2026-05-04
Blog Page 62

LABek Hezkuntza publikoan Jaurlaritzaren bete gabekoak salatu ditu

Hurrengo ikasturtea baliabide nahikorik gabe hasiko da hezkuntza publikoan.

Negoziazio, mobilizazio eta grebez jositakoa izan da igarotako ikasturtea EAEko unibertsiteaz kanpoko hezkuntza publikoan. LAB, hezkuntza publikoan lehen indarra den heinean, erabakigarria izan da 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzeko. Arduraz jokatu du, intersindikalean elkarlana bultzatuz, mobilizazioak dinamizatuz eta negoziazio mahaietan proposamenak eginez. 

Lan hitzarmenak berritzea lortu du 15 urte baino gehiago berritzeke zeramatzaten kolektiboetan, hala nola, Haurreskolak Partzuergokoa, heziketa bereziko hezitzaileena, sukalde eta garbitzaileena eta irakasleena.

Langile horien guztien lan baldintzak hobetu eta hezkuntza publikoa indartzeko apustu handia egin du LABek. Hezkuntza publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izan behar dela sinetsita, akordio oso onak lortu ditu. Lortutako guztia norabide onean badoa ere, gaur gaurkoz baliabide pertsonalen gaia guztiz garatzeko dago.

Sindikatuak Hezkuntza Sailarekin adostutakoa bete egin du eta orain Jaurlaritzari dagokio sinatutakoa betetzea. Alde batetik, sukalde eta garbiketan, plantillak handitzeko mekanismoa zehazten duen akordioan —2023ko azaroan sinatutakoa— jaso bezala, 16 lanpostu berri sortu behar ditu eta Haurreskolak Partzuergoan iazko martxoan sinatutakoagatik 63 lanpostu. Gaur gaurkoz sortu gabe daude eta horrek gainontzeko prozesuak oztopatu eta gelditu ditu, hala nola, lanpostuak esleitzeko lekualdatzeak edota esleipenak.

Bestetik, ikasturte honetan zehar sinatutako hitzarmenetan negoziatuko zirela zehaztu bazen ere, Haurreskolak Partzuergoko eta heziketa bereziko hezitzaileen plantillak esleitzeko irizpideak ez dira adostu, Hezkuntza Sailak arduragabekeriaz jokatu du eta negoziazio hori atzeratu nahi izan du. Gauzak horrela, heziketa berezian, halabeharrez, 300 lanpostu baino gehiago sortu behar izan dituzte: horretarako, LABek proposatutako formularen bitartez kontratu horiei bakanteen izaera aitortuko zaie, nahiz eta ekoizpenagatiko kontratu bezala izapidetuko diren.

Haurreskoletan eta sukalde eta garbiketan antzeko akordioa sinatzea proposatu arren, LABek ez du erantzunik jaso. Bi kolektibo horietan ez da datorren ikasturterako behar izango diren baliabideen aurreikuspenik egin, espero dugu sailak uztaila horretarako baliatzea. 

Irakasleen kolektiboan plantillak esleitzeko irizpideak adostu izanari esker, esaterako, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan 54 talde gutxiago izan arren, 193 irakasle gehiago arituko dira 2025-26 ikasturtean. Hala ere, oraindik etapa guztietan irakasle bakoitzari murriztu zaion zuzeneko eskola-orduaren ondorioz ikastetxe bakoitzean sortu beharreko lanpostuak falta dira. Era berean, Bigarren Hezkuntzan HEDATZE programarako erabiltzen diren orduak ez dira irakasleen gehieneko 17 ordu lektiboen barnean jaso. Ikas-prozesuan zailtasun gehien dituzten ikasleen laguntzetarako zenbait ikastetxek parte hartzen duten programa da hori. Hezkuntza Sailak aldebakarrez erabakitako irizpideak ezarri ditu. 

Gauzak horrela, LABek Pradalesen Gobernuari eskatzen dio adostuta dituen lanpostuak eta hitzarmenengatik sortu behar direnak ahalbideratu ditzala. Gobernuan sartu zenean Pradalesek forma berriak eta elkarrizketara irekita egongo zela saldu bazuen ere, aurreko Gobernuaren jokabide berdina erakusten ari da. Jaurlaritzari ahoa betetzen zaio zerbitzua hobetu nahi duela esaten duenean, baina berau hobetzeko grebak egin behar izan ditugu eta oraindik ere adostuta dauden baliabideak ukatzen ditu. LABek exijitzen dio Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuari negoziatzeke dituen gaiei heldu eta uztailean adostea.

Jokoan dago hurrengo ikasturtearen hasiera ordenatua. 

Beste lan istripu bat Araban

Astearte honetan, hilak 15, A.V.C. langilea, 57 urtekoa, hil zen Mendiguren herrian, teilatu batetik erorita. Langile autonomoa zen eta enpresa bateko teilatua konpontzen ari zela estalkia apurtu eta erori egin zen, 7 metro inguruko altueratik.

Lehenik eta eta behin LAB sindikatuak bere elkartasuna eta doluminak helarazi nahi dizkie langilearen senide, lagun eta gertukoei.

Horrekin batera, azpimarratu nahi dugu lan istripu ugari daudela altueratik gertatzen diren erorketengatik eta askotan aipatu dugun bezala, prebentzio neurri bereziak aurreikusi behar dira horiek ekiditeko.

Beste alde batetik, gogora ekarri nahi ditugu langile autonomoek lan osasunaren arloan dituzten zailtasunak. Kasu gehienetan Prebentzio Legeak ez ditu kontuan hartzen, 2. mailako langile bihurtuz, eta beste batzuetan, enpresa batentzat lan egiten dutenean, zaila suertatzen da prebentzio mailako koordinazioa ondo gauzatzea. Azkenik, beraien lan dinamikak, lana eta bezeroak ez galtzeagatik, lan arriskuen prebentzioa behar besteko arreta ezin ematea eragiten du zenbaitetan.

Beraz, gure ustez, honi guztiari buelta eman behar zaio eta autonomoen lan arriskuen prebentzioan Instituzioek ere esku hartu behar dute. 

Estatuaren oldarraldiaren aurrean, LABek eragile eta herritar euskaltzaleei euskalduntzearen aldeko indarraldi sendoa sustatzera dei egiten die

Espainiar Auzitegi Gorenak EAEko udaletan euskararen normalizazioa bultzatzeko dekretuaren hainbat artikuluren baliogabetzea berresten duen epaia atera du. Ebazpen honen bidez Gorenak euskara lehenestea debekatzen du, bere ustez horrek “koofizialtasuna urratzen” duelakoan. Baina ez du irakurketa bera egiten gaztelera lehenesten denean, egunero eta ia egoera guztietan. Euskarari lehentasuna ukatzeak, de facto gaztelerari lehentasuna onartzea dakar. Egoera desorekatuan dauden bi hizkuntza legalki modu berean tratatu beharra ezartzeak, desoreka hori betikotzea dakar; euskara normalizatu ahal izateko aldekotasun ekintza positibo legalak eta politikoak indarrean jarri behar dira.

Sindikatu gisa gainera, berariaz salatu beharra dugu epaiak udalei euskaraz jardun ahal izatea debekatzen diela, baita arnasguneetan ere. Hau da, udal langileok ezin izango dugu gure lana euskaraz normaltasunez garatu, gure hizkuntza-eskubideak urratuz.

Epai berri honek argi azaltzen du zein den espainiar auzitegien eta oro har espainiar estatuko botereen hizkuntza-ideologia eta ikuspuntu euskarafoboa: euskarak biziraun dezake, beti ere gaztelerarekiko mendekoa bada. Ez dute onartzen inola ere ez bi hizkuntzek estatus parekidea izatea. Ez dute onartuko euskara osoki normalizatzea berezkoa duen lurraldean, eta, horren bidez, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzea eta euskara euskal herritarron kohesio sozialerako hizkuntza izatea.

Epai hau eta oldarraldi judiziala orokorrean, UEMAk duela egun batzuk ezagutzera eman zuen euskararen berreskurapen prozesuaren atzeraldi arriskuaren koiuntura historikoan gertatzen ari dela nabarmendu nahi dugu. Euskararen berreskurapen-prozesuak atzeraldian ez jauzteko neurri juridiko eta politikoetan jauzia eman beharra premiazkoa dela euskal jendartearen gehiengoaren adostasuna denean, espainiar estatuaren indarrak neurri horien aurkako ahalegin betean daude, hasiera-hasieratik indargabetu nahian. Hori pairatzen dugun hizkuntza-gatazkaren eta nazio zapalkuntzaren isla da. Horregatik, beste behin LAB sindikatutik kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza-politika burujabea indarrean jarri beharra aldarrikatzen dugu.

Estatuen oldarraldiaren aurrean, eragile eta herritar euskaltzaleok euskalduntzearen aldeko indarraldi sendoa sustatzeko ordua dugu. Euskararen normalizazio-prozesua bururaino emango duen jauzi berri baten premia dugu. Horrek bultzada sozial indartsuaren beharra izango duenez, helburu horrekin LABek udazkenean hainbat ekimen eta mobilizazio egingo ditu. LABek bat egiten du deituko diren mobilizazioekin eta horietan parte hartzera deitzen ditu euskal langileak.

Eusko Jaurlaritzak proposatutako gutxieneko soldata ez da nahikoa; Euskal Herriak bere gutxieneko soldata propioa behar du, duina eta langile guztientzat izango dena

Gaur jakin dugunez, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldata propioaren inguruko azterketa bat aurkeztu du elkarrizketa sozialeko mahaian. ELA eta LAB sindikatuok ez dugu marko horretan parte hartzen, eta, ondorioz, ez dugu oraindik azterketa hori esku artean. Hala ere, ostiral honetan ELAk eta LABek bilera izango dugu Jaurlaritzarekin, orduan jasoko dugu dokumentua eta orduan izango dugu aukera berau aztertu eta balorazio sakonago bat egitekoa.

Lehen balorazioari dagokionez, hiru elementu azpimarratu nahi genituzke:

Lehena da dagoeneko ez dagoela zalantzarik Euskal Herriko gutxieneko soldata propioaren beharrizanaren inguruan. Herri honetako gehiengo sindikalak aldarrikatzen duen moduan, espainiar Estatukoaren gainetik ezarriko den gutxieneko soldata propio bat behar dugu.

Bigarren elementua da irismenarena. Azterketaren proposamena hitzarmeneko gutxieneko soldataren ingurukoa da, eta guk, lanbidearteko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzen dugu, herri honetako lan harreman guztiei eragingo liekeen gutxieneko soldata bat. Hitzarmeneko gutxieneko soldatak egoera kalteberenean dauden langileak albo batera uzten ditu: hitzarmenik gabe daudenak edo estatu mailako hitzarmena aplikatzen zaienak.

Eta azkena, kopuruari dagokiona da: gaur publiko eginiko zifrak ez datoz bat gure herriko langileriak dauzkan benetako beharrizanekin eta bizitzaren kostuarekin. Bertako langileriaren lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko ezinbestekoa da gutxieneko soldata altuago bat.

ELA eta LABek lanean jarraituko dute gutxieneko soldata propioa lortu arte. Zentzu horretan, ostiralean Mikel Torres sailburuari helaraziko dizkiogu gure aldarrikapenak.

ELA eta LAB sindikatuen prentsa oharra

Pasaiako etxez etxeko langileek elkarretaratzea egin dute enpresaren jarrera salatzeko

Pasaiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek elkarretaratzea egin dute enpresaren jarrera salatzeko. Hilebeteetako negoziazioen ondoren, Pasaiako Udalak langileen lan baldintzak hobetzeko asmoa azaldu du, baina Matia-Goxarak, zerbitzua kudeatzen duen enpresak, baliabide horiek bere etekinetara bideratu nahi ditu.

Langileek soldata baxuak dituzte eta lanaldien partzialtasuna gero eta handiagoa da. Zerbitzu publiko bat izan beharko lukeen Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua gaur egun enpresa pribatu batek kudeatzen du, eta horrek diskriminazio egoera sortzen du, antzeko lanetan ari diren beste langileekin alderatuta.

Azken hilabeteotan hainbat bilera izan dituzte Pasaiako Udalarekin, eta honek, langileon lan baldintzak hobetzeko borondatea azaldu du. Udalak baliabide ekonomiko gehiago zuzenduko dituela adierazi du, eta horri esker, soldata igoeraz gain, bestelako aldarrikapenak ere aintzat hartu ahal izango dira (lanaldia, atsedenaldiak, eta abar). Zerbitzuaren ordu kopurua igotzea aurreikusten da, eta hori, langileek, partzialitatea murriztuz, soldata duin baten egonkortasuna lortzeko aukera emango luke.

Baina Matia-Goxarak, gaur egun zerbitzua kudeatzen duen enpresak, ez du langileen lan baldintzak hobetzeko asmorik. Enpresak, soldata igoera txiki bat baino ez du proposatu, eta gainontzeko gai guztiak alde batera utzi ditu. Eta soldata igoera hori, Pasaiako Udalak planteatzen duenaren azpitik dago. Ez dute onartuko, langileon prekarietatea mantentzea eta, gainera, enpresak langileen lanaren kontura, bere etekinak handitzea.

Pasaiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek, euren lan baldintzak hobetzeko egin diren ahaleginak hitzarmenean jasotzea eskatzen dute. Ez dute onartuko, Matia-Goxarak, diru publikoarekin eta zaintza lanaren kontura negozioa egitea. Gaur, elkarretaratzea egin dute, eta datorren uztailaren 17an lan uztea deitu dute.

LABek Hezkuntza publikoan Jaurlaritzaren bete gabekoak salatu ditu

Negoziazio, mobilizazio eta grebez jositakoa izan da igarotako ikasturtea EAEko unibertsiteaz kanpoko hezkuntza publikoan. LAB, hezkuntza publikoan lehen indarra den heinean, erabakigarria izan da 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzeko. Arduraz jokatu du, intersindikalean elkarlana bultzatuz, mobilizazioak dinamizatuz eta negoziazio mahaietan proposamenak eginez. 

Lan hitzarmenak berritzea lortu du 15 urte baino gehiago berritzeke zeramatzaten kolektiboetan, hala nola, Haurreskolak Partzuergokoa, heziketa bereziko hezitzaileena, sukalde eta garbitzaileena eta irakasleena.

Langile horien guztien lan baldintzak hobetu eta hezkuntza publikoa indartzeko apustu handia egin du LABek. Hezkuntza publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izan behar dela sinetsita, akordio oso onak lortu ditu. Lortutako guztia norabide onean badoa ere, gaur gaurkoz baliabide pertsonalen gaia guztiz garatzeko dago.

Sindikatuak Hezkuntza Sailarekin adostutakoa bete egin du eta orain Jaurlaritzari dagokio sinatutakoa betetzea. Alde batetik, sukalde eta garbiketan, plantillak handitzeko mekanismoa zehazten duen akordioan —2023ko azaroan sinatutakoa— jaso bezala, 16 lanpostu berri sortu behar ditu eta Haurreskolak Partzuergoan iazko martxoan sinatutakoagatik 63 lanpostu. Gaur gaurkoz sortu gabe daude eta horrek gainontzeko prozesuak oztopatu eta gelditu ditu, hala nola, lanpostuak esleitzeko lekualdatzeak edota esleipenak.

Bestetik, ikasturte honetan zehar sinatutako hitzarmenetan negoziatuko zirela zehaztu bazen ere, Haurreskolak Partzuergoko eta heziketa bereziko hezitzaileen plantillak esleitzeko irizpideak ez dira adostu, Hezkuntza Sailak arduragabekeriaz jokatu du eta negoziazio hori atzeratu nahi izan du. Gauzak horrela, heziketa berezian, halabeharrez, 300 lanpostu baino gehiago sortu behar izan dituzte: horretarako, LABek proposatutako formularen bitartez kontratu horiei bakanteen izaera aitortuko zaie, nahiz eta ekoizpenagatiko kontratu bezala izapidetuko diren.

Haurreskoletan eta sukalde eta garbiketan antzeko akordioa sinatzea proposatu arren, LABek ez du erantzunik jaso. Bi kolektibo horietan ez da datorren ikasturterako behar izango diren baliabideen aurreikuspenik egin, espero dugu sailak uztaila horretarako baliatzea. 

Irakasleen kolektiboan plantillak esleitzeko irizpideak adostu izanari esker, esaterako, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan 54 talde gutxiago izan arren, 193 irakasle gehiago arituko dira 2025-26 ikasturtean. Hala ere, oraindik etapa guztietan irakasle bakoitzari murriztu zaion zuzeneko eskola-orduaren ondorioz ikastetxe bakoitzean sortu beharreko lanpostuak falta dira. Era berean,  Bigarren Hezkuntzan HEDATZE programarako erabiltzen diren orduak ez dira irakasleen gehieneko 17 ordu lektiboen barnean jaso. Ikas-prozesuan zailtasun gehien dituzten ikasleen laguntzetarako zenbait ikastetxek parte hartzen duten programa da hori. Hezkuntza Sailak aldebakarrez erabakitako irizpideak ezarri ditu.

Gauzak horrela, LABek Pradalesen Gobernuari eskatzen dio adostuta dituen lanpostuak eta hitzarmenengatik sortu behar direnak ahalbideratu ditzala. Gobernuan sartu zenean Pradalesek forma berriak eta elkarrizketara irekita egongo zela saldu bazuen ere, aurreko Gobernuaren jokabide berdina erakusten ari da. Jaurlaritzari ahoa betetzen zaio zerbitzua hobetu nahi duela esaten duenean, baina berau hobetzeko grebak egin behar izan ditugu eta oraindik ere adostuta dauden baliabideak ukatzen ditu. LABek exijitzen dio Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuari negoziatzeke dituen gaiei heldu eta uztailean adostea. Jokoan dago hurrengo ikasturtearen hasiera ordenatua. 

Etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidearen defentsan Auzitegi Konstituzionalera joko du LABek, eta EAEko eta Nafarroako gobernuei sektorearen egoera hobetzeko neurriak eskatuko dizkie

Etxeko langileek lan eta bizi baldintzetan jasaten duten prekarietateari aurre egiteko, LABek neurri zehatzak biltzen dituen dekalogo bat aurkeztu du, eta eragile sindikal, sozial eta politikoei aurkeztuko die. Sindikatuak uste du ezin dela ontzat eman hainbeste emakume muturreko esplotazio egoeran bizitzea, eta instituzioei zein patronalei ardura exijitu die.

Etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidearen defentsan, bi bidetan lanean ari da LAB, eta bi bide horiek indartzeko iniziatibak aurkeztu ditu gaur Bilbon. Alde batetik, sektorea duintzeko neurri zehatzak jasotzen dituen dekalogoa aurkeztu du, eta, bestetik, auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramango duela iragarri du.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak etxeko langileek bizitza sostengatzeko “ezinbesteko lana” egiten dutela nabarmendu du: “Sistemak irauteko behar ditu, baina kapitalismo patriarkalak eta kolonialak, etekina metatzen jarraitzeko, langile hauen lanari ez dio duen balioa ematen”. Sektoreak bizi duen egoera larria salatu du Aranburuk: lan-esplotazioa, babesgabetasun legala eta instituzionala eta ikusgarritasunik eza. Lan Ikuskaritzak berak ez du inolako esku-hartzerik bermatzen, etxe pribatuetan jardutea ezinezkoa dela argudiatuta. Emakume gehienak migratuak eta arrazializatuak dira, eta kasu askotan etxeko langile egoiliar gisa ari dira, sasi-esklabotza egoeran, indarkeria eta abusuen menpe.

Atzerritartasun Legea aipatu gabe ezin da sektorearen egoera ulertu, Aranbururen arabera: “Emakume migratuentzat, Euskal Herrira iristen direnean, lanean hasteko izan dezaketen aukera bakarrenetakoa bihurtu da etxeko langile izatea”. Egoera horren aurrean, LABek zor patriarkal eta kolonialaz hitz egiten duela azaldu du Aranburuk, eta horrek gizarte osoa interpelatzen duela, baita sindikatuak ere: “Urte luzez, etxeko langileak bazterrean egon dira, sindikalismoak ez die tokirik egin langile subjektu moduan, eta guk langile guztientzat tresna izan nahi dugu eta denbora daramagu etxeko langileak saretzen, entzuten eta antolatzen”.

Bizi dugun garaiotan horrek “are eta garrantzia handiagoa” duela nabarmendu du Aranburuk, faxismoaren gorakada beteaan eta joera matxistak, homofoboak eta arrazistak indartzearekin batera, “langile migratuen esplotaziorako, instrumentalizaziorako joerak” ere indartzen ari baitira, dioenez. “Guk, argi eta garbi, Euskal Herria harrera herria dela defendatzen dugu, bertan lan egin eta bizi nahi duen oro ongi etorria izango dela. Begirada klasistak alboratu, lan guztiei duten garrantzia aitortu eta balio hori lan eskubideetan ere islatzeaz ari gara”.

Etxeko langileen borroka ez da soilik sektorearen kontua, ordea. Etxeko langileen egoera iraultzeak zaintzen antolamendu sozial berri bat eskatzen duela nabarmendu du Aranburuk: “Lan guztien aitortza, banaketa eta berrantolaketa”. Norabide horretan, LABek zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko apustua berretsi du.

Testuinguru horretan kokatzen da LABek osatutako dekalogoa, zeinak sektorearen baldintzak hobetzeko premiazko neurriak jasotzen dituen. Neurri batzuk negoziazio kolektiboaren bidez bideratu beharko dira, eta beste batzuek lege aldaketak eskatzen dituzte. Mariana Urcuyo LABeko Etxeko Langileen Sail Sindikaleko arudardunak aurkeztu ditu neurriok: negoziazio kolektiboaren eskubidea gauzatzea, lanaldiaren erregistroa derrigorrezkoa izatea, barneko erregimenaren abolizioa, presentzia orduen eta gaua bertan emateko orduen kontrola eta aitortza, kontratu amaierako kalte-ordainak sektore guztien parekoak izaatea, lan ikuskaritza eraginkorra eta aurreiritzirik gabea, lan osasunaren prebentzio legearen aplikazio erreal eta fidagarria, 2022 aurreko kotizazioen aitortza, zaintza sistema publiko komunitarioaren bidean urratsak, eta emakume* migratu eta arrazializatuen eskubide guztiak bermatzea.

Dekalogoa erakunde politikoei, sindikatuei eta mugimendu sozialei helaraziko zaie, eta, horrez gain, Eusko Jaurlaritzari zein Nafarroako Gobernuako Lan Sailei premiazko bilera eskaerak luzatuko dizkie LABek, patronalak interpelatu ditzaten, batetik, eta lege aldaketak sustatu, bestetik.

Borroka juridikoan aurrera
Horrez gain, LABek negoziazio kolektiborako eskubidearen aldeko borroka juridikoan egingo dituen urratsak ere plazaratu ditu, eta Ainhize Muniozguren LABeko Idazkaritza Juridikoko arduradunak eman du horren berri. 2022ko maiatzean LABek prozedura bat abiatu zuen sektorean negoziazio mahaia eratzeko. Etxeko langileen kasuan, enplegatzaileak partikularrak direnez, ez dago patronal formalik. Hori dela eta, Confebask deitu zen mahaian parte hartzera, EAEn ordezkaritza handiena duen patronal modura.

Confebaskek, ordea, uko egin zion negoziazioari. LABek uste du uko horrek eskubideen urraketa dakarrela, eta diskriminazioa dakarrela, langile kolektibo oso bat hitzarmen kolektiborik izateko aukerarik gabe uzten baitu. Horren aurrean, sindikatuak bide juridikoa abiatu zuen. Lehen epaian, EAEko Auzitegi Nagusiak aitortu zuen sektorearen negoziazio kolektiborako eskubidea, baina lege-garapenik ezean, ez zuen patronalaren jarrera zigortu.

LABek kasua Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuen, baina auzitegi horrek ez dio auziaren funtsari heldu, Muniozgurenek azaldu duenez. Bere ebazpenean, formalismo arazo bati lotu zaio auzitegia: LABek eta gainontzeko sindikatuek ez dutela behar bezala egiaztatu negoziazio mahaia eskatzeko zilegitasuna. Muniozgurenek argi utzi du hori ez dela zuzena: “Beste sindikatu batzuk ere badira, eta, beraz, bada nahikoa gehiengo negoziazio prozesua abiatzeko”. Gainera, sindikatuen gehiengo nahikoa dagoela frogatua zegoen eta ez patronalak, ezta aurreko instantziek ere, ez dute inoiz puntu hori zalantzan jarri, zehaztu duenez.

Muniozgurenen ustez, Auzitegi Gorenak, gaiaren konplexutasun juridikoaren aurrean, benetako eztabaidari ihes egin dio. LABek, ordea, ez du prozesua amaitutzat emango eta Muniozgurenek iragarri du auzia Auzitegi Konstituzionalera eramango duela, etxeko langileek negoziatzeko eskubidea ukatua izan ez dadin.

Greba hasi dute Bilboko Argiterian: prekaritatearen aurkako borrokan, hitzarmen duin baten alde

Gaur, uztailaren 14an, abiatu da Bilboko argiteriaren mantentze lanetako langileen lehen greba eguna. Guztira, sei greba egun deitu dituzte LAB eta ELA sindikatuek, sektorean prekaritateari aurre egiteko eta aberastasuna banatuko duen hitzarmen baten alde.

Bilboko argiteria-zerbitzuan ari diren langileek greba abiatu dute gaur, uztailaren 14an. Emartin Facilities enpresaren azpikontrata bidez diharduten langile hauek guztira sei greba egun egingo dituzte uztailean eta abuztuan: uztailaren 14, 18, 21, 24, 28an eta abuztuaren 1ean.

Greba-deialdia LAB eta ELA sindikatuek egin dute, plantillako ordezkaritza osoa osatzen dutenek, eta helburu nagusitzat dute hitzarmen berri bat adostea, 2021eko 95 eguneko grebaren ondorioz lortutako akordioa berrituz. Gaur egun, ordea, negoziazioa guztiz blokeatuta dago, eta langileek ez dute enpresaren aldetik benetako borondaterik sumatu.

Azpimarratzekoa da Emartin Facilities enpresaren jarrera, baina LABek salatu nahi du Bilboko Udalaren erantzukizuna ere ezin dela ezkutatu. Azpikontrata bidezko zerbitzu baten arduraduna izanik, Udalak ez du inolako ardurarik hartzen langileen lan baldintza prekarioen aurrean.

Egoerak bere horretan jarraitzen badu eta akordiorik ez badago, gatazka areagotu egingo da eta zuzenean eragingo dio Bilboko Aste Nagusiko prestaketa lanen antolakuntzari.

Datozen egunotan mobilizazioak egingo dira, eta ostiralean, uztailaren 18an, elkarretaratzea egingo da Bilboko udaletxearen aurrean. 12:00etan, gainera, langileek eta sindikatuek prentsaurrekoa eskainiko dute hedabideen aurrean.

LAB sindikatuak irabazi egin du Bost Machine Tools Company S.L. enpresaren aurka jarritako helegitea

Enpresa horretan 2023ko uztailean istripu larri bat gertatu zen eta, ondorioz, langile gazte bat zendu zen. Enpresa batzordearen lehentasuna langilea hil zenetik etorkizunean egon zitezkeen arrisku egoerak prebenitzea izan zen, ezin baitzuen onartu beste langile batek bere bizitza galtzea lanpostuan.

Enpresak jazarpen sistematikoa abiatu zuen, gezurrak, akusazio faltsuak, errespetu faltak eta batzordeko kideei egindako irainen bitartez. Enpresak, bere jabeetako baten eta gerentearen bidez, gure delegatuari penalki zigortuta dauden hainbat ekintzetan parte hartzea leporatu zion, eta hainbat mespretxuzko aipamen egin zituzten. Zehazki, gerentea sindikatura gerturatu zen, eta delegatuari enpresako hainbat auto erre eta instalazioetan pintada batzuk egitea leporatu zion, eta sindikatuari honen inguruan zerbait egitea eskatu zion. Bestalde, enpresako jabeak bilera batean hainbat irain bota zizkion delegatuari.

Gure delegatua epaitegira joan zen, enpresa eta horien agintarien jarrera delegatuaren oinarrizko eskubideen urraketa suposatzen zuela salatuz, besteak beste askatasun sindikala.

Epaileak delegatuari arrazoia eman dio, eta salatuen jarrera langilearen ohorea, intimitatea eta irudia urratu duela berresten du, difamazio baten aurrean gaudela argudiatuz. Horrez gain, akusazio hauen aurrean epaileak azpimarratzen du enpresak ez duela bestelako akziorik abiarazi ez langilearekiko ezta Ertzaintzaren aurrean salaketarik jarri ere. Bestalde, prebentzio delegatuaren figuran oinarrituta, askatasun sindikalaren eskubidearen urraketa ere berretsi du. 

Langileak eskatutako indemnizazioa ere onartzen du epaileak, eta horren guztiaren erantzule enpresa ez ezik, jabea eta gerentea ere badira. 

Enpresak erantzukizuna ez dagoen lekuan jartzen saiatu da eta hori guztiz onartezina da, are gehiago lankide bat lan istripu batean hiltzen denean. Tamalez, hortan ari da enpresa langilea hil zenetik.