2026-02-09
Blog Page 656

Triman Mineralseko zuzendaritza errudun jo dezatela eskatu dugu, konkurtso-administrazioak galdegin duen bezalaxe

0

LAB sindikatuak jakinarazi nahi du Triman Minerals SAU enpresaren 45 kontratu iraungi dituztela (horietako 32 Nafarroan), iraungitze hori 2019ko martxoaren 11n gertatu zela enplegua erregulatzeko espediente baten bidez, eta hiru egun geroago konkurtso-administrazioak eskatu ziola merkataritza arloko epaitegiari enpresako zuzendaritza errudun jo dezan.

Kontratuen iraungitzearekin amaiera eman zaio urte bat baino gehiago iraun duen egoera bati, non familiek ez duten inolako diru-sarrerarik izan. Triman Minerals S.A.U.ren langileak honezkero langabezian daude, eta zain daude Soldata Bermatzeko Funtsaren bidez zor zaien soldata eta kalte-ordainen zati bat kobratzeko.

TRIMAN MINERALSeko langileek eta LAB sindikatuak behin eta berriz salatu dugu TRIMAN MINERALS S.A.U., SAHER 2000 SL eta MONCAYO REAL ESTATE SLU enpresa egitura osatzen dutela, enpresa egitura ilun horren xede bakarra dela Jose Luis San Segundo Perez eta haren semeek egin duten kudeaketan haien ardurak saihestea.

Nafarroako Parlamentuan egin genuen lan saioan esan genuen bezala eta errekurtso guztietan aipatu izan dugunez, 2016. urtean egin zen iruzurra operazio batean. Aipatzen ari garen operazioa SAHER 2000 SLk TRIMAN MINERALS SAUri eman zion maileguaren kitapena izan zen. 2016 urtean, kontu-ikuskapenak egindako txostenean honi buruzko salbuespena jasotzen zen.

Bada, dirudienez, Altsasuko zein Iruñeko lantokietan diharduten langileek alegazioak eta helegiteak aurkeztu ondoren, konkurtso-administrazioa argitzen hasia da zer gertatu zen Triman Minerals SAUrekin.

Martxoak 14 zituenean, eskuragarri izan dugun konkurtsoa sailkatzeko azpimarra daitezkeen gertakariei buruzko txosten arrazoituaren eta dokumentatuaren arabera, konkurtso-administrazioak eskatu zion Iruñeko merkataritza-arloko lehen epaitegiari TRIMAN MINERALS SAUren 212/2018 konkurtsoa kulpaduntzat jo zezala. Aipatu txostenean zehazten dira aspaldi salatzen ari garen irregulartasunak.

Txosten horrek eskatzen du:

1. TRIMAN MINERALS S.A.U.ren konkurtsoaren erruduntasuna aitor dadila.

2. Aipatu adierazpenak eragindako pertsonak har daitezela:
• JOSE LUIS SAN SEGUNDO PEREZ
• JAVIER SAN SEGUNDO ARBELOA
• CESAR SAN SEGUNDO ARBELOA
Gaizkidea:
• SAHER 2000 S.L.

3. Konkurtso hartzekodunak direnez, eragindako pertsona hauei onartzen zaizkien eskubideak gal ditzatela.

4. Pertsona fisiko edo juridiko horiek itzul diezaiotela masari 923.838,8 €tako kopurua.

5. Pertsona fisiko edo juridiko horiek bi urtez ezgaitu ditzatela besteren ondasunak administratzeko, nahiz beste pertsonei administratzeko edota ordezkatzeko.

6. Kostuak ordaindu.

Horregatik LABek iritzi publikoari adierazi nahi dio kontratuak iraungitzeko enplegua erregulatzeko espedientea akordiorik lotu gabe itxi zela, eta hurrengo egunotan lan kontratuak iraungitzearen aurka beharrezkoak gerta daitezkeen demandak aurkeztuko dituela.

Oraindik diogu TRIMAN MINERALS SAUn gertatua langileei, eta oro har, Nafarroako gizarteari egiten zaien iruzurra dela -gogora dezagun SODENAk egin zuen milioi eta erdiko inbertsioa-. Oraindik diogu TRIMAN MINERALS SAUk, SAHER 2000 SLk eta MONCAYO REAL ESTATE SLUk enpresen sarea osatzen dutenez, bere langileekiko eta Nafarroako gizartearekiko duten ardura bere egin behar dutela.

Pozten gaitu konkurtso-administrazioak adierazi duen erruduntasun eskaera egin izanak; uste dugu norabide egokian eginiko urrats batez ari garela. Litekeena da Altsasuko lantokiak ez dituela berriro ateak zabalduko, baina enpresaren zuzendaritzaren partaidetzarik gabe, zorraren ordainketa nahiz bestelako edozein aukerari ekiteko, askoz errazagoa gertatuko zaigula.

Onartu dezakegun bakarra, eta halaxe gerta dadila espero dugu, Iruñeko merkataritza-arloko lehen epaitegiak kulpaduntzat jo ditzala lehen aipatu pertsona fisikoak nahiz juridikoak. LAB sindikatuak agintzen du borrokari eutsiko diola langileei zor zaiena kita zakizkien, San Segundo klana zigor dezaten egin duenagatik, eta Altsasuko lantokiak inbertitzailea izan dezan eta eskualdean lanpostuak sor ditzan.

 

 

 

Osakidetzako Lehen Arretako langileei dei egin diegu apirilak 12 eta maiatzak 17rako deitutako grebekin bat egin dezaten

0

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok, Lehen Arreta Arnasberritzen plataformarekin batera, apirilak 12an eta maiatzak 17an deitutako grebak erregistratu ditugu gaur.

Osakidetzako Lehen Arretak bizi duen egoera oso larria da. Azkeneko urtetan, behin eta berriz salatu dugu Lehen Arreta eraisteko apustu bat dagoela. Horren adibide garbia dira 2007tik Osakidetzak emandako pausuak.

Osasungintza publikoaren eraispena eta Osakidetzak bizi duen egoera larria, gure agintarien murrizketa politiken ondorio zuzena dira: lanpostuen suntsiketa, plantilla gero eta txikiagoak, behin-behinekotasun tasen igoera; zerbitzuen pribatizazioa; bajak eta absentziak ez dira ordezkatzen; hutsik dauden lanpostuak ez dira betetzen; iruzurra behin-behineko kontratazioan; lan kargak gero eta handiagoak; erosahalmenaren galera; gaixotasun bajen zigorra; etab. luze bat. Zuzeneko murrizketak aipatu behar ditugu ere, Garapen Profesionalean egindakoa adibide argia delarik.

Lehen Arretari dagokionez, orain arte azaldutakoari, bi arazo gehitu behar zaizkio, salatu izan ditugunak: alde batetik, ESIetako estruktura berriak horretan sakontzen duela; eta bestetik, Lehen Arretako medikuen eskasia. Azken kasu honetan, eskasia horri, Osakidetzak eskaintzen dien eta eskaini dizkien lan baldintza prekarioak gehitu behar zaizkio. Honen ondorio zuzena izan da mediku askok lan aukerak bilatu izan dituztela Osakidetzatik kanpo.

Zoritxarrez, salatu eta aurreikusi genuen egoera, heldu egin da eta hori dela eta, Lehen Arreta oso egoera larrian dago. Horrek eragin zuzena dauka langileen lan baldintzen gain, baina baita gaixoei eskaintzen zaien arreta kalitatearen gain. Arazoak asko dira eta sakonak gainera, oinarrizkoak, honakoak direlarik:

– Lan kargak onartezinak dira: kategoria guztietako langileek diote lan kargak jasanezinak direla eta datuek ere, hala adierazten dute. Medikuek eta erizainek gaixoei ematen dieten arreta, gehienez, 10 minututakoa da, horrek suposatzen duenarekin arretaren ikuspuntutik. Gauza berdina gertatzen da erizain laguntzaileekin. Medikuek, batezbeste, 35 gaixoei ematen diete arreta egunean (garai batzuetan kopurua 45era heltzen da), eta administrari laguntzaileek 100 erabiltzaileei. Kasu guztietan, arreta horri gehitu behar zaizkio egin beharreko beste lan batzuk, arreta zuzena emateaz gain.

– Absentziak ez dira ordezkatzen: absentziak daudenean, langileak ez ordezkatzeko politika bat dago, bereziki medikuak eta erizainak. Hori dela eta, lanean daudenek, lanean ez dagoen horren lana beraien gain hartu behar dute. Egoera hau ohikoa da eta sistematikoki errepikatzen da.

– Arreta jasotzeko itxaronaldiak gero eta handiagoak dira: gaixoek, batezbeste, 4 egun itxaron behar dute arreta jasotzeko eta epe hori dezente luzatzen da dagozkien medikua edo erizaina lanean ez daudenean. Horrez gain, ohikoa da gaixoari arreta ematea berea ez den medikuak edo erizainak.

– Langileek, bereak ez diren lanak egin behar dituzte: egoera azaldutakoa izanda, Osakidetzak arreta partxeak jartzeko apustu argia egin du. Horrela, profesionalen arteko funtzio trukaketa bat jarri du martxan. Apustua da gastua jeistea eta horretarako, osasun zentruetako plantillak behar baino txikiagoak dira eta kategoria batzuk ezabatu nahi dira, horretarako, langileak, beraien kategoriakoak ez diren funtzioak bete behar dituzte.

– Inbertsio falta dago Osasungintzan: Euskal Autonomi Erkidegoan, barne produktu gordinetik osasungintzan egiten den inbertsioa, OCDekoa baino 1.200 miloi euro txikiagoa da. Eta egiten den inbertsio horretatik, gehiena ospitaleko arretara bideratzen da.

Egoera hori izanda, Osakidetzak benetako arazoak konpontzeko borondate eza agertu du, kontutan hartu gabe Lehen Arretan egin beharreko lana, talde lana dela eta ondorioz, kategoria guztien arazoak jorratu eta konpondu behar direla.

2007tik hona, egoera gero eta okerragoa bihurtzen joan da eta hasieratik agerian geratu da Osakidetzak ez duela izan eta ez daukala egoera honi konponbide bat emateko borondaterik. Osakidetzako Mahai Sektorialean ez dago eta ez da egon egoera honi buelta emateko edukirik.

Premiazkoa da Lehen Arretako eredua errebisatzea; diru partidak hunditzea aurrekontuetan; giza balidabide nahikoz hornitzea, kategoria guztietan; plantillak egonkortzea; murrizketak eta erosahalmen galera leheneratzea; guztientzako formazioa bermatzea; lan kargak arrazionalizatzea; arreta kalitatea bermatzea; lan baldintzak hobetzea; abusuzko behin-behineko kontratazioarekin amaitzea; etabar luze bat, erreibindikazio plataforma batean jaso izan duguna eta hurrengo egunetan, Osakidetzari helaraziko dioguna.

Egoera honen aurrean, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESKk greba deitu dugu apirilaren 12rako eta maiatzaren 17rako, eta Lehen Arreta Plataformarekin batera, Osakidetzako Lehen Arretako langileak deitzen ditugu, grebak jarraitu ditzatzen eta mobilizatu daitezen.

Era beran, apirilaren 12an, goizeko 12tan, Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitzen ditugu.

Langiletaz aparte, biztanleria deitzen dugu mobilizazioetan parte hartu dezan, osasungintza publikoa eta Lehen Arreta aldarrikatu eta defendatzeko.

Egoera honi buelta emateko aukera bakarra mobilizazioa da. Osakidetzak bizi duen egoera larriak, berehalako ekintza sendoak eskatzen ditu. Mobilizazioa beharrezkoa da egoera hau aldatzeko, horretarako tresna erabilgarri eta eraginkor bakarra den heinean.

 

 

 

Altsasuko kaleak betetzera deitzen dugu, tren sozialaren alde eta AHTren kontra

0

Beste eragile sozial eta sindikal anitzekin batera, larunbat honetan, 18:00etan, Altsasun manifestaziorako deialdia egin dugu, “Tren soziala bai. AHT gelditu. Respetad la voluntad popular” lemapean. Izan ere, azpiegitura honek kalte ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak baino ez dizkie ekarriko Sakanako herritarrei, eta, oro har, nafar guztiei. Tunelez, zubibidez eta aldapez beteko dute eskualdea, eta lurraldea goitik behera zatituko dute, herritarrei, onurak baino, kalteak bakarrik eraginez.

AHTaren oposizioan hamarkadetan parte hartu du LAB sindikatuak, orain ere, horrelako azpiegitura erraldoi batean diru publikoa gastatzeak hain beharrezko ditugun zerbitzu publikoetan inbertitzeko modurik ez duelako uzten. Nafarroan, Sakanan, Trenaren Alde AHTrik ez plataformako kideak gara. Hurbileko trenean inbertitu behar dela deritzogu, langileok eta ikasleek ikastera eta lanera joan-etorriak egiteko erabiltzen duguna berori delako, eta berau hobetzeko, ikerketa osatzea eskatzen dugu, ondoren herritarroi galdeketa eginez herritarren iritzia ezagutu eta inposaketen aurrean, errespetatzeko.

AHTak ez dizkie langile eta ikasleei garraio arazoak konponduko, eta, gainera, AHTa guztion dirutik ordaindu beharko dugu. Tren sozialean inbertitzea exijitzen dugu LAB sindikatutik, langile, ikasle eta herritar guztien mugitzeko eskubidearen alde. Bihar Altsasuko kaleak bete behar ditugu, eta laster gai honen inguruan erabaki egin behar dugu inposaketei aurre eginez.
 

 

 

Iberdrolaren akziodunen batzarraren aurrean mobilizatu gara

Euskal Herriak Kapitalari Planto! dinamika osatzen dugun eragileok elkarretaratzea egin dugu Bilboko Euskaldunaren aurrean, Iberdrolaren akziodunen batzarra dela eta, “Zuen aberastasuna gure miseria!” lelaorekin. BBVAren akziodunen batzarrean ere mobilizatu ginen duela bi aste, dinamikaren baitan.
 

 

 

Kurdistanekiko Elkartasun Komiteak manifestaziora deitu du iganderako, Bilbon

0

Euskal Herriko Kurdistanekiko Elkartasun Komiteak, beste hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera, LAB barne, igandean, 13:00etan, Bilboko udaletxetik abiatuko den manifestaziora deitu du, Kurdistango gose grebalariekiko elkartasuna adierazteko eta Abdullah Öcalanek pairatzen duen isolamendu egoera salatzeko.

Pasa den urteko azaroan, Leyla Güven preso politikoak eta HDP ezkerreko koalizioko kideak gose greba hasi zuen PKK-ko sortzaile den Abdullah Öcalanek pairatzen duen isolamendua salatzeko, zeinak 20 urte daraman Imraliko irla-kartzelean preso.

100 egun baino gehiagoko gose grebaren ondoren, Leyla Gúven ez da bere osasuna arriskuan jarri duen bakarra, eta ehundaka preso politikok eta Estrasburgotik Britainia Handiraino hainbat aktibistek ere neurri hau babestu egin dute.

Muturreko protesta honen egoerarik latzenak Turkiako kartzela ezberdinetan emaniko 4 inmolazioak izan dira; Ayten Beçet, Zehra Saglem, Zulguf Gezen eta Medya Çinar-ek bere buruaz beste egin dute kartzelan.

Momentu honetan, berriro ere, Europa giza eskubideen urraketa larri hauen aurrean isilik dago, eta Torturaren Prebentziorako Komiteak egoerari aurre egin gabe jarraitzen du.

Egoera honen aurrean, Euskal Herriko Kurdistanekiko Elkartasun Komiteak, eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera, gure elkartasuna adierazteko eta beharrezkoak diren neurriak har daitezen exijitzeko kalera irteteko beharra ikusten dugu.

Manifestazioaren ondoren, Euskal Herriko Kurdistanekiko Elkartasun Komitea ordezkatzen duten pertsonek prentsari adierazpenak egingo dizkiote.

 

 

 

Bertan behera utzi dugu DIA supermerkatuetako greba

0

EEEari aurre egiteko grebak arrakastatsuak izan dira, bai lehen egunak bai mugagabea, negoziazioa baldintzatzeko helburuarekin deitu genituenak.

LABetik, lortu dugula uste dugu, negoziazioetan ikusgarritasuna izanda. Enpresa presionatu dugu, hemen negoziatu nahi genuen eta hau eman ez bada ere argi dago gure mobilizazioek izan dutela eragina, baina garrantzisuena da langileek ez duitela etsi eta kolektibo moduan borrokan egin dutela guztion lanpostuagatik.

Helburu hori zuen greba mugagabeak eta kontsulta aldiaren amaierak beste egoera batera joatera behartzen gaitu eta horrela, LABek bertan behera uzten du pasa den martxoaren 11n ELArekin batera deitu zuen greba mugagabea.
Adi egongo gara prozesua eta konprometitutako denden aurrean, eta aholkularitza ere emango diegu kaleratze- gutunak jasoko dituzten langileei, iragarritako “subrogazioak” ez duelako ezer argi uzten.

Ez inork ez ezerk ez dute ekarriko konfrontazioari uko egiterik, baldintza duinen alde borrokan jarraituko dugun enpresan, eta orain, inoiz baino esanahi sakonagoa hartzen du “osasun gehiago, enplegu gehiago” lemarekin egindako borrokak.

Adi jarraituko dugu, bestelako mobilizazioei aterik itxi gabe.
 

 

 

EAEko neoliberalek ez diote langileon prekarietateari aurre egin nahi

EAJ, PSE eta PPk EAEn 1.200 eurotako gutxieneko soldata ezartzearen kontra agertu dira Legebiltzarrean.

Gaur Gasteizko Legebiltzarrean EHBilduren ekimenez, EAEn gutxienezko soldata 1200 eurotan ezartzeko proposamena eztabaidatu da. Zehazki, proposamen horrek planteatzen zuen:

– EAEn beharrezkoa dela 1.200 eurotako gutxieneneko soldata.

– Gizarte eragileei plazaratzea helburu hori lortzeko Akordio Interprofesional baten beharra.

– Jaurlaritzari 1.200 eurotako gutxienezko soldata ezarriko lukeen Akordio Interprofesional bat lortzeko jarrera proaktiboa izatea.

– Erakundeak publikoki interpelatzea, kontratazio publikoan 1.200 eurotako gutxienezko soldata ezartzeko neurriak hartzera.

Langileok azken urteetan jasan dugun murrizketa, blokeo eta eraso guztiei aurre egiteko beharrezkoa dugu erakunde eta botere politikotik gure aldeko politikak martxan jartzea eta neurri zehatzak hartzea, eta bide horretan baloratzen dugu EH Bilduk Legebiltzarrera eramandako proposamena. LABek askotan eskatu du 1200 eurotako gutxienezko soldata ezartzearen beharra, baita aldarrikapen hori Lege Biltzarrera eraman, langileak pairatzen ari garen prekarietate egoerari aurre egiteko.

EAJk, PSEk eta PPk kontra bozkatu dute, eta beste behin herri honen gehiengoa garen langileei lepoa eman digute, eta patronalarekin lerrokatzea eta hauen interesak defendatzea erabaki dute.

EAJ alderdiak, beste behin ere, azken bi lan erreformak inposatu zituzten alderdiekin bat egin du politika neoliberalak aplikatzen jarraitu ahal izateko. Betiko moduan EAJ patronala eta botere ekonomikoaren lagun.

Langileei lepoa emateaz gain, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal esparrua lortzeari ere lepoa eman diote, berton gutxienezko soldata ezartzea esparru propioa osatzeko neurri oso garrantzitsua delako.

EAJk atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan, LABek aurkeztutako eskaera bati erantzunez, EH Bildurekin batera injerentziarik gabeko Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatu zuen, eta gaur Legebiltzarrean, esparru propio hori osatuko luken gutxienezko soldata propio bat ezartzeari kontra egiten dion. Adierazpen formaletatik harago, prekarietateari mugak jarri eta Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan eraikuntzan urratsak emateko ez du inolako borondaterik.

LABek 1.200 eurotako gutxieneko soldata ezartzearen beharra berresten du, langileak jasaten dugun egoera guztiz prekarioari aurre egiteko.
 

 

 

Kristau Eskolaren teilatuan dago akordioaren pilota

LABek oso garbi dauka non dauden Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkarekin amaitzeko akordiorako gakoak. Gure helburua gatazka honetan ez da inolaz ere itunpeko sarearekin bukatzea, hori intoxikazio hutsa da. Sindikatuok negoziaziorako prestutasuna adierazi dugu; patronalaren teilatuan dago, beraz, akordioaren pilota, ez ditzala baloiak kanpora bota. Gauzak horrela egonda, LAB negoziazio erraztuko lukeen intermediazio prozesu bat onartzeko prest egon daiteke, baina inolaz ere ez ditugu geure buruak hirugarren batek egindako proposamen itxi bati binkulatuko. Argi daukagu langileok egindako ahalegin guztiak garaipenera eramango gaituela.

Astelehenean izandako mahai negoziatzailearen bilera ondoren sindikatu guztiok ez nahikotzat jo genuen patronalak egindako proposamena. Egia da aurrera pauso nabariak egon badaudela, baina oraindik gure ustez ezinbestekoak diren gai batzuetan hutsuneak daude:

• Langileen birkolokazio prozedura ez da zehazten. Patronalak planteatu duen bakarra enplegu galera egon daitezkeen zentroak identifikatzea da. Beste guztia asmoak besterik ez dira.

• Ordezkapenak Haur eta Lehen hezkuntza osoan ez dira egingo lehenengo egunetik.

• Planteatzen den soldata igoera puntuala da, ez da kontsolidatzen eta ez du soldata baxuenak dituzten langileak kontutan hartzen. Ez dugu onartuko kategorien arteko soldata arrakala handitzea eta kategoria prekarioenak zigortzea.

• Finantziazio Publikoari lotutako proposamenak eta negoziazio kolektiboa balio gabetzea ez dugu onartuko

• Lan hitzarmenerako planteatzen den indarraldia, 2023 urtera arte, luzeegia dela deritzogu.

Behin eta berriro esaten ari gara akordiorako gakoak ez daudela finantziazioan. Itunpeko ikastetxeetan gaur egun dauden arazoei aurre egiteko borondatea besterik ez da behar. Gure ustez Kristau Eskola patronalak ez du orain arte negoziaziorako borondate argirik erakutsi. Gatazkaren hasieratik sindikatuon desgastea bilatu du etengabe, negoziazio mahaian egoerari aterabidea emateko inolako proposamenik aurkeztu gabe.

Hilabete luze hauetan zehar Ikastolen lan hitzarmenerako izandako akordioari heldu nahi izan dio Kristau Eskolak. Bere bozeramailearen ahotan LABn ekinbidea ez dator bat Ikastoletan eta Gizarte Ekimeneko eskoletan. Argi eta garbi esan behar dugu hori gezurra dela, patronalaren bozeramaileak sindikatuon desgasterako erabiltzen ari den enegarren azpijokoa hain zuzen. Ezberdintasunak patronalaren negoziazio borondatean eta edukietan daude, ez beste inon.

Ikastoletan mobilizaziorik egin gabe akordio batera iristeko gaitasuna eduki dugu eta Gizarte Ekimenean 39 mahai negoziatzaile, 21 greba egun eta mobilizazio ugari egiten ari gara akordio bat erdiesteko:

• Guretzat oso garrantzitsua den birkolokazio akordioa hobetu dugu. Ikastoletan ez da matrikulazio jaitsieraren ondorioz enplegua galduko.

• Lan baldintza okerrenak dituen 0-3 zikloan soldatak parekatu eta lan zamak hobetu dira Ikastoletan. Gainera ordezkapenak lehen egunetik kategoria guztietan bermatzen dira.

• Bi urteko indarraldia daukan akordioa sinatu dugu, hurrengo urtean berriro negoziatzera goaz.

• Soldatarik baxuenak dituztenak izan dituzte soldata igoera altuenak ikastoletan.
 

 

 

Uste dugu Nafarroako Parlamentuak onartutako Berdintasun Foru Legea aurrerapauso bat dela, baina ez da nahikoa

Gaur, Nafarroako Parlamentuak Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasun Legea onartu du. Lege horren helburua da nafar jendarte askeago, justu, demokratiko eta solidario baterantz urratsak egitea, bizitzako esparru eta etapa guztietan emakume eta gizonen arteko berdintasunerako eskubideak sustatuz. LAB sindikatuaren aburuz, legea aurrerapausoa da, bai, baina aurrerapauso hori ez da nahikoa. Eta ez da nahikoa legeak biltzen dituen gomendioak ez direlako benetako betebeharrak, den-dena aldeen borondatearen esku uzten baitu. Gainera, gure ustez, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko ikuspuntu kontserbadore batean du abiapuntua.

Legearen hitzaurreak jasotzen du eredu soziala aldatzeko beharra, bizitzaren jasangarritasunaren garrantzia azpimarratze aldera eta genero estereotipo eta rolak apurtze aldera. LABen iritziz, bide onean doa hori. Baina artikuluak garatzeko orduan oso eskas gelditzen da legea, “gomendatzen” baitu, “errazten” baitu, baina ez du “exijitzen” edo “behartzen”. Legea ez da urratzailea, ez dago artikulatua benetako aldaketa soziala ekartzeko; areago, ez dago artikulatuta hitzaurrean aipatzen diren helburuak lortzeko.

Konparazio batera, kontratazio publikoetan edo baldintza agirietan, ez zaie erakundeei edo enpresei exijituko emakumeen eta gizonen arteko ezein lan bazterketa eragozteko neurriak hartzea edo kontziliazioa erraztea. Bakarrik erraten du aukeraketan lehentasunak ezarri ahal izanen direla halako neurriak hartzen dituztenen artean. Era berean, laguntza publikoak eskatzeko orduan, legeak ez die erakunde edo enpresei exijitzen berdintasun planak izatea.

Legea emakume eta gizonen berdintasun politikaren irakurketa kontsebadoretik abiatzen dela uste du LABek. Anbizio gutxikoa dela, alegia. Emakumeon diskriminazioa estrukturala dela onartzen duen arren ez du sistemaren irakurketarik egiten, ez du heteropatriarkatua aipatu ere egiten, ezta bizi dugun sistema kapitalista basatia ere. Eta bizitza erdigunean jartzea aipatzen badu ere, eredu produktiboa zentrotik alboratzeko neurririk ez du proposatzen. Ez du zaintza lanen berrantolaketa sozialean sakontzen.

Abortuaren inguruan ere ez du ezer aipatzen. Emakumeen eskubide sexualak eta ugalketa-eskubideak bermatuko dituela aipatzen du, bai, baina ez dio abortatzeko eskubidearen gaiari heltzen.

Laburbilduz, LABek uste du Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak bide luzea aukeratu dutela emakumeak baztertu eta hiltzen dituen arazoari ekiteko. Horren aitzinean, LABek berresten du bizitzak erdigunean jarriko duen eredu feminista baten alde borrokatzen jarraituko duela.