2026-08-24
Blog Page 613

Haurreskolak Partzuergoa eta EAEko Hezkuntza Sailaren negoziaziorako gaitasun eza salatu dugu kudeaketako grebalariekin

0

Agerraldia egin dugu gaur Bilbon, abenduaren 23tik greban dauden Haurreskolak Partzuergoko kudeaketako langileekin batera. Bertan, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailaren arduradunek duten negoziaziorako gaitasun eza salatu dugu.


LABek 2018ko akordioa sinatu zuenetik, bere garapena lortzeko helburuaren alde etengabe lan egin du; hori dela eta, akordio horretatik garatzeke gelditu ziren kudeaketa arloko hainbat punturen urtebeteko negoziazio prozesu honi amaiera emateko eta balizko akordio batean gauzatu ahal izateko, LABentzat ezinbestekoa da hurrengo irizpide hauek bere gain hartuko lituzkeen proposamen bat egotea:

-Kudeaketa arloko langileen lan zamak txikitzeko helburuarekin, Lanpostu Zerrenda handitzea.
-Kudeaketako langile guztion kategorien ekiparazioa berehala martxan jartzea.
-Langile hauen ordezkatzeko egoeren, ordezkoen araudiaren eta barne sustapenen dokumentuak borobiltzea.
-Egin beharreko EPE deialdi horretarako, zabaltzen ari den kontsolidazio prozesuekin konpromezu bat lortzea.

Aldez, abenduaren 9an burututako mahai negoziatzailean Partzuergoak aurkeztu zigun proposamenean Kudeaketako Lanpostuen Zerrendari dagokionez, ez zen jasotzen ezta komentu honetan dauden langileen kopurua ere, eta Hezkuntzako kudeaketako langileekin soldata eta kategorien ekiparazioari dagokionez, ez zuten zehaztu inolako prozedurarik. Aitzakia, aurrekontuen legea eta negoziatzen ari diren aurrekontuak.

Gauzak horrela, alde guztien artean urtebeteko lanketa egin ostean, aurkeztutakoa iruzurra zela salatzeko asmoarekin, LAB sindikatua mahai negoziatzailetik altxatu zen eta afiliatu zein gainontzeko langileekin kontrastatu ostea, greba erregistroa egitea erabaki genuen.

Greba deialdia mahai gainean egonda, abenduaren 23an berriro mahai negoziatzailea deitu eta aldaketa batzuk egon baziren ere, egin ziguten bigarren proposamena bide beretik joan zen:
-Egun dauden kudeaketako langileen kopuru bere eskaini ziguten. Hau da, ez dute inolako neurririk proposatzen kudeaketatako langileek duten lan zama handia txikitzeko.
-Lanpostu Balorazio Batzordeak proposatutako 4 lanpostu berrietatik, 3 baino ez dituzte eskaintzen eta 2020ko irailari begira, inolako bermerik gabe. Gogoratu behar da, Batzorde horretan Haurreskolak Partzuergoko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ere parte hartu zutela.
-Mahai orokorretik datorren eta Parlamentuan adosteko dagoen egonkortze prozesuekin, ez zuten inolako konpromisorik hartu nahi izan ez kudeaketa arloko langileentzat ezta hezitzaileentzat ere.

Haurreskolak Partzuergoak egindako proposamena nahikoa ez zela azaldu zuen LAB sindikatuak eta hurrengo egunetan beste ahalegin bat egiteko eskaera egin genuen. Aldiz, Haurreskolak Partzuergoko eta Hezkuntza Saileko arduradunek LABek egindako proposamena kontrastatzeko, data hauetan Lakuan baldintzarik ez zutela ikusita, urtarrilaren 9rako beste mahai negoziatzaile bat deituko dutela adierazi ziguten. Oporrei buruzko aipamen argia eginez, berriro ere, agerian utzi dute negoziaziorako gaitasun eza eta Haurreskolak Partzuergoarekiko adierazten duten utzikeria. Gu prest egon gara nahi bestetan biltzeko, haiek aldiz, oporretan.

Lotsagarria iruditzen zaigu Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak, azken asteetan izandako jarrera; ez dituzte kontuan hartu kolektibo honetan greban dauden langileak; grebak haurreskoletan, umeengan eta familiengan izan ahal duen eragina; departamentu honek duen lan zamak haurreskoletako kudeaketan duen eragina eta azken finean, haurreskoletan eskaintzen den hezkuntza zerbitzu honetako kalitatean izan ahal duen eragina.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren eta hurrengo urteko aurrekontuei babesa eman dieten talde politikoen ardura eza nabarmendu nahi dugu; Haurreskoletako arduradunen hitzetan, Negoziatzen ari ziren aurrekontuak izan baitira negoziazio honen blokeoaren arrazoia. LAB sindikatuaren ustez, ez da nahikoa twiterren bidez kudeaketako langileekin elkartasuna adieraztea, Podemos-Ahal Duguren Lander Martinezek egin zuen moduan. Aukera paregabea izan dute adosten ari ziren aurrekontuetan behar besteko diru kopuruak jartzeko, eta hauek, haurreskoletako matrikulak jaisteko egindako aurrerapausu txiki horrekin egin duten moduan, langileekin dagoen gatazka hori konpontzeko erabiltzeko.

Aipagarria iruditzen zaigu STEILAS eta ELAri luzatutako elkarlanerako eskaintzak ez duela fruiturik eman eta trukean, guk deitutako greba desitxuratzeko ahaleginak egiten ari direla. Horrekin lotuta, esan beharra dugu azken mahai negoziatzailean LABek akordio bat sinatu ahal izateko beharrezko ikusten ditugun puntuak biltzen dituen proposamen zehatza eraman bazuen ere, STEILASek zalantzak adierazi zituela eta ELAk argi esan zuela ez duela akordiorik sinatuko.

Hala ere, STEILAS eta ELA sindikatuei, orain arte bezala, elkarlanerako deia luzatzen diegu, garrantzitsua delako kudeaketa alorreko langileentzat, akordio egoki bat lortzeak lan baldintzak hobetuko lituzkeelako eta Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa eraginkorragoa izango litzatekeelako, zerbitzuaren kalitatea hobetuz.

Gauzak horrela, ikusiko dugu hurrengo mahai negoziatzailera Haurreskolak Partzuergoak ekarriko duen proposamena zelakoa den eta langileekin konpartitu ostean, eman beharreko hurrengo urratsak aztertuko ditugu.

Amaitzeko, eskerrik beroenak azken aste hauetan hezitzaileek adierazi dizkiguten elkartasun mezuengatik. Lanean jarraituko dugu Haurreskolak Partzuergoak ematen duen hezkuntza zerbitzuaren kalitatea hobetu dadin eta doakotasuna lortu arte!
 

 

 

Bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugulako

Atzo, urtarrilaren 2an, 54 urteko langilea hil zen Gasteizen, eraikin bateko andamio batetik erorita, Arnaiz ASC 21 S.L. eraikuntza enpresarentzat lanean ari zela.

Hau da 2020an izandako lehen lan istripu hilgarria. Zoritxarrez, urtero, altueratik erori eta hil egiten diren langileen heriotzak errepikatu egiten dira. 2019an gutxienez 44 langile hil ziren lanean, hauetatik 5 altueratik erorita. Onartezina da, kontuan hartzen badugu istripu guzti hauek ekidin zitezkeela oinarrizko segurtasun neurriak hartuz..

Lehenik eta behin, LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko eta gertukoei.

Langile honen heriotza babes neurri ezaren ondorio zuzena izan da, Osalanen informea jasotzen duen bezala. Eskatzen dugu argitu dezatela zergatik ari zen lanean, jai-eguna izanda Arabako eraikuntzako sektorean.

Istripu hilgarri honen arduradunak seinalatzeko eta erantzunkizunak garbitzea exigitzen dugu.

Istripu hilgarriek erakusten dute prekarietatearen aurpegi bortitzena. Eraikuntza sektoreko lan-baldintzak, enplegu eta lan-baldintza kaxkarrak, egiazko prebentzio eta babes neurri ezaren ondorio zuzena dira. Larriena dena da horren guztien atzean dagoen zio bakarra enpresen diru gosea dela. Lan kosteak murriztuta irabazi tasak mantenduz sakontzen da prekarietatean eta ez dira beharrezko prebentzio neurriak hartzen.

Instituzioei eta Gobernuei beste aldera begiratzeari uzteko eta behingoz lan osasun politikak errotik aldatzea exigitzen diegu.
Laneko biolentziarekin amaitzeko bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugulako. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LABen lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Istripua salatzeko, dei egiten diogu langile klaseari antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzea. Gehiengo sindikalarekin batera, mobilizazioa egingo dugu datorren asteartean, urtarrilaren 7an 11:00etan, SEA patronalaren egoitzaren aurrean (Gasteizko Postas kaleko 32an).  

 

 

Hiru egunetako greba San Adriango General Mills-en

0

San Adrianen kokatuta dagoen General Mills-eko enpresa-batzordeak greba-deialdia egin du 2, 3 eta 4rako, plantillaren erdiari gutxi gora-behera eragiten dioten lan-baldintzei buruzko negoziazioetan traba egiteagatik. Enpresarekin bi hilabeteko negoziazioa egin ondoren, eta akordiorik ez zegoenez, joan den astean plantillak grebara joatea erabaki zuen erreferendumean.

General Mills-ek San Adrianen duen plantillan 850 langile inguru daude. ABLEetako langileekin 1.000 langile izatera iristen da.

Negoziazioan, enpresak 2020an egingo duen laugarren txandako plusaren %32 eskatzen zion Batzordeak enpresari; 0,5 egun gutxiago egindako hilabete bakoitzeko; 2 egun norberaren aferetarako; eta ABLE bidezko kontratu guztiak enpresa bidez egitea. Bere aldetik, azken bileran, enpresaren eskaintza ez zen %32ra iristen, ABLE bidezko kontratazioa aztertuko zuela zioen eta ez zuen jasotzen berezko 2 eguneko eskaera.

Enpresa-batzordeak, General Millseko langile guztiak borroka sindikalarekin bat egitera eta greban dauden lankideei laguntzera animatzen ditu.
 

 

 

[IRITZIA] “Ez, ez dira aurrekontu feministak”

LABeko idazkaritza Feministako Elixabete Etxeberriak eta Ane Escondrillas-ek EAEko 2020ko aurrekontuei buruz idatzi dute, aurrekontuak feministak ez direla salatzeko: "Eusko Jaurlaritzak emakumeei begira martxan jarritako egitasmoak iruzur hutsa dira".

PNV-PSEren gobernua ez da feminista. Ez du urrats bat bera egin Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin zuzenean hitz egiteko. Ez du mintzakide ikusten. Ez du politikak zehazterakoan aintzat hartzen. Argi zegoena are argiago dago 2020rako aurrekontuak aztertu ondoren.

Jaurlaritzak hainbat konpromiso iragarri ditu azken urtean genero politiketan urratsak egiteko. Badago zer egin emakumeen egoera hobetzeko gaurko instituzioetatik, baita instituzio hauen mugak bistakoak badira ere. Badago (eta beharrezkoa da) emakumeak babestea indarkeriaren, prekarietatean eta bazterketa sozialaren aurrean. Badago mugimendu feministarekin lerrokatzea bultzatzen ditugun aldaketak hauspotzeko. Aurrekontuak Jardunaldi Feministen testuinguruan aurkeztu ziren, aukera paregabea politika feministen aldeko ustezko apustua aurrekontuetara eramateko. Arrastorik ez.

Aurrekontuetan dagoen gauza berri bakarra orain arte baino zorrotzagoak izan direla genero azterketan. Genero aldagai gehiago kontuan hartuta egin dute proiektua eta, hoenla, genero politiketan egiten den gastua ikusgarriago egin dute. Baina funtsean berririk ez, ez politiketan ez finantziazioan. Gaurko genero politikak aldarrikatzen dituzte aurrekontu hauekin, egiten dutenaren eraginkortasuna eta balioa neurtzeko emakumeen egoera aztertu gabe.

Emakumeen egoera nabarmen aldatu beharko lituzteken hiru egitasmo daude martxan EAEn. Berdintasun legea berritzeko konpromisoa hartu dute, baina ez dute diru partida berezirik gorde horretarako. Emakunderen esku utzi dute eta Emakunderen finantziazioan alde nabarmenik ez. Gauza bera egingo dute, modu berean, aurrekontu berdinekin. Emaitza ezberdina izango al da?

Berdintasun Lege berrian indarkeria sexistaren kontrako plan integrala gaurkotuko dute, inbertsio berezirik aurreikusi gabe. Jauzirik ez, aldaketarik ez, borondaterik ez.

Urtean zehar bitan edo hirutan aurkeztu duten arrakalaren aurkako plan estrategikoak finantziazioa behar du. Bere garaian salatu genuen ez zela plan horretan inbertsio berririk egiten, jada zeuden plan ezberdinen bilduma zelako. Aurrekontu proposamen honi zegokion hori zuzentzea. Eta ez, horretan ere kale.

Ez dago arreta eman digun partida berezirik, ez dago gorakadarik aurreko aurrekontuekin alderatuz gero. Iruzurra ez da horretara mugatzen. Genero politikak, zeharka egin behar diren eta politika guztiak busti behar dituzten politika horietan, atzera egingo da. Hor dago aurrekontu hauen iruzur nagusia.

Aurrekontu hauekin politika publikoek indarra eta pisua galtzen jarraituko dute. Merkatuaren mesedetan, esku hartze pribatuaren eta interes partikularren hobe-beharrez. Hezkuntzan eta osasungintzan, besteak beste, 2009an baino gutxiago inbertituko da. Esku hartze publikoa txikiagoa eta ahulagoa izango da. Nola aldatu emakumeon errealitatea arrakalaren, indarkeriaren, diskriminazioaren eta prekarietatearen atzean dauden arrazoietan esku hartu gabe? Politika publiko nagusiak merkatuari jaten emateko dira, eta bigarren mailakoak dira gauzak benetan aldatzeko egin behar diren politikak.

Feministok aspaldi ikasi genuen izenik ez duenak ez duela izanik. Eta hori, politikara eramanda, finantziaziorik ez duenak ez du izanik. Aurrekontuetan ez dagoena diskurtso hutsa eta hutsalak. Horrek badu izena: iruzurra.

Ez dago genero politikarik, politika publikoak indartzen ez badira, ekimen publikotik errealitatea eraldatzeko neurri zehatzak hartzen ez badira. Ez dago politika feministarik zaintzaren auziari begiratu gabe, indarkeria sexistaren atzean dauden botere harremanak aldatzeko erabakirik gabe. Ez dago politika feministarik emakumeon zapalkuntzaren gainean eratu eta garatu den sistema auzitan jarri gabe.

 

 

 

Elecnor-eko langileek greban jarraituko dute, enpresa negoziazio mahaian berriro eseri dadin

0

Gaur, hiru aste bete dira Elecnor Telecomunicaciones enpresako langileek greba mugagabeari ekin ziotenetik Araban. Egun hauetan guztietan, elkarretaratzeak egin dituzte enpresa atarian eta Movistar dendaren aurrean, Gasteizko General Loma plazan. Greba abiatu zutenetik, bi aste behar izan dira Bilbon egoitza nagusia duen enpresak langileekin negoziatzeko asmoz Gasteizera bertaratzeko. Enpresa email edo telefonoaren bidez saiatu da hitz egiten beti, Gasteizera hurbildu gabe.

Aste hauetan, enpresa greba eskubidea urratzen ibili da sistematikoki. Beste herrialdetako lankideei esker, langileek jakin dute Bizkaiko langileak bidaltzen ari direla Aialako bailarara, Nafarroatik Agurain eta Araiara eta Errioxa eta Burgosetik Arabar Errioxara eta Rivabellosara. Gainera, Lan Delegaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehigizko bilakatu ditu enpresak, grebalariei ere deitu baitie lanean zeuden langileak zituztenean. Hala ere, greban ari diren langileek sendo jarraitzen dute, euren borrokari balioa ematen, multinazional honen aurrean irmo ari baitira. Enpresa langileekin jolasean ibili da, eta horrek tentsioa areagotu du. Hain zuzen ere, ostiralean, abenduak 20, Bilboko mobilizazioen ostean, grebalari batek auto istripua izan zuen, kalte pertsonalik gabe, baina bai kalte materialekin.

Enpresako ordezkariak astelehenean Gasteizera negoziatzeko bertaratu eta gero, akordioa gertu dagoela dirudi, baina enpresaren asmoa da akordioa 2020ko egutegiarekin lotzea, eta horrek beste aldagai bat dakar negoziazioan. Nabarmentzekoa da, astelehenetik, enpresak ez duela langileekin berriro biltzeko borondaterik erakutsi, eta jarrera hori arduragabekeria hutsa da.

Honengatik guztiagatik, plantillak asanbladan erabaki du grebarekin jarraitzea, enpresa azken kotuak ixteko eseri dadin beharzeko. Langileek ez dituzte beste urrats batzuk baztertzen, eta datorren astean Arabako Aldundira eta Gasteizko Udalera joko dute euren konpromisoa eskatzeko, Telefonicako bezeroak diren neurrian, Elecnorreko langileek artatzen dituztelarik. PRECOn bitartekaritza eskatzea ere planteatu dute langileek, beste eragile batzuen inplikazioa lortzeko eta lan gatazkari amaiera ipiniko liokeen bilera bat gauzatzeko.

 

 

 

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak kalera irten dira berriro

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak kalera irten dira berriro, urteko azken txanpan jarraian egindako hirugarren greba eguna dela eta. Zazpi urte eman dituzte jada soldata igoerarik gabe, lan baldintzen hobekuntzarik gabe. EAJ eta PSE egoeraren arduradun nagusiak dira, egungo zaintza ereduak gatazkak baizik ez dituelako sortzen.


 

 

 

EAEko aurrekontuek biluzik uzten gaituztela salatu dugu

Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan elkartu gara hainbat eragile, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, aurrekontuetan arlo sozialean egindako murrizketak salatzeko, proiektu suntsitzaileen mesedetan; AHTa eta euskal industria militarrari laguntzak emateko, kasu. Hala, urtarrilaren 30ean Greba Orokorrera jotzeko arrazoi gehiago ditugula nabarmendu dugu.



 

 

 

Beste lan istripu larri bat, Transportes Pesa enpresan oraingoan

0
Abenduaren 24ean, beste lan-istripu bat gertatu da. Oraingoan, Grupo Avanza barruan dagoen Transportes Pesa S.A. enpresan izan da. Abenduaren 24ko txanda egiten ari zela, langileak istripua izan zuen, enpresak Arrasaten dituen kotxeretan. Langilea bi autobusen artean harrapatuta geratu zen, eta Gasteizko ospitalera eraman zuten. Uneotan UCIn dago, arriskutik kanpo, baina pelbisa eta hainbat saihets hautsita ditu. Ospitaleko mediku taldea Donostiako ospitalera eramatea baloratzen ari da.

LAB sindikatutik denbora asko daramagu enpresak Arrasaten dituen instalazioen baldintza eskasak salatzen. Arrasateko kotxetegiak oso txiki geratu dira. Gero eta autobus gehiago daude, eta gero eta handiagoak dira; beraz, espazio arazoa arrisku larria izaten hasia da langileen osotasunerako. Oraingoan ez da hilgarria izan, baina bai oso larria. Lankide bat dugu UCIn, eta horren arrazoia da ez dagoela maniobratzeko lekurik, eta beti egon behar dugu gutako bat lankideari laguntzeko, autobusa atera eta sartu ahal izan dezan. Horrek, zoritxarrez oraingoan egiaztatu dugun bezala, etengabe harrapatzeko arriskuan jartzen gaitu, eta gero eta hurbilago ikusten dugu norbaitek zorigaiztoko istripu bat duen eguna.

Enpresari premiazko bilera eskatu diogu gertatutakoa argitzeko eta premiazko neurriak exijitzeko. Gero eta baldintza okerragoetan gaude. Duela aste batzuk, garajearen ondoko mendiaren magalaren zati bat erori egin zen, euriteen ondorioz. Erorketa horrek instalazioaren zati bati eragin zion. Autobus batzuk hilobiratuta geratu ziren, baita aldagelaren zati bat eta garajearen zati bat ere. Enpresak ez du arazo hori oraindik konpondu, nahiz eta sindikatu honek eskaerak egin. Espero dezagun oraingoan enpresak bere erantzukizunak bere gain hartzea kasu honetan, eta behingoz irtenbidea jartzea Arrasaten bizi dugun egoera prekario eta arriskutsu honi. Oraindik ez dugu enpresaren erantzunik.

LAB sindikatutik gure babes osoa eta besarkadarik beroena bidali nahi diogu istripua izan duen lankideari. Azkena izan dadila!

 

 

 

Eusko Jaurlaritzak onartu duen eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko planak ez du langileen parte hartzerik aipatzen

LAB sidikatuak HPSek egindako aurkezpena oinarri eta berari egindako ekarpenak aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko plana ez dela nahikoa uste du. Sindikatuak kontraste fasean eragileak izan badira ere, plan estrategikoan ezabatu egin dira eragileen multzotik. Langileak eta langileen ordezkariak ez dira subjektu eragile helburu estrategikoak lortzeko orduan.

Eremu sozioekonomikoa euskaldunduko bada, langileen parte hartzea oinarrizkoa izango dela uste du LABek. Horrexegatik parte hartu zuen sindikatuak aktiboki plana egikaritzeko deitutako bileretan. Planean bertan, hizkuntza eskubideen arloan, aintzat hartzen dira herritarrek dituzten eskubideak, baina langileen hizkuntza eskubideak, ezagutzeko eta erabiltzeko dituzten eskubideak ez dira inon agertzen.

Arlo giltzarrietan euskara zerbitzu hizkuntza moduan bakarrik agertzen da eta erabilera ez da aipatu ere egiten. LAB sindikatuaren aburuz, erakundearen euskalduntzeaz jardutea beharrezkoa da, langileen gainetik pisua kenduz. Enpresek eurek euskaraz lan egin ahal izateko baliabideak eta guneak egokitu beharko lituzkete. Legedi aldaketak ere aipatzen dira, akordioak bilatuz. Patronaleko ordezkariek ordea, borondateaz eta inposatzerik ezaz dihardute uneoro. Nola egingo da hau?

Hezkuntza sistema arautuan, Lanbide Heziketan eta Unibertsitatean dauden hutsuneak aipatzen diren arren, ez da helburu argirik eta zehatzik planteatzen. Lanbide Heziketan “hizkuntza eredua bultzatu”, “ikasketa dualetan euskararen erabilera zabaldu”, “euskaraz ikasten duten ikasleen kopurua igotzea”.

Euskaldunen aktibazioan kontsumoari begirako sentsibilizazioa eta aktibazioa baino ez da planteatzen. LABek uste du euskaldunen hizkuntza-komunitatea trinkotzea izan behar dela helburua. LABen iritziz “Zerbitzu enpresak” aipatzen direnean, buruan kontsumorako enpresak baino ez daude. Eskoletan zerbitzuak eskaintzen dituztenak, telefonia zerbitzuak ematen dituztenak, anbulantziak, etxez etxeko laguntzak, kartera sozialeko zerbitzuak… Horiek ere badira herritarren hizkuntza eskubideak bermatu behar dituzten zerbitzu pribatuak.

Beraz eta laburbilduz, oso borondatearen esku geldituko den plana izango da gure ustez. Berriro ere, alperrik galdutako aukera bat da. Ibilbidea hasi baino ez da egin, baina hutsune nabariak ditu. Ikusiko dugu noraino heltzen den.