2025-04-30
HomeUncategorizedMilaka langilek gure alde egin dute hauteskunde sindikaletan, kendutako eskubideak berreskuratzeko bidelagun...

Milaka langilek gure alde egin dute hauteskunde sindikaletan, kendutako eskubideak berreskuratzeko bidelagun gisa

Hauteskunde sindikalak abian daude hainbat lantokitan, eta LAB emaitza oso onak lortzen ari da, azken urteetan osatutako ibilbidearen harira. Lan baldintzak bakarka inposatu nahi dizkiguten garaiotan, LABek irtenbide argia proposatzen du: kolektiboki erantzutea. Izan ere, eskubideak lortzeko elkartasuna eta antolakuntza da gure alternatiba, eta errezeta horrekin bat egiten ari dira milaka langile.

LAB klase sindikatua da, borrokalaria, elkartasuna oinarri duena, kendutako eskubideak berreskuratzeko bidelagun aproposena. Hain zuzen ere, murrizketa garaiak bizi izan ditugu azken urteotan; horrenbestez, sindikatuaren lehentasunen artean daude enplegua egonkortzea, soldata arrakalarekin bukatzea eta hemen negoziatzea.

Orain pasa omen da krisia, atera omen gara. Bada, LABen iritziz, lotsagarria da aberastasunaren handitze hori langileen prekarietatean, malgutasunean eta lanaldia handitzean oinarritzea. Sindikatuak ezin du onartu lanera sartu diren kontratazio berriei lan baldintza okerragoak ezartzea, kontratatzerakoan diskriminatzea, emakumeak lan munduan bigarren mailako langile izatea edo lan osasuna negozio bilakatzea.

Hauteskunde sindikaletan babesa erakutsi diguten langileek ongi baino hobeto dakite antolatuta egoteari esker lortzen direla gauzak aldatzea, maila guztietan; eremu sindikal, politiko zein sozialean. Eta LAB eraldatzailea, solidarioa, ekintzailea eta eraginkorra da. Horregatik aukeratu gaituzte bidelagun.

Emaitza esanguratsuenak
Orain arte egin diren hauteskundeetan emaitza esanguratsuak lortu ditu LABek. Horietako batzuk aipatuko ditugu ondoren.

Donostiako Udalean, hauteskundeak irabazi ditugu. Hain zuzen ere, 24 delegatu hautesleetatik 10 lortu ditugu, 2014ko hauteskundeetan baino bat gehiago. Lau hauteskunde mahaietatik hirutan irabazi dugu.

Bilboko El Corte Inglesen, LABek sindikatu bozkatuena izaten jarraitzen du, FASGArekin 10 delegatutan berdinduta, baina azken honek baino boto gehiagorekin.

Gascan, delegatu bat gehiago lortu dugu, erabateko gehiengoa indartuz. 23 delegatuetatik 14 ditu LABek.

Lasarteko Michelinen, hirugarren aldiz jarraian irabazi ditugu hauteskunde sindikalak, 6 delegatu eskuratuta. Bereziki nabarmena izan da tailerretan jasotako babesa, beharginen %39k LABen alde egin baitu.

Cementos Rezolako (Financiera y Minera, SA) enpresan, emaitza historikoa lortu dugu; lehen aldiz atera da garaile LAB, 5 delegatu lortuta.

Polmetasa enpresan, 4 delegatu lortu ditugu, ELArekin berdinduta, baina boto gehiago eskuratuta.

Debako Teknikerren lehen indarra gara, duela lau urteko emaitzak goitik behera aldatu eta gero. LABek 9 delegatu ditu eta ELAk, 4; 2014an, ELAk 7 zituen eta LABek, 6.

Donostiako Odol Bankuan, lehen indarra gara ere, 3 delegaturekin; duela lau urte, ELA sindikatuarenak ziren lantoki honetako 5 delegatuak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Metro Bilbaok I-SEC enpresarekin egindako kontratua salatzen du LABek

Metro Bilbaoko zuzendaritzak eta langile-batzordeak Bilbo Palestina Herri Ekimenaren eta Bilbo- Nodo BDZ-Bizkaiaren (Israeli Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) jaso zuen. Salatzen zuten Metro Bilbaok I-SEC Aviación Security enpresa israeldarra kontratatu duela Lutxana eta Plentzia arteko linea-zatiaren eta instalazioen segurtasunerako, eta eskatzen zioten kontratu hori eteteko.

EAEko Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak bulego judizialaren egungo eredua desegin du, eta betearazpen-zerbitzuak ezabatu ditu

Urtarrilaren 3an argitaratu zen 1/2025 Lege Organikoa, urtarrilaren 2koa, Justizia Zerbitzu Publikoaren eraginkortasunaren arloko neurriei buruzkoa. Arau horrek hainbat aldaketa dakartza justizia administrazioan. Lege hori gainerako autonomia-erkidegoek eta Justizia Ministerioak baliatuko dute bulegoen euskal eredu judiziala kopiatzeko, dagoeneko 15 urte inguru dituena.

Abian da gutxieneko soldata propioa lortzeko sinadura bilketa

Hego Euskal Herriko langileei dei egiten die gehiengo sindikalak, Herri Ekimen Legegilearekin bat egin dezaten.