2026-02-11
Blog Page 700

Euskal jendarte osoari dei egiten diogu mobilizatu eta Euskal Herriko kaleak betetzera, pentsionistekin eta euren aldarrikapenekin bat

Bihar, abenduaren 15ean, pentsionistak Euskal Herriko kaleetara aterako dira berriro, pentsio duinak eta bizitza-proiektu duina bermatuko dien gizarte segurantzako sistema propioa eskatzera.

Azken hilabeteotako mobilizazioen ondoren deialdi berri baten aurrean gaude, gure ustez bete betean zehzaten dituena arazoak zein instituzio publikoetatik eman daitezkeen eta eman behar diren konponbideak.

Orain badago azken urteotan ezarri dituzten murrizketak aldatzekoaukera, aurrekontuek horretarako bidea zabal dezakete eta klase politikoak kaleko eskariak entzun behar ditu, gehien behar duten pertsonenak. Zoritxarrez, 190.000 pentsiodunen Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino gutxiago kobratzen dute, milaka asko ezin dira hilabete amaierara iritsi edo neguan berogailua piztu eta gainera, badaude alderdi politikoak nahiago dutenak hauek pobrezian uztea egoera honetatik ateratzen laguntzeko dirua badagoenean.

Zoritxarrez, emakume pentsionistak dira egoera larrienak dituztenak. Eurek dituzte pentsiorik okerrenak, %76ak pobreziaren atalasetik behera kobratzen duten eta hau berehala konpondu behar da. Ezin da beste alde batera begiratzen jarraitu eta pobre izatera kondenatzea, ez da bidezkoa eta onartezina. Berdintasun politiken alde egiteko ordua da eta pentsioekin berehala egin daiteke.

Erreformaz erreforma egiten ari den eskubide ekonomiko eta sozialen urraketak alarma egoerara eraman ditu hainbat pertsona, eta hauen artean, hamaika pentsionista. Egungo pentsiodunekin ari da hau gertatzen baina berdin plantea liteke etorkizuneko pentsionistekin ere, enplegu prekarioak, miseriazko soldatak eta duinak ez diren bizi baldintzak dituzten langileekin.

Pentsioak jokoan daude euskal enpresetan lan-erreforma ezarri delako, emakumeen kontrako diskriminazioa dagoelako segregatutako lan merkatuan eta babes sozialerako sistema pobretu egin dutelako. Honi buelta emateko ordua da eta 2019rako aurrekontuak dira horretarako momentua. Ez iezaiozue uko egin zuen erantzukizunari edo okerrago dena, ez itzazue beharrizanik gorriena dutenak gehiago zigortu eta jaramon egiezue euren eskariei.

Pentsio duinak eskatzen dugu, KPIaren bermea guztientzat, 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa Europako Karta Sozialak zehaztutakoaren arabera, aukera berdintasuna gizon eta emakumeentzat, soldata-arrakala eta pentsioenarekin amaitzeko helburu argia eta Babes eta Gizarte Segurantzarako Sistema Publiko eta Propioa, orain eta etorkizunean pentsio duinak bermatuko dituena, eta baita ere 1.200 eurotako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata euskal langileentzat.

Horregatik, LABetik dei egiten diogu euskal jendarte osoari bat egin dezan pentsionisten mobilizazioarekin. Zuzenean eragiten dietenak, enplegua duten eta ez duten langileak, prekarioak, gazteak, emakumeak… atera daitezela kalera pentsionistak eta eurek aldarrikapenekin batera.

Baditugu alternatibak kapitalak inposatu nahi dizkigun bizitza prekarioen aurrean.

Kalera ateratzeko ordua da! Hemen eta orain, posiblea da 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa lortzea, Sistema Publiko eta Propioa eta 1.200 eurotako gutxieneko soldata.

Hemen lan egin eta hemen kotizatzen badugu, hemen erabaki behar dugu.
 

 

 

Ez dugu sinatu Arabako Etxez Etxeko Laguntzako hitzarmena, ez duelako sektore feminizatu honetako egoera hobetzen

Argi daukagu ezinbestean negoziatu beharko liratekeen artikulu asko ez direla aldatu; eta horiek jaso gabe ELAk, CCOOk eta UGTk hitzarmena sinatu dutela.

Gaur ELA, CCOO eta UGT sindikatuek Arabako Etxez Etxeko Laguntzako Hitzarmena sinatu dute. LABek ez du hitzarmen hori sinatu.

Sektore honetako hitzarmena 2012. urtetik dago ultra-aktibitatean. Negoziaketa zazpi urtetan zehar irekita egon da, 7 urte luze hauetan soldatak zein beste osagarri guztiak bere horretan mantendu dira. Hamahiru mobilizazio egin ostean eta greba mugagabe baten atarian egon eta gero, Arabako sektore honetako hitzarmenak gainontzeko herrialdeetako hitzarmenetatik oso urruti egoten jarraitzen du.

Urriaren 15an, ELAk, CCOOk eta UGTk Patronalarekin batera, aurreakordioa sinatu zuten. Bertan onartutzat eman zen enpresek egindako azken proposamena, hau da: %4,1eko soldata igoera 2019ko apiriletik aurrera eta %3koa 2020. urterako. Honez gain, 2019ko urtarriletik aurrera, desplazamendua aldia 2 minututan handituko da, eta disponibilitatea ordubetez murriztuko da.

LABek ez zuen plataforma amankomunetik nabarmenki aldentzen den minimoetako aurre-akordioa sinatu. Eta ez du hitzarmena sinatu, ez duelako 2012ko hitzarmenaren artikulu askoren aldaketarik suposatu.

Kontuan hartu behar da Administrazioak azpikontratatzen duen zerbitzu hau oso feminizatua dagoela, azken urteotan 500 lanpostu baino gehiago galdu dituela, langileen batez besteko adina 50 urtekoa edo altuagoa dela eta langileen %50ak baino gehiagok lan egindako orduen arabera kobratzen dutela eta askotan, asteko lanaldia 15 eta 20 ordukoa edo gutxiagokoa dela.

LABek argi dauka hitzarmen honek ez duela sektore prekarizatu honen egoera hobetzen. Esate baterako 2012tik ez dira aldi baterako ezintasunak aldatu, ezta urteko jardunaldiko orduak murriztu, Enpresetan lanaldi osoko kontratuen ehunekoa ez da handitu, baimenetan ez da hobekuntzarik egon (legeak markatutakoak soilik), lan osasuneko neurrietan ez da aldaketarik egon eta abar luze bat.
 

 

 

Toki Administrazioa Berrantolatzeko Foru Legeak ez ditu Nafarroako langileen beharrak asebetetzen

Azken bi urteotan Nafarroako Gobernuak Tokiko Mapa deitu duten Toki Administrazioa Berrantolatzeko Foru Legea jorratzen prozesu bat garatu du. Lege honek eragina izanen du toki administrazio guztietan.

LAB sindikatuari gehien arduratzen diona da langileen lan baldintzetan izanen duen eragina, batik bat prozesu honetan zehar LABek egindako ekarpenak, oro har, ez direlako onartu. Horregatik uste dugu legeak ez diela langileen espektatibei erantzuten eta ezin gara ados egon.

Gurekin bat etorriz, ELA, CCOO eta UGT sindikatuekin kontzentratu gara Legebiltzar aurrean, funtsezko hiru aldarrikapenen inguruan:

-PRIBATIZAZIORIK EZ, ERREBERTSIOAK BAI
-ENPLEGUAREN ALDE ETA LANPOSTU ASKI ETA EGONKORREN ALDE
-NEGOZIAZIO KOLEKTIBORAKO MARKO BAT ERATZEAREN ALDE

Legebiltzarrari eta alderdiei eskatu diegu langileen aldarrikapenak barneratzea onartuko den Lege honetan.
 

 

 

Martxoaren 8ko greba feministara begira gaude sindikatuko emakumeak

0

Martxoaren 8ko greba feministaren prestaketa lanen harira, enpresa eta sektore desberdinetako LABeko kideak Iruñean bildu gara gaur. Hain zuzen ere, bertaratutakoek greba feministari begira zein ekarpen egin dezakegun gogoeta egin dugu.

Alde batetik, beharrezkotzat jo dugu emakume langileok pairatzen dugun egiturazko diskriminazioari ikusgarritasuna ematea. Nafarroaren kasuan, diskriminazio hau sektore guztietan gertatzen da, honako adibideak lekuko:

1) Industriako enpresa gehienetan, non soldatak altuagoak diren eta lan baldintza hobeak, emakumeari betoa ezartzen jarraitzen dute. Volkswagen enpresan, UGT eta CCOO sindikatuek kontratazio sistema bat ezarri dute non sindikatu afiliazioaren arabera edo sexuaren arabera diskriminatzen duten: lan taldearen %14 bakarrik da emakumea.

2) Zerbitzu pribatuetan, bide garbiketan lan egiten duten langileek (gizonezkoak orokorrean) eraikinen garbiketan lan egiten duten langileak (emakumezkoak orokorrean) baino 8.000 euro gehiago jasotzen dute soldata gisa. Azken kasu honetan, gainera, emakumeak peoi kategorian sailkatuta daude, peoi espezialista guztiak (kristalariak eta abar) gizonezkoak diren bitartean.

3) Foru administrazioan, teorian berdintasun irizpideak ezarrita dauden arren, %8ko soldata arrakala gertatzen da, gizonezkoak direlako nagusi ardura postuetan eta, batez ere, emakumeen esku geratzen direlako zaintza lanak, eta, ondorioz, lanaldi murriztuak eta bestelakoak hartu beharrean daude.

Bestalde, LABeko kideok hainbat ideia jarri ditugu mahai gainean, lantokietan urtarriletik aurrera lantzeko, betiere greba feministari begira. Hain justu, mugimendu feministak urtarrilean bertan zehaztuko du greba feministaren diseinua.

 

 

 

Gasteizko Jardines de Uleta hotelean gertatutako kaleratzea eta jazarpen sindikala salatu dugu

LABek Gasteizko Jardines de Uleta hotelaren aurrean salaketa dinamika bat hasi du. Hasteko, gaur kontzentrazio bat burutuko dugu “Jardines de Uleta: STOP Jazarpen sindikala STOP Persecución Sindical” lelopean. Dei egiten dugu hotel honetara ez joateko bere langileak esplotatzen eta jazartzen jarraitzen duen bitartean.

Pasa den Irailean, Gasteizen kokatuta dagoen Jardines de Uleta Hotelean LAB-ek hauteskunde sindikalak abian jarri zituen. Bertako langile talde bat sindikatuarekin harremanetan jarri zen bertako gerentziatik ematen ziren langileen eskubide urraketak eta beldurraren sentimendua gainditzeko asmoarekin. Hori ikusita, enpresak hainbat mugimendu egin zituen, besteak beste, langileak ABLE-etara bideratu bozkatzeko eskubidea urratuz. Baina garrantzitsuena, enpresaren aldeko hautagaia bilatu zuen, zein ELA-ren izenean aurkeztu zen, gero gainera langileak mehatxatuz LAB-en hautagaia ez bozkatzeko. Honen ondorioz, enpresaren aukeratutako hautagaiak irabazi zuen.

Ondorioz LAB-en hautagaiak Langileen Ordezkari aukeratu berriari hainbatetan asanbladak egitea eskatu zion langileen egoeraz eztabaidatzeko, baina honek ez zuen ezer egin. Horregatik, LAB-en hautagaiak bere eskubideak enpresaren aurrean aldarrikatu zituen, eta enpresak bere kontrako neurriak hartzen hasi zen. Adibidez, 2 urte eta erditik atzera lanean zeraman kategoriatik jaisten saiatu zen. Langilea ukatu ostean, hortik gutxira kaleratua izan zen,

Honen aurrean, LAB-ek langilearen aurkako jazarpena salatu nahi du. Alde batetik, bere oinarrizko eskubideak urratu baititu, langile orok duelako hautagai izateko, hautatua izateko edo hautatzeko eskubidea. Eta enpresak langile honen aurka neurriak hartu ditu lantokiko lan baldintzen alde dinamika piztu nahi zuelako. Beste aldetik, langilea berriro ere zapaldua izan da bere eskubideak aldarrikatu izanagatik, enpresaren jokoan ez sartzeagatik.

 

 

 

Konponbide integral baterako agenda aldarrikatuko dugu presoen aldeko Gabonetako mobilizazioetan

Kalera Kalera dinamikaren baitan gauden eragileok Gabonetako mobilizazioak eta espetxeetarako martxak aurkeztu ditugu, "Bada garaia. Presoak kalera" lelopean egingo direnak.

Hauxe da gaurko agerraldiaren harira igorritako oharra:

‘Bada garaia. Presoak Kalera’ lelopean, eguberrietan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetara martxa bana eta Iruñean manifestazioa deitu ditu KALERA KALERAk. Ernai, LAB eta SORTUk partekatzen duten dinamikak unearen garrantzia nabarmentzeaz gainera, parte hartzeko deia egin du konponbide integralaren beharra azalerazteko.

Ezker abertzaleak egindako borrokari eta lanari esker Estatuaren espetxe-politika ankerra baldintzatzea eta pitzatzen hastea lortu du. Orain, PSOE Gobernuan dela, gure ildoa egokitzen asmatu behar dugu. Finean, Estatuaren politikarekin apurtzeko eskemak baliagarria izaten segitzen du, baina egoera berrira egokitu behar dugu. Unea ondo interpretatu behar dugu. Horretarako, konponbidearen agenda adostu behar dugu euskal jendartearekin. Ez da ezker abertzalearen auzia, Euskal Herrian, bizikidetza eta bakea lortzeko, denok dugu ardura aurreko zikloa era integral batean ixteko. Horrek eskatzen du gure konpromisoari eustea, guk daukagun arduraz jabetzea. Estatu espainiarraren blokeoa eta garaituen eta garaileen eskema gainditzeko ezinbestekoa izango da gu guztion lana eta kemena. Guk ez badugu egiten ez baitu inork egingo.

Hori dela eta, KALERA KALERAk uste du sufrimendu guztiak amaitzeko presoen eta iheslarien egoera konpontzea premiazkoa dela. Horregatik, eskubideen aldarrikapenetik konponbide integralerako agenda batera salto egitea proposatu du.

Konponbidearen agenda horrek lehentasunei heldu behar die lehenik eta behin, fase honetan. Egoerarik urgenteenei irtenbidea bilatu behar diegu: preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara gerturatu behar dira (ez 500, ez 250 kilometrora); gaixorik diren presoek kalean egon behar dute; ibilbide penitentziarioan aurrera egiteko, lehenengo gradua sistematikoki erabiltzeari utzi behar zaio eta Europak agintzen duen moduan, beste estatuetan betetako zigorrak konputatu behar dira.

Gatazka politikoaren esponente nagusiak dira preso eta iheslari politikoak. Sufrimenduarekin lehenbailehen amaitu behar dugu. Orain da garaia. Bada garaia presoak kalera.

Hauek dira Gabonetarako deitutako mobilizazioak:

• Abenduak 22. Zaballara martxa. Subillanatik 11:00
•Abenduak 22. Iruñean manifestazioa. Autobus geltoki zaharretik, 18:30
• Abenduak 30. Martuteneko Espetxe Martxa. 10:3, Zinkoenea (Hernani). 11:00, Egiako epaitegia. 12:00etan Martuteneko espetxean.
• Abenduak 31. Basaurira espetxe-martxa. 12:30 Basauriko udaletxe plazatik.

 

 

 

Bea Martxueta: “Lanaren, bizitzaren eta pentsioen prekarietatearen kontrakoak diren aurrekontuak behar ditugu”

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok elkarretaratze bat egin dugu Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak premiazkoak diren baldintzak betetzen ez dituela salatzeko. LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak hartu du hitza, eta nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak ez duela inongo borondaterik bestelako politika publikoak egiteko.

LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetaren hitzetan, "Eusko Jaurlaritzak ez du inolako borondate politikorik bestelako politika publikoak egiteko, alegia, aberastasunaren banaketa justua bermatuko dutenak, kalitatezko enplegua sortuko dutenak eta babes sozial publiko eta kalitatezkoa eraikiko dutenak".

Martxuetaren iritziz, Jaurlaritzak borondate politikorik izan ez arren, "jakin badakiguna da, eta aste honetan ikusi duguna da, dirua egon badagoela, lehentasun kontua dela zelan banatzen den eta hemen kokatzen duguna da bi politika mota. Batetik, ekarpenak, politika fiskala. Beti esan izan dugu bestelako politika fiskala behar dugula, gehien dutenek ordaindu behar dute gehien. Bestetik, aurrekontuak, gastuak. Lanaren, bizitzaren eta pentsioen prekarietatearen kontrakoak diren aurrekontuak behar ditugu, jendartearen bizi eta lan baldintzak hobetzeko eraginkorrak izango direnak".

Aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren irakurketari dagokionez, hauxe da gaurko mobilizazioaren harira osatutako oharra:

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta azken urteetan mobilizatu izan da aurrekontu sozial, parte hartzaile eta subiranoen alde, eta salatu du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek ez dituztela baldintza horiek inola ere betetzen.

Joan den martxoan Gasteizen egindako ekitaldian esan genuen “badira alternatiba sozialak, baina gure agintariek ez dute borondate politiko horiek gauzatzen. Aurrekontuen oinarriak zeintzuk diren ikusirik, argi dago akordio horretan ikuspuntu sozialetik ez dagoela akordioa iristeko aukerarik”.

Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontuproiektua bide beretik doa: bere helburua da zerbitzu publikoak eraisten jarraitzea. Gastu arauak agintzen du aurrekontu konputagarria gehienez %2,7 nominala gehitu daitekeela; horregatik, sortzen den aberastasunaren zati gero eta txikiagoa bideratuko da aurrekontura. Azpiazu sailburuak esan duenez, gastuarauak eskuak lotzen dizkie, baina haren helburuarekin bat datoz.

Horrenbestez, Gasteizko ekitaldian egin genituen proposamenak berresten ditugu:

1. Aldaketa soziala. Politika publikoak goitik behera aldatzea nahi dugu, behar dugu: aberastasunaren banaketa, kalitatezko enplegua sortzea; politika publikoen oinarri bizitza iraunkorra, askatasunaren eta eskubide kulturalen defentsa izan behar dira.

2. Zerga-erreforma sakona galdegiten dugu; gehiago dutenek gehiago ordain detzatela.

3. Aurrekontuek genero ikusmoldea izatea ezinbestekoa da.

4. Osasun eta Hezkuntzako inbertsio publikoa (BPGarekiko) europar batez besteko mailarekin parekatu.

5. Energiaren produkzio eta merkaturatzean kontrol publikoa ezarri.

6. Gelditu egin behar dira Abiadura Handiko Trena, erraustegiak, gasa erauzteko plantak… Naturaren eta gure osasunaren kalterako proiektuak dira, dirua xahutu eta gure aurrekontuetako poltsa komuna husten dutelarik; eztabaida sozial partehartzailea
bultzatu.

7. Babes sozialeko sistema publiko, integral, duin eta kalitatezkoa aldarrikatzen dugu; bizitzaren iraunkortasuna izango da nahi dugun jendarte-ereduaren ardatza.

8. Herritar guztiei oinarrizko eskubide sozialak bermatu, inolako diskriminaziorik gabe, eta lehentasuna emanez egoera sozial larrienean daudenei.

9. Azken bururaino eraman beharreko auditoritza egin.

10. Aurrekontu partehartzaileak aldarrikatzen ditugu; herritarrek parte hartuko dutela bermatu behar da, politika publikoak diseinatu eta erabakitzerakoan.

11. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari zor zaie erabaki ekonomikoak hartu eta eredu sozialari buruz ebazteko eskubide subiranoa.

Eskubide Sozialen Kartak jendarte eredu horren aldeko konpromisoa hartu du pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurkako Herri-Ekimen Legegilea bultzatuz.

51.000 lagunek sinadura eman dugu HEL horren alde. Eta konpromiso honi esker derrigortu egin dugu Eusko Legebiltzarra gure ekimen legegilea eztabaidatzera; ekimenak prestazio sozialetan hobekuntza nabarmenak proposatzen ditu (Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan eta Gizarte-Larrialdiko Laguntzetan); halaber, benetan aitor dadila alokairu sozialeko etxebizitza izateko eskubidea.

Proposamen konkretuak egin ditugu, esaterako, DSBEaren zenbatekoari buruz, bakarrik bizi diren pertsonei LGSaren %100eko sarrerak bermatzeko; bizikidetza-unitateko pertsona gehigarri bakoitzeko %50 gehiago litzateke. Horrek esan nahi du gure eskaria hau dela: 2019an bakarrik bizi den pertsona batek hilean 1.050 euroko sarrerak izatea,12 pagatan. Jendearen diru-sarrerak duinak izatea nahi dugu, pobreziari aurre egiteko eta lan prekarietatea desagerrarazteko.

Egin dugun beste eskari bat da alokairu sozialeko etxebizitza izateko aukera eskubide bilakatzea, zeina ezin den prestazio sozial baten bidez ordezkatu. Gaur eskubide hori jende gutxiri aitortzen zaio, eta praktikan gehienez hileko 250 euroko laguntza ekonomiko bat ematen da haren ordez. Ezagutzen al du baten batek hilean 250 euro ordainduta zer aloka daitekeen? Honetaz gogoeta egin beharko genuke.

Gure aldarrikapenak oso apalak dira. Ez gara ilargia eskatzen ari, edonorentzako bizileku bat eta gutxieneko diru-sarrerak baizik.

Esan bezala, lortu dugu Legebiltzarrean HEL hori eztabaidatzea. Baina ez da aski. Duela hilabete batzuk beste herri-ekimen bat, eskola inklusiboaren aldekoa, iritsi zen parlamentura. Baina lehenengo bilkuran EAJk, PSE-EEk eta PPk bozkatu zuten ez zedin tramitera onartu. Hau da, zakarrontzira bota zuten edukiak eztabaidatzen hasi ere egin gabe. Talde horietxek gure ekimenarekin gauza bera egiteko tentazioa izan dezakete, baina ez diegu utziko. Talde guztiei exijituko diegu babesa eman diezaiotela, petatxorik eta amarrurik gabe.

Badakigu mobilizazioa eta borroka dela politikak aldarazteko bide bakarra; hori egingo dugu. Horretan ari dira pentsiodunak ere; horregatik ari gara haien borroka babesten. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ere arrazoizko helburua da. Larunbat honetako manifestazioetan haiekin bat gatozela adieraziko dugu. Kalean jarraituko dugu.

 

 

 

Langileen eskubideen eta zerbitzu publikoen defentsan jarraituko dugu lanean, Gipuzkoako Foru Aldundiko hauteskunde sindikalak irabazi ostean

0
Hauteskunde sindikalek bere bidea egiten jarraitzen dute, eta LABek, aste honetan ere, emaitza oparoak bildu ditu; Gipuzkoako Foru Aldundian, esaterako. 28 delegatu zeuden jokoan atzo egindako hauteskundeetan, eta LABek duela lau urte eskuratutako lehen postua berretsi du.

Hain zuzen ere, Gipuzkoako Aldundian 9 delegatu lortu ditu sindikatuak; 8 funtzionarioen artean eta 1 laboraletan. ELAk 8 ordezkari izango ditu, 6 funtzionarioen artean eta 2 laboraletan; CCOOek 6 izango ditu, 5 funtzionarioen artean eta 1 laboraletan; eta Bazkunak 5 izango ditu, 4 funtzionarioen artean eta 1 laboraletan.

LAB lehen indarra izan da Donostiako Foru jauregian, Tolosan, Eibarren, Zarautzen eta Irunen; hots, zazpi kolegioetatik bostetan. Orotara, aurreko hauteskundeetan baino 45 boto gehiago eskuratu ditu sindikatuak.

LABen ibilbidea saritu dute emaitza hauek. Izan ere, azken lau urteotan, sindikatuaren esku egon den Langile Batzordeko lehendakaritzatik, eta beste sindikatuekin elkarlanean, LABek bete du langileen eskubideen eta zerbitzu publikoen defentsaren aldeko konpromisoa.

Etorkizunera begira, LABek modu arduratsuan jokatzen jarraituko duela berretsi du, lan baldintzen alde borrokatuz eta ordezkaritza kolektiboak bultzatuz. Zentzu honetan, sindikatuak Langileen Batzordearen lehendakaritzatik langile guztien interesen defentsan aritzeko konpromisoa hartzen du berriro, beste sindikatuekin elkarlanean aritzeko prest.
 

 

 

Pentsio sistema publiko eta propioa eskatu dugu Irunen, Gizarte Segurantzaren aurrean

Irungo ezker abertzalea osatzen dugunok elkarretaratze bat egin dugu, Espainiako Estatuko Gizarte Segurantzaren gabeziak salatzeko eta larunbaterako deitutako mobilizazioetara joateko deia zabaltzeko.

Hauxe da Irungo ezker abertzalea osatzen dugun LAB, Ernai eta Sortu erakundeek egindako irakurketa, gaurko mobilizazioaren harira:

Gaurkoan hemen gaude irungo ezker abertzalea, pentsio duinak herri honetan, pentsio sistema propio eta subirau batekin bakarrik direla egingarri aldarrikatzeko. Horretarako etorri nahi izan dugu hona, gure hirian Estatu esapaiñol neo-liberalak duen gizarte segurantza zentrora. Segurantza baino, segurtasun eza sortzen duena. Izan ere, kapitalaren interesen baitan jokatzen duen estatu baten adar den heinean, klase herritarrak gero eta babes aukera, eskubide aukera murritzagoak ditu, leihatila honetara datorrenean. Eta bai estatu neoliberala diogu berriz bai:

-2011 eta 2013-urteetan martxan jarritako lan erreformengatik
-Enplegu suntsiketa eta soldata jaitsiera politika argiak jarri dituelako martxan kapitalaren errentak loditzeko asmoz
-Pentsio sistemen erreforma, jubilazio adinaren atzerapena eta hauetara sarbide izateko eskubidea murriztu duelako
-Enplegu politikak aurrekontu bidez pagatu ordez, segurtasun sozialeko funtsak erabili dituelako -Krisiaren eragile eta irabazle handienetako bati, kapital finantzieroari ondasun publiko amaigabeak entregatu dizkiolako
-Guzti honen aurrean, eta penstioei begira %0,25-ren igoera lotsagarriarekin konformatzeko eskatzen duelako

Neoliberalismoa, jendartea antolatzeko estatuaren murrizketa eta merkatu sistemaren orokortzea planteatzen duen distopia da. Kasu honetan, pentsio duinetarako sarbidea eskaintza/eskari erlazioaren bidez definitzea, eta beraz eskubide zena merkantzia bilakatzea. Langile klaseak bere lan esplotatuaz bilduriko errentak eta eskubideetatik etekinak lortzea, hori ere merkatu bilakatzea. Hortaz, eskubide zena, hori pagatzeko errenta duenarentzako bakarrik eskuragarri jartzea. Neoliberalismoaren maxima, eskubideak zirenak negozio lerro berri bilakatzea hauek merkantzia bilakatuz.

Estatu espaiñiarrak aspaldi darama norabide kontserbadore, zentralista eta neoliberal horretan. Kontrako indarrak dauden arren agerikoa da ez duela indar korrelaziorik artikulatzeko gaitasunik, klase langileen zerbitzura egongo den sistema demokratiko bat eraikitzeko. Espaiñia demokrazia herritar bat izateko era bakarra batasun bezala desagertzea da.

Ostera, uste dugu urteetako askapen nazionalaren baitan emaniko klase borrokak Euskal Herrian, sortu dituela baldintzak, ezkerretik, eta sektore popularren gidaritzapean euskal herri ezkertiar bat eraikitzeko. Badela masa kritikoa demokrazia herritarrean oinarrituriko sistema berdinzaleago bat eraikitzeko. Euskal estatu sozialista baten alde egiteko apustua egiteko. Justizia soziala ardatz izan, eta klaseen existentziaren kontra eta demokrazia ekonomikoaren alde pausuak emateko prest egongo den Euskal Herri bat eraikitzeko. Oztopoak egongo dira noski, EH ere, badelako estatuko oligarkien eta burgesien jokaleku, baina uste dugu eskala honetan talka horretan garaile ateratzeko aukera handiagoak ditugula. Estatuko beste herri eta langileekiko elkartasun printzipioa laboratu gabe, hor izan gaitezke langileok subirau, estatu espaiñiarrean inoiz ere ez.

Eta pentsioekin dagoen konfrontazio guzti hau, ez dago inondik inora hemen aldarrikatu nahi dugun ortzimuga estrategiko horrekin des-loturik. Ezta gutxiago ere. Estatuko pentsio sistema eta “kaxa bakarrak”, ez ditu kontuan hartzen Euskal Herriko berezitasunak, ehun produktiboa edo bizi kostua kasu. Estatuak eskumen legegile guztiak ditu afera honetan ere. Euskal Autonomi Erkidegoak-k kasu kudeaketarako eskumenak, borrokatu behar marjina da ezbairik gabe (eta horretan gaude EAE-ko aurrekontuen baitan), baina ez da inondik inora nahikoa. Oreka oso prekario baterako aukera baino ez du ematen. Eta oreka horretan ezinezko duintasunaren oinarri behar luketen minimoak erdiestea:

-Europako gutun sozialak markatzen duen minimo bezala, 1080€-ko pentsio minimoa bermatzea
-Gutxieneko soldata 1200€-tan ezarri eta modu ez zuzenean pentsio minimoan eragitea -Lan erreforma neoliberala deuzestatzea
-Co-pago deitu den iruzur lotsagabe hori atzera botatzea
-Menpekotasun egoerari bideraturiko baliabideak hobetzea
-Pobrezia energetikoarekin amaitzea, oligopolioetan esku sartuz eta “bono” sozial duin bidez -Fiskalitate progresibo berria ezartzea: Gutxienez %15-ko tasa sozietate zerga
-Iruzur fiskalaren kontrako neurri politikoak: Zordunen lista hobetu eta “aministia fiskala” bezalako neurri lotsagabeak ezabatu
-Lana eta enpleguaren banaketa orekatu bat eta erremunerazioaren banaketa justua

Horregatik, hemen aldarrikatu nahi dugu guk ezinbesteko lotura ikusten dugula Euskal Herriak bere subirautza osoaren bidean daraman prozesuaren eta pentsio duinen aldeko borrokaren artean. Pentsio duinak aldarrikatzean, euskal herriko pentsio sistema propioa eta lan harremanetarako marko propioaren beharraz gero eta gehiago konbentzitzen gara. Estatu tresnak behar ditugula herri honetan, modu demokratikoan herritar sektoreen ongizatea bermatzeko. Eta ikusten dugu era berean, euskal herri subirau baten aldeko mugimendua edukiz betetzen duela pentsio duinen aldeko borrokak, erakusten duela ze potentzia politikoa dagoen herri honetan estatu berri bat ezkerretik eraikitzeko EB neoliberal eta atzerakoiaren testunguruan.

Beraz gure uste zintzoan, gaur estatu espaiñiarrean ezin da ezkertiarra izan independentista izan gabe. Edo prozesu hauek babestu gabe behintzat. Estatua gaur inoiz baino gehiago EB-proiektu neoliberalari lotua bai dago, eta burgesiaren kontrolerako aparatu bilakatu delako. Hau apurtzean irekiko dira ateak, estatuko beste herrientzat ere, prozesu demokratiko herritarrak helmugara eramateko. Estatuko langile sektoreen lehen etsaia estatua bera da, eta beren interesak defendatzeko pauso ezinbestekoa hau apurtu edo ahultzea.

Beraz, hemendik, segurgabetasun sozialaren tribuna honetatik bi dei egiteko aprobetxatu nahi dugu.

-Lehena, gorputz eta arimaz injustizia neoliberal berri honi aurre egin eta pentsio duinen alde borrokan dabilen orori hausnarketa deia egin nahi diogu. Egungo estatu espaiñiarrean minimo horiek lortzea posible den pentsatzera, eta ezezkoaren kasuan, estatuko beste herriekiko elkartasun printzipioa galdu gabe, euskal pentsio sistema eta lan harreman marko propio baten aldeko prozesu subiranistara batzeko deia egiten diogu. Guztion artean prozesu
hori edukiz eta gihar sozialez betetzera. Justizia soziala bermatuko duen euskal demokrazia herritarrarengatik.

-Bigarrenik, dei egiten diogu prozesu subiranistan murgildua dagoen EA-ko oinarri sozial guztiari pentsio duinen borroka bere egin dezan, eduki herritar konkretuz betetzen bai du euskal herri sozialistaren proiektua eta subjetkua. Horrela, gure proiektu politiko estrategikotik, independentzia, sozialismo eta feminismotik, dei egiten diegu:
-Pentsio duinen aldeko eskualdeko plataforman parte hartzera
-Larunbatean Donostian egingo den manifestaldian parte hartzera, eta etorriko diren mobilizazio bateratuetan parte hartzera

Subirautzarik gabe ez delako pentsio duinik egongo, ezkerrik gabe subirautza egongo ez den bezala: Euskal Herriko pentsio sistema burujabearen alde lotu borrokara!