2026-01-27
Blog Page 679

Jaurlaritzak, berriro ere, enplegu publikoaren prekaritatea bere mesederako erabiltzen du

Langile publikoen behin-behinekotasuna parametro jasangaitzeraino eraman ondoren, Jaurlaritzak bere interesak behingoz asetzeko probestuko du egoera eta zerbitzu publikoen eredurik neoliberalena ezartzera animatu da bere Euskal Enplegu Publikoaren Lege (EEPL) proposamen zaharraren bidez. LABentzat, kontsolidazio prozesuak eta kontziliaziorako onura batzuk onartzeko EEPL osoa irentsi beharra txantaje hutsa da.

Tiraderan gorde behar izan zuten lege egitasmoa eztabaidan egon den urteetan LABek bere aurkakotasuna zuzenketen bidez adierazi izan du: anbizio falta; negoziazio kolektiboaren ukazioa; enpleguaren pribatizazioa; lanbide karrera ezegokia; zuzendaritzen erabilera alderdikoia; eta enplegu publikoa behin-behinekotasunean oinarritzeko asmoa zuela aipatuz. Baita, administrazioak euskalduntzeko, aukera berdintasuna bermatzeko eta lan osasunaren kudeaketa publikoa bermatzeko neurri eraginkorrik proiektuan ez dela jasotzen ere.

Egoera politiko nahasian arazo partzialak pakete osoetan saltzen ikasi du orain EAJk, eta aurrekontuen luzapenaren negoziazio partzialarekin bezala (langile publikoekin adostu ez duten soldata igoera, DSBE eta gizarte ekimena pakete berean sartzea), enplegu publikoaren arazo larria arintzeko aitzakiarekin lege proposamenaren neurri neoliberal guztiak pakete bakarrean onartzea nahi du Jaurlaritzak.

LABek pasa den ostiralean prentsaurrekoa eskaini zuen eta bertan enplegu publikoa egonkortzeko lege propioa eskatzen zuen. Jaurlaritzaren enplegu politikek salbuespen egoera larri batera eraman gaituztela salatzen genuen: behin-behinekotasun batez besteko tasa %40ren inguruan eta eremu batzuetan 20 urte deialdi publikorik egin gabe daramatela, beste batzuk oso feminizatuak daudela, plazak egonkortzeko aukerarik ez dela eman…

Lakuak Madrilgo debekuei botatzen die errua, baina aitzakia hutsa da, debekurik egon ez denean egoera okertzen aritu delako. Gaurkoan bere enplegu publikoaren lege proiektuari hautsa kenduz, oso argi ikusi da bere goi-asmoa erabat neoliberala izan dela beti, eta murrizketa politika guztiekin bat datorrela. PNVk zerbitzu publikoak erabat ahuldu eta pribatizatzea lortu ez izana hain zuzen ere langileon eta jendartearen mobilizazioei esker izan da.

Bestalde 2018ko Estatuko Aurrekontuen Legeak egonkortze prozesuak ahalbidetzea ez da konponbidea, hemengo administrazioetako egoerari ez diolako erantzuten eta kaleratze masiboak ekar ditzakeelako. Jaurlaritza, horretaz jabetuta ere, berriro Madrilen aitzakiapean ezkutatu da milaka langile interinoen egoerari bizkar ematen dienean.

Enplegu plan integralak aldarrikatu izan ditugu behin eta berriz, baina Jaurlaritzari gaia propagandarako baino ez zaio interesatzen. EPE potoloak iragartzea gustatzen zaio, inoiz ez dituztela benetako beharrak aseko jakitun, eta egungo egoera eta etorkizunari erantzun gabe. Gure iritziz lanpostua egonkortzeko aukera aitortu behar zaie urteetan lanpostu horietan egon diren langileei, betiere administrazioan sartzeko garaian berdintasun eta gardentasun printzipioak eman baziren.

LABek aurreko ostiraleko agerraldian EAEn administrazioetan egonkortze prozesuak egiteko berariazko lege bat behar dugula aldarrikatu genuenean, ez genuen Jaurlaritzaren erantzuna hain azkar espero. Horren aurrean langileekin adostasunik ez duen Enplegu Publikoaren Lege egitasmo neoliberala berriro tiraderan gorde dezala, eta enplegu publikoa kontsolidatzeko eta egonkortzeko lege bat presta dezala erantzuten diogu Jaurlaritzari, berak sortutako egoera konpontzea alegia. Tresnak badaude, borondatea da oraingoan ere falta dena.
 

 

 

Enpleguak gora egin du sektore publikoaren bultzadaz, baina prekarietatea sendotu egin da

2018. urtean, Hego Euskal Herrian, okupazioaren igoera gertatu da lan merkatuan, INE erakundeak zabaldutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Hain zuzen ere, urteko azken hiruhilekoan, lau herrialdeetan 1.215.400 pertsona zeuden okupatuta, hau da, duela urtebete baino 19.300 gehiago.

Bilakaera hau posible izan da sektore publikoan gertatutako enpleguaren igoerarengatik, 2018an sortutako lanpostuen %86 sektore honetan sortu baitira. Txanponaren beste aldean, sektore pribatuaren ahuldadea nabarmendu beharra dago enplegua sortzeko garaian.

Krisi garaiko urte gogorren ondoren enpleguaren berreskuratzea eta langabeziaren murrizketa gertatu den arren, azpimarratzekoa da oraindik 105.000 lanpostu sortu beharko liratekeela krisi aurreko okupazio kopurura iristeko.

Gainera, duela hamar urte, okupatutako pertsonen %13,6ek lanaldi partziala zuten; gaur egun, kopuru hori, %16,3koa da. Gainera, behin behinekotasunaren hedapena egonkortzen ari da, soldatapeko biztanleriaren %26ra irits baita.

Inposatutako behin behinekotasunak eta lanaldi partzialak desegonkortasun handia eragiten dute, soldata baxuak, lan eskubideen urraketak eta azpiko lanez gain.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera (BAI), 2008tik hona %7an egin du behera soldaten eroste ahalmenak; baina soldata apalenek %22an egin dute bera termino errealetan.

Gainera, eta lanaren sexu araberako banaketa tradizionalaren ondorio moduan, gaur egun oraindik ere emakumeengan erortzen da etxeko lanekin eta pertsonen zaintzarekin lotutako ordaindu gabeko lana. Laneko gainkarga honek eragin negatiboa du emakumeek enplegua eskuratzeko aukeretan.

Lanaldi partzialeko 10 enplegutatik ia 8 dira emakumeen esku daudenak (%78). Ondorioz, eta lan munduan etxean hasten den neurrian, beharrezkoa da aurrekontu politikek apustu sendoa egitea zaintzaren esparruan zerbitzu publikoak garatzearen alde.

PP eta PSOEko aurreko gobernuen onartutako lan-erreformak atzera botatzea ere beharrezkoa da. Era berean, premiazkoa da langabeziagatiko babes sistemaren hutsune larriekin amaitzea, egun ez diolako inolako estaldurarik ematen ofizialki langabezian dagoen pertsonen %70ari. Hego Euskal Herrian 105.500 langabetu eta euren familiak daude egoera honetan.
 

 

 

Enpleguaren eta euren etorkizunaren defentsan mobilizatu dira Gasteizko BSHko langileak

0

Andra Mari Zuriaren Plazan elkartu dira, eta ekimenak eta mobilizazioak proposatzen jarraituko dutela aurreratu dute, ustezko eragiketa espekulatiboaren kontra eta enplegua, aktibitate industriala eta lan eskubideak mantentzearen alde.

hauxe da langileek igorritako oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Aste honetan bertan BSH-BOSCH Taldeak Gasteizko lantegiaren behin betiko deskonexioari helduko dio eta kontrola B&B TRENDS enpresa kataluniarraren esku geldituko da otsailaren 1etik aurrera. Aste honetan, eta plantilaren gehiengoa geldirik egonik malgutasunak aplikatuta, “migrazio informatikoa” hasiko da Alemaniako multinazionalaren kontrolari, 20 urteko ibilbidea, bukaera emateko. Era berean, 2 taldeek (erosleak eta saltzaileak) kudeaketa eta eskualdatzerako adostu zuten “zuzendaritza partekatua”ren tartea ere bukatuko da.

Azken tarte honek balio izan digu ziurgabetasuna eta eragiketa honetan daukagun mesfidantza areagotzeko. Izan ere, hitzemate guztiek, “borondate ona botilatuaren” dosi guztiek proiektu industrial berri bati ekiteko aukeren inguruko zalantzak handitu besterik ez dizkigute egin, batez ere BOSCH markak hartutako lan kargaren konpromisoak hemendik 2 urte eta erdira behin bukatuta.

Gaur egun, ez dakigu zein produktu egingo ditugun, zein aurreikuspen dituzten, ea instalazioak eta makinaria aldatuko diren, ezta nola ordezkatu dituzten gerentzia eta hilabete hauetan zehar BSHtik alde egin duten ardura handiko pertsonak.
Horrekin batera, enpresa berriak gure hitzarmenaren deskuelge batekin mehatxatu gaitu, behin bere indarraldia bukatuta sektoreko hitzarmena aplikatzeko. Gainera, Komiteari dei egin dio “gatazka kolektiboaren neurriei” uko egiteko, erosleak eta saltzaileak adostutako baldintza berberak onartzearen truke.

Asmo-aitorpen onartezina da eta gure kezka areagotu du ea eragiketa espekulatibo baten aurrean gauden: B&B TRENDSek bereganatzea UFESA marka (eragiketan sartuta baitago eta ez du enpresaren aktibitatearekin inongo loturarik) eta BSH BOSCHek lantegia uztea, kosturik gabe, are gehiago, eragiketatik dirua ateraz.

Hori guztia dela eta, BSH-BOCHeko (otsailaren 1etik aurrera SDA FACTORY VITORIA SLUko) LABeko sail sindikalak honakoa dio:

-Epe luzeko etorkizunari begirako plan industriala exijitzen du.

-Instituzioei eskuhartze erreala eskatzen die eta bitarteko guztiak jartzea proiektu berriaren estabilitatea lortzeko.

-Ekimenak eta mobilizazioak proposatzen jarraituko du ustezko eragiketa espekulatiboaren kontra eta enplegua, aktibitate industriala eta gure lan eskubideak mantentzearen alde.

 

 

 

Haurreskoletako kudeaketako lan poltsak irekitzeko aurreakordioa sinatu dugu

0
Aurreko martxoan LAB sindikatuak sinatutako akordioaren garapena oinarri, Haurreskolak Partzuergoko kudeaketako lanpostuetan Hezkuntza saileko lanpostuen soldata eta kategorien ekiparazioa egitea adostu da. Gauzak horrela, ekiparazioa ekarriko duen lanpostuen balorazio honek, ezinbestean lanpostuen zerrenda egokia ekarriko du. Halaber, aurreko astean LABek kudeaketako lankideekin gauzatutako bilkuran, kudeaketako ordezkoen zerrenda propioa eratzeko urgentzia azpimarratu ziguten.

2018ko martxoaren 6an, LAB sindikatuak sinatu zuen akordioan, beste puntu batzuen artean, langileen oposaketa aldiko zerrendekin ordezkapenak egiteko lan poltsa sortzea sinatu zen. Hala, kudeaketako langileek bizi duten urgentziazko egoerari aurre egiteko, kudeaketako langileen lan baldintzak hobetze bidean aurrerapausu handia suposatuko duen aurreakordioa lortu du LAB sindikatuak. Administrari eta teknikarien ordezkoen lan poltsa osatzeko otsailean zerrenda ireki eta baremazioa burutuko da. Era berean, zerrenda hau indarrean sartu bitartean, ordezkapen guztiak beteko direla konpromisoa hartu du Haurreskolak Partzuergoak. 

Otsailaren 6ko mahai negoziatzailean landuko dira lan poltsen deialdia, ordezkoen eta barne sustapenak burutzeko araudiak. Mugarri garrantzitsua jarri dugulakoan gaude, larritasun egoerari buelta eman eta hurrengo mahaian negoziatzeko bidea irekia mantenduz.
 

 

 

Hezkuntza Sailaren proposamenak ez duela arazoa konpontzen adierazi dute EAEko Lanbide Heziketako irakasle teknikoek

0
EAEko Lanbide Heziketako irakasle teknikoak atzo bildu ziren Hezkuntza saileko ordezkariekin. Hezkuntzak luzatutako proposamena, irtenbiderik eskaintzen ez duenez, abiapuntu soil bat bezala hartuko dutela esan dute.

Hauxe da bileraren balorazioa:

Urtarrilaren 11n adostu genuen bezala, EAE-ko Lanbide Heziketako irakasle teknikoak bigarren bilera bat egin genuen atzo Hezkuntza Sailarekin. Bilera hori Pertsonal Saileko zuzendaria den Jon Agirrerekin izan da.

Bileraren helburua EAE-ko Lanbide Heziketako irakasle teknikook pairatzen dugun egoerari irtenbide bat ematea izan da. Izan ere, 2018ko oposaketetan gaur egun betetzen ditugun lanpostuen oposaketetara ezin izan genuen aurkeztu eta horrek gure lanpostuak arriskuan jartzen ditu.

Urtarrilaren 11n egindako bileran Hezkuntza Sailak gure egoerari irtenbide bat emateko konpromisoa hartu zuen eta argi esan behar dugu Hezkuntza Sailak eskainitako irtenbideak ez dituela gure arazoak konpontzen; beraz, abiapuntu soil bat bezala ikusten dugu proposamena.

Proposamen hau asanbladan aztertu ostean , ikastetxeetara eramango da, hausnarketa prosezu bat eman dezagun Irakasle guztiok eta egoera berri honen aurrean gure jarrera zein izan behar den erabakitzeko.

Beraz, ikusita Hezkuntza sailetik eman diguten erantzunak ez dituela inolaz ere gure arazoak konpontzen, baina abiapuntu posible bezala ikusten dugula aurrera jarraitzeko negoziaketekin, (martxo-apirilean beste bilera batera deitu gaituzte), aukera guztiak zabalik uzten ditugu hurrengo egunetan erabakitzeko.

 

 

 

Emakumeok lan munduan pairatzen ditugun eraso guztiak erantzungo ditugu

Agerraldi bat egin dugu Gasteizen, azken hilabeteetan Araban izan diren hiru egoera zehatz salatzeko. Hain zuzen ere, Palacio Elorriaga Hotelean, langile bat kaleratu dute haurdun egoteagatik; Arabako Foru Aldundiak azpikontratatutako enpresa batean, sexu eraso saiakera bat gertatu da; eta Transportes Hombres Barreira enpresan, sexu jazarpen kasu bat izan da.

LABek agerraldi bat egin du Gasteizen, lan munduan indarkeria matxista eta emakumeenganako diskriminazioarekin lotutako hiru egoera salatzeko.

Tamalez ez dira kasu isolatuak, ez dira ematen diren lehenak, ezta azkenak ere.

Lan munduan, emakumeok diskriminazio eta indarkeria egoerei aurre egiten diegu egunero. Baina ez dira kontatzen, ez dira salatzen, ez dira ezagutzera ematen. 

Emakumeon aurkako indarkeria sistema heteropatriarkalaren tresna da gu isilarazteko, obedienteak izateko eta ezarritako genero roletan mantentzeko. Indarkeria matxista lan munduan, jendartean ematen denaren isla da. Botere harreman eta harreman hierarkikoekin gurutzatzen da eta horrek indarkeria detektatzea eta salatzea eragozten du.

Horrela, indarkeria ezkutuan gelditzen da, ez baita erraza salatzea. Horren atzean gu babesten ez gaituen sistema oso bat baitago. Lana galtzeko beldurra eta mehatxua errealitatea da. Gure hitza etengabe zalantzan jartzen da. Horren ondorioz, lantokian gure alde testigantza eman dezakeen norbait aurkitzea ezinezko bilakatuz.

Erasotzaileen inpunitatea lan munduan nahi genukeen baino maizago gertatzen da. Alde batetik, enpresek babesten dituztelako, eta, bestetik, enpresariak beraiek direlako erasotzaileak.

Sexu jazarpenaren aurkako protokoloak ez dira egiten edo eta martxan jartzen enpresetan, honela jazarpen kasuak egotea erraztuz eta inpunitateari mesede eginez.

Salatzen direnean berriz, protokoloak egonda ere, ez dira modu egokian aplikatzen. Salaketa jarri duen emakumearen hitza zalantzan jartzeaz gain, babesik gabe eta erasotzailearengandik urrundu gabe jarraitzea, eguneroko ogia dira, nahiz eta ikusi nahi ez izan.

Aldi berean, enpresen aldetik ez dira kontziliaziorako benetako neurriak ipintzen, ezta erantzukidetasuna sustatzen ere, haurdun egoteagatik edo ama izateagatik emakumeak kaleratuak izaten jarraitzen dute eta.

LABetik, ez dugu kasu bat bera ere pasatzen utziko. Kasu guztiak eta enpresa guztiak salatuko ditugu. Salaketak ipintzen dituzten emakumeak babestu, lagundu eta beraien ondoan izango gaituzte, jakin badakigulako sistema gure beldurrez baliatzen dela salaketa jartzeko momentuan. Izan ere, gure hitza zalantzan jartzen da, gure gain uzten da gertatutakoaren erantzukizuna eta oztopoak jartzen zaizkigu gure aldeko testigantzak jasotzeko, hau guztia lana galtzearen mehatxua erabiliz, botere harremanen ondorioz.

Gu ordea saretuta gaude, emakumeen sareak sortu ditugu gure artean elkar defendatzeko, babesteko eta laguntzeko.

Hala, eraso horiek erantzungo ditugula esan behar dugu. Erasoak salatzera animatzen ditugu emakume guztiak. Lan ikuskaritzari zein erakunde ezberdinei egoera hauen aurrean neurri prebentiboak martxan ipintzea exijitzen diegu. Enpresei, sexu jazarpena zein diskriminazioa ekiditeko protokoloak martxan jar ditzatela exijitzen diegu, lantokiak gune libreak izan daitezen, indarkeria matxista zein diskriminaziorik gabekoak.

Hiru adibide
Hauek dira, hain zuzen ere, LABek gaurko agerraldian salatu dituen kasuak:

1- Joan den urteko irailaren 25ean, Palacio Elorriaga Hotelak, zazpi urteko harremana eta gero, haurdun egoteagaitik langile bat kaleratu zuen. Hotelak emakumeak bere haurdunaldia enpresari jakinarazi eta bi aste barru notifikatu zion kaleratzea. Langileak kaleratzea salatu zuen, eta urtarrilaren 22an epaiketa ospatu egin zen. Momentuz, epaiaren zain gaude.

2-Joan den urteko azaroaren 2an, sexu eraso saiakera bat egon zen Arabako Foru Aldundiko azpikontrata baten langile baten aldetik, enpresa horretako emakume langile baten aurka. Emakume langileak salaketa jarri zuen, eta erasotzailea koakzio delitu arin batengatik zigortu dute, urruntze agindu bat ezartzeaz gain. Hala ere, enpresak ez du inolako neurririk ipini halako egoera bat berriro gerta ez dadin. Honi gehitu behar zaio, ez Aldundiak eta ezta segurtasun enpresak ere, ez dutela protokolo zehatzik sexu jazarpena edo sexuaren araberako jazarpena saihesteko.

3-Transportes Hombres Barreira enpresan hilabetez eman da sexu jazarpen kasu bat emakume langile baten aurka, zenbait lankide eta arduradunen aldetik. Denboran luzatu da egoera, emakume langilearentzat jasangaitza izan den arte, eta dagokion salaketa jarri arte. Transportes Barreirako zuzendaritza konplize bilakatu da egoera honetan, ez baitu ezer egin egoerari amaiera ipintzeko; langilea babesteko, erantzukizunak egokitzeko eta halako zerbait berriro gerta ez dadin neurriak jartzeko, alegia. Gainera, enpresak emakume langilearen datu pertsonalak jazartzaileen esku uzteko bidea erraztu du, eta, modu horretan, jazarpenak iraun dezan lagundu du.

 

 

 

Enpleguaren babesaren alde egingo dugu, H&Mko Max Centerreko dendaren itxieraren aurrean, negoziaketa eremua hemen mantentzea exijituz

0

H&Mko enpresa komitetik grebara deitu dugu larunbata guztietarako modu mugagabean, H&Mko Bizkaiko denda guztietan (Max Center, Artea, Ballonti, Zubiarte). Lehenengo greba eguna joan den larunbatean izan da, eta langileek erabateko erantzuna eman diote.

Lau dendak itxi dira, eta, ondorioz, 150 langile inguruk egin dute bat grebarekin, Bizkaiko H&Mko langileen %100ek. Grebak, oihalgintzako multinazional honek hartutako erabakiari aurre eginez, Barakaldoko Max Center merkatalgunean duen dendaren itxiera asmoei erantzuten dio. Gogoratu dezagun pasa den ekainean, oihalgintzako mundu mailako bigarren enpresa den multinazional honek Bilboko Plaza Eliptikoan zuen denda itxi zuela. Une hartan ere langileen batasuna eta elkartasuna erakutsi zuten, eta, mobilizazio eta borrokaren ondorioz, derrigortutako kaleratzerik ez egotea lortu zen.

Borrokak aurrera dirau, Estatu mailako EEEa inposatu digute eta egin nahi dituzten lekualdatze eta kaleratzeak bidezkoak ez direla deritzogu. Beraz, langile guztiei Bizkaiko dendetan enplegua bermatu arte larunbata guztietan greban jarraitzeko asmoa dugu. Langile guztiek argi ikusi dute, oraingoan beraien denda kaltetua egon ez arren, denak borroka berdinean eta "poltsa" berdinean daudela argi ikusi dute, eta, horren aurrean, ez dute etsiko H&Mek Euskal Herrian dituen dendetan lanpostuen amortizazioa eta kaleratzeak suposatzen dituen edozein neurriren aurrean.

H&Mek milioietako mozkinak ditu, eta, Euskal Herrian zentroak izan nahi badituzte, LABek argi utzi nahi die negoziaketa eremuak hemen mantentzea exijitzen dugula, hemengo lan baldintzak errespetatu behar dituztela eta enpleguaren blindaje borroka egingo dugula.

 

 

 

Lantegi Batuak-eko enpresa-batzordeak greba eta manifestazioak egingo ditu hitzarmen duinaren alde

Joan den larunbatean, Lantegi Batuak-eko langileek asanblada egin zuten Barakaldoko BECen hitzarmen duina eskatzeko egin beharreko mobilizazioen egutegia eztabaidatzeko.

Hauxe da enpresa batzordearen oharra (LAB, ELA, CCOO, UGT): 

Azken hitzarmena 2017ko abenduaren 31an amaitu zen eta 13 hilabete daramatza enpresa-batzordeak berria negoziatu nahian.

Aurrekariak honakoak dira: 2012 eta 2014 artean, soldata izoztuta eta 2015 eta 2017 artean, urtean %1eko soldata igoerak.

Enpresaren azken eskaintza, urriaren 2018koa, honakoa da: %1,17ko igoera gutxien kobratzen duten kategorientzat (15.645,74 euro edo gutxiago) eta %0,75eko igoera besteentzat, hitzarmena indarrean egongo den urte bakoitzerako (2018-2020) eta oso aurrerapen txikiak eskubide sozialetan. Igoerak handiagoak izan daitezke emaitzen arabera. Guk es dugu filosofia honekin bat egiten, Lantegi Batuak-eko langileok ez dugulako enpresaren erabaki estrategikoetan esku-hartzeko gaitasunik.

Guri guztiz askieza eta zekena iruditzen zaigu enpresaren eskaintza.

Abenduaren 20an greba eguna egin genuen, eta aurretik bi manifestazio Bilbon eta bestelako ekimen batzuk. Enpresa-batzordetik beste proposamen bat egitera gonbidatu genuen zuzendaritza, baina honek uko egin dio mahai negoziatzailean gatazka hau konpontzeko aukerari.

Ondorioz, Lantegi Batuak-eko zuzendaritzaren immobilismoa eta itxikeriaren aurrean, langileen asanbladak mobilizazioak egitea erabaki du.

Otsailean, manifestazioak egingo ditugu Bilbo datorren otsailaren 2an eta 16an eta hiru greba egun ere deituko ditugu, 25, 26 eta 27an.

Martxoan ere manifestazioak egingo ditugu, larunbatetan, 2an, 16an eta 30ean eta hiru greba egun ere bai, martxoaren 20, 21 eta 22an.
 

 

 

Nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan ez dutela parte hartu behar iritzi du Beasaingo CAFeko enpresa batzordeak

0
Jerusalemgo tranbia-linea berria eraikitzeko lizitazio-prozesuan sartuta dago CAF. Hori egiteko, Jerusalemek Palestinako lurrak desjabetuko ditu lurraldeak legez kontrako kolonia horietarako jarraipena izatea bermatuz.

Hauxe da Beasaingo CAFeko enpresa batzordearen oharra:

Israelgo gobernuak Jerusalemerako planteatu duen tranbia proiektuak nazioartean polemika handia piztu du. Proiektua legez kontrakoa da; bai trazatuagatik, bai diskriminatzailea delako, Palestinako “kolonoek” modu esklusiboan erabiltzeko izango baita.

Gure ustez, munduko edozein hiritako eta, noski, Jerusalmengo edozein tranbia proiektuk nazioarteko legezkotasuna eta giza eskubideak errespetatu beharko lituzke. NBEko segurtasun-batzordeak, osoko bilkurak zein Nazioarteko Justizia Gorteak, ebazpen ugariren bidez, aipatutako tranbia horrek zeharkatuko dituen lurraldeak okupatzearen aurka daudela adierazi izan dute.

Gure ustez, Jerusalemen egindako edozein tranbia-proiektuk palestinar herriko legezko ordezkarien babesa jaso beharko luke, nazioarteko legezkotasunaren arabera. Kasu honetan, bistakoa da Palestinako herriak erabat baztertu duela proiektua. Ez dugu ulertzen nazioarteko legezkotasunaren, etikaren eta elkartasunaren aurkako lanak zer alderdi positibo eskain diezaiokeen CAFi. Izan ere, lan horiek egiteak Euskal Herrian zein mundu osoan gaitzespen sozial handia eragingo luke.

Gorabehera horiek guztiak kontuan hartuta, zuzendaritzari eskatu diogu aipatutako lizitazioari uko egiteko.