun bat eragile politikoentzat.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Bilbon adierazi duen moduan, “ondorio horretara iristen gara emakumeen kontrako indarkeriarako epaitegiek duten egoera aztertu ondoren. Horren inguruko txostena egin dugu eta emakumeontzako justiziarik ez dagoenaren ondoriora iritsi gara. Ondorio hauek indartu egiten dira gainera zenbaitetan epaitegietatik datozen sententzien aurrean, azkena atzokoa, agerian uzten duena emakumeon babesgabetasuna.”

Emakumeekiko indarkeria epaitegien egoeraren inguruan LABek egindako txostenean oinarrituz, lau ondorio azpimarratu ditu Aranburuk: “Lehena, hasieratik bertatik epaitegi horiek beharrezko bitarteko egoki gabe sortu zirela, bitartekoei eta langileei dagokienez. Bigarren ondorio prestakuntza eza da. Horrelako prozesuetan arreta eman eta parte hartzeko ezinbestekoa da genero ikuspegia barneratua izatea, hori da bermea benetako justizia egin ahal izateko eta hori, gaur gaurkoz, ez da betetzen, langileek ez dutelako derrigorrezko prestakuntzarik arlo honetan. Hirugarrenik, emakume etorkinek dutena da egoerarik larriena, informazio eskuratzeko zailtasun gehiago dutelako eta, beste alde batetik, interprete zerbitzu nahikorik ez dagoelako eta honek oztopatu egiten duelako beraien eskubideak bermatu ahal izatea. Azkenik, epaitegi horiek arkitektonikoki ere ez daude nahikoa prestatuta, biktimaren intimitatea ez delako bermatzen eta adingabekoekiko babes neurriak ez direlako errespetatzen”.

LABeko idazkari nagusiak gaineratu du: “Guzti honetatik ateratzen dugun ondorioa da justizia hau ez dela emakumeen eskubideen bermatzailea eta justizia hau badela gaur egun indarrean dagoen sistema kapitalista heteropatriarkalaren horren isla”.

Aranburuk adierazi du LABek egoera salatu eta mobilizatzen jarraituko duela, eta igandean bertan Mugimendu Feministaren deialdiekin bat eginez, hiri eta herrietako kaleak betetzeko deia egin du.

 

 

 

Milaka langilek gure alde egin dute hauteskunde sindikaletan, kendutako eskubideak berreskuratzeko bidelagun gisa

0
Hauteskunde sindikalak abian daude hainbat lantokitan, eta LAB emaitza oso onak lortzen ari da, azken urteetan osatutako ibilbidearen harira. Lan baldintzak bakarka inposatu nahi dizkiguten garaiotan, LABek irtenbide argia proposatzen du: kolektiboki erantzutea. Izan ere, eskubideak lortzeko elkartasuna eta antolakuntza da gure alternatiba, eta errezeta horrekin bat egiten ari dira milaka langile.

LAB klase sindikatua da, borrokalaria, elkartasuna oinarri duena, kendutako eskubideak berreskuratzeko bidelagun aproposena. Hain zuzen ere, murrizketa garaiak bizi izan ditugu azken urteotan; horrenbestez, sindikatuaren lehentasunen artean daude enplegua egonkortzea, soldata arrakalarekin bukatzea eta hemen negoziatzea.

Orain pasa omen da krisia, atera omen gara. Bada, LABen iritziz, lotsagarria da aberastasunaren handitze hori langileen prekarietatean, malgutasunean eta lanaldia handitzean oinarritzea. Sindikatuak ezin du onartu lanera sartu diren kontratazio berriei lan baldintza okerragoak ezartzea, kontratatzerakoan diskriminatzea, emakumeak lan munduan bigarren mailako langile izatea edo lan osasuna negozio bilakatzea.

Hauteskunde sindikaletan babesa erakutsi diguten langileek ongi baino hobeto dakite antolatuta egoteari esker lortzen direla gauzak aldatzea, maila guztietan; eremu sindikal, politiko zein sozialean. Eta LAB eraldatzailea, solidarioa, ekintzailea eta eraginkorra da. Horregatik aukeratu gaituzte bidelagun.

Emaitza esanguratsuenak
Orain arte egin diren hauteskundeetan emaitza esanguratsuak lortu ditu LABek. Horietako batzuk aipatuko ditugu ondoren.

Donostiako Udalean, hauteskundeak irabazi ditugu. Hain zuzen ere, 24 delegatu hautesleetatik 10 lortu ditugu, 2014ko hauteskundeetan baino bat gehiago. Lau hauteskunde mahaietatik hirutan irabazi dugu.

Bilboko El Corte Inglesen, LABek sindikatu bozkatuena izaten jarraitzen du, FASGArekin 10 delegatutan berdinduta, baina azken honek baino boto gehiagorekin.

Gascan, delegatu bat gehiago lortu dugu, erabateko gehiengoa indartuz. 23 delegatuetatik 14 ditu LABek.

Lasarteko Michelinen, hirugarren aldiz jarraian irabazi ditugu hauteskunde sindikalak, 6 delegatu eskuratuta. Bereziki nabarmena izan da tailerretan jasotako babesa, beharginen %39k LABen alde egin baitu.

Cementos Rezolako (Financiera y Minera, SA) enpresan, emaitza historikoa lortu dugu; lehen aldiz atera da garaile LAB, 5 delegatu lortuta.

Polmetasa enpresan, 4 delegatu lortu ditugu, ELArekin berdinduta, baina boto gehiago eskuratuta.

Debako Teknikerren lehen indarra gara, duela lau urteko emaitzak goitik behera aldatu eta gero. LABek 9 delegatu ditu eta ELAk, 4; 2014an, ELAk 7 zituen eta LABek, 6.

Donostiako Odol Bankuan, lehen indarra gara ere, 3 delegaturekin; duela lau urte, ELA sindikatuarenak ziren lantoki honetako 5 delegatuak.
 

 

 

Ordaindutako baimenen inguruko epai garrantzitsua irabazi dugu

0
LABetik langile guztiei gogoratu nahi diegu euren eskubidea dela ordaintutako baimenak lehen lanegunetik kontatzen hastea, eta eskubide hau onartzen ez bazaie, erreklamatzeko deia egiten diegu.

2018ko otsailaren 13ko Auzitegi Goreneko 145/2018, epaiaren ondorioz, ordaindutako baimen egunak kontatzen hasi behar dira baimena hartzeko eskubidea izan eta hurrengo lan egunetik aurrera.

Hau da, adibidez, larunbatean ezkontzen diren langileen kasuan, astelehenetik ostiralera lana egiten badute, astelehenetik aurrera hasi behar da baimena kontatzen.

Enpresa batzuetan ordea ez dute aplikatu nahi izan epai horrek zioena, eta langileek epaitegira joan behar izan dute euren eskubideak gauzatzeko. LABek lehen epaiketa izan du gai honekin SAM enpresaren aurka, eta epaiketa irabazi dugu. Donostiako Lan Arloko 5, epaitegiak, azaroak 12an argitaratutako sententzian. Epai horretan, langileak ezkontzagatik zegokion baimenean, bi egun gehiago hartzeko eskubidea onartzen zaio, eta bi eguneko soldataren indemnizazioa ordainarazten dio gainera enpresari.
 

 

 

Euskara erabili nahi dutenentzat ingurune sozial eroso, abegikor eta naturala da eta izango da sindikatua, Euskaraldiak iraun bitartean ere

Abian da Euskaraldia, eta 11 egunez Ahobizi eta Belarriprest izango gara sindikatuan. Hain zuzen ere, langileok Euskaraldian subjektu aktiboak izango gara. Lanean zein kalean, askatasunean, euskararen hazia erein egingo dugu euskararen erabilera hazteko.

Donostiako Groseko egoitzako kideak.

2000. urtean LAB sindikatuak erabaki zuen sindikatuaren LAN eta KOMUNIKAZIO hizkuntza euskara izango zela. Erabaki horren aurretik euskararen normalizazioan lan handia egina bagenuen, erabakiaren ostean EUSLAB egitasmo estrategikoa jarri genuen martxan sindikatu barruko jardueran zein lan munduan euskararen erabilera areagotzeko. Ez gara berriak lan munduan euskararen erabileran eragiteko dinamiketan.

Euskaraldiaren alde, Gasteizko egoitzaren aurrean.

EUSKARALDIA euskararen erabilera areagotzeko ariketa sozial eta kolektiboa den neurrian, LABek bat egin du dinamikarekin eta EUSKARALDIAn eragile aktiboa izatea erabaki dugu. LAB sindikatuko kideok, urte osoan zehar bezala, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, euskara erein egingo dugu kalean zein lanean, langileok euskararen erabileran hazteko.

Lizarrako egoitzako kideak.

Euskararen berreskuratze proposamen guztietan lan mundua eta langileak bazter geratu gara eta EUSKARALDIAn subjektu aktiboak izan nahi dugu. LABeko kideok gure eginbide sindikalean AHOABIZI eta BELARRIAPREST izango ditugu eta horrela, sindikatuaren jardueran euskararen erabilera areagotu nahi dugu eta langileekin euskararen erabileraren erantzukizuna partekatuko dugu eta aukera eskainiko diegu gurekin eta lan munduan euskara erabiltzeko.

Durangaldeko LABeko kideak.

Sindikatu barruan zein lan munduan hizkuntzarekin ditugun inertziak astindu nahi ditugu eta sindikatu barruko prozesuetan euskararen erabilera areagotzeko ahalegin kolektiboa egingo dugu.

Oarsobidasoko kideak.

LABek EUSKARALDIA baliatu nahi du lan munduko euskaltzaleen sareak berraktibatzeko eta indartzeko, eta 11 egun horietan gure sindikatuan eta lan munduan sortutako dinamikak denboran mantentzeko ahalegin berezia egingo dugu.

Eusko jaurlaritzako LABeko kideak

EUSKARALDIAn LAB sindikatua euskara erabili nahi dutenentzat ingurune sozial eroso, abegikor eta naturala izango da. Gure eginbide sindikala egiteko moduari eta prozesuari emango diogu garrantzia: Euskaraz egingo dugu.

Gipuzkoako Foru Aldundiko LABeko kideak.
 

 

 

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak kalera irten dira berriro

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek lau greba egun deitu dituzte azarorako. Lehena atzo egin zuten eta bigarrenari gaur egokitu zaio txanda. Astelehenean eta asteartean jarraituko dute grebekin, euren lan eskubideen defentsan. 
 

 

 

Erditze unitateko murrizketen aurka protesta egin dugu Gurutzetako ospitalean

0

Gurutzetako ospitaleko LAB, ESK, ELA, UGT, CCOO eta SAE sindikatuok Erditze unitateko 6 erizain laguntzaile, txanda bakoitzeko bana, eta zelari baten murrizketak salatzeko elkarretaratze bat egin dugu.

Hauxe da sindikatuok osatutako oharra, mobilizazioaren harira:

Murrizketa hauek irizpide ekonomizistetan eta datu estatistiko hotzetan oinarritzen dira besterik ez, kalitate asistentzialako irizpideak eta erizain laguntzaileek burutzen duten lanaren azterketa zehatzago bat alde batera utziz. Erditze unitatean burutzen den lana bilakaera handia izan du, zeregin berriekin. Zerbitzura doazen emakumeak erabiltzaile konplexuagoak dira, adin-tarte altuago eta zainketa behar handiagoekin.

Erditze zerbitzua larrialdi zerbitzua dela eta baliabideak zehaztea ezinezkoa dela ez dute kontutan hartzen, hortaz, prozedura larriei erantzun arin eta egokia eman ahal izateko langile nahiko egotea beharrezkoa da. Sarritan, halako egoeretan eta gaur egungo langile kopuruarekin, nekez lortzen da kalitatezko erantzun segurua ematea.

Erizain laguntzaile eta zelarien murrizketa honekin etengabeko arreta pertsonalizatua bermatzen duen eta segurtasun eta intimitate sentsazioa sustatzen duen emagin bakoitzeko erizain laguntzaile bat egoteko aldarrikapenetik urruntzen gara, kalitatezko lana bermatzen duen benetako talde lana ezartzea eragotziz.

MURRIZKETA HAU KATEGORIA GUZTIENGAN ERAGINA IZANGO DUEN PROZESU BATEN HASIERA DA.

Pertsonal murrizketa hau ez da gertaera isolatua, ez da bakarrik Erditze unitateko langileen arazoa. Murrizketa hau, Urdulizeko irekieraren azken fasea dela eta, ospitaleko kategoria guztietako 200 lanpostu ezabatzeko irteteko pistola-tiroa da. Guztiongan eragina duen arazoa da hau.

Pixkanaka-pixkanaka, plantilla murrizketako prozesu ugari ikusiko ditugu ospitalean. Gurutzetako langile eskasia, gehiegizko lan-kargak eta lan-erritmo altuegiak denon jakinean dago. Akatsaren bat egiteko arriskuaren handitzeak eta zerbitzuaren eskakizun guztiak bete ezin izateak presio psikologiko gogorra sortzen dute langileengan.

Sindikatuok langile guztion batasunetik gogor erantzutea beharrezkoa dela uste dugu. Langile eta erabiltzaileekiko kalitate eta segurtasuneko baldintzetan lan egitea bermatzen duen plantilla egokia defendatzea beharrezkoa da.

Gure lanpostuak eta orain arte erreferentea zen eta harrotzen gintuen ospitalearen kalitatea defendatzea premiazkoa da.

 

 

 

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak greban dira, lan baldintza duinen alde eta zerbitzuaren kalitatearen defentsan

2017az geroztik hilero bi lanuzte partzial egin ondoren, Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek lau greba egun deitu dituzte azarorako; horietatik lehena, gaur. Azaroaren 23, 26 eta 27an ere egingo dute greba. Lanaldi partzial inposatuak dituzte, ez zaizkie prebentzio neurriak aplikatzen eta soldatari dagokionez enpresaren proposamena IPCaren azpitik geratzen da.

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzako langileok sektorearen egoeraren berri eman nahi diegu Bizkaiko herritarrei:

• 1500etik gora langile gara, ia guztiak emakumeak. Dependentzia duten pertsonak artatzen ditugu, gure lana jendartearentzat ezinbestekoa izanik. Betetzen dugun lana, pribatizatutako zerbitzu publikoa bat da, Bizkaiko udalek eta mankomunitateek, enpresa publikoen bitartez azpikontratatzen dutelarik.

• Azken urteotan gure udalek eta mankomunitateek, estatuko Menpekotasunaren Legearen ezinbesteko laguntzaz, murrizketak egin dituzte aurrekontuetan, eta horrek ondorio larriak ekarri ditu gure lan-baldintzetan, eta beraz menpekoentzako zerbitzuan.

• Langileok egunetik egunera jasaten ari gara zerbitzualdiko ordu-murrizketa (8.000 ordutik gora azken 5 urteetan), soldata-jaitsierak, lan-eskubideen galera, lanaldi partzialeko kontratazioa, eta diru publikoz lortutako beraien milioietako etekinak baino kontuan hartzen ez dituzten enpresa azpikontratatuen baldintza eta erabakien inposizioak.

• Horregatik erabaki dugu ASKI esatea. Gure udalek eta mankomunitateek hartzen dituzten erabakien norabidea zeharo aldatzea eta horrekin batera, ordu-murrizketak gelditzea eskatzen dugu. Zerbitzualdiko orduak gehitu behar dira, gure lan-baldintzak duinagoak bihurtu, eta dependentziadun pertsonentzako kalitatezko laguntza-eredu baten alde apustu egin.

• Hori lortzeko, ez gara gehiago ikusezinak izango, antolatu behar gara. Gure herri eta hirietako kaleetan ikusi behar gaituzte!