2026-04-20
Blog Page 74

Osasun Mahaiaren ezinak agerian geratzen hasiak dira, eta horrek mahaiko arduradunak metodologia etengabe aldatzera eraman ditu

Gaur publiko-pribatu lan taldean zein zerbitzu-zorrokoan osatutako dokumentuak mahaira ekarriko zituztela adierazi zuten arren, aldebakarrez erabaki dute horien aurkezpena atzeratzea.

Osasun Mahaiaren 8. bilera egin da gaur, eta bertan estrategien fasea diseinatzeko osatu ziren 24 lantaldeetatik 7tan egindako dokumentuak aurkeztu dituzte. LABen harridurarako, atzo bidalitako gai zerrendan ez ziren agertu lantaldeetan gaur bertan aurkeztuko zirela adierazi eta baieztatu zituzten bi gai garrantzitsu: zerbitzu-zorroarena eta lankidetza publiko-pribatuari dagokiona.

Mahaiaren nondik norakoak, aurkeztuko diren lantaldeetako dokumentuak eta metodologia bera etengabe aldatzen ari dira mahaiaren ardura duten koordinatzaileak eta Alberto Martinez sailburua berak. Badirudi haiek diseinaturiko metodologiak aurpegian eztanda egin diela eta lantaldeetako dokumentuetan erabakitako zenbait gauza atzera botatzeko modua bilatzen ari direla.

Metodologia momentuaren arabera moldatzen ari dira, eta aldaketak etengabe ezartzen dituzte, aldebakarrez. Mahaia gidatzen ari diren arduradunen komenigarritasunaren arabera aurkezpen epeak aldatu dituzte, dokumentu horiei ekarpenak egiteko epe berriak jarri edo bozketa berriak planteatu. Lantaldeetan erabakiak hartzeko eredua bera zalantzan jarri dute. Izan ere, gauza bakarra dago argi: lantalde batzuetan kontsentsurik ez dagoela. Eta, kontsentsu ezaren aurrean, lantaldearen gehiengoarekin hartu dira erabakiak.

Atzo hedabide batzuek filtratu zuten moduan, lankidetza publiko-pribatuaren lantaldean gehiengoz erabaki bat hartu zen: osasun sistema publikoak herritarren beharrei erantzuteko eta Osakidetzak autosufizientzia handitu dezan, orain arteko politika pribatizatzaileak lehengoratzea, horretarako osasun zerbitzua baliabide publiko eta propioekin eskainiz eta sektore pribatuarekiko duen dependentzia progresiboki murriztuz, eta azken aukera hori soilik salbuespen egoeratan baliatuz. Salbuespen egoera horiek administrazioak, erabiltzaileek, langileen ordezkariek, eta kolegio profesionalek aztertu eta onartu beharko dituzte, eta inondik inora ere ez enpresariek. LAB hedabideetan zabaldutako erabakien jakitun zen talde horretan parte hartzen duelako eta erabaki horien parte izan delako. Osasun Sailak, ordea, ez du talde horretan erabakitakoa mahaira ekarri, erabakiak ez duelako bat egiten beraiek bultzatu nahi duten lerroarekin; hau da, pribatizatzen jarraitzea.

Zerbitzu-zorroari loturiko lantaldean, berriz, pribatizaturiko zerbitzu-zorroaren diagonostiko bat egin eta publifikazio plan progresibo bat egiteko erabakia hartu zen. Kanpora ateratako, hitzartutako, azpikontratatutako edo egungo zerbitzu-zorroan sartuta ez dauden asistentzia-zerbitzu guztien diagnostikoa egitea jaso zen; zerbitzuok pixkanaka integratzeko plana, alegia, pribatizaturiko zerbitzu guztien publifikazioa egiteko kronograma barnebiltzen duena.

LABek argi du bi eredu antagoniko lehiatzen eta azaleratzen ari direla lantaldeetan. Osasun sistema publikoa eraldatzeko zerbitzua baliabide publiko eta propioekin eman eta sektore pribatuaren esku hartzea murriztu eta salbuespen egoera adostuetara eraman nahi dutenena, batetik, eta lankidetza publiko-pribatuarekin jarraitu eta berau bultzatu nahi dutenena, bestetik; hau da, Confebask, PNV, unibertsitate pribatuak, eta beraien negozioa kolokan ikusiko luketen beste eragile batzuek.

Hortaz, LABek eskatzen du talde horietan gehiengoz erabakitakoa errespetatzea eta gobernuak dokumentuetan jasotakoa ezkutatzeko eta atzera botatzeko trikimailuak erabiltzeari uztea. Erabiltzaile, herritar eta langileok osasun sistema publikoa daukagu jokoan, eta horren defentsari tinko eutsiko diogu.

Iruñerriko Mankomunitateko SCPSAko enpresa batzordeak iragan asteko istripu larria salatu du

Iruñerriko Mankomunitatearen SCPSAko enpresa batzordeak mobilizazioa egin du enpresa horretan maiatzaren 5ean izandako istripu larria salatzeko.

Hemen duzue enpresa batzordearen oharra:

Iruñerriko Mankomunitatearen SCPSAko enpresa batzordeak publikoki salatu du joan den astelehenean, maiatzak 5, Gongorako CTRUaren instalazioetan gertatutako lan-istripu larria, zeinetan bi lankide tartean/kaltetuak izan baitziren eta ondorio fisiko zein psikologiko larriak eragin dituen.

Hemendik gure babesik zintzoena bidali nahi diegu bai kaltetutako gure bi kideei eta familiei, bai Gongorako langile guztiei.

Gainera, goraipatu nahi dugu egoera larri horren aurrean modu eredugarrian jardun zuten eta istripu horrek ondorio are larriagoak ez izatea ahalbidetu zuten lankideen erreakzioa.

Gertakari horrek agerian uzten du prebentzio-neurri egokien garrantzia. Funtsezkoa da gogoraraztea langileen segurtasunak eta osasunak lehentasuna izan behar dutela beti edozein lan-ingurunetan. Seinaleztapen eta lan-karga egokiak, norbera babesteko ekipamenduak eta gaitasun egokiak ezinbestekoak dira lan-istripu horiek saihesteko.

Azpimarratu nahi dugu oso garrantzitsua dela horrelako istripuak prebenitzea, prebentzio-mekanismo gehiagorekin, egoera izugarri horiek eta horien ondorioak saihesteko. Batzordeak bere ahalegina eta dedikazioa jarriko ditu istripu hau erabat argitzeko.

Laneko arriskuen prebentzioa erantzukizun partekatua da, eta konpromiso eta ekintza zehatzak eskatzen ditu. Horrela bakarrik ziurtatuko dugu lan-giro osasungarria eta segurua pertsona guztientzat.

LAB CEBEKen aurrean mobilizatu da, Bizkaiko arte grafikoen hitzarmenaren negoziazioan blokeoa ezartzen duten enpresak seinalatzeko

Arte grafikoen hitzarmena 12 urte baino gehiagoz berritu gabe egon ondoren, 2023ko maiatzean LABek negoziazio mahaia berriro deitzea erabaki zuen.

Negoziazioa hasi zenetik, CEBEKek akordioa lortzeko borondaterik ez du erakutsi du. Aurkeztu zuen lehen plataformak iraina eta errespetu falta ekarri zizkien sektoreko langile guztiei. Hobekuntzak ekarriko dituzten neurriak proposatu beharrean, CEBEKek hitzarmenean murrizketa eta atzerapen handiak ekarriko zituzten hainbat neurri proposatu zituen. Ez zegoen proposatutako neurri bakar bat ere murrizketarik ez zekarrena.

Patronala, uneoro, sektoreari buruzko diskurtso izugarri katastrofistarekin aritu da. CEBEKek beldurra sartu nahi du, langileek uler dezaten sektorearen bideragarritasunal beren lan eta bizi baldintzak okertzea esan nahi duela.

Denbora horretan guztian, CEBEKen inposizioak eta baldintzak etengabeak izan dira, negoziazio mahaia blokeatzen saiatzeko helburu bakarrarekin.

Sektoreko langileak aktibatzeak eta mobilizatzeak bakarrik mugiarazi du patronala bere asmoetatik. Negoziazio mahaian gauden sindikatuok negoziazioari aukera bat eman nahi izan diogu beti, eta, horregatik, mugimenduak egin ditugu plataforma bateratuan.

Bi urte eta 28 bilera egin ondoren, esan dezakegu CEBEKen eta enpresen jarrera sektoreko langileekiko mespretxua dela, eta kezkagarria iruditzen zaio hori LABi. Denbora asko eta bilera asko dramatza CEBEKek, bilera asko, negoziazioa erabat blokeatuta, sindikatuen proposamenen aurrean axolagabe agertuz. Bitartean, enpresek ez dute mugimendu bakar bat ere egin, eta zalantzan jartzen dute akordio baterako aukera eta, horrekin batera, sektorerako hitzarmen baterako aukera.

LABek uste du sektore honek jauzi are sendoagoa eman behar duela, sendotasun horrek sektore osoaren batasunaren bidez izan behar duela. Bada garaia Bizkaiko arte grafikoetako enpresa guztiek, eta, batez ere, hitzarmen hau blokeatzen ari direnek, argi izan dezaten langileen lan eta bizi baldintzekin ez dela jolasten, sektore hau haserre dagoela eta bere hitzarmenaren alde borrokatzeko prest dagoela. Aktibazioarekin eta mobilizazioarekin batera, negoziazioan formulak bilatzearen aldeko apustua egiten du LABek, patronala bere itxikeriatik ateratzeko.

Hori dela eta, LABek, Bizkaiko Arte Grafikoetako delegatuekin eta industriako beste sektore batzuetako LABeko beste ordezkari batzuen babesarekin, mobilizazioa egin du CEBEKen aurrean, blokeoaren ardura duten enpresak markatzeko eta Bizkaiko arte grafikoetan hitzarmen duina eskatzeko. Ondoren, Euskaldunan CEBEKeko ordezkariak interpelatu dituzte, aldarri berberarekin.

Elkar mugituz, lan mundua ere euskaldunduko dugu

Euskaraldian LABeko kideok 11 egunez ahobizi eta belarriprest izango gara. Langileok Euskaraldian subjektu aktibo izango gara.

2000. urtean LAB sindikatuak erabaki zuen sindikatuaren lan eta komunikazio hizkuntza euskara izango zela. Erabaki horren aurretik ere euskararen normalizazioan lan handia egina genuen, eta, erabakiaren ostean, EUSLAB egitasmo estrategikoa jarri zuen martxan LABek, sindikatu barruko jardueran zein lan munduan euskararen erabilera areagotzeko. Sindikatua ez da berria lan munduan euskararen erabileran eragiteko dinamiketan.

Euskaraldia euskararen erabilera areagotzeko ariketa soziala eta kolektiboa den neurrian, LABek bat egiten du dinamikarekin eta Euskaraldian eragile aktiboa izatea erabaki du. LAB sindikatuko kideek, urte osoan bezala, maiatzaren 15etik 25era, 11 egunez, elkar mugituko dute eta langileak ere mugiaraziko dituzte, lan munduan euskararen erabilera hazteko.

Euskaraldian langileok subjektu aktibo izan nahi dugu. LABeko kidek beren eginbide sindikalean ahobizi eta belarriprest izango dira, eta, horrela, sindikatuaren jardueran euskararen erabilera areagotu nahi LABek, gainontzeko langileekin euskararen erabileraren erantzukizuna partekatuz lan munduaren euskalduntzea areagotzeko. Horri begira, dei berezia egiten die euskal langileei, Euskaraldian inplikatu daitezen eta ahobizi eta belarriprest rolak har ditzaten.

Sindikatu barruan zein lan munduan hizkuntzarekin dauden inertziak astindu nahi ditu LABek, eta sindikatu barruko prozesuetan euskararen erabilera areagotzeko ahalegin kolektiboa egiteko konpromisoa du.

LABek Euskaraldia baliatu nahi du lan munduko euskaltzaleen sareak berraktibatzeko eta indartzeko, eta 11 egun horietan sindikatuan eta lan munduan sortutako dinamikak denboran mantentzeko ahalegin berezia egingo du.

Euskaraldian LAB sindikatua euskara erabili nahi dutenentzat ingurune sozial eroso, abegikor eta naturala izango da. Gure eginbide sindikala egiteko moduari eta prozesuari emango diogu garrantzia: euskaraz egingo dugu.

Beraz, aurreko edizioetan egin bezala, 2025 honetan ere Euskaraldian parte hartuko du LABek. Hala, bere egoitza guztiak arigune izango dira egunotan, eta bere ekimen propioetan euskara hutsean garatuko ditu kanpo komunikazioa, prentsa, webgunea eta sare sozialetako jarduera. Euskaraldi on izan dezazuela!

Confebasken aurkako epaiketa egin dute, kimika sektoreko negoziazio kolektiboan fede txarra izateagatik

2023az geroztik, LAB, ELA eta UGT sindikatuok mahai bat irekitzeko eskatzen ari gara, EAEko sektoreko 17.000 langileen baldintzak hemen finkatuko dituen hitzarmen bat negoziatzeko.

Euskal hitzarmen baterako negoziazio-mahai bat eratzeko hainbat saioren ondoren, Confebaskek, Adegik, SEAk, Cebekek eta Kimikako Estatuko patronalak uko egin diote deialdietara joateari, eta jarrera horrekin erakutsi dute estatuko negoziazioa defendatzen dutela eta Euskal Herriko hitzarmenei aplikatzeko lehentasuna ematen dien Langileen Estatutuaren aldaketak aplikazio praktikorik ez izatea bilatzen dutela.

Sindikatuok gure gaitzespena adierazi genuen hainbat mobilizazio eginez eta patronalen egoitzen aurrean kontzentratuz, eta, gainera, auzitegietan CONFEBASK auzitara eraman genuen, haren jarrerak negoziazio kolektiboan fede ona izatearen aurka egiten duelako eta ekainaren 20an baliozkotutako lege-dekretuaren helburua betetzen ez duelako.

Egin den epaiketan, Confebaskek berriro erakutsi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore kimikoko langileekiko erabateko mespretxua eta sektoreko prekarietatea ezabatzen duen lankidetza negoziatzeko borondate eza.

LABek beti defendatu izan du sektore guztietan, baita kimikan ere, negoziaziorako euskal esparru bat izateko beharra; beraz, zailtasunak zailtasun, eta epaia edozein dela ere, LAB prest dago borroka bururaino eramateko, hori lortzeko.

Bizkaiko Ur Partzuergoko azpikontratetako langileak kolektiboki antolatzen eta borrokatzen hasi dira

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko azpikontratetako langileen errealitatea larria da. Jarduera berbera aurrera daramaten langileei gutxienez zeharo baldintza desberdinak dituzten hiru lan hitzarmen ezberdinen aplikatzen zaizkie: Bizkaiko Eraikuntza, Bizkaiko Metalgintza eta Ur Zikloaren Hitzarmen estatala. Sektorean badago laugarren araudi bat: partzuergoko langile publikoei aplikatzen zaien enpresa-hitzarmena. Zer esanik ez, erraldoia da azpikontratetako langileek, lan berbera eginda edo partzuergoarentzako egiturazkoa den funtzio bat beteta, baldintzetan duten arrakala.

Hori dela eta, azpikontrata askok enpresako lan hitzarmenak edo akordioak dituzte, hutsune hori nolabait betetzeko. Une honetan, enpresa akordio asko indargabe daude, eta plantillak, baldintzak eguneratzeko borrokan.

Horregatik, LAB Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoarentzat lan egiten duten EUTetako (Edateko Uren Tratamendurako estazioak), HUA (Hondakin-Uren Araztegiak) eta SAREETAKO langileak antolatzen eta saretzen hasi da, euren errealitateari erantzuten dieten lan baldintzak zeintzuk izan beharko liratekeen kolektiboki hausnartzeko eta borrokatzeko.

Momentuz hausnarketa hauek azpikontrata bakoitzaren negoziazioan lurreratuko badituzte ere, gaur, maiatzak 13, sektoreko errealitatea publiko egiteko elkarretaratzea egin dute Ur Partzuergoko bulegoen atarian.

Acciona, Sacyr, Fcc Aqualia, Gestagua, Inaraqua, Cadagua enpresek, beste askoren artean, prekarizatu egiten dituztela azpimarratu dute langileek. Hitzarmenen negoziazioak blokeatzearen, azpikontraten arteko arrakaletan sakontzearen edota hitzarmen estatalak aplikatzearen errudunak dira. Haiek irabaziak dituzten bitartean, langileen errealitatea oso gordina da: hilabete amaierara heltzeko ezintasunak, errespetatzen ez diren atseden orduak, egiturazko lan ordu izan beharko liratekeen aparteko orduak, ordaintzen ez diren guardiak eta abar luze bat.

Enpresen diru-goseaz gain, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa seinalatu dute gaur. Izan ere, partzuergoa da egoera prekario eta desorekatu honen erantzulea. Ur Partzuergoa da zerbitzu publiko honen atal batzuk azpikontratatzen dituena, ez merkeagoa delako, langileen kudeaketa gainetik kentzeko baizik. Azpikontratazioa administrazioarentzako ekonomikoki garestiagoa da, eta diru aldea enpresa pribatuen eskuetara doa. Aipatutako enpresen izenak begiratu besterik ez dago gehienak azpikontratazioari esker poltsikoak bete dituzten kate erraldoiak direla ikusteko.

LABek partzuergoari bilera eskariak egin dizkio gatazketan esku har dezan, baina hark ez du erantzunik eman, eta beste alde batera begiratzen jarraitzen du. Bien bitartean, azpikontratatutako enpresek partzuergoa bera jartzen dute negoziazio mahaietan baldintza hobeak ez emateko aitzakia gisa: “bezeroa ez dago prest”.

Langileen aldarrikapenak argiak izan dira:

  • Epe laburrean kontraten akordioak duinki ixteko konpromisoa: lote ezberdinen arteko arrakala txikitu, erosahalmena bermatu eta bestelako hobekuntza laboralak jasoz: bajen osagarria hobetzea eta ordaindutako lizentzien hobetzea, beste askoren artean.
  • Epe ertainerako konponbide kolektiboak bilatzeko ordezkaritza sindikalarekin bildu daitezela.
  • Epe luzean publifikazio plana aurkeztu dezatela.

Langileek adierazi dute hau guztia aurrera eramateko Ur Partzuergoak jarreraz aldatu behar duela. Orain arte beste alde batera begira egon dira, eta egoerak inplikazioa eta konpromisoa behar du. Haiek dira azpikontratatutako zerbitzuaren eta, beraz, hau eskaintzen ari diren langileen azken erantzuleak.

Gaur elkarretaratzera bertaratutakoek antolatzen jarraitzeko eta borrokarako deia egin diete gainontzeko azpikontratetako langileei.

Funtzio publikoan greba egin dute Ipar Euskal Herrian, lan baldintza eta zerbitzu publiko duinen alde

Greba eguna Ipar Euskal Herrian, funtzio publikoan. Kolektibitateetako, administrazioko, irakaskuntzako, medikuntzako langileak… Karrikan izan dira, lan baldintza eta zerbitzu publiko duinen alde. Euren lanbideak prekarizatuak, gaizki ordainduak, ikusezinak eta gero eta deshumanizatuagoak daudela salatu dute, eta Frantziako Gobernuak ez dituela tokian tokiko errealitateak kontuan hartzen. Presiopeko aurrekontuak, baliabide eskasia, langile kopurua tentsiopean, lan baldintzen okertzea, kontrataziorako zailtasunak… Halako ondorioak pairatzen dituzte guztiek, salatu dutenez.

Egoera horren aurrean, beharren mailako kontratazioak, lansarien berehalako emendatzea eta finantzazio iraunkorra eta tokiko beharrei egokitua galdegin dituzte. Lan baldintzak Ipar Euskal Herrian bertan erabaki nahi dituztela aldarrikatu dute.

Goizean, goiz auto karabanak egin dituzte langileek, eta, ondoren, mobilizazioa egin dute, Baionako ospitaletik abiatuta.

Kolonbiari, estatuaren biktimei eta paramilitarismoaren gorakadari buruzko nazioarteko bigarren mintegia egingo dute Bilbon

J.A. Freytter elkarteak Kolonbiako paramilitarismoaren gorakadari, bake prozesuek bizi duten egoerari eta erbesteko biktimek aurre egin beharreko erronkei buruzko nazioarteko aditu nagusiak bilduko ditu Bilbon. Topaketa maiatzaren 15ean izango da EHUko Bizkaia aretoan, J.A. Freytter elkarteak antolatuta eta beste elkarte eta eragile batzuen babesarekin; tartean, LABenarekin.

Hemen, J.A. Freytter elkartearen oharra:

Maiatzaren 15ean, Kolonbiako Estatuaren biktimak eta militarismoaren gorakadari buruzko bigarren nazioarteko mintegia izango da Bilbon, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, J.A. Freytter Elkarteak antolatuta. Jardunaldiaren irekiera Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari den Jagoba Álverez Ereñok, Kolonbiako Bilboko kontsula den Andrés Díaz Lealek eta J.A Freytter Elkarteko eragin politikoko teknikaria den Sebastián Fuentesek egingo dute; aditu sare zabal batekin batera, justizia trantsizionalaz, Estatuaren biktimen paperaz eta Kolonbiako paramilitarismoaren desegiteaz hausnartzeko.

Lehenengo mahai-inguruan, gatazkaren biktimen erbesteratze behartuaren esperientziak, aitorpenerako oztopoak eta justizia eta itzulera prozesuetan pairatu behar dituzten erronkak azalduko dira. Ekimen Elkarteko Olatz Barrenetxeak moderatuko du, eta bertan izango dira Lidia Ortiz, FARC-EPko gerrillari ohia eta erbesteko bake sinatzailea; Claudia Álverez, Medellingo gizarte buruzagia, Orion operazioaren biktima; eta Cristian Leyva, barrialko aktibista eta ikasle aktibista erbestean, muntai judizial batengatik hiru urtez espetxea pairatu ostean absolbitu zuten biktima alegia.

Bigarren saioan gatazken konponbideetako esperientzia juridikoak aztertuko dira, baita Bakerako Jurisdikzio Bereziaren (JEP) zeregina ere. Silvia Gutiérrez Vallejo Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Gobernu Batzordeko diputatuak koordinatuko ditu Sandra Rocío Gamboa Kolonbiako Bakerako Jurisdikzio Bereziko (JEP) magistratuaren, Jone Goirizelaia abokatu eta GEBehatokiko Aholku Batzordeko kidearen eta Mary Cruz Ortega Hernández Giza Eskubideetan, Kulturartekotasunean eta Garapenean doktore eta El Bosque Unibertsitateko ikertzailearen (Kolonbia) ponentziak.

“Paramilitarismo gehiagorik ez Kolonbian!”
Jardunaldia Kolonbiako paramilitarismoaren gorakada eta horrek lurralde bakean izan duen eraginari eta behin betiko desegiteko beharrezkoak diren estrategiei eskainitako mahaiak itxiko du. Besteak beste, aditu hauek parte hartuko dute: Lilia Solanok, Gizarte Elkarrizketako ministrorde ohia eta Petroren gobernuko Biktimen Unitateko zuzendariak, erreparazio integraleko, duintzeko eta eskubideak itzultzeko politikak bultzatu zituenak alegia, Sergio de Zubiría Samper, Gatazkaren Batzorde Historikoko kidea eta Biktimen Unitateko zuzendariak, eta Sergio de Zubiría Samperrek, Gatazkaren eta Bere Biktimen Batzorde Historikoko kidea izan zena Habanako elkarrizketetan. Moderatzailea Oihana Etxebarrieta Legrand izango da, Eusko Legebiltzarreko Kolonbiako Bake Prozesuaren Laguntzaile intertaldeko kidea.

Mintegi honekin JA Freytter Elkarteak Kolonbiako gatazkaren biktimen egia, justizia eta erreparazioaren alde Euskaditik egiten dituen lanean jarraitzen du, lanen arloa akademikoa izanik gehienbat. Elkartea 2001. urtean Freytter Romero irakaslea hil ostean sortu zen, oroimen historikoa, pentsamendu kritikoaren defentsa eta paramilitarismoaren desegitea sustatzeko, Kolonbia eta Euskadiren arteko sareak artikulatuz, eta bakearen eta giza eskubideen alde lan eginez. Gaur egun, beste proiektu batzuen artean, Freytter torturatu eta hil zuten Barranquillako (Kolonbia) “La Bodega” dokumentatu, eta giza eskubideen defendatzaileen, unibertsitateko irakasleen eta eskualdeko mugimendu sozialen aldi baterako harrera eta memoria gune bihurtzeko proiektua bultzatzen du.

LABek sindikalismo antirrazistarantz urratsak egiten jarraitzen du

Larunbatean LABek bigarren topaketa antirrazista nazionala egin zuen Irunen, Arrazakeria globalaren aurrean, ekintza sindikal antirrazista! Lelopean. Lehenengoa Durangon egin zuen, 2021ean.

Euskal Herriko sektore eta lurralde desberdinetatik iritsitako dozenaka langile migratu eta/edo arrazializatuk parte hartu zuten, erantzukizun eta funtzio desberdinak dituztenak. Horiez gain, bertan izan ziren, besteak beste, Igor Arroyo koordinatzaile orokorra, Oihana Lopetegi Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko arduraduna eta Izaskun Garcia Antolakuntza arduraduna.

Jardunaldiak metodologia parte hartzaile baten aldeko apustua egin zuen, zeinetan langileek ahotsek eta bizipenek protagonismoa izan zuten.

Arrazakeriaren aurkako ekintza sindikaleko hainbat ahots bildu zituen mahai ingurua izan zen goizeko une nagusia,elkarri entzuteko eta elkarrengandik ikasteko gune kolektiboa. Erica Velázquez, Daniela Olteanu, Rachid Kaddouri, Yolanda Hurtado Rodriguez eta Rosa Emelda García Canales aritu ziren hizlari, sektore desberdinetako langile eta delegatu migratu eta/edo arrazializatuak: ostalaritza, nekazaritza eta abeltzaintza, etxeko langileen atal sindikala… Eurek bizi izandako prozesuetatik ateratako irakaspenak partekatu zituzten prozesu horietan giltzarriak izan diren elementuak identifikatu, izan zituzten mugak saihesteko, izan arrazakeriaren aurkako praxi sindikala indartzeko.

Administrazio-egoeragatik eskubideen urraketa eta babesgabetasuna, antolatzeko ezintasuna edo mugak, txandakatzea eta behin-behinekotasuna, patronalarentzako kaleratze irregularrak eta merkeak, eskubideen jakintzarik eza, isolamendua, mehatxuak eta xantaiak… Askotan errepikatu zituzten hizlariek halakoak. Elementu horiek, askotan, aldaketarako motore gisa funtzionatu dute, hala ere, elkarguneak topatzeko, elkarri laguntzeko, antolakuntzarako jauzia egiteko, beldurrari eta bakardadeari aurre egiteko…

Gai horiek nola funtzionatzen duten identifikatzea eta lankideengana iristeko moduak aurkitzea da erronka nagusietako bat ekintza sindikal antirrazista eraginkorra eraikitzeko, kide horien errealitateetatik abiatuta. Ericak azpimarratzen zuen bezala, “jendearengana iritsi behar dugu, argiak izan, daukaguna eta nahi duguna mahai gainean jarri…”

Duintasuna ere mahai gainean izan zen. Daniela, Floretteko langilea, lurra lantzearen harrotasunaz mintzatu zen. Txikitatik egin du hori Errumanian, non bere jostailu bakarra lurra eta harri batzuk ziren, kontatu zuenez. Eta irmoa izan zen: “Janaria mahaian jartzen duzuenean, gogoratu elikagai hori gure eskuetatik atera dela”. Baratzeetan eta negutegietan, kasu honetan Nafarroako Erriberan, dauden lagun asko eta askorenak izan ohi dira esku horiek, sarritan. Hain justu, autobus bat antolatu zuten larunbateko topaketara iristeko horietako kide batzuek. Antolatu ondoren, ordura arte lortu gabeko ordezkaritza lortu du LABek han, sindikalizatu gabea zen sektore batean.

Yolandak eta Emeldak nabarmendutako beste elementuetako bat izan zen batzarraren garrantzia, etxeko eta zaintzako langileak elkartzeko, elkar zaintzeko eta antolatzeko. Batzarra, etxeko eta zaintzako langileak elkartzeko, elkar zaintzeko eta antolatzeko gune gisa. Izan ere, haien sektorean horretarako dauden zailtasunez hitz egin zuten. Etxeko langile egoiliarren lana kartzelan egotearekin parekatu zuten. Hala ere, behartutako egoera horretatik atera, eta sektore feminizatu eta prekarizatu hori zeharkatzen duten diskriminazioen eta indarkerien aurka borrokatzearen beharra aldarrikatu zuten.

Izan ere, batasuna eta antolaketa gakoak dira kasu guztietan. Hala azpimarratu zuen Rachidek, Azkoiengo Huertas de Peraltako prozesua barru-barrutik bizi izan duen langileetako batek. Langile migratuek eta/edo arrazializatuek, LABen antolatuta, sustatutako lehenengo borroketako bat izan zen Azkoiengoa, eta horretatik asko ikasi zuen sindikatuak. Igor Arroyok azpimarratu moduan, 70eko hamarkadako irudiak ekarri zituen gogora borroka hark, errepresio gogorrei aurre eginez langileek piketeetan euren gorputza jartzen zuten borrokaldiak; kolektiboaren zentzua gailentzen den borrokaldi horietako bat, galtzen joan den zentzu hori, edo, hobe esanda, langile klaseari erauzten joan zaion hori.

Irakaspenak asko dira, eta luzea da, halaber, egin beharreko bidea. Topaketan egindako lantaldeek aukera eman zuten proposamen zehatzetan sakontzeko, ekintza sindikalari begira eta lan arrazakeriari aurre egiteko. LABeko langile migratu eta/edo arrazializatuen sarea ehuntzearen garrantziaz, pertsona migratuen eta/edo arrazializatuen etxebizitza eskubideaz eta pribilegioak deseraikitzeaz ere aritu ziren, besteak beste.

LABek sindikalismo antirrazista ehuntzen jarraitzen du, ilusioz eta borondate politikoz. Larunbat goiza modu ezin hobean itxi zen, Irungo Mosku plazako txoko batean hainbat lagunek mimoz prestatu zuten luntx zainduarekin. Topa egin zuten parte hartzaileek, topo egin izanagatik, elkar ezagutzeko aukeragatik, espazioa eta denbora elkarri oparitzeagatik eta arrazakeriaren aurkako LAB hau eraikitzen jarraitzeagatik.

Gora LAB eta gora LAB antirrazista!