2026-01-25
Blog Page 715

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek Gernikara eraman dituzte euren aldarrikapenak

Gernikan, urriko azken astelehenetan egin ohi duten azokan, pasa dute bigarren greba eguneko goiza Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek. Hain zuzen ere, LAB, ELA eta USO sindikatuok deituta, 13 greba egun aurreikusi dituzte, eta horietatik bigarrena gaur egin dute, hitzarmen duin baten defentsan.
 

 

 

Eskolaldi jarraituari buruzko ebazpenetan Nafarroako Gobernuak berriz jantokiak kontuan hartzen ez baditu, lanuzte eta mobilizazioetara deituko dugu

Eskola jantokietako kolektiboak Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentura jo du zerbitzua eta lanaldi jarraituaren aldeko hautua egin duten eskoletako jantokietan lan egiten duten langileen baldintzak okerrera egin dutela ohartaraziz. Izan ere bazkaltzeko denbora gutxiago dago, lan karga handiagoa, lanaldiak murrizten dira eta, ondorioz, soldatak jaitsi eta prezio berdiarengatik zerbitzuak okerrera egiten du.

Hezkuntza zuzendari nagusiak argitaratu dituen ebazpenetan, lanaldi jarraitua eta malguaren ezarpena arautzeko, jantokiak ez dira hezkuntza-gunetzat hartzen. Horregatik, iragan urteko abenduan, 200 langile baino gehiago elkartu ginen Departamentu horren ate aitzinean. Sindikatu honek denbora luzea baitarama jantoki ereduan aldaketa sakonak aldarrikatzen eta orain arduraz ikusten ari gara nola Gobernuaren proposamena beharrezko aldaketa hauetatik urruntzen ari den, berriz ere nafar eskoletako jantokietako espazioak hezkuntza-esparru ez kontsideratuta.

Joan den ikasturte amaieran, jantokietako langileen 700 sinadura baino gehiago eman genituen, ebazpen berria argitaratu baino lehen, bilera eskatuz, proposamen ezberdinak kontuan hartzeko: erabiltzaileen aurreikuspena kontuan izango duen jantokiaren planifikazioa, ordutegien moldaketa, ratioen balorazioa, jantokirako diru-laguntzen bermea, lanpostu galeren ikerketa eta hartuko dituzten neurrien azalpena.

Behin baino gehiagotan joan gara Hezkuntza Departamentura deialdiaren zain gaudela gogorarazteko; baina oraindik ez digute erantzun. Eta egoera larria da asko izango baitira kaltetuak izango diren lan postuak; sukaldariak, banatzaileak, begiraleak…

Beraz, hurrengo ebazpenean jantokiak kanpo uzten badira, eta gure proposamenak aintzat hartzen ez badira, LAB sindikatuak bere burua behartua ikusiko du lanuzteak eta mobilizazioak. 
 

 

 

Gizarte segurantzaren kotizazio oinarriaren gehienezkoa %10-12 igotzea urrats positiboa baina askieza da, bada garaia hemen erabakitzeko

Denbora asko daramagu esaten, hau sarrerak handitzeko neurria da baina guztiz eznahikoa, oraindik pertsona asko baitago, itzelezko soldatak kobratzen dituena eta kotizatuko ez duena, hortaz Gizarte Segurantzari ekarpenik egingo ez diona hilero jasotzen duen dirutzagatik.

Neurriak kotizazioa 50.000 euroraino igotzea ekar dezake. Baina zer gertatzen da hortik gora kobratzen duten guztiekin? Kotizatuak egon beharko liratekeen diruak poltsikoratzen jarraituko dutela. Gero, aitzakia horiekin, “batzuk” esango dute duintasunez bizi ahal izateko beharrezko pentsioak ordaintzeko dirurik ez dagoela.

Gehien kobratzen dutenek, bankari, politikari edo enpresa handietako administrazio kontseiluetako kideek, irabazten dutena baino askoz gutxiagogatik kotizatzen dutenean, hori nabaritu egiten dute Gizarte Segurantzaren diru-kutxek, benetan jasatzen denagatik jaso beharko lituzketen diru-sarrerarik jasotzen ez dutelako.

Ez dugu ahaztu behar Gizarte Segurantzaren gehienezko oinarriak izoztuta egon direla aurten, abuztura arte, gutxieneko oinarriek gora egin zuten bitartean, %4, urtarriletik. Zergatik ez ziren orduan gehienezkoak igo? Mesede berri bat gehien kobratzen dutenei, dagokiena ordaindu ez dezaten.

Horregatik eskatzen dugu, alde batetik, Babes eta Gizarte Segurantza Sistema Propioa sortzea, honekin berton zehaztuko genuke, Estatuarekiko menpekotasunik gabe, zenbat kotizatu eta ordaindu behar den edo zein izan behar den gutxienezko pentsioa duintasunez bizi ahal izateko. Beste alde batetik, Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Esparru propioa, ahalmen legegilea izango duena, duintasunez bizi ahal izateko arauak zehaztuko dituena, bai Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko edo Estatutik inposatutako erreformetatik urrun dauden lan harremanak ezartzeko.

Hau da, soldata, pentsio eta bizitza duina izan ahal izatea, eta baita hemengo errealitate soziosindikalarekin bat datozen lan harremanak.
 

 

 

Matia Fundazioko langileak kalera irten dira berriro

Matia Fundazioko langileek protestak areagotzea erabaki dute, eta, duela bi aste Donostian egin bezala, elkarretaratze bat egin zuten atzo Hondarribian. Hain zuzen ere, Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketa baliatu dute oraingoan euren aldarrikapenak gizarteratzeko.
 

 

 

[IRITZIA] “Sindikalismoaren memoria hauskorra”

LABek Nafarroako Administrazio publikoan egiten duen lanari buruz idatzi du sindikatuan Nafarroako Administrazioko arduradun den Isabel Artiedak.

Azken egunotan hedabide batzuetan zabaldu dira LABek sinatu duen funts gehigarrien %0,3a banatzeari egin kritikak; sindikatuari leporatu zaio diru ziztrin hori kolektibo jakin batzuetara bideratu izana, beste batzuen kaltean.

LAB sindikatuak langileria osoa ordezkatzen du, mailaren araberako bereizketarik egiten ez duena, langilea aldi baterakoa nahiz finkoa izan.

Gure sindikatuak, soldata murrizketak egiten ari diren azken urte hauetan, bost greba orokor egin ditu langile ororen lan baldintzak babesteko, hamaika bilkura eta manifestazio egin ditugu ere. Presio honi esker, erdietsi genuen 2012. urteko lanaldiaren luzapena deusezta zedila (gainerako erkidegoetan indarrean zegoena); baja zenean, soldaten zigorra ez zedila ezar (beste administrazioetan indarrean dago); aparteko ordainsaria berreskura genezala (2012ko abendua) beste erkidegoetan baino bi urte lehenago; norberaren gauzetarako egunak urritu ez zitezela (beste autonomietan egin antzera),…

Gainera, besteak beste, lortu dugu: buruzagitzen hornidura demokratizatu dugu, merezimendu prozesuen bitartez; ikasle/irakasle ratioa ontzen duen Hezkuntza Ituna sinatu dugu; Oporren eta Baimenen Dekretua aldatu dugu, baimenak luzatuz eta egun naturalak lanegun bilakatuz; pribatizatu zituzten CHNko sukaldeak berreskuratu ditugu; lortu dugu Zainketa Intentsiboen Unitateetako anbulantzia mugikorrak gehitu daitezela eta Osasunbideak berak kudea ditzala,…

LAB lanaren lehen lerroan aritu den bitartean, beste erakunde batzuk ekaitza igaro zain egon dira, ez diote egoki iritzi lankideen alde jarduteari, agian uste zuten UPN/PP/PSNren gobernuen aginduz pairatu behar izan ditugun eraso guztiak eta bakoitza merezi genituela.

Oraingoan, LABek erabaki du funts gehigarrien banaketa sinatuko duela, paratu genituen bi baldintzak biltzen zituelako: alde batetik, ezarpen orokorrekoak izan daitezela eta zuzen ditzala denbora gehien pairatu behar izan dituzten kolektiboen bidegabekeriak eta irainak (besteak beste, 2003. urteko %8ko igoeratik baztertu zituztenak, 2004. urteaz geroztik administrarien sustapenetik baztertuak,…), eta bestetik, gauez, jaiegunetan, txandetan,… lan egiteari dagozkion ordainsariak nabarmenki hobetzea ere. Izaera orokorreko neurri honek maila guztiak parekatzen ditu.

Administrazioari jakinarazi genion aipatu funtsen negoziatzeari ekinen geniola, ez baikenuen haiek, Estatutik, baldintzatu eta mugatu zuten erakundeen esku utzi nahi.

Nafarroako Gobernuari ohartarazi genion ere, hilabete honetan bertan, LAB sindikatuaren plataforma aurkeztuko genuela, 2019-2020. urteetarako. Hartan eskatu genuen, estatutu berri baten bidez: irainak zuzen zitezela eta gainerako taldeak koka daitezela, maila guztientzako lanbide ikasketa (behin-behinekoak barne), behin-behinekoei gradua ordaintzea, erretiro aurreratuarentzat errelebu kontratua sortzea, behin-behinekoak iraitzi direlako kalte ordaina, 4.000 lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa onartzea (egungo behin-behinekotasuna murrizteko helburuan, UPN/PSN/PP gobernatzen ari zirela galdutako eros ahalmena berreskuratzea), %13,4…

Badakigu xede hauek guztiak presionatuz, sindikatu gisa lan eginez eta langileen ezinbesteko sostenguaz lor ditzakegula. Jakin badakigu ere pitinka lortuko ditugula, aurrekontuetako mugak direla-eta. Dena den, lan baldintza egokiak berreskuratzearen aldeko lana gure izateko arrazoia da; onartzen ditugu egiten zaizkigun kritikak, aintzakotzat hartuko ditugu gure lana hobetze aldera.

Dena dela, beti topatuko gara jende bereziarekin; adibidez, esan ohi da bi seme-alaba zituen ama batek aitortu zuela, beti errietan zebiltzala jostailu guztiekin geratzeko, eta amak itsutuen zegoenari esan ziola: “Hara, seme, nahi duzuna emanen dizut, baina jakizu eskatu didazunaren bikoitza emanen diodala arrebari”. Haurra pentsakor geratu zen, eta erantzun zion “jo masailekoa”.

Bestea gaizki baldin badago kontsolatzen diren pertsona mota hori ez da eredugarria. LABek erakutsi du hainbat urtez, Administrazioari dagokionez, proiektu orokorra babesten dugula, non helburua lan baldintzen hobetzea eta irainen eta bidegabekerien deuseztatzea den.

Norberak izan ditzakeen interesen baitan bakarrik mugitzen direnak, “zertan da nirea” lelo dutenak ez dira gure eskemetan sartzen. Gure konpromisoa langile guztiekikoa da, guztion egoerak eta batez ere baztertuen dauden sektoreen baldintzak hobetuko dituzten proposamenak eginez. Langile guztien lan baldintzak eta soldatak hobetu daitezen eta kalitateko zerbitzu publikoen alde iraunen dugu lanean.
 

 

 

Nafarroako haur hezkuntzaren errealitatearen inguruko adierazpena

0
Iruñeko haur eskoletako LABeko kide batzuek adierazpen bat idatzi dute Nafarroan haur hezkuntzak bizi duen errealitatearen inguruan.

“Eskola, heldu askoren eta haur gehiagoren artean partekatzen diren bizi eta harremanetarako tokia bezala ulertzen dugu, zeinak, geroz eta gehiago, gizarte modernoa zaugarritzen duen bakardade, indiferentzia eta biolentziari aurre egiten laguntzen dion. Aldi berean, sostengu sozialerako iturri ere bada, elkarrekikotasuna, konfiantza, kooperazioa eta solidaritatea sustatuz.” Loris Malaguzzi

Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloan gure lana profesionalki garatzen dugunok ondoko adierazpena egin nahi dugu:

Kolektibo pribilegiatua garela uste dugu, egunerokoan gure lanera joaten garenean 0-3 urte bitarteko haurrek duten aberastasuna ikusteko aukera dugulako; pribilegiatuak gara haurren hazkuntza fisiko zein emozionalaren bidelagunak izan gaitezkelako; pribilegiatuak gara, gure bokazioari jarraituz, maila pertsonal zein profesionalean hazi garelako eta hazten jarraitzeko aukera dugulako; pribilegiatuak gara, haurrei espazio hezigarri eta emozional hoberenak eskaintzeko ahaleginean, egiteko modu egokienak ikertzen eta aurkitzen goazelako, eta horrela, hezkuntza komunitatea -familiak, haurrak eta langileak- osatzen dugun guztion gaitasunak garatu eta norberak bere buruaren bertsiorik hoberena eskaintzea ahalbidetzen dugulako.

Kolektibo bezala, egiten ari garen lanarekiko gure benetako pasioa eta ilusioa behin baino gehiagotan adierazi eta aldarrikatu dugu. Formatzen jarraitzeko eskaintzen zaizkigun aukeren
aurrean gogotsu erantzun dugu beti; ikertuz, esperientziak partekatuz eta haurren prozesuen bidelagun izateko lanean baliabide berriak bilatuz.

Jarrera arduratsu eta konprometitu horri esker, guretzat zirraragarriak izan diren esperientzia eta teoria anitz ezagutu ditugu. Egun, haurrei ematen dizkiegun errespetuzko zaintzei benetako garrantzia aitortzen diegu. Adin tarte honetan ematen diren prozesu kognitiboak ezagutzen ditugu, zeinetan garuna zenbait ezagutza jasotzeko eta barneratzeko prest dagoen. Baina batez ere, badakigu, honen oinarria, segurtasuna eta konfiantza eskaintzen duen lotura emozional sendo bat dela.

Sakonean ikertu eta hausnartu dugun beste gai garrantzitsu bat, giroa eta materialari dagokiona da, eta urteetan zehar, inolako beldurrik gabe, hamaika aldaketa txertatu izan ditugu arlo honetan. Haur bakoitzaren garapen unearen arabera espazio eta material egokienak aukeratzen benetako adituak bihurtu gara.

Egun, Neuro-zientzia arloan egin diren ikerketei esker, badakigu edozein ekintza aurrera eramaterakoan benetako gogo bizia neurona loturak egiteko eragile garrantzitsuenetako bat dela eta lotura hauek, etorkizuneko garapenerako oinarri izango direla. Bada, gogo bizi honek berak eta ilusioak eraman gaitu urteetan lan honetan jarraitzera eta pertsona gisa eta profesional gisa haztera.

Baina honekin batera, Neuro-zientziak, estres-egoerek neurona-loturak egiteko daukagun gaitasuna blokeatzen dutela ohartarazten digu. Frogatua dago epe luze zein laburretan etengabeko estres-egoeren menpe egon diren lagunek, ez dituztela emozionalki orekatuak izateko beharrezkoak diren neurona-loturak sortzen.

Baina formakuntza esperientziatan ikasi dugun bezala, hezitzaile bakoitzak zaindu beharreko haur kopurua murriztu den egoeretan (matrikulazio jaitsiera, inklusio moduluak ezarrita hezitzaile gehiago izatea, e.a.) hezitzaileon jarrera eta haurrekiko begirada aldaketak eta haien erritmora egokituta bidelagun izateak onura ekartzen ditu. Argi ikusten dugu kasu hauetan, haur bakoitzari behar duen denbora eskaintzen zaionean, gutxitu egiten direla “egokiak ez diren” portaerak, agresibitatea, haur “ikustezinak”… Haurren beharrak maitasunez eta lasaitasunez asetzeko aukera dugunean giroa errotik aldatzen dela ikusten dugu eta haurrek barruan dituzten gaitasun eta hizkuntzak loratzen direla.

Ondorioak:

Aurreko guztia ikusita, zintzoak izan behar dugu geure buruarekin, eta argi eta garbi esan behar dugu GURE GOGO BIZI ETA ILUSIOAREKIN BAKARRIK ez dela nahikoa…

Ilusioa eta grina ez zaizkigu falta, baina Nafarroako Gobernuak inposatzen dituen ratioak lotsagarriak direla ere salatu nahi dugu. Baldintza hauekin EZIN DUGU gure lana behar bezala egin.

Haurrei, haurtzaroari eta gure lanari zor diogun errespetuagatik, ez dugu gure eskoletan bizi dugun egoeraren konplize izan nahi.

Badakigu zein den bidea: talde txikiekin lan egin, haur zein helduentzat atseginak diren eskolak eraiki, familiekin egunerokoan harreman estuak eraiki, modu kontziente batean entzun eta arretarako denbora eskaini…

Gure lana maite dugu… baina bizi ditugun baldintzetan inkoherentzia dago: denborak bizkortzen dira, erritmo indibidualak ezin dira errespetatu, ezin diegu haurrek dituzten 100 hizkuntzei behar bezainbesteko denbora eskaini…

Horregatik egin dezagun bultza denon artean egoera hau aldatzeko. Koherentzia bila dezagun, pentsatu, sentitu eta egin dezagun!

 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek greba egin dute hitzarmen duin bat aldarrikatzeko

Gipuzkoako helduen egoitza guztiak grebara deitu ditugu gaurko, negoziazioaren blokeoaren aurrean hitzarmen duina lortzeko bidean. Mobilizazioen artean, auto karabana bat eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratze bat egin ditugu. Bertan, patronalaren jarrerarekin nazkatuta gaudela salatzeaz gain, sektorearen arduradun nagusi Gipuzkoako Foru Aldundia ere kritikatu dugu, gure behar eta aldarrikapenei muzin egitegatik.


 

 

 

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek lehen greba eguna egin dute

Hitzarmen duin baten alde hainbat hilabetetan mobilizazioak egin ostean, eta patronalek ez aurrera, ez atzera egiten ez dutenez, Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzaren Zerbitzuko langileek ez dute beste irtenbiderik, mobilizazioak areagotzea baino. Hala, LAB, ELA eta USO sindikatuok 13 greba egun deitu ditugu, eta horietako lehena gaur egin dugu. Mobilizazioen artean, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean elkarretaratze bat egin dugu gaur, Bilbon, mahai negoziatzailea egiten zuten bitartean. Bigarren greba eguna astelehenean izango da, eta, kasu honetan, Gernikan egingo dugu protesta, 10:30ean, San Juan Ibarra plazan, urriko azken astelehenean egin ohi duten azoka dela eta.
 

 

 

[IRITZIA] “Langileok erraustegia gelditu! Badago alternatiba!”

0

Larunbatean, urriak 27, Donostian egingo den manifestazioaren atarian (Mendeurren plaza, 17:00), LAB, ELA, CCOO, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuok iritzi artikulu bat idatzi dugu erraustegia gelditzeko eta zabor bilketa sistema iraunkor baten alde egiteko beharra aldarrikatzeko.

Langileok ere urriak 27an urrats bat emango dugu gure ekoizpen, kontsumo eta hondakin kudeaketa sistema erabakitzera bidean. Erraustegia gelditzeko eta zabor bilketa sistema iraunkor baten alde erabaki irmoa hartu dugu Euskal Herriko langileon gehiengoak, geure osasuna, ingurumena, lana, eskubideak eta etorkizuna jokoan dauden honetan.

Ekoizpen eta hondakin zikloa istea lortzen duela diotenen urjentziazko erabaki ez-demokratikoa izan da Zubietako lurra zulatu duena eta etorkizunean arnastu beharko duguna. Ez zaizkigu proiektua bertan behera uzteko arrazoiak falta: osasuna, ingurumena eta herritarron interesak jarri ditugu erdigunean. Politikagintza neoliberalak sinatutako kontratu ustelak azalarazi dira, nahiz eta hauek eteteko bide demokratiko, juridiko eta politikoak oztopoz josiak topatu. Interes pribatuak zigorgabe diren mende honetan, erraustegiaren -oro har, makro proiektu txikitzaileen- kalte eta ondorioak sozializatzen diren aroan gaude. Erraustegia eraikitzen ari badira ere, Gipuzkoako diputazioko kargu publiko ohiek berriki jasandako erasoaren aurrean epaitegiek arrazoia eman dien honetan, gaur langile eta herri borroka ez da bukatu, posible baita erraustegia gelditzea.

Botere hegemonikoen garapen lerroarekin hemen sinatzen dugun langileok ez dugu bat egiten. Zaborren kudeaketari dagokionean etorkizunera begiratu eta alternatiba errealak, osasuntsuak, ingurumenarekiko errespetuzkoak eta iraunkorrak, parte hartzaileak eta sozialki justuak badaudelako. Alternatiba horiek zaborren balorizazio energetikoaren ekarpenaren justifikazioa eraisten dute. Europak markatzen duen energia trantsizioa eta ekoizpen ereduak ekonomia linealarekin amaitzea bilatzen du zirkularraren alde, horretarako kudeaketa hierarkia ezarriz. Hierarkiaren behealdean eta lehenetsiko ez direnen artean, zaborren kudeaketa eredu lineal zaharkituari dagozkionak daude: azken aukeratzat zabortegiak eta azken aurrekotzat errausketa. Noiztik sortu-erabili-bota-(ondoren erre ala ez) ereduak erantzuten dio ekonomia zirkularrari?

Errausketatik lortzen den energiari erreparatzen badiogu, botere hegemonikoak errausketa eredua sostengatzeko duen arrazoirik pisuzkoenari alegia, hainbat gauza komeni da kontuan izatea. Bata, erraustutako tona bakoitzeko %20k amaitzen duela izaten metal astundun errauts bereziki kutsagarri. Bestea, errausketa sistemak berotegi-efektua eragiten duten gasen ekarpena %78eraino areagotzen duela, eta ondorioz, ulertezina dela energia berriztagarrien iturritzat lehenestea errausketatik ateratako energia. Eta azkenik, Zabalgarbiren adibiderik hurbil eta gordinenera joaz, urteko aitortzen zaion balorizazio gaitasuna ez duelako inondik inora ere betetzen.

Honekin guztiarekin azpimarratu nahi dugu botere hegemonikoen hondakinen politikak ez dituela indarrak jartzen ekonomia zirkularrak lehenetsitako ingurumena zainduko duen prebentzio eta kudeaketa ereduetan, hau da, zero zabor sortzea helburu duen benetako ekonomia zirkularrean. Ezta herritarron interesei erantzuten dion politika ekonomiko baten alde ere, erraustegiaren baitan politika pribatizatzaileak nagusitzen baitira. 1000 milioietaraino iristea aurreikusi den kostu totala du proiektuak (dirurik ez dagoenean lan eta bizi duin bat bermatzeko), 32 urtez zorpetuz herritarrak, ustiaketaz haratago hileroko irabaziak bermatu behar baitizkiete gipuzkoarron poltsikoek enpresa pribatuei. Gainera, enpleguaren sorrerari dagokionez, erraustegi sistemaren aldean, hobe da materia organikoaren gaikako bilketaren (atez atekoa) edo ontzientzako gordailu sistemen aldeko apustua egitea, lanpostu gehiago sortzen baitute.

Ekonomia zirkularra baliabideen ustiaketa, ekoiztutako produktu eta sortutako zaborraren zikloaz haratago doan eskema da. Gaurkotasunaz, etorkizunaz, bizitzaz, osasunaz, ingurumenaz eta eskubideez osatutako ikuspegi eta jardunbide praktiko bat da, gizarte arduratsu eta iraunkor baten eraikuntzan ezinbestekoa. Sortzen dugun ororen gaineko ardura eta konpromisoaren balioak (murriztu, berrerabili eta birziklatu) onetsiko dituen gizartearen aldeko borroka da ekonomia zirkularraren alde egitea. Bizitzaren esparru guztiak bustitzen dituzten balioak daude jokoan.

Zubietako erraustegia gelditzea posible dela berresten diguten argumentuak ez zaizkigu falta, ezta arrazoi ezberdinak direla medio, errausketaren politikari mugak jartzea lortu dutenen adibide errealak ere: Bartzelonan eraikitzekotan ziren erraustegia, Valdemingomezen itxiera, Madrileko Loecheseko planta, Huescako proiektuaren geldiaraztea, Asturiaseko ezezkoa errausketari, Castellongo Alcorako plantaren itxiera, Italia osoan hartutako erabakia, Mexikoko udal gobernu berriaren ezezkoa, Txinan herritarren protestek geldiarazitako hiru errautsegiak, Irlandako plantaren itxiera, Islandia, Ingalaterra, Kroazia, Eslovenia, Argentina, Frantzia, Sydney, Kalifornia, Florida eta oraindik etorriko diren garaipen guztiak.

Hemen bat egiten dugun langile guztiok berresten gara errausketaren aurka hartutako hautuan. Benetan sinisten dugun bizitza eta garapen ereduaren alde egiten jarraituko dugu, etorkizun iraunkorra eraikitzen joateko. Sindikatuek bizitza, osasuna eta ingurumena erdigunean jarriz eredugarri izaten, egunerokotasuneko praktikatik eta txikitasunetik eraginez; geure esparruetan lantokian, kalean eta etxean interpelatuz eta alternatibak egikarituz eragiten, hori delako langileon eginkizuna. Horregatik guztiagatik bat egiten dugu gizarte sektoreen aniztasunetik deitutako erraustegiaren aurkako manifestazioarekin eta deia zabaltzen dugu langileok ere batu gaitezen guztion eginkizuna den erraustegia gelditzearen olatura, ez baitezagun ahantz oraindik garaiz gaudela eta posible dela, GELDI DEZAGUN ERRAUSTEGIA.