2026-01-27
Blog Page 678

EHUko Ikertzaileei ere azken urteetako soldata igoerak aplikatu behar zaizkie

0

Idatzi bat erregistratu dugu Eusko Jaurlaritzan, eta aipatutako ikertzaileak langile publikoak direla nabarmendu dugu, EHUrekin kontratu bat dutelako.

Hauxe dira Eusko Jaurlaritzan erregistratutako eskaeraren ildo nagusiak:

Egun hauetan eztabaidatzen ari den langile publikoen 2019ko soldata-igoera arautuko duen lege proiektuaren harira, UPV/EHUko LAB sindikatuak ondorengoa adierazi nahi die Eusko Jaurlaritzari eta UPV/EHUri:

• 2016tik 2018ra arte langile publikoei egin zaien soldata igoera ez zaio UPV/EHUn lan egiten duen ikertzaile kolektibo handi bati aplikatu, (2016ko %1a, 2017ko %1a eta 2018ko %1,75a).
• 2019an %2,25eko igoera planteatzen da lege proiektu berri honetan.
• Aipatutako ikertzaileak langile publikoak dira, UPV/EHUrekin kontratu bat dutelako.
• UPV/EHUren arabera, 41/2008 dekretuan dago arazoa, ordainsariak laguntza-programa bakoitzean zehaztuko direla esaten duelako eta programa horietan soldatak ez direlako behar bezala eguneratu. Hala ere, dekretu hau, ikertzaileei dagokienez, aspaldi dago zaharkituta, estatuko 14/2011 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Legea onartu zenetik, hain zuzen ere.

Hau guztia kontuan hartuta UPV/EHUko LAB sindikatuak ondorengoa exijitzen du:

• Azken urteetan langile publikoei aplikatu zaien soldata igoera (2016ko %1a; 2017ko %1a; 2018ko %1,75a eta 2019ko %2,25a), hau da %6,13 metatua, aipatu ikertzaileen soldatei ere aplikatzea.
• Igoera hori atzera eraginkortasunez ordaintzea.
• Horretarako 41/2008 dekretuan doikuntzak egin behar badira atal hau eta zaharkituta
dauden gainerako atalak konpontzeko, egin daitezela.
• Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzak beharrezko finantzazioa esleitu behar du.

LABek bere irmotasun guztia adierazten du eskubide hau lortzearen alde.

 

 

 

Patronalen arteko desadostasunek Gipuzkoako grafikagintzako negoziazio mahaia eratzea eragotzi dute

0
Urteak aurrera doazen arren, arazoek bere horretan jarraitzen dute. Gaur, urtarrilaren 31an, Gipuzkoako Grafikagintzako negoziazio mahaia eratzeko bilera egin da Lan Harremanetarako Kontseiluan(LHK).Duela 3 urte bezalaxe, ordezkaritzagatik duten ADEGI eta GAREN enpresarien elkarteen arteko desadostasunek negoziazio mahaia gaur osatzea eragotzi dute.

LABek patronalei erantzukizunez eta gardentasunez aritzea exijitzen die sektoreko hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziazioak oztopatu ez daitezen.

Sindikatuoi dagokigunez, ondoko ordezkaritza maila ezarri da: LAB %54,55, ELA %40,91 eta UGT %4,54.

Hurrengo bilera otsailaren 18an izango da.
 

 

 

Gaixo dauden presoen askatasuna exijitzeko manifestaziora deitu du Sarek, larunbaterako, Gasteizen

Oier Gomez preso ohiaren heriotza ere salatuko du Gasteizen, 17:00etan, Iparralde Gizarte Etxetik abiatuta.

Sarek agerraldia egin du larunbateko manifestazioaren berri emateko. "Berehalako askatasuna" exijitu du gaixo dauden presoentzat, beharrezkoa duten zaintza jasotzeko eskubidea dutelako. Zentzu honetan, Oier Gomez gogoan izan dute eta minbiziak jota zendu den preso ohiarentzat kartzelan egotea "heriotz zigorra" izan dela salatu dute.
 

 

 

Sindikatuko Heldu eta Pentsionisten Arloarentzat onartezina da Eusko Jaurlaritzak pentsiodunentzako DSBEn murrizketei eustea

2008n onartutako legea ezartzea exijitzen du, egun 900 eurotan dagoen Lanbidearteko Gutxieneko Soldata hartzen zuena erreferentzia moduan.

Atzo Eusko Jaurlaritzak hainbat lege proiektu onartu zituen, orain parlamentuan tramitatu beharrekoak. Hauen inguruan txosten juridikoa eskatu da, ia banan-banan lan daitezkeen edo EAH eta PSEk nahi duten moduan, denak batera eta emendakinik gabe. DSBEri dagokionez berau igotzea proposatzen dute. Bere edozein modalitatetan %3,5 igotzea eta berau jasotzen duten pentsiodunen kasuan %4,5.

Pentsiodunentzako DSBEaren igoerak Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) %100ekoa izan beharko luke 2008an onartutako Legearen arabera. Gobernuak ez du horrelakorik egin eta murrizketa onartezinak ezarri dizkie gehien sufritzen ari diren pentsiodunei.

Egun, 245.340 pentsiodun dago EAEn LGSren 900 euro baino gutxiago kobratzen duena eta hortaz, laguntza jaso ahalko lukete. Hauetariko askori, Legearen araudia betetzen ez dutenei, 135 euro kenduko dizkiete hilean. Eta hori guztia kontutan hartu gabe LGS 14 pagatan ordaintzen dela eta DSBE 12tan soilik. LGS 12tan ezarriko balitz esan nahiko luke DSBEren osagarria 1.050 eurotaraino helduko litzatekeela.

EAJ eta PSEn apustua beharrizan gorrienean daudenei eta pentsiodunei murrizketak betikotzea izan da. Eta larriagoa dena, murrizketa berriak ezartzea, azaldu dugun bezala eta 2019an LGS 900 eurotakoa izanik, kopuru honek izan beharko luke pentsionistentzako DSBEn erreferentzia bezala izan beharreko kopurua.

Gainera, Urkullu, Erkoreka eta Azpiazuren Gobernuak igoera horiek positibotzat saldu nahi dizkigu, pentsionista behartsuenei murrizketak betierekotu eta zabaltzea dakartenek. Nabarmena da EAJ eta PSEri euren bidezko aldarrikapenekin Euskal Herriko kaleetara astelehenero ateratzen diren pentsionista horiek ez dietela axola eta komunikabideetan esango dutenaren kontrara, badakite bereziki emakume pentsionistak direla kaltetuenak, pentsio baxuenak jasotzen dituztenak.

Ezin dute izkutatu emakume pentsiodunen %56,06, 159.704 pentsiodunek, 900 euro baino gutxiagoko pentsioak jasotzen dituztela. Honek suposatzen du EAJ eta PSOEren zigorra emakumeei zuzenduta dagoela bereziki. Onartezina.

LABen Heldu eta Pentsionisten Arlotik Gasteizko Gobernuari eta EAJ eta PSE alderdiei exijitzen diogu beharrizan gorrienean daudenei murrizketak ezartzeari uzteko, bereziki pentsiodunei, duintasun adibidea ematen ari direlako urtebetetik gorako borrokorarekin.

 

 

 

Arartekoak kaleratutako Osakidetzako EPEko irregulartasunei buruzko txostena bat dator sindikatuak salatutako irregulartasunekin

0
Manu Lezertua Arartekoak egindako txostenaren datuek, Osakidetzak Oviedoko Unibertsitateari enkargatu zion ikerketarekin gertatu bezala, bat egiten dute LABek egindako salaketekin eta defenditu dugun tesiarekin. Adibidez, aipaturiko txostenean hainbat kategoriatako azterketak errepikatu baino lehen epaimahaiak berritu beharko liratekeela jasotzen da; argi gelditzen da zein kategoriatan ireki behar ziren informazio-espedienteak erabakitzeko irizpide ezberdinak kontuan hartu direla kategoria bakoitzean; Osakidetzako ikerketa aurrera eraman duten pertsonen arteko koordinazio falta seinalatzen du, eta baita EPE eredu berriaren oinarriak finkatzeko eztabaida irekia martxan ipini behar dela ere.

Hau dela eta, Osakidetza eta Osasun Sailaren gardentasun eza salatu nahi dugu eta baita exijitu ere ikerketa bururaino eraman dezatela, argitu ahal izateko non egin ziren filtrazioak eta nork egin zituen. Bestaldetik, martxan ipini behar den EPE sistema berria adosteko negoziazioa irekitzea funtsezkoa jotzen dugu. Baina argi utzi nahi dugu ez dela ezer lortuko EPE eredu berri batekin, Osakidetzak babesten jarraitzen badu filtrazioak egiten dituzten pertsonak. Zentzu honetan, argigarria da Arartekoak berak eskatzen duel epaimahaik aldatu behar direla.

Hau da, erantzukizun politikoak eskatzen ditugu, Darponen dimisioa ekarriko beharko luketenak, baina baita filtrazio hauen arduradun izan diren pertsona guztiak epaile aurrean eramatea ere. Honekin batera, Osakidetzako pertsonal politikan goitik beherako aldaketa martxan jarri behar da, zerbitzu buru eta gainontzeko ertaineko arduradunen gehiegizko botera mugatuko lukeen sistema demokratikoa ezartzeko. Azkenik, EPE ereduaren gaineko eztabaida ireki eta demokratikoa abiatu behar da, ez soilik Osakidetzan, baita beste euskal administrazioetan ere, gaur egun geratzen diren filtrazioak desagerrarazteko.

Amaitzeko, gertatzen dena publikoki salatzera ausartu diren pertsonen kontra abiaturiko “sorgin ehiza” salatu nahi dugu. Zentzu honetan, otsailaren 5ean kontzentrazioa egingo dugu, ESK sindikatuarekin batera, Debagoienako Ospitalean, Arrasaten, zentro honetan filtrazioak salatu zituzten hiru anestesistek lan egiten baitute.

 

 

 

EAEko eskola jangeletako bi kolektiboak mobilizatu dira, Eusko Jaurlaritzaren aurrean

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, gaur, eskola jantokietako bi kolektiboetako langileak bildu dira protesta egiteko; Hezkuntza Saileko sukaldariak eta catering enpresetako langileak, hain zuzen ere. Kolektibo hauetan guztira 10.000 pertsona baino gehiago ari dira lanean. Egungo eskola-jantoki ereduaren ondorioz bizi duten egoera salatu dute.

Hauxe da langileek igorritako oharra:

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko sukaldariak eta catering enpresek kontratatzen dituzten langileak gara, eta egungo eskola-jantoki ereduaren ondorioz bizi dugun egoera salatu nahi dugu, baita Hezkuntza Sailak Guraso Elkarteei eskaintzen dien alde bakarreko erabaki arduragabea ere.

LABen ustez, egungo iruzurraren jantokien eredua desagertu egin behar da. Esparru horren benetako eta egungo beharrei erantzungo dien eredu berri batean lan egin behar da, eta Eusko Jaurlaritzak zuzenean kudeatu behar ditu eskola-jangelak, behar bezala funtzionatzeko, bai giza baliabideak eta baita baliabide materialak zuzenduz.

Gogorarazi nahi dugu gaur egungo ereduak iruzur ekonomikoa egin duela, 85 milioi euro baino gehiago, eta horietatik erdia langileen lanaren kontura egin dela.

12 urtetan zehar, Eusko Jaurlaritzak kontratutako enpresek urteko 692 euro gehiago kobratu ditu pertsona eta ikasturteko.
2000. urteko Aginduan jasotzen den jangela ereduak, eskoletan sukaldeak eraikitzea alboratzen du, azpikontratazioa bultzatzen du, sukaldarien kolektiboan interinoen %63ko poltsa sortzea eragin du, enpresetako pertsonalari dagokionez, enplegu oso prekarioa da, lan hitzarmena estatalizatzearen mehatxua etengabea, lan orduak egunean oso gutxi dira, beraz, ezinezkoa dute jubilazio duinik izan,…

Hezkuntza Sailak eta gaur egun diren arduradunek, lizitazio berrien atarian, aldebakarreko erabakia hartu dute eskola jantokietan kudeaketa ez zuzena bultzatzeko, kudeaketa osoa IGEn eskutan utziz; bitartean, kolektibo bi hauetako langileentzat segurtasun falta eta kontrol eza egoera ekarriko du. Langile kolektiboak umezurtz uzten dituzte.

Uriarte Sailburuak eta bere Departamentuko kideek langileak bahitu gaituzte familiei xantaia egiteko. Jarrera hau arduragabea eta onartezina da.

LABen, orain bi urte jangelen inguruko proposamen integrala jorratu dugu, hurrengoa jasotzen duena:

– Elikagaiak bertokoak, sasoikoak eta ekologikoak
– Sukaldeak in situ
– Jangelak gune hezitzaileak
– Lan baldintzak: azpikontratatutako pertsonala benetako errebertsio izatea, formazioa, euskalduntzea, lanpostuak, ratioak, jardunak,….

Proposamen hau Jangeletako Batzordean aurkeztu zen, Sailaren aldetik gutxietsia izanik, eta, era berean, gutxietsiak izan gara langileak, gure lanpostuak eta lan baldintzak mantentzearen kontra egindako mehatxuekin.

Orain, lizitazio berriaren atarian gaudenean, hau da Hezkuntza Sailak eta bere arduradunek (Olatz Garamendi, Polentzi Urkijo, Amaia Jauregiberri) jartzen diguten eredua, honek dituen ondorioekin.

Lizitazio baldintza berrien aurrean, LAB adi egongo da, eta Legeak markatzen dituen atal guztiak betetzeko bermea exijituko dugu.

LABek, jangeletako langileen kolektibo bietan gehiengo sindikala izanik, Uriarte sailburuari dei egiten dio, hartutako erabakia atzera botatzeko eta hezkuntza komunitateak eskatutakoari kasu egiteko. Hori egiteko behar diren tresnak jarri behar dituzte. Erantzunik izan ezean, beste neurriak hartzera behartuko gaitu.

 

 

 

Hezkuntzako zaintzaileek Nafarroako Jauregiaren aurrean egin dute protesta

Nafarroako Nukleoko Langile Batzordeak deituta, Hezkuntzako zaintzaileak Nafarroako Jauregiaren ateetan elkarretaratu dira 2109/2012 Ebazpena bertan behera utz dezaten eskatzeko eta lan baldintza duinak aldarrikatzeko.

Hauxe da, gaurko elkarretaratzea dela eta, egin duten oharra:

Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren baitako zaintzaileen lan baldintzak hobe ditzaten eskatzeko batzartu da, gaur hemen, Administrazio Nukleoko Langileon Batzordea. Bereziki eskatu nahi dugu zaintzaileon ordutegia arautzen duen 2109/2012 Ebazpena indargabetzea; izan ere, ebazpen horrek ahalbidetzen baitu zaintzaileok gaur egun lanaldi maratonianoak egitea: batzuetan 9 orduko lanegunak egiten ditugu eta astean 43,5 ordu ere pilatu izan ditugu. Araudi horren ondorioz, langileen % 80 behin-behinekoa da eta, gainera, horietatik gehienek lanaldi partzialak dituzte, nahiz eta lanaldi osoa izateko behar adina ordu bete eta gaindituak izan.

Egoera honen aurrean, negoziazio Mahai Sektoriala lehenbailehen elkartu eta arazoari aurre egiteko lanean has dadila eskatzen dugu, zerbitzu hau eskaintzen dugun langileon ordutegia egoki arautzeko. Ebazpen hori indargabetzeko eskaria behin eta berriz egin diogu Gobernuari. Biltzeko eskaria luzatu diegu bai Giza Baliabide Zerbitzuburuari, Francisco Javier Iglesiasi, bai eta Hezkuntza Kontseilaria den Maria Solanari ere, baina ez batak ez besteak ez gaituzte hartu. Alabaina, denborak aurrera darrai eta legegintzaldia amaierara iristear da. Eta oraindik orain, ez dute Ebazpena ndargabetu!

 

 

 

Hezkuntza komunitatearekin elkarlana sustatu nahi dugu, Gasteizen dagoen eskola-segregazioari aurre egiteko

0


Agerraldi bat egin dugu Gasteizen, hirian dagoen eskola-segregazioari aurre egiteko LABen proposamena aurkezteko, hezkuntza komunitateari zuzendutakoa.  


Azken urtean, gaur egungo hezkuntza sistemari buruzko hausnarketa sakona egiten ibili gara LABen baitan. Hausnarketa horren ondorioz, hainbat arazo eta gabeziari konponbidea emateko beharra ikusten dugu.

Gure ortzimuga estrategikoa, eskola publiko komunitarioa sortzea da. Komunitarioa hezkuntza komunitatearen, auzoaren eta inguruaren parte hartzearekin funtzionatu behar duelako, komunitate horren isla izan behar duelako. Herri, genero nahiz klase ikuspegitik hezkuntza eredu burujabea eta askatzailea nahi dugu, murgiltze eredua, Euskal Curriculuma, hezkidetza, parte hartzea, gardentasuna, laikotasuna, doakotasuna eta aniztasuna izan behar dira hezkuntza ereduaren ezaugarriak. Horretarako, hezkuntza komunitatearekin elkarlana sustatu nahi dugu.

Ortzimuga estrategiko bat dugu LABen, baina horrera heltzeko, ezinbestekoa da baldintzak gaurdanik sortzen hastea. Eta beharrezkoa den tokietatik hasi behar gara. Horixe da Gasteizko kasua, non eskola segregazioaren egoera gero eta larriagoa den.

Hezkuntza komunitatearen zatiketa ekiditearen aldeko jarrera azaltzen dugu, benetako irtenbide praktikoak bilatzea zailtzen duelako gure ustez. Horregatik, datozen asteetan, hezkuntza komunitate osoarekin partekatuko dugu gure proposamena, ekarpenak jaso ahal izateko eta egoera konpontzeko behar diren aliantzak bilatu ahal izateko.

 

 

 

Legasako plantako Arcelorreko langileek bigarren greba eguna egin dute, lankide baten berronartzea exijitzeko

0

Ostiralean, otsailaren 1ean, hirugarren greba eguna egingo dute, beti ere lankidearen kaleratze bidegabea salatzeko. Hain zuzen ere, aipatutako langilea kaleratua izan zen proba tartea gainditu ez zuela argudiatuta, aurretik lantegian bost urtez lan egin bazuen ere.