Epaitegi Gorenak 2018ko urriaren 3an emandako sententziaren arabera, Gizarte Segurantzatik jasotako amatasun prestazioak ez dira lan etekin gisa hartuko, eta, beraz, ez zaie PFEZ deskontatu edo erretenitu behar.
Asko pozten gara Intxarraundieta eta Errazkinen epaiaren aurrean
Garaipen honek, errauskailuaren aurka borrokatzeko indarrak biderkatu behar dizkigu, beraz, jendarte osoari dei egiten diogu hurrengo urriaren 27ko manifestazioan parte hartzera.
Ainhoa Intxarraundieta GHKko presidentea eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu zirela, Zubietako Erraustegi plantaren lanen kontratua etetea erabaki zuten, erabaki hau, LABen ustez, hartu zitekeen erabaki zuzenena eta bakarra zen, erabaki horrek gainera, babes sozial eta sindikal zabala zuten. Plantaren kontratua etetea arduraz jokatzea izateaz gain, juridikoki zuzena izan da hasierako momentutik.
Hurrengo hauteskundeetan EAJ eta PSE Gipuzkoako Aldundiaren Gobernura heltzearekin batera, erabaki horretan atzera egin zuten, baina ez hori bakarrik, GHKk, Fiskaltzarekin batera EH Bilduko arduradun ohien aurka egin zuten mendeku gosez, eta zigor eredugarriak eskatuz. Intxaurrandieta eta Errazkinek, Zubietako plantako lanak geratzeko erabakia hartu zutenean, Gipuzkoako hautesleek emandako mandatua betetzen zuten, eta horren aurreran, interes pribatuak babesten dituztenek, eredugarria izan behar zen 46 milioi eurotako zigorra eskatzen zieten, agintari ohien bizitzak guztiz baldintzatuz, eta aurrekariak jarriz. Hemen nork agintzen duen, nahiz eta gobernuan ez egon, argi utzi behar zuten.
Kontratua eteteak diru-galerak ekarri zituela adieraziz jo zuten auzibidera, eta epaiak pertsona hauek zigortuko zituen beldur ginen, kasua guztiz politikoa dela deritzogulako. Zorionez, ez da horrela izan, eta Estatuko Kontu Auzitegiak, EH Bilduko arduradun politikoen jarduera egokia zela dio, erabaki honen aurrean helegitea aurkeztu badezakete ere, eta garaipentzat hartzen dugu dagoeneko. EAJ eta PSEko gaur egungo gobernuari, atzera egin dezala exijitzen diogu, inoiz hasi behar ez zen auzibidea bere horretan utzi dezatela, eta herritarrei erreparatuz, Zubietako errauste plantaren lanak bertan behera utzi ditzatela, gipuzkoarren osasunaren eta ingurumenaren mesedetan.
EAJ eta PSEren jarduna, guztiz antidemokratikoa eta arduragabea dela deritzogu. Antidemokratikoa, interes orokorraren aurrean, interes ekonomiko pribatuak kokatzen dituztelako, eta legitimoa zen gobernu baten erabakiak auzitan jarri dituztelako, bi pertsonen bizitzak guztiz baldintzatuz gainera. Eta arduragabea, agerikoa delako nolako oposizioa daukan proiektu honek Gipuzkoako jendartean, gipuzkoarrak beraien ingurumenagatik eta osasunagatik kezkaturik daudelako. Ez hori bakarrik, planta honen inposizioaren aurrean, egingarriak diren beste bilketa eredu alternatiboak atzera bota dituztelako.
Lan heriotzak salatu ditugu Zizurkilen
Gutxienez 57 langile hil dira aurten lanean, Hego Euskal Herrian, horietako azkena Zizurkilen. Azken lan heriotza hau salatzeko, elkarretaratzera deitu dugu gaurko euskal gehiengo sindikaletik, Zizurkilen bertan.
Loramendiko langileek jakinarazi dute urriaren 20tik aurrera 24 orduko eguneroko greba mugagabe bati ekingo diotela
Erandioko Sanitas Loramendi helduen egoitzako langileek irailaren 17an hasi zituzten eguneroko lanuzteak, bertako garbitzaileei lanaldiak luzatzea eskatzeko. Gaur mobilizazioa egin dute Bilboko Guggenheim aurrean.
Guggenheim aurrean mobilizatu dira gaur Erandioko Sanitas Loramendi helduen egoitzako langileak, hainbat enpresek, prekarietatea baliatuta, “artelan itzela” egiten dutela salatzeko; sektore feminizatuetan hedatua dagoen praktika, bereziki.
Hain zuzen ere, Loramendiko langileak geba mugagabean daude irailaren 17az geroztik, garbiketako lan taldearekin elkartasunean. Hamahiru langile daude garbiketa taldean, sukaldea, garbitegia eta solairuetako garbiketa egiteko. 15 urte daramate lanaldi partzialarekin, eta egoera horrek are eta gehiago areagotzen du prekarietatea. Langile hauei lanaldi osoa eman diezaieten ari dira greban, eta, gaur iragarritakoaren arabera, lanuzteak indartuko dituzte: urriaren 20tik aurrera, 24 orduko greba mugagabeari ekingo diote. Hala adierazi dute agerraldian irakurritako adierazpenarekin.
Lan Ikuskaritzaren aurrean mobilizatu dira autobus gidariak
LAB sindikatuko garraio publikoko autobus gidariak baden edo sakanguneen inguruko kanpaina egiten ari dira, euren osasunarentzako hauek dakartzaten kalteen aurrean alternatibak badaudela aldarrikatuz. Hala, mobilizazioak egin dituzte gaur Donostian eta Bilbon, Lan Ikuskaritzen aurrean, “Mugatu abiadura baina ez gure bizkarren kontura” lemarekin. Datorren astean Osalanen aurrean egingo dute protesta, Gasteizen, eta Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasunaren Institutuaren aurrean, Iruñean.

Azken urteotan, udal eta errepideetako erakundeek, kale eta gainontzeko zirkulazio bideetan malda handia duten badenak jarri dituzte. Asmoa ibilgailuek abiadura murriztea bada ere, dagoeneko istripu batzuk eragin dituzte garraio publikoko gidariongan.
Izan ere, gainontzeko gidariek unean uneko bidea egiten badute ere, gu toki berdinetik behin eta berriz pasatzera behartuak gaude, horrek dakarren bizkarreko kolpe errepikapenarekin.
Hau gutxi balitz, badenen inguruko legedi bat dagoen arren (neurriak, maldaren penditza, etab.) sarritan ez da betetzen edota abiadura murriztaileen egoera kaxkarra izan ohi da; gainera, autobus askotako suspentsio nahiz indargetze sistemen egoera tamalgarria da ere.

LAB sindikatuko garraio publikoko autobus gidariok uste dugu badela gure bizkar, sorbalda edota lepoek galtzaile aterako ez liratekeen alternatibarik: abiaduraren arabera altuera aldatzen duten baden adimentsuak, radarrak, kuxin berlindarrak,…
Hori lortzeko burutzen ari garen dinamika baten baitan kokatu behar dugu gaurko elkarretaratzea; izan ere, gure enpresei gai honen inguruan prebentzio lanik egiten dabiltzan galdetzeaz eta horren inguruko erantzukizunak eskatzeaz gain, EUDEL, Osalan/ Osasun Publiko eta Lan Osasunaren Institutuan eta gaurkoan Lan Ikuskaritzan ere gauza bera egiten gabiltza, adostasun bat lortzeko xedez, ezin baita onartu teorian batzuek abiadura handian joan ez daitezen neurrien ondorioz guk, literalki, gure lepotik ordaintzea.
Egun osoko greba egin dute Elkarkideko langileek
Egun osoko greba eta mobilizazioak egin dituzte gaur Elkarkideko langileek, Noaingo Motxoli industriaguneko egoitzan. Aniztasun funtzionala duten pertsonentzako enplegu zentro berezia da Elkarkide, eta hitzarmen duin baten alde ari dira borrokan. Joan den astean ekin zieten lanuzteei.
Borrokan daude Bizkaia eta Gipuzkoako Dia supermerkatuetako langileak
Bizkaian, atzo eta gaur egin dituzte lanuzteak; Gipuzkoan, berriz, egun osoko greba egin dute gaur. Bi kasuetan, pairatzen dituzten lan baldintza kaskarrak salatzeko mobilizatu dira langileak.

Gipuzkoako Dia enpresako Langile Komiteak deitu du gaurko egun osoko greba, enpresan bizi duten esplotazioa eta prekarietate erabatekoaren aurrean.

Bizkaian, bere aldetik, LAB eta ELA sindikatuok deituta, bi orduko lanuzteak egin dituzte atzo eta gaur, denda guztietan pairatzen dituzten lan baldintza kaskarrak salatzeko. Hain zuzen ere, abendutik hona, zazpi dira aurrera eraman dituzten greba egunak, baina enpresak berean dirau: lankideak kaleratzen segitzen du; lan erritmo ikaragarriak mantentzen ditu egunero langileak arriskuan jarriz; egiten dituzten aparteko orduak ez dira aitortzen… Langileen ordezkarien hitzetan, "bizi dugun egoerari irtenbidea bilatu beharrean, zuzendaritzak gero eta lan baldintza prekarioagoak sortzen ditu. DIA&GO zabalduko dituzten denden adibidea dugu: lana eta bizitza bateragarri ezinezkoa egiten dituen ordutegiak izango ditu, EAEen indarrean dauden ordutegi komertzialak ez ditu errespetatzen… Formato honek ez die bakarrik langileei kalte egingo, zonaldeko denda txikiek ere pairatuko dute".

Azken finean, langile gehiago eta lan osasuna eta lan baldintza hobeak eskatzen dituzte langileek.
Babes eta elkartasun osoa adierazten diogu Brasilgo langile klaseari
Pasa den igandean urriaren 7an Brasilgo hauteskunde presidentzialetako lehenengo itzulia izan zen. Lehenengo itzulian Bolsonaro faxistak bozen % 46,05 lortu zituen eta Langileen Alderdiko (PT) Fernando Haddad-ek bozen % 29,25. Bigarren itzulian Bolsonarok hauteskundeak irabaziz gero, herrialdea faxismoaren atzaparretan eroriko litzateke berriro ere.
Ez da ausartegia Jair Bolsonaro ultra-eskuindarra 20 urtez Brasilen boterean egon zen diktaduraren nostalgiko bat dela erratea. Besteak beste diktaduraren akatsa erail beharrean torturatzea izan zela erran baitzuen. Beste alde batetik diskurtso arrazista, homofoboak, biolentoak eta abar eguneroko ogia dira Jair Bolsonaroren ahotan.
Egoera honetan ez da hautagai baten edo besteraren arteko lehia Brasilen jokoan dagoena, demokrazia ala faxismoaren arteko lehia baizik. Jair Bolsonarok hauteskundeak irabaziko balitu oinarrizko giza eskubideak urratzeaz harro dagoen pertsona bat iritsiko litzateke Brasilgo gobernura eta hori dramatikoa izanen litzateke.
Horregatik asko da datorren urriaren 28an Brasilen jokoan dagoena, eta kosta ala kosta Bolsonaro faxista lehendakari izatera ez iristea eragotzi behar da. Brasilen demokraziaren, justizia sozialaren eta oinarrizko eskubideen alde dauden guztiak elkartzeko unea, faxismoaren aurka batu eta bertze oinarri batzuk izanen dituen fase politiko berri bat irekitzeko Brasilen.
Zentzu horretan, Langileen Alderdiak (PT) eta Alderdi Komunistak (PCdoB) irudikatzen duten batasuna eta elkarlana positiboki baloratzen dugun aliantza bat da. Bi alderdien arteko desadostasunen gainetik, batzen dituztena bilatu eta Brasilgo herriarentzako programa aurrerakoi bat aurkeztuz eskuina kolpista eta faxismoa atzean utziko dituen fase politiko berri bat irekitzeko eskaintza egiten.

