2024-04-19
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakNafarroako haur hezkuntzaren errealitatearen inguruko adierazpena

Nafarroako haur hezkuntzaren errealitatearen inguruko adierazpena

Iruñeko haur eskoletako LABeko kide batzuek adierazpen bat idatzi dute Nafarroan haur hezkuntzak bizi duen errealitatearen inguruan.

“Eskola, heldu askoren eta haur gehiagoren artean partekatzen diren bizi eta harremanetarako tokia bezala ulertzen dugu, zeinak, geroz eta gehiago, gizarte modernoa zaugarritzen duen bakardade, indiferentzia eta biolentziari aurre egiten laguntzen dion. Aldi berean, sostengu sozialerako iturri ere bada, elkarrekikotasuna, konfiantza, kooperazioa eta solidaritatea sustatuz.” Loris Malaguzzi

Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloan gure lana profesionalki garatzen dugunok ondoko adierazpena egin nahi dugu:

Kolektibo pribilegiatua garela uste dugu, egunerokoan gure lanera joaten garenean 0-3 urte bitarteko haurrek duten aberastasuna ikusteko aukera dugulako; pribilegiatuak gara haurren hazkuntza fisiko zein emozionalaren bidelagunak izan gaitezkelako; pribilegiatuak gara, gure bokazioari jarraituz, maila pertsonal zein profesionalean hazi garelako eta hazten jarraitzeko aukera dugulako; pribilegiatuak gara, haurrei espazio hezigarri eta emozional hoberenak eskaintzeko ahaleginean, egiteko modu egokienak ikertzen eta aurkitzen goazelako, eta horrela, hezkuntza komunitatea -familiak, haurrak eta langileak- osatzen dugun guztion gaitasunak garatu eta norberak bere buruaren bertsiorik hoberena eskaintzea ahalbidetzen dugulako.

Kolektibo bezala, egiten ari garen lanarekiko gure benetako pasioa eta ilusioa behin baino gehiagotan adierazi eta aldarrikatu dugu. Formatzen jarraitzeko eskaintzen zaizkigun aukeren
aurrean gogotsu erantzun dugu beti; ikertuz, esperientziak partekatuz eta haurren prozesuen bidelagun izateko lanean baliabide berriak bilatuz.

Jarrera arduratsu eta konprometitu horri esker, guretzat zirraragarriak izan diren esperientzia eta teoria anitz ezagutu ditugu. Egun, haurrei ematen dizkiegun errespetuzko zaintzei benetako garrantzia aitortzen diegu. Adin tarte honetan ematen diren prozesu kognitiboak ezagutzen ditugu, zeinetan garuna zenbait ezagutza jasotzeko eta barneratzeko prest dagoen. Baina batez ere, badakigu, honen oinarria, segurtasuna eta konfiantza eskaintzen duen lotura emozional sendo bat dela.

Sakonean ikertu eta hausnartu dugun beste gai garrantzitsu bat, giroa eta materialari dagokiona da, eta urteetan zehar, inolako beldurrik gabe, hamaika aldaketa txertatu izan ditugu arlo honetan. Haur bakoitzaren garapen unearen arabera espazio eta material egokienak aukeratzen benetako adituak bihurtu gara.

Egun, Neuro-zientzia arloan egin diren ikerketei esker, badakigu edozein ekintza aurrera eramaterakoan benetako gogo bizia neurona loturak egiteko eragile garrantzitsuenetako bat dela eta lotura hauek, etorkizuneko garapenerako oinarri izango direla. Bada, gogo bizi honek berak eta ilusioak eraman gaitu urteetan lan honetan jarraitzera eta pertsona gisa eta profesional gisa haztera.

Baina honekin batera, Neuro-zientziak, estres-egoerek neurona-loturak egiteko daukagun gaitasuna blokeatzen dutela ohartarazten digu. Frogatua dago epe luze zein laburretan etengabeko estres-egoeren menpe egon diren lagunek, ez dituztela emozionalki orekatuak izateko beharrezkoak diren neurona-loturak sortzen.

Baina formakuntza esperientziatan ikasi dugun bezala, hezitzaile bakoitzak zaindu beharreko haur kopurua murriztu den egoeretan (matrikulazio jaitsiera, inklusio moduluak ezarrita hezitzaile gehiago izatea, e.a.) hezitzaileon jarrera eta haurrekiko begirada aldaketak eta haien erritmora egokituta bidelagun izateak onura ekartzen ditu. Argi ikusten dugu kasu hauetan, haur bakoitzari behar duen denbora eskaintzen zaionean, gutxitu egiten direla “egokiak ez diren” portaerak, agresibitatea, haur “ikustezinak”… Haurren beharrak maitasunez eta lasaitasunez asetzeko aukera dugunean giroa errotik aldatzen dela ikusten dugu eta haurrek barruan dituzten gaitasun eta hizkuntzak loratzen direla.

Ondorioak:

Aurreko guztia ikusita, zintzoak izan behar dugu geure buruarekin, eta argi eta garbi esan behar dugu GURE GOGO BIZI ETA ILUSIOAREKIN BAKARRIK ez dela nahikoa…

Ilusioa eta grina ez zaizkigu falta, baina Nafarroako Gobernuak inposatzen dituen ratioak lotsagarriak direla ere salatu nahi dugu. Baldintza hauekin EZIN DUGU gure lana behar bezala egin.

Haurrei, haurtzaroari eta gure lanari zor diogun errespetuagatik, ez dugu gure eskoletan bizi dugun egoeraren konplize izan nahi.

Badakigu zein den bidea: talde txikiekin lan egin, haur zein helduentzat atseginak diren eskolak eraiki, familiekin egunerokoan harreman estuak eraiki, modu kontziente batean entzun eta arretarako denbora eskaini…

Gure lana maite dugu… baina bizi ditugun baldintzetan inkoherentzia dago: denborak bizkortzen dira, erritmo indibidualak ezin dira errespetatu, ezin diegu haurrek dituzten 100 hizkuntzei behar bezainbesteko denbora eskaini…

Horregatik egin dezagun bultza denon artean egoera hau aldatzeko. Koherentzia bila dezagun, pentsatu, sentitu eta egin dezagun!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.

24 orduko jardunaldiaren ostean bi orduko lanuztea egingo dugu gaur Ugaon, Envases enpresako langileek eta gizarte eragileek deituta

Envases enpresako langileak greban daude apirilaren 8az geroztik, multinazionalak duela hilabete baino gehiago aurkeztu zuen enplegu-erregulazioko espedientea dela eta.

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.