Gaur, Nafarroako Parlamentuak Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasun Legea onartu du. Lege horren helburua da nafar jendarte askeago, justu, demokratiko eta solidario baterantz urratsak egitea, bizitzako esparru eta etapa guztietan emakume eta gizonen arteko berdintasunerako eskubideak sustatuz. LAB sindikatuaren aburuz, legea aurrerapausoa da, bai, baina aurrerapauso hori ez da nahikoa. Eta ez da nahikoa legeak biltzen dituen gomendioak ez direlako benetako betebeharrak, den-dena aldeen borondatearen esku uzten baitu. Gainera, gure ustez, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko ikuspuntu kontserbadore batean du abiapuntua.

Legearen hitzaurreak jasotzen du eredu soziala aldatzeko beharra, bizitzaren jasangarritasunaren garrantzia azpimarratze aldera eta genero estereotipo eta rolak apurtze aldera. LABen iritziz, bide onean doa hori. Baina artikuluak garatzeko orduan oso eskas gelditzen da legea, “gomendatzen” baitu, “errazten” baitu, baina ez du “exijitzen” edo “behartzen”. Legea ez da urratzailea, ez dago artikulatua benetako aldaketa soziala ekartzeko; areago, ez dago artikulatuta hitzaurrean aipatzen diren helburuak lortzeko.

Konparazio batera, kontratazio publikoetan edo baldintza agirietan, ez zaie erakundeei edo enpresei exijituko emakumeen eta gizonen arteko ezein lan bazterketa eragozteko neurriak hartzea edo kontziliazioa erraztea. Bakarrik erraten du aukeraketan lehentasunak ezarri ahal izanen direla halako neurriak hartzen dituztenen artean. Era berean, laguntza publikoak eskatzeko orduan, legeak ez die erakunde edo enpresei exijitzen berdintasun planak izatea.

Legea emakume eta gizonen berdintasun politikaren irakurketa kontsebadoretik abiatzen dela uste du LABek. Anbizio gutxikoa dela, alegia. Emakumeon diskriminazioa estrukturala dela onartzen duen arren ez du sistemaren irakurketarik egiten, ez du heteropatriarkatua aipatu ere egiten, ezta bizi dugun sistema kapitalista basatia ere. Eta bizitza erdigunean jartzea aipatzen badu ere, eredu produktiboa zentrotik alboratzeko neurririk ez du proposatzen. Ez du zaintza lanen berrantolaketa sozialean sakontzen.

Abortuaren inguruan ere ez du ezer aipatzen. Emakumeen eskubide sexualak eta ugalketa-eskubideak bermatuko dituela aipatzen du, bai, baina ez dio abortatzeko eskubidearen gaiari heltzen.

Laburbilduz, LABek uste du Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak bide luzea aukeratu dutela emakumeak baztertu eta hiltzen dituen arazoari ekiteko. Horren aitzinean, LABek berresten du bizitzak erdigunean jarriko duen eredu feminista baten alde borrokatzen jarraituko duela.