2026-11-05
HomeIndustriaEnergiaTecuniko langileek greba egin dute kaleratze arriskuen aurrean

Tecuniko langileek greba egin dute kaleratze arriskuen aurrean

Tecuniko langileek greba egin dute gaur, enpresak Iberdrolarekin zuen kontratu bat etetearen ondorioz, 46 langile kaleratze arriskuan daudelako. LAB eta ELA sindikatuok deitu dugu greba, eta Bilboko Udalaren aurrean elkarretaratze bat egin dugu, Udala Tecuniren bezeroa baita.

Bilboko Udalaren aurrean protesta egitearen arrazoia azaldu dute langileek, prentsa ohar batean. Hain zuzen ere, Bizkaiko hiriburuko Udalak hainbat zerbitzu ditu esleituta Tecunirekin. Hortaz, Udalaren beraren bitartekaritza eskatu dute, langileen aldarrikapenak entzunak izan daitezen, eta, eskari hori egiteko, gutun hau erregistratu dute:

TECUNI enpresako beharginok udalbatza horri jakinarazi gura dizkiogu udaletxe honen atarian, gaurko egunez, bilduak egoteko arrazoiak.

1.- Uztailean eta abuztuan enpresak, duela 15 eta 18 urte, hurrenez hurren, kontratu mugagabea zuten bi lankide IRAITZI zituen DIZIPLINAZKO IRAIZPENA argudiatuta.

2.- Beharginek, batzarra egin ostean, erabaki zuten bidegabekeria honen aurka mobilizatuko zirela; horrela, TECUNI S.A.ko LABen eta ELAren sail sindikalek lau ordutako lanuztea deitu zuten, urriaren 30ean, asteartez.

3.- Adierazi genituen eskakizunak honakoak dira:

a) Enpresak agindu dezala ez duela lankiderik iraitziko diziplina bide hori erabilita, eta adiskidetze-itunean enpresak BIDEGABETZAT onartu zuela.

b) 24 ordutako taldeak eta ondoz ondoko 7 egun jarraikiak bazter daitezela, laneko eta familiako bizitza adiskidetzeari kalte handia eragin diezaiokeelako, nahiz lanaldiak horren luzeak direlako.

c) Helburu horretan, negoziazio kolektiboaren prozesuari ekin behar zaio behin betikoz amai dezagun beharginek irizten dituzten gabeziekin, gure lan baldintzei dagokienez.

4.- Enpresak aldarrikapen hauei guztiei erantzun zien, OMEXONen sail osoa deituz, azaroak 6 zituenean. Hori egitean, ez zion jaramonik egin beharginen legezko ordezkaritzari, IBERDROLAREKIN ZUTEN KONTRATUA DEUSEZTATZEKO ALDE BAKARREKO ERABAKIA jakinaraziz.

Horrela, 46 lankide iraitziak izateko arrisku larrian geratu ziren.

5.- Honen bidez eskatzen dugu OMEXONen 46 BEHARGINEI ENPLEGU BERRIA EMAN BEHAR ZAIELA, nahiz “3”. ataleko puntuari dagokion eskaria.

Honengatik guztiarengatik, TECUNIko beharginok honakoa eskatzen dugu:

“TECUNI S.A.-ren zerbitzuak kontratatzen dituen erakundea izanik, aipatu enpresari eska diezaiola segurtasunean indarrean dagoen lan-legeria zehazki bete dezala, baita askatasun eta jarduera sindikalari begirunea ager diezaiola eta gure eskubideak aldarrikatzen ari garen beharginen aurka errepresaliak hartzeari (iraizpenetan gauzatu direnak) utz diezaiola.

Honekin bat etorriz, enpresak bere kabuz hartu dituen erabakien ondorioak ez ditzagun plantillako beharginok jasan, hortaz, ez diezaiela ekin, erabaki horiek bultzatuta, iraizpen horiei”.

Besterik gabe, zure erantzunaren zain agurtzen dizugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.