2026-11-15
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaElkar mugituz, lan mundua ere euskaldunduko dugu

Elkar mugituz, lan mundua ere euskaldunduko dugu

Euskaraldian LABeko kideok 11 egunez ahobizi eta belarriprest izango gara. Langileok Euskaraldian subjektu aktibo izango gara.

2000. urtean LAB sindikatuak erabaki zuen sindikatuaren lan eta komunikazio hizkuntza euskara izango zela. Erabaki horren aurretik ere euskararen normalizazioan lan handia egina genuen, eta, erabakiaren ostean, EUSLAB egitasmo estrategikoa jarri zuen martxan LABek, sindikatu barruko jardueran zein lan munduan euskararen erabilera areagotzeko. Sindikatua ez da berria lan munduan euskararen erabileran eragiteko dinamiketan.

Euskaraldia euskararen erabilera areagotzeko ariketa soziala eta kolektiboa den neurrian, LABek bat egiten du dinamikarekin eta Euskaraldian eragile aktiboa izatea erabaki du. LAB sindikatuko kideek, urte osoan bezala, maiatzaren 15etik 25era, 11 egunez, elkar mugituko dute eta langileak ere mugiaraziko dituzte, lan munduan euskararen erabilera hazteko.

Euskaraldian langileok subjektu aktibo izan nahi dugu. LABeko kidek beren eginbide sindikalean ahobizi eta belarriprest izango dira, eta, horrela, sindikatuaren jardueran euskararen erabilera areagotu nahi LABek, gainontzeko langileekin euskararen erabileraren erantzukizuna partekatuz lan munduaren euskalduntzea areagotzeko. Horri begira, dei berezia egiten die euskal langileei, Euskaraldian inplikatu daitezen eta ahobizi eta belarriprest rolak har ditzaten.

Sindikatu barruan zein lan munduan hizkuntzarekin dauden inertziak astindu nahi ditu LABek, eta sindikatu barruko prozesuetan euskararen erabilera areagotzeko ahalegin kolektiboa egiteko konpromisoa du.

LABek Euskaraldia baliatu nahi du lan munduko euskaltzaleen sareak berraktibatzeko eta indartzeko, eta 11 egun horietan sindikatuan eta lan munduan sortutako dinamikak denboran mantentzeko ahalegin berezia egingo du.

Euskaraldian LAB sindikatua euskara erabili nahi dutenentzat ingurune sozial eroso, abegikor eta naturala izango da. Gure eginbide sindikala egiteko moduari eta prozesuari emango diogu garrantzia: euskaraz egingo dugu.

Beraz, aurreko edizioetan egin bezala, 2025 honetan ere Euskaraldian parte hartuko du LABek. Hala, bere egoitza guztiak arigune izango dira egunotan, eta bere ekimen propioetan euskara hutsean garatuko ditu kanpo komunikazioa, prentsa, webgunea eta sare sozialetako jarduera. Euskaraldi on izan dezazuela!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...