2026-02-13
Blog Page 724

Epaitegira joko dugu, Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitaleko zuzendaritzak gure hautagaitza baztertu eta gero

0

Ospitaleko zuzendaritzak ez digu hauteskunde sindikaletarako zerrenda onartu, gure estatutuak nahikoak ez direla argudiatuz, berari ez dagokion eduki batean sartu eta gero. Hala, Admnistrazio Epaitegira eramango dugu afera, sindikatuaren antolaketa eredua zalantzan jarri dutelako.

Ostiralean, lehen aldiz LABek zerrenda bat aurkeztu zuen Ospitaleko Funtzio Publikoan, Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitalean. Bada, ospitaleko zuzendaritzak ez digu onartu, gure estatutuak nahikoak ez direla argudiatuz. Hala, Admnistrazio Epaitegira eramango dugu afera, bidegabea delako.

Hain zuzen ere, gure antolaketa eredua da zalantzan jartzen dutena. Ipar Euskal Herrian estatutuak erregistratuak ditugu sindikatu gisa, funtzio publiko osoan. Leporatzen digute ez dugula bereziki estatuturik aurkeztua ospitaleko funtzio publikoan. Hori legearen irakurketa bat da, ospitaleko zuzendaritzak egiten duena, besterik ez. Guk sindikatu gisa beste irakurketa bat dugu. Ez dagokio ospitaleari erabakitzea nola irakurri behar den legea. Administrazio epaitegira joko dugu, epaile batek erabaki dezan nork duen irakurketa egokia.

Langile guztiak deitzen ditugu kanpainan parte hartzeko eta haien sustegua adierazteko zerrendari.
 

 

 

Ez dago negoziazio errealik, hilabeteko grebaren ostean

0

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Barne Sailek ez dute, irailaren 21az geroztik, Gipuzkoako Komisaldegi eta eraikin judizialetako garbiketa zerbitzuan greban dauden langileekin batzeko asmorik agertu, eta Garbialdi enpresak KPIaren azpiko soldata igoera proposatzen du. Sindikatuok agerraldia egin dugu gaur, lan gatazkaren xehetasunen berri emateko.

LAB, ELA, UGT eta ESK sindikatuok Gipuzkoako komisaldegi eta eraikin judizialetako garbiketan greba mugagabeari ekin genion urriaren 17an, irailaren 19an hasitako grebari jarraipena emateko.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Barne Sailek ez dute irailaren 21az geroztik greban dauden langileekin batzeko asmorik agertu eta Garbialdi enpresak KPIaren azpiko soldata igoera proposatzen du.

ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuok Gipuzkoako komisaldegi eta eraikin judizialetako garbiketan greba mugagabeari ekingo diogu. zehazki urriaren 17an emango diogu hasiera eta irailaren 19an ekindako grebaren jarraipen izango da.

Negoziaketen hasieratik alde sozialak, kale garbiketarekiko dagoen soldata arrakalaren desagerpenean (sektore maskulinizatua) zentratu dugu gure aldarrikapena. Hiru sektoreak (komisaldegiak, epaitegiak eta kale garbiketa) garbiketan aritzen dira eta guztietan administrazio publikoak azpikontratatutako enpresek egiten dute lan hau. Baina sektore bakoitzean dauden lan baldintzak desberdinak dira, desberdintasun nabarienak sektore maskulino eta femeninoen artean ematen direlarik. Funts publikoekin ordaintzen den genero baztertzea. Zehazki, datuak honakoak dira:

SOLDATA ARRAKALA: komisaldegiak: %13, justizia eraikinak eta adingabeen zentroak: %7.
Komisaldegien hitzarmena 2009ko abenduaren 31an amaitu zen eta eraikin judizial zein adingabeen zentroetakoa 2017ko abenduaren 31an

Komisaldegietan, soldata arrakala desagerrarazteko duen hitzarmena eskatzen dugu, honako igoerekin:

2016:3%
2017:2,9%
2018:4,5%
2019:2,5%

eta justizia eraikin eta adingabeen zentroetarako:
2018:4,5%
2019:2,5%

Apirilaren 26tik 4 bilera izan ditugu eta hauetan negoziazioak ez dua aurrera egin, azken bilera izan delarik proposamen ekonomiko bat jaso duen bakarra.

Uztailaren 10etik urriaren 17rarte ez dugu inolako bilerarik izan, eta azken honetan Garbialdi enpresak 2018 urteko soldata izozte proposamen bat jarri du mahai gainean, 2019 urterako %1 igoera eta 2020rako %1 igoera. Dena bi hitzarmenetarako. Beste modu batera esanda, eros ahalmena galdarazten duen proposamena da hau. Lan legediak adierazten du borondate honez negoziatu behar dela, eta Garbialdi enpresaren jarrerak kontrakoa adierazten du.

Proposamen hau guztiz onartezina da langileontzat, are gehiago Komisaldegietako langileek 2008az geroztik soldata igoerarik izan ez dutela kontuan hartzen badugu, eta eraikin judizialetan duten soldata arrakala %7koa dela.

Sindikatuok negoziazioan proposatutako gainontzeko aldarrikapenei dagokionez, Garbialdik ez du bere posizioa argitu, ez eta baloratzera sartu ere. Gure ustez, negoziaketa mugagabe luzatzeko modua da hau, jakinda, komisaldegietako garbiketa zerbitzuaren adjudikaziorako pliegoak ateratzear daudela. Hala, pliego hauen publikazioa baina lehen akordiorik lortuko ez balitz, soldata igoerak berriz ere urte luzez blokeatuta geratuko lirateke.

Bestalde, ezinbestean azpimarratzekoa da, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Barne Sailak ez dute sindikatuokin batu nahi izan gure aldarrikapenak ezagutu eta gatazka honetan duten erantzukizunaren zatia hartzeko. Are gehiago, gaurko egunez, aipatu sail hauen kezka bakarra grebaren ondoriozko zerbitzu minimoak handitzea besterik ez da izan, eta zentroetako garbiketa egiten zela bermatzea, modu ilegalean greban dauden langileak ordezkatzera helduz.

Zoritxarrez, aipatu departamendu hauen presioak bere efektua izan du eta zerbitzu minimoen azken agindua greba eskubidearen aurkako eraso zuzen bat da, izan ere, Oiartzungo komisaldegian komun pribatuen garbiketa astero egin behar dela ezarri baitute. Zerbitzu minimoak ezarri behar direnean, orduan bai, agerian geratzen da garbiketaren beharra, baina ez zaio aitortza bera egiten kale garbiketako kideen azpitiko soldatak ezartzen zaizkienean. Bi sektore hauetako lana (kale eta eraikinen garbiketa) bera dela agerian geratzen da, greban zehar, sarrera bahiz irteeretarako kale garbiketako langileek greban dauden emakumeen lana ordezkatzera deitu dituztenean.

Beti bezala, jakina, emakumeak dira prekarietate egoera hau bizi dutenak. Bi hitzarmenen artean 60 bat langile inguru dira eta hauetatik %95 emakumeak. Emakume hauetako askok kontratu partzialak dituzte, lanaldi oso txikiak eta abar. Horregatik, eta agerraldi hau baliatuz, Garbialdi zein Eusko Jaurlaritzar, berehala, diskriminazio egoera honi aurre egiteko neurriak hartzea exijitu nahi diegu.

Genero berdintasuna ekintza konkretu eta errealen bidez gauzatu behar da, eta ez diskurtso politetan gelditu. Horregatik guztiagatik, gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala Eusko Jaurlaritzaren agendan lehentasuna erabatekoa izan behar du.

 

 

 

Geka enpresako langileek Adegiren bitartekaritza eskatu dute euren soldata kobratu ahal izateko

0

Geka enpresako langileak Adegiren egoitzara joan dira gaur, Gipuzkoako enpresen elkarteari gutun bat helarazteko. Hain zuzen ere, Geka Adegiren baitan dago, eta, hortaz, langileek beharrezkoa ikusi dute enpresa elkarteari euren egoeraren berri ematea, lan gatazka konpontzeko bitartekaritza lanak egin ditzan. Helburu horrekin erregistratu dute gaur aipatutako gutuna.

Joan den urriaren 8an, Maquinaria Geka enpresako langileak mobilizazioekin eta lanuzteekin hasi ziren. Protestaldiak nomina ordaintzea exijitzea du helburu. 65 langile ditu enpresak hiru lan zentrotan, Astigarragan bat eta Oiartzunen bi, bata Zerradi poligonoan eta eta beste bat Zuaznabar poligonoan.

Jakin izan dugun arren enpresak lehiaketa tramitatu duela Donostiako Merkataritza Epaitegian, oraindik ez dago Konkurtsoko Autorik eta enpresak ez du likidezia arazorik langileei soldatak ordaintzeko.

Pasa den apirilean, enpresa bereko langileek protesta egin zuten bost lankide kaleratu zituztelako.
 

 

 

Uruguaiko PIT-CNT sindikatuarekin bildu gara

0

Uruguaiko PIT-CNT sindikatuko ordezkariekin bildu gara gaur, Bilbon, Uruguai eta Euskal Herriko egoera politikoaren inguruko iritzi trukaketa egiteko. Era berean, Uruguaiko prozesuan Frente Amplioarekin sindikalgintzak betetzen duen papera izan dugu hizpide, baita Hego Ameriketako testuinguru politikoa ere. ESNA (Encuentro Sindical de Nuestra América) inguruko gogoeta ere egin dugu.

 

 

 

Loramendiko langileen protestek ez dute etenik

Urriaren 19an, Sanitas Loramendi helduen egoitzako langileek idatzi bat erregistratu zuten Erandioko Udaleko gobernu-taldearekin eta talde politiko bakoitzarekin batzartzea eskatuz, euren egoeraren berri emateko. Honetaz gain, kontzentrazioa egin zuten Udalaren aurrean. Larunbat eta igandean ere mobilizazioekin jarraitu dute, Erandioko lantokiaren aurrean mobilizazioak eginez. Gaur astelehena, jaima bat jarri dute Erandioko metro geltokian, eta bertan egon dira herritarrak informatzen, euren lan gatazkari buruz.
 

 

 

Eusko Jaurlaritza berriro ere hipokresiarekin jokatzen ari da migrante eta errefuxiatuen aferan

Gaur Beatriz Artolazabalek, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, “Herritartasunaren, Kulturartekotasunaren eta Inmigrazioaren esparruan jarduteko V. Plana 2018-2020” aurkeztu du Gasteizko parlamentuko enplegu, politika sozial eta gazteriaren batzordean.

LABek hau esan nahi du:

– Beste gai askotan egiten duen bezala, migranteen eta errefuxiatuen aferan ere Eusko Jaurlaritza plan estrategiko baten atzean ezkutatzen da gaur egun duen konpromiso eza ezkutatzeko. Plan honen eta aurreko asteetan egindako “Share proposamenaren” aurkezpenarekin, Eusko Jaurlaritza hutsik dagoen diplomaziara jokatzen ari da, bere burua zuritu nahian. Plan estrategikoak behar beharrezkoak ditugu bai, baina baita konpromiso zehatz eta argiak; guztion eskubideak defendatuko dituen politika integrala behar beharrezkoa da.

– Lotsagarria da Beatriz Artolazabalek egin dituen adierazpenak. Kohesio sozialean eta migrazioaren gaian “Euskadi Europako abangoardia” dela baieztatu du.

• Alde batetik, eskubide sozialen etengabeko murrizketa garatzen ari da Eusko Jaurlaritza, DSBEa dugularik adibide esanguratsuena. Kohesio sozialik ez dago aberastasunaren birbanaketarik eta babes sozialeko sistema justurik gabe. Zentzu horretan, aipatzekoa da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak jasotako 51.000 sinadura DSBEa justu baten eta etxebizitza eskubide efektiboaren alde.

• Bestalde, uda honetan zehar argi ikusi da Eusko Jaurlaritzak pertsona errefuxiatu eta migranteekiko duen konpromiso eza. Arazoa ukatu eta partxe soil batzuk jarri ditu, inolaz ere nahikoak izan ez direnak migrante eta errefuxiatuen beharrei erantzuteko.

– Agerian geratzen da daukagun burujabetza falta migrazioaren eta errefuxiatuen inguruan gure politika publiko propioak garatzeko. Ez dugu konpetentziarik gai honetan klabeak diren politikak garatzeko edo bertan behera uzteko, hala nola, Atzerritartasun Legea.

– Gure konpromisoa berretsi nahi dugu langile klaseko pertsona migranteekin. Lanean jarraitzen dugu, bai sindikatuaren barruan eta baita jendarteko beste eragile sozialekin, langile hauen eskubide politiko, sozial eta ekonomikoen alde.

Beraz, hitzetan geratzea hipokresia hutsa da. Hitz horien atzean ekintzarik ez badago, plan antzu baten aurrean gaude; tamalez, Eusko Jaurlaritzak orain arte erakutsi duen jokabideak ez du esperantzarako tarterik uzten.
 

 

 

Ospitale berria ez zen beharrezkoa Eibarren

0
Gaur Eibarko ospitalea ofizialki inauguratuko da, baina Osasun Sailak eta Osakidetzako Zuzendaritzak egindako propagandaz aparte, errealitatea erabat bestelakoa da.

Zenbaki ofizialek esaten dutenaren arabera Otaola eta Torrekuen artean kokatzen den ospitaleak 82 ohe edukiko ditu, urtean 3.150 kanpo kontsulta gutxi gorabehera, Eguneko Ospitaleko 20 plaza eta anbulatorio errehabilitazioko 14.000 saio.

Baina lehen esan dugun bezala, errealitatea beste bat da. Ospitale berria betetzeko Torrekuako osasun zentro osoa eramango dute, Toribio Etxeberriako kontsulta asko, erradiologia zerbitzua barne eta Ipuruan aurkitzen den Osasun Publikoko Laborategia. Aldi berean, Ermuako eta Toribio Etxeberriako gaueko larrialdietako Etengabeko Arreta Gunea (EAG) kenduko dute eta Eibarko ospitalean irekiko duten EAG zerbitzu berrira pasatuko dira. Zerbitzu hauek guztiak lehendik ere eskaintzen ziren eskualdean, beraz ez dugu ikusten eraikuntza berri bat egitearen beharra.

Ospitale berri bat irekitzea eta hori betetzeko beste ospitale eta zentro batzuk hustea paradoxikoa da. Lehenengo eraikuntza egiten da eta gero beharra sortzen da, hori bai, guztion diruarekin.

Arazoa epe ertain eta luzeko egonaldi zerbitzuaren beharra baldin bazen, gure ustez hori lortzea posible litzateke Arrasateko eta Mendaroko ospitaleetan zerbitzu hori ezarriz. Ospitale hauek beharrezko lekua eta baliabideak badituzte, eta inbertsio txiki batekin, ospitale berri bat egitea (24 miloi euro) eta mantentzea kostatzen den dirua aurreztuko litzateke. Gainera, badakigu momentuz 20 ohe irekiko dituztela, eta aurreikusitako 82 oheetatik 40 irekiko dituztela askoz jota. Benetan, ez al zen posible ohe horiek eskualdeetako ospitaleetan egokitzea funtsa publikoetatik gastu handi hori saihestuz? Horrezaz gain, solairu oso bat itxita egongo dela eta aparkalekua langileentzako bakarrik izango dela ere badakigu.

LABek Darpon jaunari ere erantzun nahi dio, ziria sartu nahi digunean 97 lanpostu berri sortuko dela esanez. Hau ez da egia. Gaur egun Osakidetzako funtzionamendurako beharrezkoak diren eta gaur egungo plantila estrukturalean agertzen ez diren 10.000-12.000 behin-behineko lanpostuetatik 97 egonkortuko dituzte, besterik ez.

LABen iritziz, ospitale publiko berri baterako lehentasuna ez zegoen Eibarren eta bere eskualdean, Tolosaldean baizik. Egia esan, bi ospitale daude 30 kilometroko ingurune batean (Arrasate eta Mendaro) eta Tolosaldea berriz, Osakidetzaren eremu osoan ospitale pribatua daukan eskualde bakarra da, La Asunción hain zuzen ere. Hau guztiagatik Eibarren ospitale berria eraikitzea gestio akats larria iruditzen zaigu eta ematen duen lehentasunak beste batzuk direla eta ez osasun arreta. Berriz ere, herritarren osasun beharrei erantzuten ez dien burugabeko makro-proiektu garesti baten aurrean aurkitzen gara.

Hala ere, eta Eibarko ospitaleko inaugurazioa egingo denez, Osakidetzari exijitzen diogu kategoria guztietako beharrezko plantilla jar dezala, kontratazio egonkorrak eta kalitatezkoak egiteko, euskarazko arreta bere osotasunean bermatzeko eta zerbitzu guztiak ahalik eta lasterren martxan jartzeko, ospitale beraren zenbait inaugurazio saldu gabe. Gestio demokratiko eta eraginkorra ere exijitzen dugu, langileriaren iritziak kontutan hartzen dituena eta beraien lan-eskubideak errespetatzen dituena. Hau da, Osakidetzari exijitzen diogu ospitale berri baten aukera aprobetxatzeko funtzionamendu berri baterantz joateko, ez Urdulizko Ospitaleko desastrea bezala. Azken finean, motibatutako langileria edukitzea herritarrei kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko.
 

 

 

Hezkuntza burujabearen alde mobilizatu gara Gasteizko Legebiltzarraren aurrean

0

LABek elkarretaratze bat egin du gaur Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, “Iruzurrik ez, hezkuntza burujabea iruten” lemarekin, Hezkuntza akordioaren monografikoa egin bitartean.
 

 

 

Lautada eta Arabar Errioxan Correoseko langileen %30eko murrizketa salatu dugu

0
Arabako Correoseko LABen Sail Sindikalak salatu nahi du Lautadan eta Arabar Errioxako banaketa- lanpostuen %30a ezabatu dela. Itzela den lau lanpostuen ezabatze honek zuzenki eragingo dio Correosek betetzen duen zerbitzuari, eta hortaz, hiritarrei, udalei eta Arabako eskualde horietako enpresei.

Banatze-eskualdeak handitu izanak, horietako batzuk 100 kilometrotakoak eta hamarnaka herri zeharkatzen dituztenak, ezinezkoa egingo du eguneko banaketa, eta enpresa publikoak bete ohi duen posta zerbitzu unibertsala paper errea izango da. Egoera horrek zuzenean eragiten die, adibidez, administrazioei, epaitegiei eman behar zaizkien jakinarazpenei, medikuaren hitzorduen, diru-laguntzen, baimenen eta abarren jakinarazpenei. Noiz, eta posta eta batik bat paketeria handitzen ari den unean.

Murrizketa honek lan-zentru hauetako langileei ere eragingo die, lan-zama handiagoa izango delako. Gainera, salatu beharra dugu enpresak ez zuela Arrisku Psikosozialen Ebaluaziorik egin, aldez aurretiko neurri gisa, lan gainkarga berri honek langileen osasunari ekar ziezazkiekeen kalteak ezagutzeko, aldatzeko eta ebaluatzeko. Egoera horrek arriskuan jartzen du langileen osasuna.

Zerbitzu publikoek pertsonen beharrei erantzuten diet; aitzitik, ez liokete errentagarritasun ekonomikoari erantzun behar; honela, Arabako herrietan bizi diren pertsonak baztertzen dira. LABek lanean jarraituko du publikoa eta kalitatekoa den Correos baten alde.