2026-02-19
Blog Page 740

Euskal Enplegu Publikoaren Legea atzera botatzen laguntzeko eskatzen diegu langileei eta parlamentuko taldeei

Eusko Jaurlaritzak eta EAJ-PSEren erakundeek Euskal Enplegu Publikoaren Legearen aurreproiektua aurrera ateratzea lortu dute tramite berri bat gaindituz. Hain zuzen, ohiko eskujokari edo prestidigitadore gisa, esku batekin hainbat neurri ikusgarri ozenki aurkezten ditu langileok eta jendarteak atentzioa horra eraman dezagun, eta benetako izaera neoliberala eta atzerakoia beste eskuan ezkutatu.

Horrela, aspaldian iragarri zituen kontziliazio eta erantzukidetasun neurri batzuk berriro aireatu egin ditu, eta kode etikoarena den gai mediatikoarekin entretenitu nahi gaitu. Aipatu duen hirugarren ardatz izarraren inguruan, lanarena eta egonkortasunarena, zehaztasunik ez.

Erabat salagarria da Eusko Jaurlaritzak berriro ere langileokin negoziazioari muzin egin izana, formak erabat baztertzea erabaki duenaren azken zantzua, pasa den asteko Mahai Orokorraren bileraren antzera. Prozesu osoan LABek aurreproiektuari egindako ekarpenei erantzunik ez dugu jaso, ezta gainontzeko eragileena ere, eta EAJ-PSEk erabaki duten bezala joango da parlamentura.

Gaur bertan jaso dugun dokumentazio potoloa aztertuko badugu ere, ziur gaude otsailean aurkeztu zuten dokumentuarekin ez duela alde handirik edukiko. Eta lege aurreproiektu honek gabezia handiak dituela salatu izan dugu hasieratik, gogora ditzagun:

• Estatuko legediaren garapen soil batetara mugatzen da, Langile Publikoen Oinarrizko Estatutu (EPOE-EBEP) delakoaren ildo berdintsua jarraitzen du. Legebiltzarrak izan dezakeen gaitasun legegileari uko egiten zaio eta honek zerbitzu publikoak estatuaren etengabeko injerentzien menpe kokatzen ditu.
• Horren harira euskal administrazioetako langileak behin-behinekotasunera kondenatzen ditu. Legeak ez ditu etengabeko enplegu eskaintzak arautzen; honek estatuan ezartzen diren birjartze tasen menpe uzten gaitu.
• Murrizketen aroari amaiera emateko neurriak ez ditu barneratzen. Langile publikoek galdutako hainbat eskubide legez arautzeko aukera aproposa dauka Jaurlaritzak, hitzetatik ekintzetara pasatzea alegia. Murrizketak gustuko ez dituztela esan baina berauek aplikatu eta betikotu ez da jarrera onargarria.
• Legeak daukan helburu nagusia ikuspegi merkantilista txertatzea da. Estatuan barneratzen ari diren irizpide neoliberalen eskutik, pribatizazioak sustatu, lanpostuak amortizatu eta langileen erabateko mugikortasuna aurreikusten du Legeak. Administrazioei erabateko aldebakartasuna eman nahi die legeak, esparru pribatuan lan erreforma ezberdinek egin ohi izan duten bezala. Aipatzekoa da negoziazio kolektiboaren eskubidea ez dela erabat errespetatzen Lege aurreproiektuan; akordiotara iristeko beharra ez dio ezartzen administrazioari.
• Zerbitzu publikoen kalitaterako oso garrantzitsuak diren gaiak garatzeko aukera ezin hobea galdu da. Lan osasuna, zerbitzu publikoak euskalduntzea eta aukera berdintasunaren aldeko apusturik ez da Legean antzematen.

LABk argi ikusten du aurreproiektu honek ez diela erantzuten euskal zerbitzu publikoetan dauden beharrei. Legea erabat subordinatua dago eta ikuspegi merkantilista garatzeko aurreikusia dago. Gure ustez gaitasun legegile osoa garatzea beharrezkoa da eta horren harira hainbat proposamen egin ditugu.

• Erosahalmenaren berreskurapenerako xedapen iragankor bat proposatu genuen.
• Negoziazio kolektiboa aurrekontu estaldurari ez lotzea.
• Gaixotasun arruntengatik bajak %100 osagarria legez jasotzea.
• Ordezkapen guztiak lehen egunetik egitea.
• Ikuspegi merkantilista eta adiskidekerian oinarritzen diren neurri guztiak ezabatzea.
• Zuzendaritzen hautaketa prozesuak gardenak eta langileen parte hartzearekin egitea.
• Behin-behinekotasunari aurre egingo dieten neurri zehatzak, horien artean existitzen diren bakanteen kobertura bermatzeko etengabeko enplegu publiko eskaintzak arautzea.
• Subrogazio eskubidea langile guztientzat.
• Gaixotasunen jarraipenerako kudeaketa publikoa izatea – mutualitaterik ez!
• Zerbitzu publikoak euskalduntzeko neurriak – funtzio publikorako sarbidean euskara ezagutza bermatzea.
• Klausula feministak, administrazioetan ere gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunean aurrera pausoak eman daitezen

Honekin batera, guk egindako gainontzeko proposamenak ere gauzagarriak direla uste dugu. Zerbitzu publikoen defentsan benetako GEURE LEGE bat negoziatzeko borondatea besterik ez da behar, eta gobernu honek oso argi uzten du aukera duen bakoitzean ez duela negoziaziorik nahi.

Badakigu patronala eta administrazioak mahaiaren beste aldean negoziatzera esertzeko presionatu egin behar dela, beharra nabaritu behar dutela. Horrexegatik langile publiko guztiak dei egiten ditugu mobilizatzen jarraitzeko. LABek informazio eta mobilizazio kanpaina bati ekingo dio lege hau aurrera atera ez dadin, eta euskal langileon eta gizartearen mesedean egongo den geure lege bat negozia dadin. Parlamentuko taldeei ere eskaera horixe luzatuko diegu, Madrildik datozen inposizioei aurre egin eta inposizio horien garapen hutsa den lege kaltegarri hau bezalakoak atzera botatzeko.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Estatus berriaren eztabaida ezin da Parlamentuko lau paretetara mugatu”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururi elkarrizketa egin diote Euskal Telebistako "Egun on Euskadi" saioan, eta, hainbat gairen artean, estatus berriaren eztabaidari buruz aritu da; sindikatu eta alderdi politikoekin abiatuko dugun errondari buruz, kasu. Era berean, La Naval, delako elkarrizketa soziala eta pentsioak izan ditu hizpide, besteak beste.


 

 

 

UTE PAUMA enpresako langileek mobilizazioei ekingo diete

Egoera ahulean edo babesgabean dauden pertsonak artatzeko zerbitzu publikoak ematen dituen UTE PAUMA enpresako langileak borrokan hasiko dira laster. Enpresa horretako langile askok lan edo zerbitzu jakin baterako kontratuak dituzte, nahiz eta lan estrukturalak egin. Eta orain sortuko den arazoa da Nafarroako Gobernuak fundazio publiko bat sortu nahi duela halako zerbitzuak emateko, eta sortzen duelarik langile horiek fundazio horretara pasatuko direla, eta kontratu horiekin sartzen badira epe ertain batean kalean egon daitezkeela. Hartara, UTE PAUMAri eskatu zaio kontratu horiek kontratu mugagabe bilakatzea, baina enpresak entzungor egin die langileen eskaerei eta horregatik hasiko dira lanuzteak eta mobilizazioak.

Hauek izanen dira hurrengo egunetako mobilizazioak:

– Irailak 26, asteazkena: lanuzteak 12:00etatik 15:00etara, eta elkarretaratzea 13:00etan.

– Irailak 27, ortzeguna: lanuzteak 12:00etatik 15:00etara, eta elkarretaratzea 13:00etan.

– Irailak 28, ortziralea: lanuzteak 10:00etatik 15:00etara, eta elkarretaratzea 10:30ean.
 

 

 

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileek protesta egin dute Urduñan

Kristau Eskolako ikasturte hasierako ekitaldian, benetako negoziazioa eta lan hitzarmen berri bat exijitu dute EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileek. Urriaren 9 eta 10ean egingo duten grebaren atarian egin dute gaurko protesta.
 

 

 

Ez dutela etsiko ohartarazi dute Garbialdiko langileek

0

Bizkaiko Aldundiko egoitzak garbitzen dituzten azpikontratatutako langileak kalera irten dira berriro, euren lan baldintzen alde, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta. Aldundiaren Foru Jauregiaren aurrean elkartu dira, Bilbon.

Bizkaiko Aldundiko zentroak garbitzen dituzten langileek ez dute amorerik emango. Iazko abenduaren 5ean mobilizazioei ekin zieten 2010. urtetik pairatzen duten soldata izozketaz nazkaturik, 20 lanpostu baino gehiagoren amortizazioaz nazkaturik. Lan-zamak eta erritmoak etengabe areagotzen dira eta nazkatuta daude. Ez dituzte bajan dauden langileak ordezkatzen eta baja horiek, gainera, gero eta luzeagoak dira egunero aurrera atera behar duten lana jasanezina delako eta horrek gaixoarazten dituelako.

Eta egunero jasaten duten errealitate honen aurrean, aurrean duten enpresak, Garbialdik, 0,14€-tako soldata igoera baino ez die eskaintzen auzi honi amaiera ipintzeko.

Pasa den maiatzean 6 egunetako greba egin zuten. Arrakastatsua izan zen, oso, langile gehienek hartu zuten parte greba horretan.

Bizkaiko Foru Aldundiak Greba-Komiteari lan-zentroetan sartzea eragotzi zion. Foru Jauregiaren aretoan ekitaldi bat ospatzen ari zen, eta ez zuten nahi gonbidatuek, eraikin hori garbitzen duten langileek baldintza prekarioetan lan egiten zutelaz ohartaraz zitezen.

Oso langile gutxik erabaki zuten greba ez egitea eta enpresak grebalariei egokitutako lanak egitera behartu zien haiei, publikora irekitako zakarrontzien hustutzea, kasu.

Garbialdik, bere aldetik, hiru langile berri kontratatu zituen bi deialdien artean, errefortzu gisa zerbitzua prestatu zuten greba egin ez zuten langileak laguntzeko eta, gainera, praktikako kontratua baten bitartez.

Lan-Ikuskaritzara jo zuten hainbat alditan irregulartasun hauek guztiak salatzeko; baina Ikuskaritzak, txosten labur baten bitartez, greba-eskubidearen urraketarik existitu ez dela interpretatu du.

Ez dira ikustezinak eta ez dute amorerik emango. Joan den astean euren Gipuzkoako lankideek lortu zuten. Akordio historiko bat sinatu zuten, egun sektorean existitzen den soldata arrakalarekin amaitzen lagunduko duena. Orain Bizkaiaren txanda da eta ez dute etsiko.
 

 

 

La Sangiovesa jatetxean kaleratutakoak berriro hartu arte jarraituko dugu borrokan

0
Iruñeko La Sangiovesa jatetxean egondako kaleratzeen aurkako protestengatik epailearen aurrean deklaratu behar izan du kaleratutako langileetako batek. Epaitegien aurrean, LABek gogoratu du La Sangiovesa prekarietatearen puntu beltz bat dela Iruñean, eta kaleratutakoak berriro hartu arte mobilizazioekin jarraituko dugula iragarri dugu.

Iragan uztailaren 6an jakin zen Iruñeko La Sangiovesa jatetxean lau langile kaleratzeko prozesua abiatua zutela, lau langile horiek LABen ekintza sindikala babestu zutelako. Orduz geroztik, protestak egin ditugu eta, langileen lan baldintzetan hobekuntzak lortu ditugun arren, kaleratutako lau langileetatik hiru berrartzea ez dugu lortu oraindik. Atzo, Iruñeko epaitegietan deklaratu behar izan zuen kaleratutako langileetako batek, uztaileko kaleratzeen aurkako protestak direla eta.
 

 

 

AHTren lanetan hitzarmena ez betetzeak heriotzak eta pobrezia dakartza

Pasa den larunbatean langile bat hil zen lanean. 46 urtetako langile batek lan-istripu hilgarria izan zuen Zornotzan.

LABetik gure babes eta elkartasuna erakutsi nahi diegu hildako langilearen senide, gertuko eta orohar, langile-klaseari.

Heriotza berri honekin gutxienez 50 dira Euskal Herrian 2018 hasieratik hildako langileak, 4 Araban, 24 Bizkaian, 5 Gipuzkoan, 1 Iparralden eta 16 Nafarroan.

AHTren lanetan gutxienez 7 langile hil da, eta hauei batu beharko genizkieke egondako istripu arin eta larriak eta jatorria laneana duten gaixotasunak, izkutatutak izaten diren arren, eraikuntza obra horietan gertatzen direnak.

Betidanik sindikatuok esan izan dugun moduan, osasunaren galeren jatorri nagusia lan-baldintzak dira. Prekarietatea, kateatutako azpikontratazioa, aldi-baterakotasuna, etab. dira istripu eta gaixotasunen piramidearen oinarrian kokoatzen direnak. Eta hau argiago geratzen da lan hauetan modu sistematikoan ez denean betetzen eraikuntzako herrialdeko sektore hitzarmena. Honela, atea zabaltzen zaie ez-betetze orokortuei eta AHTko lanetako lan eta bizi-baldintzak gero azkarragoei. Ondorio zuzenenetako bat lan hauetan gertatzen ari diren lan eta osasun-galera guztien osatzen dute.

Langile honen heriotzaren arrazoiak ikertzea eskatzen dugu, baita bere lan-baldintzak ere, eta argitu dadila ia harremanik duen larunbata honetako tenperatura altuekin.

Era berean gaur Tapia Sailburua publikoki atera da AHTren lanen inguruan adierazpenak eginez, atzerapenak, kosteak… Norbaitek entzun al dio lan baldintzaz, istripuetaz edo antzekoez hitzegiten? Jaurlaritzak eta Tapiak anderean egiten duen gauza bakarra da, langileengan presioa areagotzea, presak sartu, prekarizatu, langileen eskubidek bizitza eta osasunak inporta gabe.

Administrazio publikoek patronala bailiran dihardutenean, prozedura neoliberalei eusten diete, aldi laburrenean ahalik eta gehiena eginez. Hori eginez, presaka aritu behar izaten da eta lan erritmoak eta aparteko orduak handitzen dira; sailean egindako azpikontratazioa zein behin-behinekotasuna arau bilakatzen dira, ez da dagokion hitzarmenik ezartzen,… Hau da, teorian, gure eskubideen bermatzaile izan beharko luketen horiek lan merkatua kaskartzen eta prekarizatzen dute, nahiz eta badakiten prekarietate handiagoarekin istripu kopuruak ere gora egiten duela. Dena den, hauei bost axola gure osasuna eta bizitza.

LABek salatzen du ezartzen dizkiguten lan erraldoi hauek elite ekonomikoei eta politikoei komeni zaiela soilik, irabaziei eutsi eta handitzeko, bien bitartean, langileen artean pobrezia nagusitzen ari denean. Gainera, azpiegitura hauek ingurumena suntsitu ezezik, lurraldea desorekatzen dute. Lanak bertan behera gera daitezela eskatzen dugu.

LAB sindikatuak jakin badaki mobilizazioa eta borroka direla dauzkagun arma bakarrak norberari egokitzen zaion, senideei eta gizarte osoari eragin dien gaitz honekin, lan istripuekin alegia, behin betikoz amaitzeko, norabidez eta ereduaz aldatu behar dugulako, non langile bakoitzaren eta langileriaren osasuna osagai nagusia izango den.
 

 

 

Argindarrak denontzat eskuragarri izan behar du

Eredu energetiko berria eskatzen du LABek, aurreztean, eraginkotasunean eta energia berriztagarri eta alternatiboan oinarritua, natura errespetatuko duena eta demokratikoa.

Denontzat eskubidea izan beharko zena, beste oinarrizko beharrizanekin batera, negozio bihurtu du kapitalak, gobernu ezberdinen konplizitate eta laguntzaz. Ez da harritzekoa ate birakarien funtzionamendua ikusita.

Azken urteotan, kontsumitzaileon fakturak gora eta gora baino ez du egin, eta egoera sozio- ekonomikoa zein izan den kontuan hartuta, erabiltzaile gehiegik ezin izan diote aurre egin, horrela, pobrezia energetikoa bezala izendatu dugun fenomenoarekin aurkitu gara. Bestaldean, gero eta irabazi handiagoak izaten ari diren konpainien ugazabak. Ez da bidezkoa, ez da justua eta bizitzaren aurka egiten du.

Errealitate honen aurreko erakunde publikoen papera eta zeregina ez da inondik inora inpartziala izan, egoera hau bultzatu eta ahalbideratu dute beraien erabaki eta politiken bitartez. Orain, gure ustez injustua, baina ere berean hauteskunde politikoen aurrekanpainan popularra den neurria iragarri digute Sanchezen gobernutik: energiaren ekoizpenaren %7ko zerga kenduko dute behin behineko neurri bezala. Kontua da, guztioi berdin aplikatuko digutela neurri hau, eta gure ustez, gastuaren arabera, eta errentaren arabera, batzuei zerga ordainarazi beharko zitzaiela.

Zerga kentzearen neurriarekin batera, bonu sozialak eskatu ahal izateko baldintzak arinduko omen ditu Estatuko Gobernuak, berogailuaren faktura apaltzeko deskontuak egitearekin batera. Beste behin ere partxeatzen ari direla deritzogu, oraingoan neurri guztiz elektoralak jarriz mahai gainean. LABen iritziz, gurea bezalako herri industrializatu batean, energiaren gaia estrategikoa da, eta guri eta hemendik dagokigu beronen gaineko erabakiak hartzea, Gernikako Estatutuak eta Nafarroako Foru Amejoramenduak ez digute balio herri bezala hartu beharreko bidea har dezagun. Gure herrian, krisi energetikoari, erregai fosilen mendekotasunari, klima aldaketari… aurre egiteko, gure beharrizanen eta baliabideen araberako bideen jabe izan behar dugu. Aukerak badaude, eta gurean, tokian tokiko esperientziak aurrera eramaten hasiko gara.

Herrialde Katalanetan, Bartzelona bezalako hiri handi batean adibidez, energia berriztagarrien aldeko apustua egiten duten kooperatibak indarra hartzen ari dira. Gure ustez, hauek ez dira irtenbidea, energiaren kudeaketa publikoa izan behar baita eskubide bezala guztiok bermatua izan dezagun, baina bai egoera berrietarako erdibidea, eta horretarako, hauen aldeko hautu politikoa egin beharra da.

LABek Iberdrola eta bere esanetara dauden botere politikoen eredu eta interesak deitoratzen ditu herritarren eta langile klasearen aurka egiten dutelako modu zuzenean. Guk bestelako eredu energetikoa bultzatu nahi dugu, aurreztean oinarritzen dena, eraginkortasunean eta energia berriztagarri eta alternatiboan oinarritzen dena eta natura errespetatuko duena. Era berean, eredu berriak demokratikoa izan behar du, herritarrek, langileok eta eragile sozialen parte hartzea bermatuko duena, eta gure iritzia aintzat hartuko dena erabakiak hartzeko orduan. Energia politikak Ama Lurraren zaintza bere planifikazioaren oinarri hartu beharko du.

 

 

 

Lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte Sanitas Loramendiko langileek

“Pertsonekin lan egiten dugu eta zerbitzu ona merezi dute. Eta guk gure osasuna eta gure bizitza bermatuko duten lan-baldintza duinak merezi ditugu”. Hauxe da Erandioko Sanitas Loramendi helduen egoitzako langileen aldarria, eta gaur berriro atera dute kalera, joan den astean abiatutako greba mugagabea dela eta. Bihar bilera izango dute zuzendaritzarekin.