2026-02-13
Blog Page 733

Cristina Uriarte buru duen Hezkuntza Sailaren jarrera maltzurra gogor salatzen dugu, eta sinatutako akordioak berehala betetzea exijitzen diogu

0

LABek joan den udaberrian Heziketa Berezian, Sukalde eta Garbitzaileetan, Haurreskolak Partzuergoan eta Irakasleen kolektiboan erdietsitako akordioak bete ditzala exijitzen dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Hori eskatuz, idatzia erregistratu du gaur LABek Lakuan. Kolektibo hauetan langileon borrokari esker lortutako aldarrikapen asko betetzen ari badira ere, guretzat berebiziko garrantzia duten hainbat puntu ez ditu bete. LABentzat marra gorriak eta lehentasunezko aldarrikapen izan zirenak aplikatzeko borondaterik ez du erakutsi gaur arte. Eta ez dugu inolako aitzakiarik onartuko, hilabeteetako epea eduki baitu akordioaren puntu guztien aplikazioa planifikatzeko.

Gauzak horrela, Irakasleen kolektiboan, ordezkapenak kasu askotan ez dira lehen egunetik bete eta 60 urtetik gorako ordu lektiboen murrizketa arreta zuzenik gabe ez da gauzatu. Gaur bertan komunikatu bat atera du Hezkuntza Sailak gaurtik aurrera ordezkapenak beteko dituela adieraziz, baina LAB benetan ere hitza betetzen duela arte gainean egingo gara eta beharrrezko izango balitz, eskuhartzeko prest. Gainera, oraindik ere Mahai Orokorrean proposatutako aldagaiak ez dira gauzatu. Heziketa Berezian, besteak beste ez dute Fisioterapeuta, Gizarte laguntzaile edota Terapeuten ekiparaziorik aplikatu. Sukalde eta Garbitzaileetan laguntza kontratuekin arazo larriak ditugu eta Haurreskolak Partzuergoan, akordioaren segimendu batzordea blokeatuta daukagu eta ordezkapenak betetzea baldintzatua jarraitzen du.

LAB, sinatutako akordioen defentsan sutsuki arituko da. Langileon borroka eredugarriari esker lortutakoa ez aplikatzea ez diogu inola ere onartuko Lakuako Hezkuntza Sailari, eta bere jarrera baldar eta arduragabea aldatzen ez bada, erantzuna artikulatzea beste biderik ez digu utziko. Akordioetan sinatutakoa inplementatzeko eta lan baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko dugu!

LABek, bai akordioetara iristeko zein mobilizatzeko duen gaitasuna argi erakutsi du behin baino gehiagotan. Gure erantzukizuna da lau kolektibo hauetan lortutako akordioak defendatzea, babestea eta betearaztea, hezkuntzaren kalitatean eta eskaintzen dugun zerbitzuan duten eragin zuzenarengatik. Eta zalantzarik gabe Hezkuntza Sailarengan kokatzen dugu ardura politiko guztia: gatazka ondo itxi eta hitzartu duen hori betetzea. Horrela ez balitz, honek ekar litzakeen ondorio guztien erantzule zuzena egiten dugu. Guzti honengatik, Hezkuntza Saila interpelatzen dugu, hitz polit eta borondateetatik haratago, sinatutako akordioak bere osotasunean berehala bete ditzan.
 

 

 

Basauriko udal eraikinen garbiketa zerbitzuko langileak kalera irten dira

0

Basauriko Udaleko eraikinak garbitzen dituzten langileak Uni2 enpresaren aurrean mobilizatu dira, pasa den apirilean Garbiketa Hitzarmena sinatu eta ordutik soldata igoerarik ez zaielako aplikatu. Azaroan ospatuko da epaiketa.
 

 

 

Amiantoaren biktimen nazioarteko topaketan hartu dugu parte Bartzelonan

0

Amiantoaren biktimen nazioarteko topaketa bat egiten ari dira Bartzelonan, ostegunetik larunbata bitartean, eta bertan dago LABeko ordezkaritza bat. Hain zuzen ere, Lan Osasuneko kide Ibon Zubielak eta Beasaingo CAFeko delegatu Iban Pajaresek hartu dute hitza goizean egindako hitzaldietan. Biharko jardunaldiari dagokionez, Sant Jaume plazan, 11:00etan, egingo duten elkarretaratzean izango dira LABeko kideak, amiantoak eragindako heriotzak salatzeko.


 

 

 

Lanuzteei ekin diete Elkarkide enpresako langileek

Elkarkide enpresa aniztasun funtzionala duten pertsonendako enplegu zentro berezia da eta zentro okupazionalak eskaintzen ditu Nafarroan, horretarako Gobernuarengandik diru laguntzak jasoz; hala nola, Gobernuak enpresari lanbideen arteko soldataren erdia ordaintzen dio, eta kotzazioak bere osotasunean. Hitzarmen kolektbo berriaren urtebeteko negoziazioen ostean, aurrerapen eta lorpen faltaren aurrean, enpresak duen jarrera itxia ikusia, lanuzte eta mobilizazioekin hastea erabaki du langileen batzarrak, hitzarmen duin baten alde.

LAB, CCOO eta UGT sindikatuok osatzen dugu enpresa batzordea Elkarkiden, eta gaur lanuztera deitu dugu 7:30etik 9:30era, Noaingo Motxoli industriaguneko egoitzan. Urriaren 11n, ostegunarekin, egun osoko greba eta mobilizazioak egingo ditugu, 8:00etan Motxolin eta 12:00etan Iruñeko  Iturrama auzoan, Ezkirotz eta Iturrama kaleetako bidegurutzean.
 

 

 

Gipuzkoako DIA%ko langileek egun osoko greba egingo dute urriaren 11n

0

Gipuzkoako DIA%ko enpresa komiteak deituta, mobilizazio eguna egingo dute urriaren 11n, pairatzen duten esplotazioaren aurrean aski da esateko unea dela iritzita. Hain zuzen ere, egun horretan greba eguna egiteaz gain, elkarretaratze batera deitu dute 12:30erako, Donostiako Artzain Onean. Honen guztiaren berri gaur eman dute, agerraldi baten bitartez, Astigarragako DIA% dendaren aurrean.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurri duten adierazpena:

Agerraldi honen bitartez, Gipuzkoako DIA% enpresako Langile Komiteko kideok, enpresan bizi dugun esplotazioa eta prekarietate erabatekoaren aurrean, datorren urriaren 11n egun osoko greba antolatuko dugula adierazi nahi dugu.

DIA%ko langileok denbora asko daramagu prekarietate egoera hau sufritzen. Langileak eta komitea bera, behin eta berriz, gutxietsi eta mespretxatuak gara enpresaren aldetik. Inolako aurre abisurik gabe aldaketak egiten dituzte, gure bizitzak gauetik goizera baldintzatuz. Gure lan zentroak aldatzen dituzte, askotan lekualdaketan kilometro asko egitera behartuz. Antolakuntza aldaketak maiz egiten dituzte, esate baterako ordutegienak, inolako aurre abisurik gabe eta gure bizitzak berriz antolatzera behartuz.

Langile falta nabarmena eta orokorra da DIA%ko dendetan. Honen ondorioz, egungo lan taldeko kideok dugun lan karga oso altua da. Eta honek zuzenean gure osasun fisiko zein psikologikoan eragiten du. Denda batzuetan 2 pertsona besterik ez daude lan guztiak aurrera ateratzeko: kaxari kasu egin, apalak berritu, garbitu… ezinezkoa da enpresak exijitzen dituen lan guztiak denboran eta behar den bezala aurrera ateratzea.

Kaleratzeak DIA% supermerkatuetako ohiko politika da. Berdin dio behin behinekoa izan edo 10 urte eraman enpresan, ezerk ez du bermatzen gure lanpostuan jarraitzea. Lankide asko kaleratuak izan dira gaixotasun bajan zeudela. Zehazki, udara honetan 12 langile izan dira kaleratuak. Gainera, kaleratzea hauek burofax bidez komunikatzen ditu enpresak.

Egoera erabat prekarioari azken ukitua emateko, DIA&GO denda formatua Euskal Herrira heldu da. Lehen denda Bizkaian ireki dute. Denda goizeko 8:30etik gaueko 23:00ak arte irekiko dute, langileen kontziliazio eskubidea urratuz. Denda eredu honen ezarpena erabateko sekretismoarekin egiten ari dira, benetan izango duen funtzionamendua eta langileengan izango duen eraginak irekiera baino egun batzuk lehenago azalduz.

Arrazoi hauengatik guztiengatik, eta enpresaren pasibotasuna ikusita, pauso bat aurrera ematea erabaki dugu eta Gipuzkoako DIA enpresako langile komiteak datorren urraren 11erako egun osoko greba deialdia egin dugu. Bizkaiko kideak ditugu eredu, greba deialdi ezberdinak eginda gogor jarraitzen dute borrokan. Honela bada, DIAko langile guztiei grebara batu eta urriaren 11n 12:30ean Donostiako Artzain Onean burutuko dugun elkarretaratzera gonbidatu nahi ditugu.

 

 

 

Alternatiba Tourrean izango gara

0

Ekainean abiatu zen Parisetik Alternatiba Tourra, planeta eta bizitzaren defentsan, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko beste eredu baten alde. Bada, bizikleta martxa honek Baionan izango du helmuga asteburuan, larunbatean zein igandean, ia 6.000 kilometro egin ondoren. Egitarau zabala prestatu dute ekimen ibiltariari amaiera emateko, eta bertan izango da LAB. Hain zuzen ere, igandean, 11:45ean hasita, hitzaldi batean hartuko du parte sindikatuko Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak, Baionako fakultateko 127. aretoan. Politika publikoen paperaz ariko da, beste hizlari batzuekin batera.
 

 

 

Osakidetzako Emergentziak zerbitzuak bidezko lan-baldintzak eskatu ditu Eusko Legebiltzarrean

0

Osakidetzako Emergentziak zerbitzuko langileak Eusko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratu dira gaur goizean, Gasteizen. Osakidetzaren Emergentziak zerbitzuko Langileen Batzordeak, LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuekin batera, mobilizazioetara itzultzea erabaki dute Osakidetzaren erantzun ezaren aurrean. “Azken bilera uztailaren 3an izan genuen eta Osakidetzak gure proposamenak berrikusteko konpromisoa hartu zuen, baina oraindik ez dugu inolako erantzunik jaso”, salatu dugu sindikatuok.

Mobilizazio etapa berri honetan, gatazkaren erantzule nagusiengana eramango dituzte protestak Emergentzietako langileek. Zentzu horretan, joan den astean Bilboko Euskalduna Jauregiaren aurrean elkarretaratu ziren, Osakidetzaren 35. urteurrenaren ekitaldian. Gaur, Eusko Legebiltzarrera eraman dituzte mobilizazioak, zerbitzuaren arazoak konponduko dituen negoziatzaile egoki bat lortzeko helburuarekin. “Gure gutunari erantzunik eman ez zionez, mobilizatzea erabaki dugu, Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako Zuzendariari negoziazio-bilera bat eskatzeko”, adierazi dugu sindikatuok.

“Zuzendaritzaren helburu bakarra negoziazio prozesua luzatzea izan da. Hamabi puntu baino gehiago negoziatu behar dira. Oraindik aldarrikapen historiko ugari konpontzear daude, hala nola egokia eta nahikoa den prestakuntza programa bat zehaztea, lanpostu ezberdinen balorazio objektiboa, zerbitzuaren neurrien berrezarpena… Laburbilduz, lan-prekarietatea murriztu eta euskal gizartearen eskaerei erantzuteko neurri sorta bat”, salatu dugu sindikatuok.
 

 

 

Lan heriotzak salatu ditugu Donostian, Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean

Gehiengo sindikalak, hots, LAB, ELA, STEILAS, ESK, ENHE eta HIRU sindikatuok, elkarretaratze bat egin dugu arratsaldean, Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Prekarietateak hil egiten duela salatu dugu, eta Zizurkilen, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obretan, asteartean hildako langilea gogoan izan dugu. Hain zuzen ere, aurten, gutxienez, 54 langile hil dira Hego Euskal Herrian euren lanpostuetan. AHTren obretan, berriz, bederatzi langile hil dira dagoeneko.
 

 

 

Ebentualak ez kaleratzeko exijitzen diogu Mercedesi

0
LAB sindikatuak salatu nahi du diesel aferaren aitzakipean MERCEDESek ehunka langile ebentual kaleratu ditzakeela eta malgutasunean sakontzeko aprobetxatu nahi duela.

MERCEDES-BENZek iragarri du berriki diesel aferaren kontura, eta eskaera jaitsiera argudiatuta, enpresa 10 egunez itxiko duela eta azaroaren 12tik aurrera gaueko txanda bertan behera utziko duela. Horretaz gain, zenbait langile ebentual kaleratzen hasi da eta hurrengo hilabeteetan, ehunka izan daitezke kaleratuak.

LABek irmoki exijitzen dio MERCEDESi kaleratzeak bertan behera uztea. Oraingoan dieselaren aitzakia jarri dute, baina egia dena da asko eta asko kaleratu ditzakeela epe legalera ailegatzen direlako, eta beraz kontratu mugagabea egin beharko ziela.

Aldi berean, UGT, CCOO, EKINTZA eta PIMek oparitutako neurri gabeko malgutasunari heldu dio enpresak, langile guztien kaltetan. Ildo horretatik ordea, gogorarazi nahi dugu MERCEDESek duela aste gutxi gaueko txanda ordu erdiz luzatu zuela eta lan erritmoa %107’6koa dela, langileon osasunean ondorio kaltegarriak izanda. Aitzakia hutsa da beraz, ebentualekin berriro jolasteko eta malgutasuna era neurrigabean aplikatzeko.

LABek bitarteko guztiekin egingo die aurre neurri hauei guztiei eta dei egiten diegu beste sindikatuei elkarrekin mobilizatzera enplegu eta lan baldintza duinen defentsan. Ez dugu onartuko diesel aferaren biktimak langileok izatea.