2026-10-01
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaCristina Uriarte buru duen Hezkuntza Sailaren jarrera maltzurra gogor salatzen dugu, eta...

Cristina Uriarte buru duen Hezkuntza Sailaren jarrera maltzurra gogor salatzen dugu, eta sinatutako akordioak berehala betetzea exijitzen diogu

LABek joan den udaberrian Heziketa Berezian, Sukalde eta Garbitzaileetan, Haurreskolak Partzuergoan eta Irakasleen kolektiboan erdietsitako akordioak bete ditzala exijitzen dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Hori eskatuz, idatzia erregistratu du gaur LABek Lakuan. Kolektibo hauetan langileon borrokari esker lortutako aldarrikapen asko betetzen ari badira ere, guretzat berebiziko garrantzia duten hainbat puntu ez ditu bete. LABentzat marra gorriak eta lehentasunezko aldarrikapen izan zirenak aplikatzeko borondaterik ez du erakutsi gaur arte. Eta ez dugu inolako aitzakiarik onartuko, hilabeteetako epea eduki baitu akordioaren puntu guztien aplikazioa planifikatzeko.

Gauzak horrela, Irakasleen kolektiboan, ordezkapenak kasu askotan ez dira lehen egunetik bete eta 60 urtetik gorako ordu lektiboen murrizketa arreta zuzenik gabe ez da gauzatu. Gaur bertan komunikatu bat atera du Hezkuntza Sailak gaurtik aurrera ordezkapenak beteko dituela adieraziz, baina LAB benetan ere hitza betetzen duela arte gainean egingo gara eta beharrrezko izango balitz, eskuhartzeko prest. Gainera, oraindik ere Mahai Orokorrean proposatutako aldagaiak ez dira gauzatu. Heziketa Berezian, besteak beste ez dute Fisioterapeuta, Gizarte laguntzaile edota Terapeuten ekiparaziorik aplikatu. Sukalde eta Garbitzaileetan laguntza kontratuekin arazo larriak ditugu eta Haurreskolak Partzuergoan, akordioaren segimendu batzordea blokeatuta daukagu eta ordezkapenak betetzea baldintzatua jarraitzen du.

LAB, sinatutako akordioen defentsan sutsuki arituko da. Langileon borroka eredugarriari esker lortutakoa ez aplikatzea ez diogu inola ere onartuko Lakuako Hezkuntza Sailari, eta bere jarrera baldar eta arduragabea aldatzen ez bada, erantzuna artikulatzea beste biderik ez digu utziko. Akordioetan sinatutakoa inplementatzeko eta lan baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko dugu!

LABek, bai akordioetara iristeko zein mobilizatzeko duen gaitasuna argi erakutsi du behin baino gehiagotan. Gure erantzukizuna da lau kolektibo hauetan lortutako akordioak defendatzea, babestea eta betearaztea, hezkuntzaren kalitatean eta eskaintzen dugun zerbitzuan duten eragin zuzenarengatik. Eta zalantzarik gabe Hezkuntza Sailarengan kokatzen dugu ardura politiko guztia: gatazka ondo itxi eta hitzartu duen hori betetzea. Horrela ez balitz, honek ekar litzakeen ondorio guztien erantzule zuzena egiten dugu. Guzti honengatik, Hezkuntza Saila interpelatzen dugu, hitz polit eta borondateetatik haratago, sinatutako akordioak bere osotasunean berehala bete ditzan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.