2026-04-26
Blog Page 700

Ordezkaritza lortu dugu Pirinio Atlantikoko Departamentuko Laborantza Ganberan

0
Pirinio Atlantikoko Laborantza Ganberako hauteskunde sindikalak urtarrilaren 31n izan ziren, eta Prefeturak atzo eman zuen emaitzen berri. LABek 3A eta 3B kolegioetan aurkeztu ditu zerrendak, emaitza bikainak lortuta.

3A kolegioan, nekazaritza ekoizpenaren kolegioan, sindikatua departamentuko bigarren indarra bilakatu da, 100 boto eskuratu eta gero (%27,62, delegatu 1). Lehen indarra izateko zorian egon da LAB, bi botorengatik ez baitu irabaztea lortu, lehenak, CFTC-k, 101 babes jaso baititu (%27,90, delegatu 2). 3B kolegioan, berriz, bigarren indarrarekin berdindu dugu, 243 botorekin. Berdinketa hausteko, zerrendaburu helduenarentzat izan da ordezkaritza, eta arrazoi hori dela-eta ihes egin digu delegatua izateko aukerak. Hala ere, emaitza bikaina izan da, boto kopurua nabarmena izan baita.

LAB Euskal Herri osoan hedaturik dagoen sindikatua izanik, tokiko errealitateari eta beharrei egokitu ohi da, langileen kezketatik ahalik eta hurbilen egoteko. Hala, Ipar Euskal Herriko laborantzarako ere Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako langileen aldarrikapen hauek defendatzen ditugu: lan baldintzen hobetzea; ordu guztiak deklaratuak eta ordainduak izatea; gutxieneko 1.500 euroko hilabete sari garbia denentzat; kontratu prekario eta lanaldi partzial inposatuen debekatzea; eta lan orduen barruan kalitatezko formakuntza profesionala egiteko eskubidea.

Laborantza Ganberan lortutako emaitza oparoei gehitu behar zaizkie azken hilabeteetan Funtzio Publikoan lortutakoak. Hain zuzen ere, ordezkariak eskuratu ditugu Hendaia, Kanbo eta Urruñako udaletan, baita Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoan eta Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitalgunean ere.

LABen presentzia Ipar Euskal Herrian gero eta nabarmenagoa izateaz gain, ordezkaritza izan ohi dugun lantokietan ere indartsu jarraitzen dugu; Hendaiako Sokoa enpresan, kasu, non LABek bosgarrenez irabazi dituen hauteskunde sindikalak.
 

 

 

Mobilizaziorako deia egin du Eskubide Sozialen Kartak, babes sistema duin baten aldeko eztabaida ukatua izan eta gero

Gasteizko Legebiltzarrak ezezkoa eman dio Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 51.000 sinaduren babesarekin aurkeztutako Herri Ekimen Legegileari, EAJ, PSE-EE eta PPren kontrako botoekin. EH Bilduk eta Podemosek baiezkoa bozkatu dute.

Gasteizko Legebiltzarrean izandako bozketaren ondoren, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileetako ordezkariok agerraldia egin dugu. Hala, datorren asteazkenean, otsailak 13, giza batera deitu dugu Bilbon. PP, PSE-EE eta EAJren egoitzak lotuko ditu prortestak, Bilboko Gran Viatik, PPren egoitzatik, abiatuta, 10:15ean.

LABeko ordezkari Bea Martxuetaren hitzetan,  "51.000 sinaduren ahotsa ekarri dugu Gasteizko Legebiltzarrera. 51.000 bai, bestelako babes sistemaren alde; 51.000 sinadura, pobrezia eta bazterketa sozialaren kontra. Berriro ere eztabaida era faltsuan itxi dute. Berriro ere, beste ekimen batzuekin gertatu bezala, Gasteizko Legebiltzarrak Herri Ekimen Legegile bati, eztabaida publiko eta demokratikoari, ezetza eman dio”.

Martxuetak jakinarazitakoaren arabera, “hemendik aurrera, EAJ eta PSE-EEren lege proposamen murritzaileak oztoporik gabeko bidea izango du. Gure Herri Ekimen Legegilea indargabetzeko sortua izan den lege proposamena EAJk eta PSE-EEk babes soziala deseraikitzeko duten helburuaren bidean kokatzen da”.

LABeko ordezkariak asteazkeneko mobilizaziorako deia egin du: “Legebiltzarrak Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta etxebizitzaren inguruan eman beharreko eztabaida publikoa saihestearen kontra agertzen gara, eta, horregatik, hurrengo otsailaren 13an, Bilbon, giza kate bat egingo dugu ezezko jarrera izan duten hiru talde parlamentarioen, EAJ, PSE-EE eta PPren, egoitzak batuz”.

 

 

 

Egogain helduen egoitzako langileak kalera irten dira berriro

Eibarren mobilizatu dira, eta abian duten sinadura bilketarekin jarraitu dute lan baldintza eta arreta hobeago baten defentsan.

Egogain, Eibarren kokatzen den egoitza da, bertan pertsona nagusi, mendekotasun handia, adimen urritasuna eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonak artatzen dituzte. Gehienek bertan egiten dituzte beraien bizitzako azken urteak, behar duten bizi duina eta merezi duten kalitatezko arreta izan dezaten lanean dihardute bertan langileek.

Azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak atzerapauso ugari eman ditu hainbat arlotan dituzten baldintzengatik hainbeste borrokatu duten pertsonen kaltean; zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin, alegia.

Murrizketa guzti hauek langileengan eragiteaz gain, egoiliarrek merezi duten kalitatezko arretan ere eragina zuzena dute.

Honen aurrean, langileak mobilizatzen ari dira azken asteetan, eta martxan jarri dute sinadu Aldundiko langile, zentroaren erabiltzaile eta Eibarko herritarren artean.

 

 

 

Azken lan heriotza salatu dute Zizurkilen

Astelehenean, langile baten heriotza eragin zuen lan istripu baten berri izan genuen Hain zuzen ere, Zizurkilen dagoen Ula Construcciones Metálicas enpresan pieza batek Begiralia enpresako langile bat kolpatu zuen, eta bertan hil zen. Langile Batzordeak deituta, elkarretaratze bat egin dute gaur Ula enpresan, zendutako langilea gogoan izateko eta lan istripuak salatzeko. Gutxienez, 5 langile hil dira aurten Hego Euskal Herrian.
 

 

 

Arabako helduen egoitzetako arreta eta lan baldintza eskasak salatu ditugu Gasteizen

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok salatu bezala, Araban, egoitza ugari egon arren, ez dago hitzarmenik sektoreko langileen baldintzak arautzen dituenik. GOFEko zuzendari Jose Luis Alonso Quilchanok, sindikatuokin izandako azken bileran, esan digu oraingo egoera hau Egoitzen Dekretua argitaratu bezain laster aldatuko dela, baina bi urte baino gehiago daramate dekretu hori prestatzen.

Arabako Biltzar Nagusietan berriro piztu da eztabaida, zainketen, egoitza-sektorearen eta haietako lan-baldintzen inguruan. Ez da behar bezala preziatzen, politikarien eta gizartearen aldetik, gure nagusiak zaintzeko lana, ezta zaintzaileak ondo tratatuak izateko beharra ere. Haien lana ez da behar beste estimatzen. Herri-erakundeen aldetik teorian duten arreta-ereduaren ardatza pertsona da, erabiltzailea, egoiliarra. Hala ere, gaurko egunean eredu horren helburua ez da inondik inora betetzen, ez baita arreta egokirik ematen jende nagusiaren egoitzetan.

Adinekoen egoitzak zenbait motatakoak izan daitezke: egoitza publikoak, aldundiarekin itunpeko eta kudeaketa pribatuko egoitzak, egoitza pribatuak zenbait itunpeko oherekin, eta egoitza erabat pribatuak. Mota horietako bakoitzean ematen den arreta desberdina da, eta erabiltzaileek ordaindu beharreko kostua ere bai.

Erabiltzaileek eta langileek egoitza horietako batean eta bestean jasotzen dituzten arretak eta trataerak erabat desberdinak dira, eta hori salatzen dugu sindikatu sinatzaileok. Erabiltzaileen eskubideak behin eta berriz urratzen dira, eta langileen baldintzak gero eta prekarioagoak dira.

Ildo horretatik sindikatuon ustetan administrazioak behar besteko egoitza-plaza publikoak eskaini beharko lituzke, herritarrek eskatzen dituzten adinakoak; erabiltzaile guztientzako arreta-baldintza duinak eta sektore horretako langileentzako lan-baldintza parekoak bermatuz.

Helburu hori lortzen ez dugun artean, sindikatuok Arabako Foru Aldundia eta GOFE premiatu ditugu arazo horretan esku hartzera. Egoitzen Dekretuaren prestatze-prozesua gero eta aurreratuago dagoela esan digute. Alonso Quilchanok hitzeman digu, behin dekretua argitaratu ondoren, bilerak egingo dituela egoitzetako enpresa kudeatzaileekin, sindikatuekin batera laneko mahai bat sortzeko beharra adierazteko. Beraz, egoitzetako probintzia-hitzarmen kolektibo bat sustatuko da, sektoreko langileen baldintzak eta erabiltzaileen arreta-kalitatea arautzeko. Horren haritik, sindikatuok azpimarratu dugu hori dela modu bakarra Aldundiak bere konpromisoa bete dezan, alegia, pertsona helburu duen arreta bat eman dezan.

 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Greba feminista egungo sistema zalantzan jartzeko eguna izatea nahi dugu”

0

Hainbat sindikatuk martxoaren 8ko greba erregistroa egin dugu gaur Bilbon zein Iruñean. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta gogoratu du emakumeek egiturazko diskriminazioa pairatzen dutela egungo sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistan.

Iruñeko erregistroan parte hartu duten emakumeak; tartean, LABeko kide Aitziber San Martin eta Amaia Urzelai.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “greba feminista egungo sistema zalantzan jartzeko eguna izatea nahi dugu. Izan ere, egungo sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistaren barruan, emakumeok egiturazko diskriminazioa pairatzen jarraitzen dugu”.

Sindikatutik borroka feministari eta Euskal Herriko mugimendu feministari bultzada eman nahi diegula nabarmendu du: “Mugimendu feminista indartzen ari da eta sistema bide desberdinak erabiltzen ari da aurrerabide hori gelditzeko. Modu zuzenean egiten du, ultraeskuindarrei eta faxismoari hauspoa emanez, baina zeharka ere ari da egiten, gure diskurtsoa eta aldarrikapenak bere egiten, baina pairatzen dugun diskriminazio errealitateari inolako konponbiderik eman gabe. Hauxe ari da gertatzen politika publikoekin edo enpresen berdintasun planekin; aurpegia zuritzeko besterik ez dituzte erabiltzen”.

Greba feminista oso garrantzitsua izango da sindikatuaren ildo feminista indartzeko. Hain zuzen ere, LABeko idazkari nagusiak azaldu du grebak zaintza lanak ikusgarri egiteko eta hauek balioan jartzeko balioko duela, baita sexuaren araberako lanaren banaketak ekartzen dituen diskriminazioa eta esplotazioa agerian uzteko ere. “Iazko plantoak indartu egin ditu sektore feminizatuetako borrokak”, adierazi du.

Martxoaren 8ak ere klase subjektua berregituratzeko balioko du: “Langileen kolektiboen barruan errealitate desberdinak daude eta emakumeon errealitatea ere oso anitza da, baina gure borrokak kolektibizatu behar ditugu”.

Greba Euskal Herritik Euskal Herrirako izango dela azpimarratu du Garbiñe Aranburuk: “Demokratizazioaren bidean, sistema hau eraldatzeko pausoak eman behar dira. Gure gorputzen gainean erabaki nahi dugu, eta dena nahi dugu erabaki. Emakume askeak izan nahi dugu, herrialde libre eta feminista batean”. Hain justu, aldarrikapen hori bera egin genuen urtarrilean, LABeko emakumeon batzarrean.

 

 

 

Kaleratutako langilea berronartzeko exijitu dute Bizitegi erakundearen egoitzaren aurrean

Bizitegi irabazi asmorik gabeko erakundearen zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin zuen hitzarmenaren amaieran oinarrituz, eta gerentziak duela egun gutxi esandakoari uko eginez, lankide bat kaleratzearen erabakia hartu du. Hala, enpresa batzordeak elkarretaratze bat egin du gaur enpresak Bilboko Otxarkoaga auzoan duen egoitzaren aurrean, langilearen berronartzea exijitzeko.
 

 

 

Nicolas Maduroren zilegitasun demokratikoa aldarrikatzen dugu

0
LAB sindikatutik Uruguay eta Mexikok abian jarritako elkarrizketa bidea babesten dugu.

Venezuelan pasa den urtarrilaren 23tik aurrera eman diren gertakizunen aurrean honakoa adierazi nahi dio Euskal Herriari.

Pasa den urtarrilaren 23tik aurrera Venezuelan herriak legitimoki eta demokratikoki bozkaturiko Nicolas Maduro eta chavismoa boteretik kentzeko estatu kolpe bat martxan dago. Estatu kolpe hau Estatu Batuak eta Europar Batasunak zuzenduriko estrategia inperialistaren baitan kokatzen dugu, eta Batzar Nazional Konstituziogilearen eta handik eratorritako hauteskunde prozesuaren zilegitasun demokratikoa onartzen ditugunez Venezuelako herriaren borondatearen gainetik herria desegonkortzeko estrategia hau arbuiatzen dugu. Gauzak horrela LAB sindikatutik honakoa adierazi nahi diogu euskal gizarteari;

1) LAB sindikatuak Batzar Nazional Konstituziogilearen eta hark deituriko hauteskunde demokratikoen bitartez hautatua izan zen Nicolas Maduroren zilegitasun demokratikoa aldarrikatzen dugu. Gauzak horrela bere burua Venezuelako lehendakari izendatu duen Juan Guaidó Euskal Herriko nahiz nazioarteko alderdi politiko, gobernu eta parlamentuk errekonozitu izana gaitzesten dugu Venezuelako herriaren bizitza politikoan injerentzia garbi bat delako, eta injerentzia horrek Venezuelako herria desegonkortzea duelako helburu. Chavismoaren kontrako manifestazioan EAJk, Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek espazio berdina konpartitu izana esanguratsua da oso.

2) Estrategia guzti honen atzean, urte luzez inperialismoak prestaturiko estrategia garbi bat ikusten dugu. Estatu Batuek eta haren politiken jarraitzaile sutsu den Europar Batasunak momentu egokia itxaron dute Juan Guaidoren aitortzaren bitartez chavismoaren kontrako estatu kolpe bat emateko eta kapitalaren zerbitzura egongo den gobernu bat ezartzen saiatzeko.

3) LAB Sindikatutik chavismoak 20 urte hauetan Venezuelako herrian emandako eraldaketa aldarrikatu nahi dugu. Chavismoaren eskutik urte hauetan Venezuelako herri sektoreek bizituriko ahalduntzea goraipatu beharrekoa da, arazoak arazo, inperioaren atzeko patioa izatetik herri burujabe bat izatera pasa delarik.

4) LAB sindikatutik Uruguay eta Mexikok abian jarritako elkarrizketa bidea babesten dugu. Aurretik esandako guztia berretsiz, Venezuelak bizi duen egoera gainditzeko elkarrizketa eta negoziazioa beharrezkoak direla uste dugu, beti ere Venezuelaren burujabetza eta herriak harturiko erabakien gainean ematen bada. Gauzak horrela ostegun honetan, otsailaren 7an, Montevideon egingo den konferentziari zorterik hoberena desio diogu, Venezuelan herriaren borondatearen defentsan eta Venezuelako herriaren burujabetzan oinarrituko den fase bat ireki dadin.
 

 

 

Debagoienako Ospitalean ez dugula inongo jarrera errepresiborik onartuko ohartarazi dugu

0

Gaur LABek, ESKrekin batera, kontzentrazio batera deitu du Osakidetzari berriro esateko ez dugula EPEn izandako filtrazioen aferan sasi konponketarik onartuko, ezta osasun publikoko lanpostuen banaketan ematen diren jarduerak salatu dituztenen kontrako inongo jarrera errepresiborik ere.

Arrasate eskandalu honen erdigunea izateko arrazoi asko daude, ez soilik salaketa egin duten anestesistak hemen lan egiten dutelako.

Gure lankideak Kardiologiako Epaimahaiko buruak gidatzen duen Gerentziaren aldetik presioak jasotzen ari dira. Eskainitako hogeita bi lanpostuekin eta hogeita bi azterketa biribilekin, Kardiologia da, Epaimahai honen buru den Arrasateko Gerenteak prestatu dituen azterketekin, kategoria deigarriena.

Epaimahaiko Buru eta aldi berean Gerentea den pertsona honi, azterketa eguna baino 25 egun lehenago epaimahai kide batek e-mailez azterketa hori filtratu egingo zela jakinarazi zion, eta dimisioa eman duten GGBB Zuzendariak eta Hautaketa eta Horniketa ardunarekin batera ez ikusiarena egitea erabaki zuen. Ez hori bakarrik, azterketaren emaitza deigarriak ezagutu ondoren jarrera berdina mantendu zuten. Egun gutxira LABek azterketa kopuru baten ikerketa estatistiko batzuk argitaratu zituen, Kardiologiakoak barne. Harrigarria iruditzen zaigu horrelako pertsona batek Arrasate bezalako ospitale baten gerentzia mantentzea.

Gerentzi honek EPE honetan aurkeztu diren pertsona guztiekiko izugarrizko errespetu falta erakutsi du, baita euskal gizarte osoarekiko ere. Praktika hauek ohikoak irudituko zaizkio, bere jarrera ikusirik, salaketa egin zutenen gainean mendekua bilatuz, eta horrez gain inguruko gizarte osoari errespetua faltatzen ari zaio ospitale honen behar-beharrezko diren Mikrobiologia eta Patologi Anatomiako zerbitzuak modu ilunean suntsituz. Azken gai honi buruz LAB-ek 2018ko abuztuaz geroztik sarritan galdetu du, eta gaur egun erantzunik gabe jarraitzen dugu.

Argi utzi nahi dugu: Luisa Maria Diez Azurmendi bezalako pertsonak, kategori baten epaimahaiko arduraduna izan eta gerta litezkeen filtrazioen aurrean ez ikusiarena egin duenak, salatzaileei jazarpen eta lan-zigorrak ezartzen saiatzen dena eta inoren aurrean kontuak eman gabe mikrobiologia eta anatomia patologikoko zerbitzuak desegin dituenak, Osakidetzako ardura postuak utzi behar dituztenen adibideak dira.

Osakidetzak Luisa Maria Diez Azurmendi bezalako pertsonei ardura postuetan mantenduz, babesa ematen dien bitartean, EPE eredu berriak eta Arartekoaren gomendioak alferrikakoak izango dira.