2024-04-26
HomeEkintza SozialaEkosozialismoa "Langileok erraustegia gelditu! Badago alternatiba!"

[IRITZIA] “Langileok erraustegia gelditu! Badago alternatiba!”

Larunbatean, urriak 27, Donostian egingo den manifestazioaren atarian (Mendeurren plaza, 17:00), LAB, ELA, CCOO, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuok iritzi artikulu bat idatzi dugu erraustegia gelditzeko eta zabor bilketa sistema iraunkor baten alde egiteko beharra aldarrikatzeko.

Langileok ere urriak 27an urrats bat emango dugu gure ekoizpen, kontsumo eta hondakin kudeaketa sistema erabakitzera bidean. Erraustegia gelditzeko eta zabor bilketa sistema iraunkor baten alde erabaki irmoa hartu dugu Euskal Herriko langileon gehiengoak, geure osasuna, ingurumena, lana, eskubideak eta etorkizuna jokoan dauden honetan.

Ekoizpen eta hondakin zikloa istea lortzen duela diotenen urjentziazko erabaki ez-demokratikoa izan da Zubietako lurra zulatu duena eta etorkizunean arnastu beharko duguna. Ez zaizkigu proiektua bertan behera uzteko arrazoiak falta: osasuna, ingurumena eta herritarron interesak jarri ditugu erdigunean. Politikagintza neoliberalak sinatutako kontratu ustelak azalarazi dira, nahiz eta hauek eteteko bide demokratiko, juridiko eta politikoak oztopoz josiak topatu. Interes pribatuak zigorgabe diren mende honetan, erraustegiaren -oro har, makro proiektu txikitzaileen- kalte eta ondorioak sozializatzen diren aroan gaude. Erraustegia eraikitzen ari badira ere, Gipuzkoako diputazioko kargu publiko ohiek berriki jasandako erasoaren aurrean epaitegiek arrazoia eman dien honetan, gaur langile eta herri borroka ez da bukatu, posible baita erraustegia gelditzea.

Botere hegemonikoen garapen lerroarekin hemen sinatzen dugun langileok ez dugu bat egiten. Zaborren kudeaketari dagokionean etorkizunera begiratu eta alternatiba errealak, osasuntsuak, ingurumenarekiko errespetuzkoak eta iraunkorrak, parte hartzaileak eta sozialki justuak badaudelako. Alternatiba horiek zaborren balorizazio energetikoaren ekarpenaren justifikazioa eraisten dute. Europak markatzen duen energia trantsizioa eta ekoizpen ereduak ekonomia linealarekin amaitzea bilatzen du zirkularraren alde, horretarako kudeaketa hierarkia ezarriz. Hierarkiaren behealdean eta lehenetsiko ez direnen artean, zaborren kudeaketa eredu lineal zaharkituari dagozkionak daude: azken aukeratzat zabortegiak eta azken aurrekotzat errausketa. Noiztik sortu-erabili-bota-(ondoren erre ala ez) ereduak erantzuten dio ekonomia zirkularrari?

Errausketatik lortzen den energiari erreparatzen badiogu, botere hegemonikoak errausketa eredua sostengatzeko duen arrazoirik pisuzkoenari alegia, hainbat gauza komeni da kontuan izatea. Bata, erraustutako tona bakoitzeko %20k amaitzen duela izaten metal astundun errauts bereziki kutsagarri. Bestea, errausketa sistemak berotegi-efektua eragiten duten gasen ekarpena %78eraino areagotzen duela, eta ondorioz, ulertezina dela energia berriztagarrien iturritzat lehenestea errausketatik ateratako energia. Eta azkenik, Zabalgarbiren adibiderik hurbil eta gordinenera joaz, urteko aitortzen zaion balorizazio gaitasuna ez duelako inondik inora ere betetzen.

Honekin guztiarekin azpimarratu nahi dugu botere hegemonikoen hondakinen politikak ez dituela indarrak jartzen ekonomia zirkularrak lehenetsitako ingurumena zainduko duen prebentzio eta kudeaketa ereduetan, hau da, zero zabor sortzea helburu duen benetako ekonomia zirkularrean. Ezta herritarron interesei erantzuten dion politika ekonomiko baten alde ere, erraustegiaren baitan politika pribatizatzaileak nagusitzen baitira. 1000 milioietaraino iristea aurreikusi den kostu totala du proiektuak (dirurik ez dagoenean lan eta bizi duin bat bermatzeko), 32 urtez zorpetuz herritarrak, ustiaketaz haratago hileroko irabaziak bermatu behar baitizkiete gipuzkoarron poltsikoek enpresa pribatuei. Gainera, enpleguaren sorrerari dagokionez, erraustegi sistemaren aldean, hobe da materia organikoaren gaikako bilketaren (atez atekoa) edo ontzientzako gordailu sistemen aldeko apustua egitea, lanpostu gehiago sortzen baitute.

Ekonomia zirkularra baliabideen ustiaketa, ekoiztutako produktu eta sortutako zaborraren zikloaz haratago doan eskema da. Gaurkotasunaz, etorkizunaz, bizitzaz, osasunaz, ingurumenaz eta eskubideez osatutako ikuspegi eta jardunbide praktiko bat da, gizarte arduratsu eta iraunkor baten eraikuntzan ezinbestekoa. Sortzen dugun ororen gaineko ardura eta konpromisoaren balioak (murriztu, berrerabili eta birziklatu) onetsiko dituen gizartearen aldeko borroka da ekonomia zirkularraren alde egitea. Bizitzaren esparru guztiak bustitzen dituzten balioak daude jokoan.

Zubietako erraustegia gelditzea posible dela berresten diguten argumentuak ez zaizkigu falta, ezta arrazoi ezberdinak direla medio, errausketaren politikari mugak jartzea lortu dutenen adibide errealak ere: Bartzelonan eraikitzekotan ziren erraustegia, Valdemingomezen itxiera, Madrileko Loecheseko planta, Huescako proiektuaren geldiaraztea, Asturiaseko ezezkoa errausketari, Castellongo Alcorako plantaren itxiera, Italia osoan hartutako erabakia, Mexikoko udal gobernu berriaren ezezkoa, Txinan herritarren protestek geldiarazitako hiru errautsegiak, Irlandako plantaren itxiera, Islandia, Ingalaterra, Kroazia, Eslovenia, Argentina, Frantzia, Sydney, Kalifornia, Florida eta oraindik etorriko diren garaipen guztiak.

Hemen bat egiten dugun langile guztiok berresten gara errausketaren aurka hartutako hautuan. Benetan sinisten dugun bizitza eta garapen ereduaren alde egiten jarraituko dugu, etorkizun iraunkorra eraikitzen joateko. Sindikatuek bizitza, osasuna eta ingurumena erdigunean jarriz eredugarri izaten, egunerokotasuneko praktikatik eta txikitasunetik eraginez; geure esparruetan lantokian, kalean eta etxean interpelatuz eta alternatibak egikarituz eragiten, hori delako langileon eginkizuna. Horregatik guztiagatik bat egiten dugu gizarte sektoreen aniztasunetik deitutako erraustegiaren aurkako manifestazioarekin eta deia zabaltzen dugu langileok ere batu gaitezen guztion eginkizuna den erraustegia gelditzearen olatura, ez baitezagun ahantz oraindik garaiz gaudela eta posible dela, GELDI DEZAGUN ERRAUSTEGIA.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.